Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Txio arrunta (P. collybita, txirixua) sukaldeko leihoan

Txio arrunta (P. collybita, txirixua) sukaldeko leihoan

Asier Sarasua 2018/04/09 17:40
Euskal Herrian 5 txio espezie ditugu (Phylloscopus generoa). Txori txiki, arre eta biziak. Horietako bat sukaldeko leihora hurreratu zaigu.
Txio arrunta (P. collybita, txirixua) sukaldeko leihoan

Txio arrunta

Euskal Herriko txoririk txiki eta ugarienen artean daude txioak (Phylloscopus sp. generoa, beste zenbait izenez ere ezagunak euskaraz: txepetxuri, txorimoitu, txirixo, txat, txiro,...).

Espezie ugari dira, guztiak ere nahiko antzekoak eta txorizale ez denarentzat identifikatzeko ez errazegiak. Oro har, txori txikiak dira, oso urduri eta biziak, geldi egoteko tarterik hartzen ez dutenak, mokozorrotzak eta arrexkak (zuri zikinetik hori-berderainoko tonalitateekin). Adarrik adar ikusiko ditugu, jauzi eta hegaldi laburrak eginez eltxo eta beste mamorro txikien bila dabiltzan bitartean.

Esan bezala, hainbat txio espezie daude, eta ez da erraza izaten espezieak identifikatzea. Hanken kolore ilun edo argiagoa, bekainaren bereizgarritasuna, kolore horixka bizi edo apalagoa,... ñabardura txikiengatik bereizten dira elkarren artean espezie gehienak. Sarri askotan, kantua da espezie bat identifikatzeko aukera fidagarriena (eta ia bakarra).

Orain dela egun batzuk txio arrunt bat sukaldeko leihora hurreratu zen, lore artean kokoak jateko asmoz. Argazki batzuk (bilduma Flickr-en) eta bideo hau atera nizkion. 

 

Txio arrunta (Phylloscopus collybita)

 

Bost txio espezie Euskal Herrian

Euskal Herrian 5 espezie dauzkagu.

  • Txio iberiarra, (Phylloscopus ibericus). Uda partean dago gurean, kumatze-sasoian, eta oso ugaria da garai horretan. Neguan, ostera, Afrikara joaten da. Ez du marka bereizgarririk; arre-berdexka da, hanka ilunekin.
  • Txio arrunta, (P. collybita). Aurrekoaren oso-oso antzekoa, kantuarengatik bereizten dira (garai batean espezie bera zirela uste zen). Txio iberiarra ez bezala, kasu honetan neguan da ugarien (Europako populazioak hegoalderantz egiten dutenean) eta udan oso bakana da. Kumatzeko baso-eremuak aukeratzen dituzte; negu partean ostera, edonon aurkituko ditugu txio arruntak.
  • Txio horia, (P. trochilus). Europako txoririk ugarienetakoa da, baina Euskal Herrian migrazio-garaian ikusiko dugu gehienbat. Bikote gutxi batzuk ere geratzen dira kumatzen, baina benetako "inbasioak" irailean eta apirilean izaten dira, milaka-eta-milaka Txio hori igarotzen direnean gure lurretatik euren migrazio-bidaietan. Txio arruntarekin eta Txio iberiarrarekin alderatuta, hankak argiagoak dira eta paparra berdeagoa. Bekaina ere nabarmenagoa da, hori-berdexka.
  • Txio lepazuria, (P. bonelli). Hau ere udan aurkituko dugu Euskal Herrian, kasu honetan gehienbat eremu lehor samarretan (Araba eta Nafarroa erdialdeko ameztietan ditu populazio ugarienak). Kolorez dexente argiagoa da, paparzuri samarra, hegoetan luma berdexkak nabarmentzen zaizkiolarik. Kantua ere oso ezberdina dauka aurrekoekin alderatuta.
  • Txio txistularia, (P. sibilatrix). Hauxe da Euskal Herrian ikus daitezkeen txioen artean urriena. Banaka batzuk besterik ez dira ikusten udazkeneko eta udaberriko igaroaldietan. Bere bekain eta papar hori bizia, sabelalde zurixkarekin batera, nahiko ezaugarri bereizgarriak dira Txio txistularia identifikatzeko orduan.

Txio arrunta (Eibar, 2018/03/07)

Hemen sukaldera bisitan etorritako txioaren argazki batzuk; CC-BY-SA lizentziarekin partekatuta, edonork erabili ahal ditzan. 

Txio arrunta, Phylloscopus collybita (Eibar, 2018-03-07)

Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.

Txirixua, txio arrunta, Phylloscopus collybita (01)

Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.

Txirixua, txio arrunta, Phylloscopus collybita (02)

Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.

Txirixua, txio arrunta, Phylloscopus collybita (03)

Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.

Txirixua, txio arrunta, Phylloscopus collybita (05)

Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.

Txirixua, txio arrunta, Phylloscopus collybita (06)

Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.

Txirixua, txio arrunta, Phylloscopus collybita (07)

Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.


etiketak: fauna, natura, hegaztiak, txoriak
Martin
Martin dio:
2018/04/10 09:13
Bikainak, irudiak eta azalpenak. Eskerrik asko, Asier!
asier
asier dio:
2018/04/11 15:57
Eskerrak zuri, Martin!
Gutxitan ateratzen dizkiet argazkiak txoriei, baina behin txio bat, zintzo-zintzo leihoan posatzen izanda, derrigor aprobetxatu behar ;)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz