Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Gero eta uhalde-enara (Riparia riparia) gehiago gure ibaietan

Gero eta uhalde-enara (Riparia riparia) gehiago gure ibaietan

Asier Sarasua 2019/07/21 10:25
Gero eta uhalde-enara (Riparia riparia) gehiago gure ibaietan

Argazkia: Wikipedia.

Adin batetik gorakoak zaretenok ondo gogoratuko duzue zelan jaisten ziren gure erreka eta ibaiak orain dela 40-50 urte. Deba ibarrean, esate baterako, kolorez janzten ziren Deba eta Ego errekak astero, gaur gorri, bihar berde, etzi beltz,... aste horretan izandako isurketa eta kutsaduraren arabera. Gure erreka guztiak zeharo kutsatuta zeudelako garai haretan.

Beste hainbat esparrutan ez dugu asko aurreratu, zoritxarrez, baina ibaietako uren kalitatea izugarri hobetu da azken hamarkadotan, eta hobekuntza horrekin batera itzuli dira gure erreka-bazterretara uhalde-enarak (Riparia riparia), Europako beste hainbat eskualdetan ikusi den joeraren antzera (zabalkundean dagoen espeziea dela ematen du).

Enara arrunten antzekoa da, baina txikitxoagoa, arreagoa, bere iduneko nabarmenarekin. Ibai inguruetan bizi da, erreka-bazterretan aurkitzen dituen zuloetan kumatuz eta ur gainean aurkitzen dituen zomorroak janez.

Hemen Elgoibarren jasotako irudi batzuk:

 

Ugaritzeko arrazoietako bat uraren kalitatea hobetzea izan da, baina egoera berrira egokitzeko gaitasunak ere lagundu die uhalde-enarei, gizakiak sortutako egituretara ohitu baitira. Jatorriz erreka aldamenetan aurkitzen dituen lubakietan egindako zuloetan egiten du habia, baina azken urteotan porlanezko hormetan aurkitzen dituen zuloetan hasi da kumatzen.

Horrela, enara espezie gehienak gure inguruan urritzen ari diren bitartean (enara arruntak, azpizuriak eta haitz-enarak), erreketako enaratxo txiki hau nabarmen ugaritu da azken 20 urteotan. Gure eskualdean, esate baterako, ia-ia ezezaguna izatetik, herri guztiak kolonizatzera igaro da. Bergarako koloniak baditu zenbait urte, baita Markinakoak ere, Elgoibarkoa ere ugari samarra da (kolonia bi badira, barrena) eta Soraluzen ere aise ikusten dira Deba ibaiaren bazterretan. Eta, hara non, aurten Eibarren ere aurkitu dugu kolonia txikitxo bat, Otaola inguruan, Ego errekan xixtrinean, Mercadona berriaren ostean. 10-15 enara ikusi ditugu egunero eta kumaldiak ere atera dituzte aurrera, ale jaio berriak ere ikusi ditugulako. Ego errekan, aizuek!

Ugaritzen ari zaigula erreketako enara, hartara. Baina tira, oraindik ez gara heldu Araba-Nafarroa erdi eta hegoaldean ikusi daitezkeen kolonietara, begiratu bestela ondorengo bideoa ;)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz