Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Karrakelak, magurioak eta mangoliñuak

Karrakelak, magurioak eta mangoliñuak

Asier Sarasua 2014/06/11 22:40
Twitterren izandako mezu-truke baten harira, itsasoko barraskilo honen izenen inguruko datu gutxi batzuk.
Karrakelak, magurioak eta mangoliñuak

Littorina sp. (karrakela edo magurioa)

Edu Lartzanguren kazetariak Twitterren botatako txio honek seeeeeekulako erantzun-sorta jaso zuen atzo. Zelan esaten zaie itsasoko barraskilo txiki horiei? Karrakelak? Magurioak? Eta non erabiltzen da bakoitza?

Azken urteotan euskal arratzaleen artean egindako bilketaren datuak emango ditut nik. Hauxe kostaldeko herrietan jasotakoa, gehienak zuzenean arrantzaleei batuta; batzuk bibliografia bidez. Aldaera gehiago ere izango dira, ia seguru:

  • Lapurdi: (itsas) kurkuilu (generikoa)
  • Hondarribia: malla (ikus azalpenak)
  • Pasaia: karrakela
  • Donostia: karrakela
  • Orio: karrakela (Rikardo Uzkudunek), karrakailla
  • Zarautz: murliyo, mauliyo, maoliyo
  • Getaria: maulidxo, maoliyo
  • Zumaia: maulidxo, maoliyo
  • Deba: maulixo
  • Mutriku: mangoliño
  • Ondarroa: mangoliño, mongoliño
  • Lekeitio: maguridjo (?)
  • Mundaka: maguridjo
  • Bermeo: maguridjo
  • Bilbo inguruan (baita gaztelaniaz ere): magurio

Eta Eibarren? Esango nuke Eibarren biak direla ezagunak, magurioak zein karrakelak; "beraneanteak" nora joten duen udan, ba, huraxe.

Bixente Esteibar Ixkiña zumaiarrak kontatu zizkigun, esate baterako, maulidxotako hainbat kontu.

Argazkia: Karrakela (Wikipedia), Guttorm Flatabø.

ana i. morales
ana i. morales dio:
2014/06/12 08:55
Eskerrik asko, Asier, oso lan polita!

Nik txikitan ikasi nuen "magurio" hitza, Bilbon, gure etxe erdaldunean. Hiru adiera zituen:
1) karrakela
2) pertsona isil eta lotsatia, beti besteengandik ezkutatzen dena (kutsu negatiboaz esanda)
3) (eta, ejem, barkatu), muki handia, bereziki hatzamarraz sudurzulotik arrantzatua.

Beharbada 2. eta batez ere 3. adierak eraginda, nik itzelezko ezinikusia izan diet beti 1. adierako magurioei, izugarrizko nazka ematen didate, eta kosta egiten zait beste pertsona bat halakoak jaten ikustea bera ere.

Gero, euskaldundu nintzenean, nire erreferentziako natiboak bermiotarrak izan ziren, haiekin egin nuen murgiltze linguistikoa, eta orduan ikusi nuen nire txikitako "maguridjoa" berez euskal berba zela.
Amatiño
Amatiño dio:
2014/06/12 18:04
Deittu jetsat Pobeñako (Kantabriara pasatu aurreko itsasbazterreko auzua) lagun bati.
-- Cómo les llamáis en Pobeña a los caracolillos de mar?
-- Pues cómo va a ser, caracolillos de mar!
-- Y si te digo "magurio"?
-- Hombre, también, claro, eso es muy de Pobeña, pero eso es muy local!
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2014/06/12 19:37
Twitter bidez galdetu dut Lapurdiko izenen berri, eta jasotako erantzunen arabera, badirudi (itsas)kurkuilu edo (itsas)karakoil generikoak erabiltzen dituztela. Barraskiloaren izen arrunta dira kurkuilu eta ka(ra)koil, Iparraldeko eskualderik gehienetan.
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2014/06/12 19:43
Ona Pobeñako hori ;-)
Izan be, noberana beti berezi! Dana dala, hortxe egongo da "magurio" horren muga dialektala, Kantabrian beste izen batzuk erabiltzen (ei) dittuelako, "bígaro" estandarrakin batera: caricotes, uriones... (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/riev/17/17356357.pdf)
Iñaki
Iñaki dio:
2014/06/15 14:17
Kaixo Asier,

Lapurdiko (itsas) kurkuilu eta Pasaiako karrakelaren artean, Hondarribia dago eta galdezka aritu naiz ea zein izen ematen dioten. Hiru datu:

- Sagarzazuk (2005) "málla" hitza bíbaro (murex brandaris), cf. bígaro común izendatzeko erabiltzen dela dio bere liburuan. Bígaro, ordea, ez dator bat hor jartzen duen izen zientifikoarekin. "karakóla" canaílla izendatzeko erabiltzen dela dio.

- Diccionario gastronómico delako orriak, bígaro (Littorina) Hondarribian "malla" dela dio:

http://www.diccionariogastronomico.es/?id=1&fam=21&art=433&alf=Vj

- Eta fidagarriena: Hondarribiako Jose Mari Arranbide arrantzale ohiari galdetu diot eta dudarik gabe "malla" bota du "karrakela" izendatzeko.

Hernanin, gertuena Donostia geratzen zaigunez, karrakela entzuten da gehien.

Beno, ea balio dizun ezertarako.

Ondo izan!
asier
asier dio:
2014/06/15 21:33
Aupa Iñaki! Ze ondo, eskerrik asko!
Sagarzazuren liburuan aurkitu nuen "Málla" hori, baina "badaezpadakoa" iruditu zitzaidan (zuk emandako datuengatik, eta beste inon aurkitu ez nuelako, ezta Azkueren hiztegian ere). Orain, zalantzak uxatuta, hortxe gehitu dut, goiko zerrendan. Mila esker.
Iñaki
Iñaki dio:
2014/06/15 22:52

"Hondarribiko arrantzaleok horrela esaten diogu" esan dit. Badakizu, Hondarribian izen asko aldatu egiten dira arrantzaleari, kaletarrari edo baserritarrari galdetzen diozun arabera. Pentsatu nahi dut arrantzaleak ez direnek ere horrela deituko diotela...bada ez bada ere galdetuko dut eta ezer berririk ateraz gero esango dizut.

Zorionak, lan interesgarria egin duzu oraingoan ere!
Iñaki
Iñaki dio:
2014/06/18 10:20
Iepa Asier,

Xanti Larzabal izeneko baserritar bati galdetu diot eta honek ere malla bota dit dudarik gabe. Beraz, asko sakondu gabe, Hondarribian "malla" izena ematen zaio.

Ondo izan.
asier
asier dio:
2014/06/23 09:45
Eskerrik asko Iñaki!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz