Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Asier Sarasua 2019/08/05 10:10
Eibarko emaitzen behin-behineko aurrerapena.
EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Eibar-Elgoibar laukitxoa, 10*10 km.

2016. urteaz geroztik Euskal Autonomia Elkarteko atlas ornitologikoa osatzen aritu gara hainbat erakunde, elkarte eta bolondres. Aranzadi Elkartea da sustatzaile nagusia, eta herrialde bakoitzean elkarte bat dago koordinazio-lanak egiten (Itsas Enara Ornitologia Elkartea Gipuzkoan, Sociedad Ornitológica Lanius Bizkaian eta Arabako Natur Institutua Araban).

Euskal Erkidegoa 10*10 km-ko laukitxoetan banatu da eta horietako bakoitzak arduradun bat dauka, gehienetan ornitologo bolondres bat, beste kasu batzuetan Aldundiko Basozainak. Arduradun horrek, metodologia jakin bat jarraituz, bertan habia egiten duten hegazti espezieak detektatu behar ditu, datu kualitatibo eta kuantitatiboak lortuz. Ondoren datu guztiak gurutzatuko dira, beste behaketa batzuetako datuak ere erantsiko zaizkie, eta Euskal Herriko hegazti habiagileen inguruan sekula izan dugun argazkirik zehatzena jasoko dugu.

Euskal Atlas Ornitologikoa

Horretan jardun dugu 2016-2019 artean hainbat eta hainbat lagunek, 4 udaberritako goizetan mendira joan eta datuak jasotzen. Gipuzkoa ia erabat amaituta dago eta Bizkaia ere bideratuta. Arabako behaketa bukatzeko beste urte bete beharko da, ziurrenik, eta agian beste bat datuak argitaratu ahal izateko. Baina bilketaren zatirik handiena eginda daukagu dagoeneko.

Albiste zoragarria da, hortaz, euskal ornitologoentzat, gure lurraldean bizi diren espezieen egoera ezagutzeko datu apartak emango dizkigulako sekula egin den behaketa zabalena den honek. Zer espezie bizi diren gurean, zein habitatetan eta zein kopurutan. Lehenago ere egin dira antzeko zenbait zentso eta atlas, baina sekula ere ez hain bilketa sakon, zehatz eta orokorrik.

Pena bakarra, betikoa: EAEko datuak bakarrik lortuko ditugula. Oker ez banago, Nafarroan ere bada antzeko egitasmoren bat. Iparraldean, aldiz, ez daukagu datu berezirik, beti Akitaniako datuen barruan jasotzen ditugulako hango datuak. Hegaztiek ez dute mugarik ezagutzen, baina gurean mugak hertsiak dira gero!

Esan bezala, oraindik pare bat urte beharko ditugu emaitzak jasotzeko, baina behin-behineko datuak baditugu honezkero. Esate baterako, hona hemen niri egokitu zaidan eremukoak (Eibar-Elgoibar-Markina arteko 10*10 km-ko alderdi hau).

 

WN48 kuadrikularen behin-behineko datuak (Eibar-Elgoibar-Markina)

Labur-labur, hona hemen zenbait datu:

  • Orain arteko behaketa eta ikerketen arabera, 95-100 espezie inguru ikusi daitezke urtean zehar ingurumari honetan. Horietatik 50-60 dira arruntak eta bertan kumatzen direnak. Azken 4 urteotan jasotako datuen arabera, 60 espezieko langa ere gaindituko da.
  • Espero ziren 50 ohiko eta arruntenak agertu zaizkit Eibarko laukitxoan (Sacin eta Sacre programetan aipatu izan ditut horietako gehienak).
  • Beste 25 espezie "zail" edo zalantzazkoen artean zeuden. Horietatik 10 gurean kumatzen direla baieztatu ahal izan dugu: pagausoa, hesi-berdantza, okil txikia, uhalde-enara, ur-zozoa, etze-txinboa, txio arrunta, errekatxindorra eta, beharbada, baita gabiraia eta baso-txinboa ere.
  • Gainera, beste 6 espezie ere behatu ditugu Eibarren azken 4 urteotan eta kumatze-sasoian, baina nekez kumatuko dira gurean, batez ere habitat egokirik ez dadoelako: sai arrea, zapelatz liztorjalea, arrano txikia, okil beltza eta euli-txori beltza.
  • Horietaz gain, baliteke beste espezie bakanago batzuk ere tarteka alderdi honetan bizitzea eta, agian, ugaltzea. Nik neuk ez dut lortu horien aztarrenik, baina beste behatzaile batzuen datuak ere gehitu behar direnez, baliteke azkenean hauetarikoren bat ere agertzea, esate baterako, ihi-txoria (Eibartik hurrean ikusi izan dugu), hontz zuria (ziur nago bikoteren bat badela gurean), ur-martina (kumatze-garaitik kanpo sarri ikusten da gurean), haitz-enara (garai batean urtero kumatzen zen Eibarren bertan) edo kaskabeltz txikia (Akondia inguruko pagadiak inguru aproposa izan daitezke espezie honentzat).

Laburbilduz: 64 espezie ikusi ditugu Eibarren eta horietako 55-60 espezie kumatzaile izango dira gure laukitxoan. Beste dozena bat ere, beharbada, tarteka kumatuko dira gurean. Behin-betiko emaitzen zain!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz