Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Hiru txori mendigoizale Urkiolako Parke Naturalean: elur-txonta, mendi-tuntuna eta harkaitz-txoria

Hiru txori mendigoizale Urkiolako Parke Naturalean: elur-txonta, mendi-tuntuna eta harkaitz-txoria

Asier Sarasua 2019/12/29 23:40
Hiru txori mendigoizale Urkiolako Parke Naturalean: elur-txonta, mendi-tuntuna eta harkaitz-txoria

Mendi-tuntuna (P. collaris)

Gabonetako oporrak aprobetxatuta, mendi-buelta txiki bat egin genuen Urkiolako Parke Naturalean. Iurretako Orozketa auzunetik abiatuta, Mugarrekolandara igo ginen eta Leungane magaletik igarota Artaungan tontorreraino heldu ginen. Egun zoragarria egin zigun, freskoa, eguzkitsua, naturala... mendirako aparta. Nabarmena zen, bai, jende ugari zegoelako inguruetan neguko egun ederra disfrutatzen. 

Joan-etorrian txori ugari ikusteko aukera izan genuen. Zozo-birigarroak, esate baterako, edonon aurki zitezkeen, "gure" birigarro eta zozo arruntez gain, baita negu partean bisitari ditugun birigarro hegalgorriak ere (20-30 aleko talde bat aurkitu genuen Atzoker magalean), edota harro-harro kantari zebiltzan hainbat garraztarro (Turdus viscivorus). Sai arreak ere habia egiten hasiak dira eta etengabeak ziren euren sartu-irtenak Mugarra azpiko habialekuetara. Eta korbido edo belekiak ere bizi-bizi zebiltzan, belatxinga mokogorri eta mokohoriak, belebeltzak eta erroi okela-belak. Animoso eta jolasti, kumaldia hurreratzen ari dela igarriko balute bezala.

Dena dela, ilusiorik handiena hiru txori-espezie mendigoizalek egin ziguten. Euskal Herriko kostalde honetan arruntegiak ez direnak, baina neguan banaka batzuk Urkiolako parkean aurki ditzakegunak, gehienbat Mugarra eta Anbotoko hormatzarretan.

Elur-txonta (Montifringilla nivalis)

Elur-txonta mendi garaietako biztanlea da. 1.500 metrotik gorako mendietan bizi da, Europan zein Asian, Himalayaraino. Euskal Herrian Pirinioetan aurkituko dugu, gehienbat, baina neguan mendilerro baxuagoetara ere jaisten da, elurte handietatik ihesi. Hori dela eta, Urkiolan ere ia urtero ikus daiteke aleren bat. Txori polita da gero!

Elur-txonta (Montifringilla nivalis)

Harkaiz-txoria (Tichodroma muraria)

Harkaitz handienetako ekilibrista eta eskalatzailea da harkaitz-txoria, izenak dioen moduan. Lerro horizontalen zale baino, inguru bertikalena gehiago. Elur-txonta bezala, mendi garaietako espeziea da, baina neguan beherantz egiten du eta Pirinioetako herrietan ere ikusi daiteke (Izaban, adibidez), eta kostaldeko lurraldeetan ere orduan ikus dezakegu, dela Mugarran, dela itsasaldeko labarretan (Lekeition, Jaizkibelen,...). Gris mokoluzea, hego borobil gorribeltzekin, txori ikusgarria da harkaitz-txoria. Hiperaktiboa, hori bai, bideoz harrapatzeko ia ezinezkoa.

Harkaitz-txoria (Tichodroma muraria)

Oh.: Harkaitz-txoriaren argazkia, Wikipedia - Kookaburra 81.

Mendi-tuntuna (Prunella collaris)

Aurreko biak baino askoz ugari eta arruntagoa da mendi-tuntuna. Honi ere mendi garaietako larre eta harkaitzak gustatzen zaizkio kumatzeko eta bizi izateko, eta neguan migrazio altitudinalak egiten ditu, goi kaxkoetatik zonalde baxu eta epelagoetara mugituz. Oso espezie lasaia da, gizakiari beldurrik ez diona, eta sarritan hanketaraino hurbiltzen zaizuna.

Mendi-tuntuna (Prunella collaris)

Mendi-tuntuna (Prunella collaris) 02

Mendi-tuntuna (Prunella collaris) - 03

Mendi-tuntuna (Prunella collaris) - 04

etiketak: natura, mendiak, txoriak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz