Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Bizkaiko odolkiak berdeak dira, eta iletsuak

Bizkaiko odolkiak berdeak dira, eta iletsuak

Asier Sarasua 2020/02/20 09:10

Gogoan dut goroldio hitza lehenengoz entzun nuenerako koskortuta nengoela. Euskarazko hedabiderik ez zegoen sasoi hartan eskola zen euskara estandarrarekin geneukan harreman bakarretakoa eta testu liburuetan agertzen ez zena etxeko euskaraz bakarrik jasotzen genuen.

Eta gure etxean odolkixa zeritzon inguru hezeetan bizi den landare berde eta iletsu honi. Egosita jaten ziren txerriki beltzak odolosteak zirelako, jakina.

Odolkia, bai.

Nagusitzean ikasi dut goroldio eta odolki hitz berbera direla, bata bestearen alaba (edo loiba), eta tartean badirela beste hamaika aldaera eta berba: kooldio, gooldi, goandio, ooldiyo, orolgi, odolio, oldi, odoldui,... eta batek daki zenbat aldaira gehiago.

Basaura, Lokiz 08

Forma dialektal ugari izan arren, esango nuke 3 talde handitan bana daitezkeela aldaerok.

  1. Goroldio. Jatorrizko forma, bere osotasunean Nafarroa Garaiko zenbait eskualdetan erabiltzen dute, nahiz eta ez beti. Malerrekan, Leitzaldean..., nafarreraren mugaraino (Hondarribia eta Oiartzun, esate baterako).
  2. Euskal Herriko erdiguneko gainontzeko eskualdeetan (Gipuzkoa ekialdean, Lapurdin eta Nafarroa Garaiko zenbait alderditan), hasierako kontsonanteari eusten diote, nahiz eta zenbait aldaketa gertatzen diren: gooldio, goldi, kooldio, goandio...
  3. Bukatzeko, Euskal Herriko bazter hizkeretan (zubereraz eta bizkaieraz bereziki, baina baita Gipuzkoa erdi-mendebaldean edo Nafarroa hegoaldekoetan ere), urrats bat gehiago egin dute aldaerek, hasierako kontsonantea galduz, eta hitzaren jatorrizko forma izugarri aldatuz. Gipuzkoan eta Zuberoan, esate baterako, oroldi, ooldi(o), odoldi(o),... nagusitzen dira. Nafarroako Burundan, Erron eta Aezkoa aldean, aldiz, odoldui, odolio eta orolio. Bizkaieraz, ostera, hitzaren amaiera nahiko "desitxuratuta" ikusiko dugu, kontsonante-txandakatze ugarirekin, horrelako formak nagusituz (Arratian, Durangaldean, Lea-Artibain zein Deba Ibarrean): odolki, odolgi, orolki, orolgi,...

Saltsa polita euskalkizaleontzat; ederra da ikustea zelan sortu daitezkeen hainbeste aldaera ezberdin jatorri beretik, ia eskualde bakoitzean bana.

Eta zergatik gogoratu naizen odolkiekin? Ba, orain gutxi Basaurako naturgunean egon garelako, odolkiz, ooldioz edo goandioz magikoki jantzitako inguruan.

Basaura, Lokiz 01

 

Basaurako Naturgunea

Duela pare bat asteburu Basaurako naturgunean egon ginen, Ameskoan, Lokiz mendatearen magalean. Leku magikoa, añube humela, non zuhaitzak odolkiz apainduta hazten diren sustrai, enbor, adar eta adats.

Ia ez dago zuhaitzik eta zuhaizkarik goroldio-jantzirik ez duenik. Hain da horrela eze, badirudiela ipuin baten barruan zaudela eta zuhaitzak hizketan hasi behar zaizkizula.

Basaura, Lokiz 05

Nafarroako sakanik eta naturgunerik berezienetakoa da, pare bat kilometrora duen Urederra ezagunagoak itzal egiten dion arren. Ehunka urteko arteak ere badaude inguruan eta Basaurako leize luuuuze eta ikusgarria ere aipagarria da.

Odolkiz apaindutako toki txiki berezi bat, Nafarroa idorrean.

Basaura, Lokiz 02

 

Basaura, Lokiz 03

 

Basaura, Lokiz 06

 

Basaura, Lokiz 09

 

Basaura, Lokiz 10

Luistxo
Luistxo dio:
2020/02/20 09:17
Getarian (Gipuzkoa), goroldioa: algak.
Oier G
Oier G dio:
2020/02/26 23:25
Lekeittion be, "oraldija" da algia.

Eta bide batez, jakingozu zeiñek esplorau zeban Basaura/Itxako lurpeko sistemia, ezta? Adolfo Erasok, 50 hamarkadan, Vianako Printzea Erakundeko espeleologia saillekuekin.
asier
asier dio:
2020/02/27 12:14
Eskerrik asko, Oier. Ba ez, ez naekixan Basaurako exploratzailian izenik. Egixa esateko, gu geu ez giñuazen hurreratu kobazulora. Mendi-bueltia emonda, etxera.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Niri ez zaizkit gustatzen gauza erlijiosoak ;) ... Lechero_1, 2026/01/12 08:50
Ño! Ahaztuta, ziharo! ;) Tira, 15 urte bakarrik ... Asier Sarasua, 2026/01/11 15:56
Egin juagu berba honen gaiñian, neuri be asko ... Oier G, 2026/01/11 10:14
Bai, hitzaldi ederra! Gustora egon giñan, eta ... Asier Sarasua, 2026/01/05 11:22
Bai, que viva Jalisco! Eta Javi Martín be bai! ... Jose Antonio Azpilicueta Albizu, 2026/01/04 11:11
Aupa Azpilikueta! Orduan, 1955 inguru izan bihar, ... Asier Sarasua, 2026/01/01 19:44
"Tupixa, Petit Tupinamba" (1950 inguru?). Argazki ... Jose Antonio Azpilicueta Albizu, 2025/12/31 18:16
Lan ederra egin dabe, bai! Asier Sarasua, 2025/11/18 08:38
Bene-benetan... Zorionak! Amatiño, 2025/11/17 15:11
Zorionak. Benetan inbidiagarria. Honako hau, ... Amatiño, 2025/09/08 12:33