Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Ur uherrak" (Aingeru Epaltza, 1991), ur uher bezain itogarriak Nafarroako ugalde honetakoak

"Ur uherrak" (Aingeru Epaltza, 1991), ur uher bezain itogarriak Nafarroako ugalde honetakoak

Asier Sarasua 2019/10/29 17:55
Beteko itogarriak ere badira franko ur uher hauetan. 1980 inguru, Nafarroa mendialdeko herri ttipi bateko giro politiko eta sozial pixu eta mingarria, begirada satiriko eta kupidagabeaz kontatua.

 

Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960) ez du izango beste euskal idazle batzuen sona eta oihartzunik, baina niri neuri izugarri gustatu izan zait beti eta esango nuke harribitxi ugari utzi dituela bere ibilbidean zehar, hala nola, Tigre ehizan (1997ko Euskadi Saria), Erresuma eta Fedea trilogia zoragarria (2006-2013) edota orain aipatzen dihardudan Ur uherrak (1991) eder hau.

Ur uher bezain itogarriak Nafarroako mendialdeko herri ttipi honetan aurkituko ditugunak. Bakardadea, aurreiritziak, inkomunikazioa, ezin ikusiak... Epaltzak ikuspegi kupidagabe eta satirikoarekin eraikitzen du 80ko giro sozial eta politikoa erretratatzen digun eleberria, Juanito "Kulunka", Jaxinto "Arraska" eta Billieren historiaren bidez.

Xabier Mendigureni hitz batzuk lapurtuz, "irakur ezazue “Ur uherrak”, zoragarria da, libertigarria, ez zaizue damutuko. (...) Mila istorio eta gorabehera ditu, baina nagusiak biltzearren esan dezagun bertsolari zahar, nekatu, behea jotako bat dugula, Jazinto, eta aita Vietnamgo beteranoa duen neska mulata zoritxarrekoa, Billie. (...) Bi galtzaile ditugu, irabazle eta aparretan dabiltzanean ere itsasora eramango dituen ugaldea, erreka, aurkitu ezinik. Porrot pertsonal horrekin nahasian porrot kolektibo baten kontaketa ere bada eleberri hau. Euskaraz inoiz idatzi den satira politiko zorrotzena, barregarriena eta, aldi berean —karikaturak esajeratuak izanagatik hain errealak baitira—, mingarria. Liburu iluna zela esan zuen idazleak eta nik historia triste bat espero nuen. Horren ordez Sharpe euskaldun bat topatu dut, aspaldiko partez barrez lehertzeko zorian jarri nauena. Baina, azken finean, arrazoi zuen Epaltzak: liburu ezkorra da, egiatia delako. Herri hau gainbehera doala ikusi eta hala adierazten dugunean, desdramatizatu egin behar dela esan izan digute. Begiak itxi, bertan-goxo itxaron akabera. Aingeru Epaltzak ez du desdramatizatu, ordea, desmadratu egin du gure egoera pattala, gure izaera txepela; itsasora jo nahi eta putzutik atera ezin den ur-geldia.

Juanito eta Billie ez ezik, Palazioko Juan Pedro "Belarrihaundi", Kepa (Aurkasiako Pedrito), eta Kaximiro karlista ohia aurkituko ditugu, baita ezker abertzaleko Migel Mari "Mikel", Josu eta Antton ere, edota karlista ohi eta UPN-ko (edo) diren Martin Javier, Anttonio eta Xantux. Guztiak ere ezker-eskuin begiratu ezinda, porrot kolektibo horretako partaide ezinbestekoak.

Eta, betiko moduan, Epaltzaren gaitasun narratibo eta doinu pertsonalarekin josita.

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz