Txantxangorria etxeko leihoan
Negu gorria denean, nahikoa da etxeko leihoan intxaur, hur edo kakahuete gutxi batzuk lagatzea, bizitzaz borborka betetzeko. Baita Eibar bezalako herri hazi samar eta industrialetan ere.
Txio txikiak eguneroko bisitari ditugu; hormatxoriak pareko zuhaitzetatik etortzen dira gosaltzera; txepetx, kaskabeltz eta buztangorrien kantu eta joan-etorriei begira ere adi-adi egoten gara.
Azken egunotan, txantxangorri bat (Erithacus rubecula) dator ia egunero. Goizaldeko eguzkiak parez pare jotzen duenez, balkoiko kristala ispilu bihurtzen da, eta bere ibilerak zelatatzeko aukera ematen digu, berak ez gaituelako ikusten.
Hur-hurreko begirada horri esker, bere aho barruko hagintxo modukoak ikusi dizkiogu, eta bere lumadiaren finaz harritu gara; ohartu gara buru-kaxkoan marrazki txikiak dituela eta moko inguruan lumatxo fin-finak. Eta bere mokokada eta ibilera jolastiekin gozatu dugu.
Esan bezala, nahikoa da janari apur bat lagatzea etxeko leihoan edo balkoian, denbora gutxira bizitzaz betetzeko. Txori, erle, erlamando, marasma, ehun-zango, mitxeleta eta sits. Eurek ere eskertuko dizute. Gehienbat neguan.
Txantxangorria, txindorra, papogorria, txotxolongorria (Erithacus rubecula)
Euskal Herriko txoririk ezagunenetakoa dugu txantxangorria, dozena erdi izen badituena euskaraz, barrena. Txindorra (Bizkaian), papogorria (Iparralde-Nafarroa-Araban), txotxolongorria (Sakanan), txantxakoa, anttonpapargorria, bulargorria, lepagorria...
Izenik gehienetan bere bularraren kolorea aipatzen da, nabarmena baitu papar gorri-laranja bizia. Mitologia kristauaren arabera (euskaldunen artean ere sarri entzun dudana), txindorraren paparreko orban gorrixka hori Jesukristoren odolak sortua da. Jesus gurutzean iltzatuta zegoela, txantxangorria hurreratu omen zitzaion laguntzera, eta kristoren odol tanta batek eman omen zion papargorriari bere bularraldeko orbain laranja deigarria. Hori dela eta, txantxangorria txori sakratua izan da euskaldunentzat, maitatua eta ehizatu ez dena. Lotsabako samarra ere bada, eta oso erraz hurreratzen da gizakiarengana, berdin herrietan zein basoan.
Sinpatiko itxura duten arren, euren begi sakon-ilunekin eta begirada kuriosoarekin, txindorrek pertsonalitate gogorra dute, karakterra, nolabait esateko. Gehienbat euren artean. Territorialak dira (baita kumatze-garaitik kanpo ere), eta sarri ikusiko ditugu elkarri segika eta liskarrean. Hori dela eta, ia urte guztian zehar kantatzen dute, batez ere arrek, euren lurraldea markatzeko. Txantxangorri izenaren hasierako "txan-txan" hori ere, beharbada, onomatopeikoa izan daiteke, horixe baita txantxangorrien ohiko deia, txrrrriiiii luze batzuekin batera. Kantua berriz, txorrotxio alai eta metaliko samarra da.
Euskal Herrian urte guztian zehar bizi da, lurralde eta eskualde guztietan. Hala ere, neguan ugaritu egiten dira Europa iparraldetik etorritako populazioei esker eta dozenaka ikusiko eta entzungo ditugu.