Irakurtzeko moduak
Aurreko postean aipatu nuen 2010erako nire buruari bota nion erronka: gehiago irakurtzea. Azken urteotan nahiko baztertuta izan ondoren (ia-ia oporretan bakarrik irakurri izan dut, urtean dozena erdi liburu), iaz berriz hasi nintzen irakurtzen, gaztetako zaletasun gozagarrira itzuliz.
Nire lehentasunen zerrendan sartu dut berriro literatura eta irakurketa. Baina beste modu batean hasi naiz irakurtzen; nire irakurketa-ohiturak, nahita edo nahiezta, aldatu egin dira. Ez naiz bakarra, beste batzuk ere antzeko bideetan ikusi ditudalako azkenaldian eta lagun blogarien artean aurkitu ditut hainbat pista; edo konturatu naiz antzeko "arazo existentzialak" ditugula askok. Oinarrian bakarra: liburu asko dago irakurtzeko (larregi?) eta denborarik ez.
- Hasteko, liburuak hobeto aukeratzen ditut (ejem). Orain gutxi irakurri dudan Murakamiren liburu bateko protagonistak dio, 30 urte hilda dauden idazleen lanak bakarrik irakurtzen dituela. Historiara pasatu diren liburuak, unean uneko boom editorialak alde batera utzita. Bueno, hori ez dut guztiz beteko, gaur egun ere badelako idazle onik (eta eurak hil orduko, neu ere holaxe egongo naizelako), baina egia da lehen baino selektiboagoa naizela eta liburu zaharrak ere nire zerrendan sartzen hasi naizela.
- Aspertzen nauten liburuak, baztertu egiten ditut, konplexurik gabe. Lehen bekatua iruditzen zitzaidan liburu bat ez amaitzea. Orain lasaitasuna. Ez daukat denborarik galtzeko. Oso ondo azaldu eta kontatu zuen Amatiñok.
- Aurrekoarekin lotuta (eta, Amatiñok bezala, Xabier mendigurenek ere aipatu zuen), 2 edo 3 liburu irakurtzen ditut aldi berean. Primateak ez gara jaio monogamiarako.
- Liburua amaitu eta gero, lerro batzuk idazten ditut; laburpen txiki bat, gogoeta labur bat. Batzuetan baita sareratu ere, blogean edo twitterren. Horretan ez naiz batere originala, gure inguruan hainbatek egiten baitu antzera, esate baterako, Txargainek edo Faroko Joxek. Esango nuke Ogrosabel izan dela gai hau sakonen aipatu duena. Bai, arrazoi guztia, Oier.