Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Euskal literaturan aipatzen den lehenengo txoria, *duka, dagoeneko desagertuta dagoen espezie bat izan daiteke (eta izena ingelesezko mailegu bat)

Asier Sarasua 2019/11/20 19:40
Euskarazko aurreneko hiztegi eta lan zaharrenetan bada hegaztien aipamenik, jakina, baina seguru asko 1677an argitaratutako "Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa" izanen da txori-izenen zerrenda labur bat dakarren euskarazko aurreneko saiakera. Eta zerrenda horretako lehenengo txoria, dagoeneko desagertu den espezie bat da, pottorro handia (Pinguinus impennis), XIX. mendean betirako galdu zen hegaztia. Edo hori da nire teoria, behintzat, ez baitago guztiz argi! Hara ba.
Euskal literaturan aipatzen den lehenengo txoria, *duka, dagoeneko desagertuta dagoen espezie bat izan daiteke (eta izena ingelesezko mailegu bat)

Pottorro handia, auka.

1677an argitaratu zuen Piarres Etxeberri "Dorre" lapurtarrak Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa izeneko lana, gure inguruko itsasoetan egoki nabigatzeko hainbat aholku ematen dituen gidaliburua. Hortxe aurkituko dugu, ziurrenik euskarazko txori-izenak biltzen dituen lehenengo zerrendatxoa dena (Txoriak.eus-era ere eraman dugu, jakina). Sei izen besterik ez, baina arrazoi historikoengatik aipagarria, besteak beste, lehenengoz (eta agian azkenengoz euskal idazle klasikoen artean) XIX. mendean desagertu zen pottorro handiaren (Pinguinus impennis) aipamena egiten duelako.

Idazleak, Ternuko kostaldea deskribatzeko orduan, Bankuko xorien ezagutzak izeneko ataltxoan, sei txori-espezie aipatzen ditu: dukak, gorrak, xukutun-xoriak, usoak, potorroak (alzidoak) eta marloiñak (kaioak). Azken hirurak badakigu zer diren; lehenengo hirurak ez, ordea, ez baitira berriz agertzen inolako hiztegi edo hegazti-zerrendatan.

Hala ere, duka horren inguruko deskribapena nahiko garbia da, eta nire teoria botatzera ausartuko naiz, naturalistikoa ez ezik, baita linguistikoa ere: dukak Atlantiko iparraldean bizi ziren pinguino edo pottorro erraldoiak dira (Pinguinus impennis), eta baliteke transkripzio arazo bat ere egotea izenean, eta benetako izena *aukak izatea (dukak horren ordez).

Goazen azalpenetara.

Dukak (*aukak?): desagertutako pottorro handiaren lehenengo aipamen historikoa

Halaxe diosku Etxeberrik:

Jakiteko duzu noizere hurbiltzen baitzare Ternuago lehorretikan 100 lekoetarat kausituko duzu xori bels handi batzuk, zeina ezin bola baitaiteske eta euskaldunek deitzen tuste dukak, hek ikusten tutzunean bankarrengatik guardia emanen diozu zure buruari eta guardia emanaraziko zure iendeari.

Beltz, handi eta hegan egin ezin dutenak. Aukerarik sinesgarriena honakoa iruditzen zait: dukak Pinguinus impennis dira, XIX. gizaldian betirako desagertu zen pottorro handia.

Marinel europarrek Antartika aldea exploratzen hasi arte, hauexek ziren "benetako" pinguinoak (gaelikotik, pen gwyn). Europarrek ezagutzen zituzten pinguino bakarrak, alegia. Alzidoen familiako espezierik handiena zen; metro beteko garaiera zeukaten eta 5 kg-ko pisua. Eta ezin zuten hegan egin.

Atlantiko iparralde osoan bizi zen garai batean pottorro handia (XV. mendeko lekukotasun idatziak daude alzido handi hauen inguruan), Floridan hasi eta Mediterraneoraino. Hegazti honen aztarna arkeologiko aberatsenetakoak Euskal Herrian bertan ditugu, Lekeitioko Santa Katalina kobazuloan.

Gaur egungo pinguinoek bezala, pottorro handiak ezin zuen hegan egin eta, horren ondorioz, oso hegazti erraza zen ehizatzeko. XV. gizaldirako Ipar Atlantikoan bakarrik geratzen zen, eta XVI. mendean Europatik desagertu ziren.

Islandian, Groenlandian eta Kanadan geratu ziren atzenak, azkenengo ale ezaguna 1852an Ternuan ikusi zelarik. Gizakiak betirako suntsitutako beste espezie bat, Tasmaniako tigre martsupiala, dodoa edo Ameriketako uso migratzailea lez.

Esan bezala, XVI. gizaldirako desagertuta zegoen Europan, baina Ternura eta Islandia aldera joaten ziren euskal arrantzaleentzat espezie ezaguna izango zen eta, horrela, euskal literaturan aipatzen den lehenengo espezie bihurtu da, gezurra badirudi ere.

Baina dukak ala *aukak?

Harrezkero, ez dugu aurkitu dukak bezalako izenik pottorroentzat. Eta hala izanik, egia ote XVII. gizaldiko itsasgizonek duka deitzen zietela? Ez ote akats tipografiko bat, eta XVI. mendeko euskaldun haiek ezagutu zituzten hegaztiak aukak izatea? Izan ere, horixe baita txori hauen izena ingelesez (auk) eta aspaldikoa bezain ugaria da euskal marinel eta arrantzaleek ingelesezko (eta beste hizkuntza batzuetako) maileguak hartzearena, Islandian bezala Ternuan ere.

Gainera, ez da ahaztu behar, Etxeberriren lanean hainbat itzulpen-arazo eta akats tipografiko nabarmen daudela, eta litekeena da hau ere horietakoa izatea. Orduan, dukak, berez, aukak balira?

Tira, seguru asko ez dugu sekula jakingo, baina hortxe nire teoria (beharbada zoroa): euskal literaturan aipatzen den lehenengo hegaztia dagoeneko desagertuta dagoela, eta ingelesezko mailegu baten bidez heldu dela guregana, transkripzio-akats eta guzti.

Oh.: Argazkiak, Wikipedia.

Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa

Liburu hau da jxasoco nabigacionecoa Piarres Etxeberri Dorre lapurtarrak 1677an argitaratutako itsasgizonendako gidaliburua da. Jatorriz, ehun urte lehenago Martin Oihartzabal marinel ziburutarrak frantsesez idatzitako lanaren itzulpena ("Les voyages aventureux du Capitaine Martin de Hoyarsal, habitant du çubiburu", 1579), nahiz eta Etxeberrik zenbait atal erantsi zizkion, lehenengo orrialdean argitzen digunez, "escararat emana, eta cerbait guehiago abançatuba".

Klasikoen Gordailuan aurkitu daiteke osorik (baita faksimila ere PDF formatuan). Eta Oihartzabalen  frantsesezko bertsioa hemen.

Atalez atal, gure inguruko kostaldeetan arazorik gabe nabigatzeko argibideak eskaintzen ditu. Oihartzabalek ez du Ternuko hegaztien berririk aipatzen, baina Etxeberrik erantsitako ataletan Ameriketako kostaldearen inguruko informazioa gehigarria ere idatzi zuen, eta azpiatal horien artean dago gorago aipatu dugun hegazti-zerrenda txiki hori, Segidan dire Bankuko xorien ezagutzak, alegia, hemen transkribatzen dudana (Klasikoen Gordailutik kopiatuta, inolako aldaketarik gabe).

Seguidan dire Bancuquo chorien eçagutçac

Iakiteko duzu noizere hurbilzen baitzare ternuago leihorretikan 100 lekoetarat kausituko duzu xori bels handi batzuk, zeina ezin bola baitaiteske eta eskaldunek deitzen tuste dukak, hek ikusten tutzunean bankarrengatik guardia emanen diozu zure buruari eta guardia emanaraziko zure gendeari.

Iakiteko duzu noizere hurbilzen baitzare bankurat, ikusiko duzu xori xuri haiñitz zeiñak deitzen baituste eskualdunek usoak eta ondoan kausituko duzu komunski xori beltz batzu batzuk zeiñak baitute moko luxea eta sabel xuria halakoak gutitan frogatuko duzu dabilzala bankuas hagitz atherat lekat bankuaren kantalean edo bankuas leihor aldetik baizen hartarakotzat halakoak iksten ditutzunean zunda etxea ahal dezakezu agian ondoa atrapatuko duzula.

Iakiteko duzu baldin zundatzen baduzu bankuas esteko partetik kantalean Bakaillauko Irlaren gaiñean eta atrapatzen baduzu zunda izanen duzu leihorrat 60 edo 70 lekoa.

Iakiteko duzu noizere hurbilzen baitzare leihorrat atrapatuko tutzu Potorro flotak 8 edo 10 edo 12 edo gehiago tropa bakotxean eta hala ikusten ditutzunean guardia emanen diozu leiohorrari.

Iakiteko duzu ikusten baitutzu xori xuri handi batzuk marloiñak baino handiagoak eta lepho luzeak zeiñak deitzen baituste eskaldunek gorrak, baita halaber xori belz batzuk zeiñek baituste xango gorriak, zeinak deitzen baituste eskaldunek xukutun xoriak; hek ikusten ditutzunean etzara hagitz urrun izanen eta egiñen diozube zeben buruei guardia.

Liburua osorik aztertzeko:

"Ur uherrak" (Aingeru Epaltza, 1991), ur uher bezain itogarriak Nafarroako ugalde honetakoak

Asier Sarasua 2019/10/29 17:55
Beteko itogarriak ere badira franko ur uher hauetan. 1980 inguru, Nafarroa mendialdeko herri ttipi bateko giro politiko eta sozial pixu eta mingarria, begirada satiriko eta kupidagabeaz kontatua.

 

Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960) ez du izango beste euskal idazle batzuen sona eta oihartzunik, baina niri neuri izugarri gustatu izan zait beti eta esango nuke harribitxi ugari utzi dituela bere ibilbidean zehar, hala nola, Tigre ehizan (1997ko Euskadi Saria), Erresuma eta Fedea trilogia zoragarria (2006-2013) edota orain aipatzen dihardudan Ur uherrak (1991) eder hau.

Ur uher bezain itogarriak Nafarroako mendialdeko herri ttipi honetan aurkituko ditugunak. Bakardadea, aurreiritziak, inkomunikazioa, ezin ikusiak... Epaltzak ikuspegi kupidagabe eta satirikoarekin eraikitzen du 80ko giro sozial eta politikoa erretratatzen digun eleberria, Juanito "Kulunka", Jaxinto "Arraska" eta Billieren historiaren bidez.

Xabier Mendigureni hitz batzuk lapurtuz, "irakur ezazue “Ur uherrak”, zoragarria da, libertigarria, ez zaizue damutuko. (...) Mila istorio eta gorabehera ditu, baina nagusiak biltzearren esan dezagun bertsolari zahar, nekatu, behea jotako bat dugula, Jazinto, eta aita Vietnamgo beteranoa duen neska mulata zoritxarrekoa, Billie. (...) Bi galtzaile ditugu, irabazle eta aparretan dabiltzanean ere itsasora eramango dituen ugaldea, erreka, aurkitu ezinik. Porrot pertsonal horrekin nahasian porrot kolektibo baten kontaketa ere bada eleberri hau. Euskaraz inoiz idatzi den satira politiko zorrotzena, barregarriena eta, aldi berean —karikaturak esajeratuak izanagatik hain errealak baitira—, mingarria. Liburu iluna zela esan zuen idazleak eta nik historia triste bat espero nuen. Horren ordez Sharpe euskaldun bat topatu dut, aspaldiko partez barrez lehertzeko zorian jarri nauena. Baina, azken finean, arrazoi zuen Epaltzak: liburu ezkorra da, egiatia delako. Herri hau gainbehera doala ikusi eta hala adierazten dugunean, desdramatizatu egin behar dela esan izan digute. Begiak itxi, bertan-goxo itxaron akabera. Aingeru Epaltzak ez du desdramatizatu, ordea, desmadratu egin du gure egoera pattala, gure izaera txepela; itsasora jo nahi eta putzutik atera ezin den ur-geldia.

Juanito eta Billie ez ezik, Palazioko Juan Pedro "Belarrihaundi", Kepa (Aurkasiako Pedrito), eta Kaximiro karlista ohia aurkituko ditugu, baita ezker abertzaleko Migel Mari "Mikel", Josu eta Antton ere, edota karlista ohi eta UPN-ko (edo) diren Martin Javier, Anttonio eta Xantux. Guztiak ere ezker-eskuin begiratu ezinda, porrot kolektibo horretako partaide ezinbestekoak.

Eta, betiko moduan, Epaltzaren gaitasun narratibo eta doinu pertsonalarekin josita.

Tximeleta edo lepidoptero esfingido baten beldarra

Asier Sarasua 2019/10/13 12:15

Esfingidoak tximeleten arteko familia zabala dira. 200 generotik gora dira, eta 1400 espezie baino gehiago. Euren artean ezberdintasun nabarmenak daude, jakina, baina oro har mitxoleta handiak dira, gorputzez sendoak, gehienetan iletsuak, eta hegaztada bizkorrekoak.

Esfingido bereizgarri eta ikusgarrienetako bat esfinge kolibria (Macroglossum stellatarum) da, Euskal Herrian ohiko dena (ikus amaierako argazkia), eta erraz ezberdintzen dena kolibri baten antzera egiten duelako hegan.

Esfingidoen beldarrak ere handi eta ikusgarriak izan ohi dira. Aurtengo udan aurkitu genuen hau, esate baterako. Baliteke ezkiaren sitsa izatea (Mimas tiliae), esan didatenez. Hamar zentimetro inguru zituen eta, itxura baldarra izan arren, arin eta zoli mugitzen zen beldarra, mugitu ere.

 

Tximeleta esfingidoa 01

 

Tximeleta esfingidoa 02

 

Tximeleta esfingidoa 03

...............................

Kolibri-esfingea (Macroglossum stellatarum)

Esfinge kolibria, Macroglossum stellatarum. Euskal Herriko esfingido bereizgarrienetakoa. Argazkia: Wikipedia, IronChris, CC-BY-SA 3.0.

San Justi (1.024 m) eta San Kristobal (1.057 m), Izki mendilerroan #100mendi #83

Asier Sarasua 2019/10/11 12:05
Izki mendilerroko tontorrik ederrenetakoak dira San Justi (1.024) eta San Kristobal (1.057 m).

Araba hego-ekialdean dago Izki Parke Naturala, Arabako Mendialdea izeneko eskualdean eta Izki errekak sortzen duen ibarrean. 1998. urtean izendatu zuten Natur Parke eta 9.000 hektarea inguru ditu, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Kanpezu artean banatuta.

Basoz betetako ingurunea da Izki, hariztiak (%50) eta pagadiak (%25) nagusitzen direlarik. Oso ondo kontserbatutako oihanak dira gainera eta, besteak beste, Izki ingurua da Euskal Herrian okil ertaina (Dendrocoptes medius) aurkitzeko tokirik egokiena (eta ia bakarra).

Mendiei dagokionez, Izki mendilerroan kokatzen dira bere gailurrik gehienak, Gasteizko mendiak izeneko mendilerroraino. Tontorrik garaiena Kapildui da (1.175 m), baita ezagunena ere, Euskalmetek bertan daukan radar eta antenarengatik sarri aipatzen dutelako Euskal Telebistan, baina mendi-buelta bat emateko politagoak dira Arraia-Maeztutik eta Kanpezu ingurutik egiten diren igoerak.

Esate baterako, Arraia-Maeztuko Apinaiz auzotik gora egiten den 6-8 km inguruko ibilbide erraz eta ederra. Handik gora samur-samur igo daitezke San Justi (1.024 m) eta San Kristobal (1.057 m) mendiak, beharbada mendilerro honetan dauden tontorrik ederrenak, hegoalderago dagoen Muela (1.055 m) mendiarekin batera.

Eta halaxe egin genuen guk orain dela aste batzuk, 100 mendien lehiaketarako egiten ari garen igoeren artean. 2015ean hasi genuen Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen "lehiaketa" moduko hau (10 urteko epean Euskal Herriko 100 mendi ezberdin igotzearena), eta Izkin barrena egindako ibilbide hau izan da gure 83. mendia zerrenda horretan.

Esan bezala, Apinaiz (gazteleraz Apellaniz) auzunetik hasi genuen ibilbidea. Herrixka polita da, lasaia, 250 biztanletik gora izatera heldu zena, baina gaur egun erdiak-edo dituena. Parking bat dago eliza ostean, eta handik gora hainbat ibilbide daude markatuta Natur Parkean barrena.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 01

Apinaiz (Arraia-Maeztu, Araba).

Herri erditik igaro, eta seinalak jarraituz berehala aurkitu genuen gure ibilbidea. Ez du inon markatzen San Justi edo San Kristobal, baina bidea zabala da eta Mendiak APPa eskuan eramaten dugunez, hango mapekin ez dago galtzerik.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 02

Lehenengo metroak haritz eta pago artean egiten dira, bide zabal batean zehar, eta kilometro bat egin aurretik urtegi txiki honetara helduko zara. Ugaratxoz eta zapaburuz beteta zegoen. Putzua inguratuz, gora jarraitzen du bideak.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 03

Behin urtegia igarota, bidexka pixkat estutzen da eta basoa desagertuz doa gutxika-gutxika. Errekatxo baten arroari jarraituz egiten du gorantz bideak, haitzek sortzen dituzten egitura geologiko ederren magalean.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 04

Bideak ez dauka inolako zailtasunik. Garbia da, ez dauka malda handiegirik, eta luzea ere ez da, berehala helduko garelako goiko ordokira.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 05

Bidegurutze honetan hainbat mendi-bide ezberdin hartu daitezke. Gu aurrerantz egin genuen, zuzen, han barrenean zuhaitz artean ikusten den San Justira igotzeko asmoz.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 06

Zati luze batean igeltsuz (?) estalitako ingurua gurutzatu behar da. Ipurua eta txilarra dira landaretza nagusia. San Justira heldu ahala, ostera, berriro agertuko zaizkigu pagoak. Zabaluneetan durdurak (Turdus viscivorus) eta pirripioak entzun ditugu; behin basoetan sartuta, garrapoak, okilak eta kaxkabeltxak nagusitzen dira.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 07

San Justira garamatzan bidexkak hegoalderantz egiten du lehenengo eta, gero, bueltan-bueltan, tontorreraino eramango gaitu. Tontorra ez da nabarmenegia, baina ikuspegi ederra dago hegoalderantz, Bernedo ingururantz, eta bere atzean geratzen den Toloño mendilerrorantz.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 08

San Justiko (1.024 m) postontzian txartela laga eta gero, igotzeko erabili dugun bidea ezkerretara utzi, eta iparrerantz egingo dugu, goiko ordokian barrena. Txiri-txiri egiten da San Kristobalerainoko tartea. Oso gora-behera gutxirekin, eta ikuspegi ederra lagun. Beherago aurkitu ditugun ipuru eta txilarrekin batera, pinuak eta ametzak ere aurkituko ditugu bidean. Hegaztien artean, sai arreak bazka bila dabiltza; belatxingak beti bezain zalapartatsu, eta abenduren bat (Buteo buteo) ere igaro da gure gainetik.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 09

Ez dago galtzeko arriskurik. Eskuineko sakanetik igo gara, eta orain aurrera egiten dugu, goragotik, San Kristobaleraino (1.057 m). Oraingoan, Izkiko parkearen ekialdea ikusiko dugu parean, Arraia-Maeztuko haran zabal eta ederra.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 10

Hemen ere, ohiko argazkiak atera, txartela laga postontzian, eta beheranzko bidea hartuko dugu.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 11

Jaisteko ez dago inolako arazorik. Mendi zabala da San Kristobal, eta bakoitzak erabaki dezala nondik jaitsi nahi duen. Atzera egin eta malda txikiagoko lekutik, ezkerrerantz jo eta mendi-buelta luzatuz, edo zuzenean parkinerantz jo, guk egin genuen moduan.

San Justi eta San Kristobal (Izki mendilerroa) - 12

Gorago aipatu dugun moduan, Apinaiz ingurua eta San Justi eta San Kristobal mendiak ez dira mendilerroko garaienak ezta igoenak ere. Natur Parkerako sarrera "ofiziala" ere hegoalderago dago, Korres inguruan (eta han ere oso ibilbide politak daude), baina mendi-gailuerrei dagokienez, seguru asko hauexek izango dira parkeko igoerarik politenetakoak. 6-8 km inguru dira, malda gutxikoak, eta haurrekin ere eroso egiteko modukoak.  

Kartxela mendia (1.979 m), Belagua eta Juan Pitotik gora, Binbaletako zirkoan barrena

Asier Sarasua 2019/09/22 14:30

Euskal Herriko bosgarren mendirik garaiena da Kartxela, bere 1.979 metroekin. Baita ederrenetarikoa ere, Ezkieta (1.905m) eta Binbaletarekin (1.757 m) osatzen duen zirko txikia ikusgarria delako eta tontorretik bista ikaragarriak daudelako. Ia-ia Euskal Herriko gailur garrantzitsu guztiak ikus daitezke bertatik.

Santa Garazi (Zuberoa) eta Uztarroze (Erronkari, Nafarroa Garaia) artean dago, Otsogorrigañak, Barazeak, Ezkietak, Keletak eta Larrondok osatzen duten mendilerro zirkularrean.

Santa Grazitik zuzenean igo daiteke, 5 ordu inguruan; baita Uztarroze ingurutik ere Mintxateko ibarrean barrena (3-4 orduan), baina igoera ohikoena Belagua aldetik egiten da, autoa Juan Pitoko bentan edo goragoko aterpetxean lagata. Handik, GR-12 ibilbidearen ondotik igaroz, eta Binbaleta (1.757 m) magaletik zehar, nahiko erraz helduko gara Kartxelara, 5 km eta 2 ordu inguruko ibilbidean.

Igoera Juan Piton hasi genuen. Parkinetik Keleta (1.905 m) tontorra ikusten da. Kartxela bera atzerago ostenduta geratzen da. Harantz goaz!

2019-09-13_kartxela (1).jpg

Ibilbideak ez dauka galerarik. Parkinean bertan garbi adierazten da igoera. Bidea ere argia da, markaz josia eta jarraitzeko garbia. Lehenengo zatia baso batean zehar egingo dugu, pagoak nagusi.

2019-09-13_kartxela (2).jpg

Basotik irten bezain azkar, Keletak, Ezkietak eta Binbaletak osatzen duten zirko txikira helduko gara. Gutxinaka-gutxinaka gero eta ikuspegi zabalagoa izango dugu, metroetan gora egin ahala.

2019-09-13_kartxela (3).jpg

40' inguru igo ostean, igoerako lehenengo mugarrira helduko gara: Arrakogoitiko lepora. Iparraldera begiratuta, han behean barrenean, Kakuetako Arroila dakusagu, Zuberoan. Eskumatara eginez gero, Lakhura (1.877 m) ingururantz jo dezakegu, eta handik Eraizeko lepora. Guk, berriz, ezkerrerantz egingo dugu, mendebalderantz, Binbaleta azpitik igaro eta Kartxelako oinera eramango gaituen bidezidorretik. Zati hau GR-12a da.

2019-09-13_kartxela (4).jpg

Oraintxe dator ibilbidearen zatirik gogorrena, seguru asko. Aldapa gogortzen hasten da, parean Keleta eta Ezkieta ikusten ditugun bitartean. Hala ere, ez da ere munduko maldarik pikarrena; nork bere erritmoa hartu eta aise gainditzen da zati hau.

2019-09-13_kartxela (5).jpg

Behin Binbaletako lepoa gaindituta, azken zatia falta zaigu. Beste 15-20 minutuko igoera besterik ez da falta Kartxelako gailurra harrapatzeko.

2019-09-13_kartxela (6).jpg

Ikuspegia sekulakoa da une oro.

2019-09-13_kartxela (7).jpg

Orain bai, azkenean begien aurrean azaldu da Kartxela mendiaren tontor harritsua. Azken metroak dira.

2019-09-13_kartxela (8).jpg

2019-09-13_kartxela (9).jpg

2019-09-13_kartxela (10).jpg

Tontorretik dagoen ikuspegia demasa da. Pirinioak alde batera, itsasoa parean, Zuberoa eta Nafarroako gailurrak ez ezik, Gipuzkoako gehienak ere begi bistan ditugu.

2019-09-13_kartxela (11).jpg

Postontzian Eibarko Klub Deportiboko txartela laga (100 mendien lehiaketa egiten dihardugu eta), eta mokadutxoa. Hamaiketakoa ondo irabazita daukagu. Ez da leku txarra indarberritzeko.

2019-09-13_kartxela (12).jpg

Beheranzko bidea gailurrerian zehar egingo dugu, gailurrez gailur. Ezkieta (1.905) eta Keleta (1.906 m) dira hurrengo tontorrak. Malkartsuak, baina ez bereziki zailak gailurreria guztia egiteko.

2019-09-13_kartxela (13).jpg

2019-09-13_kartxela (14).jpg

Ezkietan ere ireki dugu Mendiak APPa eta igoera markatzeko aprobetxatu dugu, zelan ez!

2019-09-13_kartxela (15).jpg

Bide nagusiak aurrera egiten du, bueltan-bueltan Arrakogoitiko leporaino. Guk zuzenean jaistea erabaki dugu, legar artetik. Bernek igarriko dute bihar!

2019-09-13_kartxela (16).jpg

Ahuntz-bidea da, eta sarrioak agertu zaizkigu ezker-eskuma, ea zertan gabiltzan euren ingurumarietan.

2019-09-13_kartxela (17).jpg

Azken zatia besterik ez da falta. Belarrak eta txilarrak agertzen dira harri txingarren ordez, beherago belargune zabalak. Handik behera, berriro helduko gara Arrakogoitiko lepora, eta igotzeko erabili dugun bide beretik jaitsiko gara autoraino.

2019-09-13_kartxela (18).jpg

Egun ederra izan da. Leku ikusgarria, eta lagun artean. Ezer hoberik!

Ganekogorta (999 m) Laudiotik #100mendi #79

Asier Sarasua 2019/09/14 00:00

Euskal Herriko mendi igo eta ezagunen artean dago Ganekogorta (Arrankudiaga, 999 m), jakina. Bilbo gainean egoteak, eta bere kokapen isolatu samarrak, ikuspegi ederrak eskaintzen ditu Euskal Herriko mendebalde hartan.

Aspaldi igotzekotan eta aurtengo udan egin dugu. Bilbotik edo Laudiotik ditu igoera arruntenak, eta guk Laudioko Hermuko Santa Maria (edo Santa Luzia) baselizatik ekin genion.

Leku ederra da Santa Luzia baseliza, hain berezia bere lorontzi, geranio eta aparteko kanpandorre txiki horrekin.

ganekogorta-laudio (17).jpg

Aparkelakua baseliza ondoan dago (Laudiotik gora 4 bat kilometroz igoera pikarra gainditu ondoren), eta Ganekogortarako igoera baseliza ondoan hasten da. Ez dago galtzerik: Ganekogortaraino zuzenean eramango gaitu.

ganekogorta-laudio (1).jpg

Hasierako metroek malda gogor samarra, baina 15 minutu egin ondoren, asko lautzen da eta mendi-bide garbi eta erosoa jarraituz egiten da hurrengo tarte luzea.

ganekogorta-laudio (3).jpg

Bidegurutze honetatik aurrera, aldapa berriro handitzen da, eta horrela izango da ia-ia tontorreraino.

ganekogorta-laudio (4).jpg

Zatirik latzena tontorrera heldu baino pixkat lehenago dago, Arrabatxu eta Ganekogorta bitartean dagoen lepora heltzeko. Arnasa lasai hartu, izerdi apur bat bota... eta gora!

ganekogorta-laudio (8).jpg

Behin lepoa eta lautadatxo hau gainditu ondoren, pare-parean ikusiko dugu Ganekogortaren gailurra.

ganekogorta-laudio (9).jpg

Tontorrera hurreratzen joan ahala, ikuspegia zabaltzen da; Bilboko itsasadarra eta Kantauri itsasoa ditugu aurrean.

ganekogorta-laudio (11).jpg

ganekogorta-laudio (12).jpg

Beheruzkoan Arrabatxutik (987 m) igaro gara eta bertan bazkaldu dugu, postontzian txartela laga eta gero.

ganekogorta-laudio (13).jpg

ganekogorta-laudio (15).jpg

Arrabatxu, 987 m.

Urbasako Maiza (1.182 m) eta San Adrian (1.111 m), umeekin #100mendi #75

Asier Sarasua 2019/09/13 00:00
Eder bezain erraza, ia edonork egiteko moduko ibilbide ikusgarria da Lizarragako lepotik San Adrian eta Maiza ingururaino doana.

Urteak ziren Urbasa ingurura joan barik, eta duela aste batzuetako eguraldi zoragarria aprobetxatuta itzuli ginen Sakana eta Lizarralde artean dagoen mendilerro honetara.

Urbasako mendilerroan nahi adina ibilbide aurkituko ditu mendizale eta naturzaleak, zail bezain errazak, baina beti gomendagarriak. Guk 10 km inguruko ibilbide zirkular txiki bat egin genuen, Lizarragako lepoa eta Maiza (1.182 m) lotzen dituena, bidean Ollide (1.134 m) ezezaguna eta San Adrian (1.114 m) ikusgarria igoz.

Autoa Lizarragako aparkalekuan laga genuen. Goiz erdian heldu gara eta lepo dago. Handik mendebaldera txiri-txiri egiten du bideak, inolako zailtasunik gabe, mendi-bide nabarmen batean barrena.

maiza-san-adrian-urbasa (1).jpg

Nahi bada, pista hori jarraituz kilometroak egin daitezke, Altsasutik Lizarrara doan errepidearekin bat egin arte, hainbat kilometro aurrerago, Urbasako kanpin inguruan. Guk geuk, Ollide mendiaren parera heldu baino pixkat lehenago, maldan gora egin genuen, Sakana gainean geratzen den mendi-ahora.

maiza-san-adrian-urbasa (2).jpg

Igoera txiki baten ostean, leihoa ireki eta ikuspegi ahantzezina dakusagu. Sakana dago barrenean; Aralar atzerago. Itzela!

maiza-san-adrian-urbasa (3).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (4).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (5).jpg

Ekialdera begiratuta, Ergoiena ingurua eta Beriain mandoa.

maiza-san-adrian-urbasa (9).jpg

Hortik aurrera, ez da ezer falta Ollideko tontorra zapaltzeko. Hori bai, komeni da bertigo handiegirik ez izatea, zati batzuetan lurra desagertu eta amildegira jausiko zarela ematen du eta. Izan ere, mendi tranpatia da Ollide: alfonbra berdea hegoaldetik begiratuta, baina ehundaka metrotako amildegia iparraldeko hegian.

maiza-san-adrian-urbasa (8).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (10).jpg

Sakana aldeko ikuspegiak beti gure begien parean ditugula, aurrera egiten dugu mendilerroan barrena, eta berehala agertuko da gure begien aurrean San Adrian (1.114 m), paraje hauetako mendirik ezagunenetakoa.

maiza-san-adrian-urbasa (11).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (12).jpg

Bide-txindorrak harri artean egiten du ibilbidearen zatirik gehienetan, baina pagadi txiki batean sartzen da San Adrianera heldu baino pixkat lehenago. Hortxe dago, gure zain.

maiza-san-adrian-urbasa (13).jpg

Hamaiketakoa ondo merezi dugu. Nekez aurkituko dugu leku hoberik begiraleku hau baino.

maiza-san-adrian-urbasa (15).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (16).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (17).jpg

San Adriango baseliza dago tontorrean, Bakaikuko lurretan. Postontzi txiki bat ere bai, Eibarko Klub Deportiboko txartela lagatzeko erabili duguna.

maiza-san-adrian-urbasa (18).jpg

Ordu bete inguru behar izan dugu San Adrianera heltzeko, erritmo apalean. Ia-ia beste horrenbeste dago Maizaraino. Huraxe dugu jomuga, 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra hori baita gaur igoko ditugun hiru gailurren artean.

Bidea pagadi batean sartzen da aurrera egiten dugunean, baina laster heldu gara leku irekiago batera. Pirripioentzako leku aproposa dela dirudi eta, bai, talde polita dabil kantuan, bakoitza bere eremuan, ipuru eta ezpelen gainean, nor bere lurraldea aldarrikatuz. Sai arreak ere ugariak dira eta beste harrapakari batzuk ere ikusten ditugu, abendu zein miru, belatxinga, buztangorri eta buztanzuriekin batera.

maiza-san-adrian-urbasa (19).jpg

Maizara igotzeko azkenengo zatia bidexka batean gora egin behar da. Azkenengo metroak dira. Bitartean, Beriain hortxe dago, adi, beti guri begira.

maiza-san-adrian-urbasa (20).jpg

Eta heldu gara tontorrera. Maiza, bere 1.182 metroekin, ingurune honetako tontorrik garaiena da, eta baita 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra ere. Heldu gara. Mendebalderantz ikuspegi zabala irekitzen da, Urbasa-Andia mendilerro eta parke naturaleko larre eta pagadi amaigabeekin.

maiza-san-adrian-urbasa (21).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (22).jpg

Itzultzea bakarrik falta da. Oraingoan bide guztia beheko partetik egingo dugu, tontorrik tontor ibili barik. 

Gure 75. tontorra da 2015ean hasi genuen 100 mendien bidaian. Merezi izan du.

maiza-san-adrian-urbasa (24).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (25).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (26).jpg

Opilioiak, armiarma hankaluzeak (Opiliones ordena, Arachnida klasea)

Asier Sarasua 2019/08/08 16:55
Opilioiak, armiarma hankaluzeak (Opiliones ordena, Arachnida klasea)

Opilioia

Aurrekoan, mendian bazkaltzen geniharduela, kili-kiliak igarri genituen bernetan. Mahai azpian kuku egin eta hantxe, ehundaka opilioi guri begira.

Opilioiak araknidoen taldeko (Arachnida klasea) orden berezi bat dira, gainontzeko araknidoetatik (armiarmak, eskorpioiak, akaroak,...) aparte sailkatzen direnak Opiliones ordenaren barruan.

6.500 espezie inguru deskribatu dira mundu osoan barrena, gehienbat alderdi tropikal eta hezeetan. Euskal Herrian ere, batez ere ingurune hezeetan bizi dira. Araknidoak diren arren, euren gorpuzkera ez da armiarmena. Izan ere, buruaren (prosomaren) eta gorputzaren (opistosomaren) arteko bereizketa ez da garbia (armiarmetan bezala), eta gorpuzkera esferikoa daukate. Gorputzez txiki samarrak dira (zentimetro batetik beherakoak, oro har), baina oso hanka luzeak dituztenez, 10-15 cm arteko diametroa izan dezakete.

Hankak oso fin, luze eta malguak dituzte. Arrisku egoeretan autoanputazioa egiten dute, hankak nahita "askatuz". Sugandilek buztana nola, opilioiek hankak hola. Hortaz, kontuz hartu eta erabili behar dira, hankak galtzerik nahi ez badugu.

Espezierik gehienak orojaleak dira. Armiarmek ez bezala, ez dute pozoirik.

opilioiak 01

opilioiak 02

opilioiak 03

EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Asier Sarasua 2019/08/05 10:10
Eibarko emaitzen behin-behineko aurrerapena.
EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Eibar-Elgoibar laukitxoa, 10*10 km.

2016. urteaz geroztik Euskal Autonomia Elkarteko atlas ornitologikoa osatzen aritu gara hainbat erakunde, elkarte eta bolondres. Aranzadi Elkartea da sustatzaile nagusia, eta herrialde bakoitzean elkarte bat dago koordinazio-lanak egiten (Itsas Enara Ornitologia Elkartea Gipuzkoan, Sociedad Ornitológica Lanius Bizkaian eta Arabako Natur Institutua Araban).

Euskal Erkidegoa 10*10 km-ko laukitxoetan banatu da eta horietako bakoitzak arduradun bat dauka, gehienetan ornitologo bolondres bat, beste kasu batzuetan Aldundiko Basozainak. Arduradun horrek, metodologia jakin bat jarraituz, bertan habia egiten duten hegazti espezieak detektatu behar ditu, datu kualitatibo eta kuantitatiboak lortuz. Ondoren datu guztiak gurutzatuko dira, beste behaketa batzuetako datuak ere erantsiko zaizkie, eta Euskal Herriko hegazti habiagileen inguruan sekula izan dugun argazkirik zehatzena jasoko dugu.

Euskal Atlas Ornitologikoa

Horretan jardun dugu 2016-2019 artean hainbat eta hainbat lagunek, 4 udaberritako goizetan mendira joan eta datuak jasotzen. Gipuzkoa ia erabat amaituta dago eta Bizkaia ere bideratuta. Arabako behaketa bukatzeko beste urte bete beharko da, ziurrenik, eta agian beste bat datuak argitaratu ahal izateko. Baina bilketaren zatirik handiena eginda daukagu dagoeneko.

Albiste zoragarria da, hortaz, euskal ornitologoentzat, gure lurraldean bizi diren espezieen egoera ezagutzeko datu apartak emango dizkigulako sekula egin den behaketa zabalena den honek. Zer espezie bizi diren gurean, zein habitatetan eta zein kopurutan. Lehenago ere egin dira antzeko zenbait zentso eta atlas, baina sekula ere ez hain bilketa sakon, zehatz eta orokorrik.

Pena bakarra, betikoa: EAEko datuak bakarrik lortuko ditugula. Oker ez banago, Nafarroan ere bada antzeko egitasmoren bat. Iparraldean, aldiz, ez daukagu datu berezirik, beti Akitaniako datuen barruan jasotzen ditugulako hango datuak. Hegaztiek ez dute mugarik ezagutzen, baina gurean mugak hertsiak dira gero!

Esan bezala, oraindik pare bat urte beharko ditugu emaitzak jasotzeko, baina behin-behineko datuak baditugu honezkero. Esate baterako, hona hemen niri egokitu zaidan eremukoak (Eibar-Elgoibar-Markina arteko 10*10 km-ko alderdi hau).

 

WN48 kuadrikularen behin-behineko datuak (Eibar-Elgoibar-Markina)

Labur-labur, hona hemen zenbait datu:

  • Orain arteko behaketa eta ikerketen arabera, 95-100 espezie inguru ikusi daitezke urtean zehar ingurumari honetan. Horietatik 50-60 dira arruntak eta bertan kumatzen direnak. Azken 4 urteotan jasotako datuen arabera, 60 espezieko langa ere gaindituko da.
  • Espero ziren 50 ohiko eta arruntenak agertu zaizkit Eibarko laukitxoan (Sacin eta Sacre programetan aipatu izan ditut horietako gehienak).
  • Beste 25 espezie "zail" edo zalantzazkoen artean zeuden. Horietatik 10 gurean kumatzen direla baieztatu ahal izan dugu: pagausoa, hesi-berdantza, okil txikia, uhalde-enara, ur-zozoa, etze-txinboa, txio arrunta, errekatxindorra eta, beharbada, baita gabiraia eta baso-txinboa ere.
  • Gainera, beste 6 espezie ere behatu ditugu Eibarren azken 4 urteotan eta kumatze-sasoian, baina nekez kumatuko dira gurean, batez ere habitat egokirik ez dadoelako: sai arrea, zapelatz liztorjalea, arrano txikia, okil beltza eta euli-txori beltza.
  • Horietaz gain, baliteke beste espezie bakanago batzuk ere tarteka alderdi honetan bizitzea eta, agian, ugaltzea. Nik neuk ez dut lortu horien aztarrenik, baina beste behatzaile batzuen datuak ere gehitu behar direnez, baliteke azkenean hauetarikoren bat ere agertzea, esate baterako, ihi-txoria (Eibartik hurrean ikusi izan dugu), hontz zuria (ziur nago bikoteren bat badela gurean), ur-martina (kumatze-garaitik kanpo sarri ikusten da gurean), haitz-enara (garai batean urtero kumatzen zen Eibarren bertan) edo kaskabeltz txikia (Akondia inguruko pagadiak inguru aproposa izan daitezke espezie honentzat).

Laburbilduz: 64 espezie ikusi ditugu Eibarren eta horietako 55-60 espezie kumatzaile izango dira gure laukitxoan. Beste dozena bat ere, beharbada, tarteka kumatuko dira gurean. Behin-betiko emaitzen zain!

Arkamu mendilerroa, Araba mendebaldean #100mendi #71

Asier Sarasua 2019/08/01 13:50
Ederra eta lasaia, egun polita igarotzeko moduko bazterra da Arkamu mendilerroa.
Arkamu mendilerroa, Araba mendebaldean #100mendi #71

Armaku mendilerroa, Araba

Euskal Mendizale Federazioaren 100 mendien lehiaketarekin jarraitzen dugu eta, horri eskerrak, besteak beste, Euskal Herriko hainbat eskualde eta paraje eder (eta guretzat ezezagun) ari gara bisitatzen. Udaberriko irteeren artean, esate baterako, Arkamu mendilerroa ezagutu genuen. Arkamuko Repico (1.188 m), Peña Colorada (1.131 m) eta Coronas (1.168 m) tontorrak igo genituen.

Arkamu mendilerroa Araba mendebaldean dago, Burgosko mugatik nahiko hurrean. Kuartangotik eta Gaubeatik ditu igoera edo sarrera nagusiak eta guk Kuartangoko Arriano auzunetik ekin genion igoerari.

Arriano dozena erdi etxeko herrigunea da. XIII. mendeko Done Erroman eliza polita dauka erdian, eta aparkaleku txiki bat ondoan. Hantxe laga genuen autoa eta herri amaieran dagoen pistatik gora egin genuen, sakanean barrena.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 01

Malda dago, baina bide erraza da (mendi-bidea, abeltzain eta ehiztarien ibilgailuentzat pentsatua), pinu eta pago artean. Bista ederra dago une oro, parean Corona gailurra eta Arkamu mendilerro osoa ikusten ditugularik. Mendi-inguruneetako hegaztiak dabiltza gure buruen gainean, sai, belatxinga, okela-bela, haitz-enara eta abarrak.

Repico eta Arkamu mendilerroa

45 minutu inguruko igoera tentearen ostean Arkamu mendilerroko lautadara helduko gara, Melaria edo Pozo Portillo izeneko lepoa gaindituta. Hemendik aurrera ez dago bide nabarmen-nabarmenik, inguru zabala da, goi-lautada tipikoa, ipuruz, elorriz eta txilarrez estalita. Parean ditugu Arkamu mendilerroko gailur guztiak. Repico (1.188 m) da garaiena, baina gainontzekoak ere ez zaizkio gelditzen urrutiegi. Behin lautadara helduta, gailurrak bertan daude, 15-20 minutuko igoera besterik ez da behar.

Peña Colorada da gainditu dugun mendi-lepotik hurren geratzen zaigun gailurtxoa eta hantxe hartuko dugu hamarretakoa, igo berri dugun sakonunea begien aurrean daukagula. Han barrenean, Kuartango ingurua.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 02

Pirripioak kantuan entzuten ditugu eta, behin hamarratekoa hartuta, aurrera jarraituko dugu. Arkamuko lautada osoa inguratzea erabaki dugu, lehenengo iparralderantz eta gero, pareko maldatik gora, Repico eta Coronas gailurretarantz. Ttipi-ttapa, ordu bete inguruan eman diogu itzulingurua lautadari eta Repicoraino heldu gara.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 05

Goiko lautadan tuntunak, pirripioak eta pitxartxarrak bizi-bizi ari dira kantuan, udaberriak hala eskatuta. Arrano eta miruak dabiltza hegan, azeriak eta basahuntzak ere ikusi ditugu sari artean. Leku ederra da pasiatzeko. Aztarna etnografikoak ere ugariak dira, otsoak harrapatzeko tranpak eta artzainek ehunka urtean lagatako ondare etnografiko eta historikoa.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 03

Ederra eta lasaia, egun polita igarotzeko moduko bazterra da Arkamu mendilerroa.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 06

Argazki gehiago Flickr-eko bilduman: Repico (Arkamu).

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz