Eibarko kale-izen zaharren (eta "barrixen") eskugida moduko bat (1980 ingurukua)
Etxeko paper zaharren artian 1980 ingurukua izan bihar dan "txartel" bat topatu dot. Sasoi horretan aldatu zittuan udalak Eibarko kale-izenak. Frankismo sasoian ipinittako izen batzuk kendu, eta barrixak ipini jakuezen.
Kasu batzuetan toponimo zaharrak berreskuratu ziran (Artegieta, Mutiola,...); beste batzuetan, pertsona-izen barrixak aukeratu ziran, neurri bateko kontsentsu politikoz (eta Frankismo sasoiko beste batzuk kenduta, Carlos Larrañaga, Justo Oria, Esteban Orbea,...).
Izendegi aldaketia "traumatiko" samarra izan bihar ei zan orduko eibartarrendako (nik neuk ez dot gogoratzen). "Bizi guztiko" izenak kendu eta izen barrixak ikasi bihar. Aukera komertziala ikusiko zeben Salaberrianekuak, eta hamengo txartel edo eskugida txikixa kaleratu zeben.
30-40 urte igaro dira harrezkero. Eta oindiokan jarraitzen dogu Dos de Mayo (eta Generalisimo?) esaten. Bittartian, 1980 inguru horretan "kendutako" kale-izenak gainbegiratziak hausnarketa txiki baterako tartia be emoten dau: Plaza de los Mártires (de la tradición!), Avda. (sic) del Generalísimo, Amaña C, E, F eta G... Amañan benetako izenik biharko ez balitz moduan; eta abar.
Seme-alabekin eitteko moduko ariketia, zerrendiori gainbegiratziana. ;)
"The genius of birds" (J. Ackerman, 2017), hegaztiak uste genuena baino askoz azkarragoak direlako
The genius of birds
Jennifer Ackerman
Penguin Press 2016 (US), Corsair 2016 (UK)
Hegaztien gaitasun eta trebetasunen inguruan azken 30 urteotan egin diren aurkikuntzen errepaso bikaina. Horixe da, laburbilduz, The genius of birds azpimarragarri honen funtsa. Txoriak animalia xinple samartzat jo izan ditugu historikoki, ugaztunak baino "atzeratuagoak" hainbat esparrutan; aurreiritzi hori iraultzen digu modu trebean Jennifer Ackermanek, liburu sakon, erreferentziaz bete, gustagarri eta erritmo oneko honekin. Ez ditu alperrik jaso hainbat sari eta aipamen: New York Times bestseller, TopTen books Wall Street Journal zerrendan, best book of the year (The Spectator), nature book of the year (London Sunday Times) eta best science book of 2016 (Science Friday), eta abar.
Erresuma Batuko edizioa irakurri dut nik (Corsair, 2016); gaztelaniaz ere badago, baina oso itzulpen kaskarrarekin, antza.
“Intelligence is a slippery concept, even in our own species, tricky to define and tricky to measure” esaldiarekin abiatzen du liburua idazleak. Azken batean, zer da "argia" eta "inteligentea" izatea? Nola neurtzen da? Eta nola konparatu daitezke ebolutiboki hain urrun dauden hegaztien eta ugaztunen burmuinak? Inteligentziaren ordez genius hitza aukeratzen du izenbururako egileak, "nothing more nor less than doing well what anyone can do badly".
Izan ere, oso azkarrak baitira hegaztiak. Eta azken urteotako ikerketek diote, gainera, uste genuena baino askoz azkarragoak direla. Beste modu batean dira buru-argiak, beharbada, eta horregatik ez gara orain arte konturatu, baina itzelak dira hegaztiek dituzten gaitasunak, kantutik hasi eta migrazioetara, harreman sozialetatik hasi eta ikasteko gaitasunera.
Hegaztien inguruko hainbat ezaugarri aztertzen dira liburuan, 8 kapitulutan banatuta. Hegaztiek ikasteko daukaten gaitasunarekin hasten da eta burmuinaren tamainak ezaugarri horretan daukan garrantziaz luze jarduten du. Kantatzeko gaitasunak ere leku zabala dauka, jakina, naturan aurkitu dezakegun fenomenorik harrigarriena delako, konplexutasun handiko eta ejekuzio zehatzeko tresna izugarria. Horrekin batera, habiagintza, txorien arteko harremanak, erremintak erabiltzeko gaitasuna eta beste makina bat kontu ere aipatuko ditu, lekurik handiena migrazioari eskainiz, ugaztun batek nekez egingo duena egiten baitute miloika hegaztik urtero-urtero, oraindik erabat ulertzen ez ditugun mekanismoak erabilita orientatzeko (ikusmena, usaimena, nabigazio-mapak, lurraren magnetismoa...).
Eta gai bakoitzaren inguruan dozenaka adibide eta datu zehatz irakurri ahalko ditugu, modu landu eta interesgarrian azalduta, idazkera biziarekin, batez ere ezaugarrion jaiotza eta eboluzioa aipatuz eta hautespen naturalak eta sexualak eboluzio horretan izandako eragin posibleak aipatuz.
Esan bezala, azken 30 urteotan hegaztien gaitasunen inguruan egindako ikerketen laburpen moduko bat da The genius of birds. Beharbada horregatik, irakurketa amaitzean itomen moduko bat sentitzen duzu, konturatzen zarelako ezinezko egingo zaizula jasotako informazio guztia barneratzea; hala ere, ez da liburu astuna eta erritmo, enfoke zein hizkera egokiak ditu.
Azken batean, liburuan jasotzen direnak erabat ez ulertzearen gakoa gugan baitago, inteligentzia eta azkartasuna ulertzeko eta azaltzeko daukagun ikuspegi antropozentrikoan. Hain zilborrari begira bizi gara eze, kosta egiten zaigula erabat ulertzea hegaztien azkartasun horren oinarriak eta ezaugarri kognitiboak.
Perhaps, it's because they're so unlike people that it's difficult for us to fully appreciate their mental capabilities. Birds are dinosaurs, descended from the lucky, flexible few that survived whatever cataclysm did in their cousins. We are mammals, related to the timid, diminutive shrewlike creatures that emerged from the dinosaurs' shadows only after most of those beasts died off. While our mammal relatives were busy growing, birds, by the same process of natural selection, were busy shrinking. While we were learning to stand up and walk on two feet, they were perfecting lightness and flight.
Liburuaren azken esaldiak ematen dio, beharbada, erantzun zuzena ikuspegi oker horri: "One has only to consider the extraordinary genius packed tightly into that tiny puff of feathers to lay the mind wide open to the mysteries of a bird's knowing - the what and the way. These are wonderful puzzles to keep around on our intellectual bookshelf, to remind us how little we still know".
............
The genius of birds, (Jennifer Ackerman, 2016)
In judging the overall intelligence of animals, scientist may look at how successful are at surviving and repoducing in many different environments. By this mean, birds trump nearly all vertebrates, including fish, amphibians, reptiles, and mammals. They are the one form of wildlife visible nearly everywhere. (...) As a class, birds have been around for more than 100 million years. They are one of nature's great success stories, inventing new strategies for survival, their own distinctive brands of ingenuity that, in some respects at least, seem to far oustspace our own. (...) Now there are some 10.400 different bird species - more than double the number of mammal species (...) (There are) roughly 30 to 60 live birds per person. To say that humans are more successful or advanced really depends on how you define those terms. After all, evolution isn't about advancement; it's about survival. It's about learning to solve the problems of your environment, something birds have done surpassingly well for a long, long time. (...) Perhaps, it's because they're so unlike people that it's difficult for us to fully appreciate their mental capabilities. Birds are dinosaurs, descended from the lucky, flexible few that survived whatever cataclysm did in their cousins. We are mammals, related to the timid, diminutive shrewlike creatures that emerged from the dinosaurs' shadows only after most of those beasts died off. While our mammal relatives were busy growing, birds, by the same process of natural selection, were busy shrinking. While we were learning to stand up and walk on two feet, they were perfecting lightness and flight. While our neurons were sorting themselves into cortical layers to generate complex behavior, birds were devising another neural architecture altogether, different from a mammal's but, in some ways, at least, equally sophisticated. They, like us, were figuring out how the world works, and all the while, evolution was fine-tuning and sculpting their brains, giving their minds the magnificent powers they have today.
Anfibio gaua Elgoibarren Morkaikoren eskutik: arrabioa, uhandre marmolairea, txantxikua eta beste
Iluntze-gau ederra igaro genuen ostiralean Elgoibar aldean. Morkaiko Mendizale Elkarteak hainbat jarduera eta irteera antolatu ditu aurtengo urterako, Elgoibarko natura eta ondarea ezagutzeko asmoz. Irteera horien artean, anfibioak ikusteko asmoarekin antolatutakoa zegoen herenegun.
Izarraitz aldera igo ginen, 25 laguneko taldetxo bat, ea ugaratxo, arrabio eta antzeko beste anfibiorik aurkitzen genuen. Ander Izagirre Naturzalia geneukan gidari eta gau ederra igaro genuen bere esanetara. Eguraldia ere lagun izan genuen (heze eta euritsua, anfibioak ikuskatzeko perfektoa) eta ikusi zitezkeen 6 espezieetatik 5 ikusi ahal izan genituen: arrabioa, apo arrunta, txantxikua, uhandre palmatua eta uhandre marmolairea (gaueko izarra izan zena, bere dragoi itxura ederrarekin). Baso-igel gorriak "ihes" egin zigun, baina tira, hurrengoan!
Esperientzia ederra izan zen, nagusi zein umeentzat. Hemen laburpen bideo txiki bat. Eskerrik asko Morkaikoko lagunei eta, batez ere, Ander Izagirre eta bere laguntzaileei, irteera osoan erakutsitako pazientzia eta ezagutza infinitoarengatik ;)
Txio arrunta (P. collybita, txirixua) sukaldeko leihoan
Euskal Herriko txoririk txiki eta ugarienen artean daude txioak (Phylloscopus sp. generoa, beste zenbait izenez ere ezagunak euskaraz: txepetxuri, txorimoitu, txirixo, txat, txiro,...).
Espezie ugari dira, guztiak ere nahiko antzekoak eta txorizale ez denarentzat identifikatzeko ez errazegiak. Oro har, txori txikiak dira, oso urduri eta biziak, geldi egoteko tarterik hartzen ez dutenak, mokozorrotzak eta arrexkak (zuri zikinetik hori-berderainoko tonalitateekin). Adarrik adar ikusiko ditugu, jauzi eta hegaldi laburrak eginez eltxo eta beste mamorro txikien bila dabiltzan bitartean.
Esan bezala, hainbat txio espezie daude, eta ez da erraza izaten espezieak identifikatzea. Hanken kolore ilun edo argiagoa, bekainaren bereizgarritasuna, kolore horixka bizi edo apalagoa,... ñabardura txikiengatik bereizten dira elkarren artean espezie gehienak. Sarri askotan, kantua da espezie bat identifikatzeko aukera fidagarriena (eta ia bakarra).
Orain dela egun batzuk txio arrunt bat sukaldeko leihora hurreratu zen, lore artean kokoak jateko asmoz. Argazki batzuk (bilduma Flickr-en) eta bideo hau atera nizkion.
Bost txio espezie Euskal Herrian
Euskal Herrian 5 espezie dauzkagu.
- Txio iberiarra, (Phylloscopus ibericus). Uda partean dago gurean, kumatze-sasoian, eta oso ugaria da garai horretan. Neguan, ostera, Afrikara joaten da. Ez du marka bereizgarririk; arre-berdexka da, hanka ilunekin.
- Txio arrunta, (P. collybita). Aurrekoaren oso-oso antzekoa, kantuarengatik bereizten dira (garai batean espezie bera zirela uste zen). Txio iberiarra ez bezala, kasu honetan neguan da ugarien (Europako populazioak hegoalderantz egiten dutenean) eta udan oso bakana da. Kumatzeko baso-eremuak aukeratzen dituzte; negu partean ostera, edonon aurkituko ditugu txio arruntak.
- Txio horia, (P. trochilus). Europako txoririk ugarienetakoa da, baina Euskal Herrian migrazio-garaian ikusiko dugu gehienbat. Bikote gutxi batzuk ere geratzen dira kumatzen, baina benetako "inbasioak" irailean eta apirilean izaten dira, milaka-eta-milaka Txio hori igarotzen direnean gure lurretatik euren migrazio-bidaietan. Txio arruntarekin eta Txio iberiarrarekin alderatuta, hankak argiagoak dira eta paparra berdeagoa. Bekaina ere nabarmenagoa da, hori-berdexka.
- Txio lepazuria, (P. bonelli). Hau ere udan aurkituko dugu Euskal Herrian, kasu honetan gehienbat eremu lehor samarretan (Araba eta Nafarroa erdialdeko ameztietan ditu populazio ugarienak). Kolorez dexente argiagoa da, paparzuri samarra, hegoetan luma berdexkak nabarmentzen zaizkiolarik. Kantua ere oso ezberdina dauka aurrekoekin alderatuta.
- Txio txistularia, (P. sibilatrix). Hauxe da Euskal Herrian ikus daitezkeen txioen artean urriena. Banaka batzuk besterik ez dira ikusten udazkeneko eta udaberriko igaroaldietan. Bere bekain eta papar hori bizia, sabelalde zurixkarekin batera, nahiko ezaugarri bereizgarriak dira Txio txistularia identifikatzeko orduan.
Txio arrunta (Eibar, 2018/03/07)
Hemen sukaldera bisitan etorritako txioaren argazki batzuk; CC-BY-SA lizentziarekin partekatuta, edonork erabili ahal ditzan.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita), Eibar, 2018/03/07. Txoriak.eus, CC-BY-SA.
Pagoetako Parkeko 3 tontorrak: Murugil (717 m), Olarteta (714 m) eta Pagoetako Gurutzea (676 m)
Mendi-buelta polita dago Aia gainean, Pagoetako parke naturalean eta, Aste Santuko eguraldi ona aprobetxatuta, Aiatik gora jo dugu elkarren ondoan dauden hiru tontorrak igotzeko, Murugil (717 m) gailur nagusia, Olarteta (714 m) bere ahizpa bikia eta Pagoetako Gurutzea (676 m), hiru gailurren artean txiki baina ezagunena.
Urdaneta auzunetik zein Aiako herrigunetik igo daitezke tontorrok. Elkarren alboan daude eta samur-samur igo daitezke elkarren segidan. Guk Aiatik bertatik hasi genuen. Herrigunean bertan GR kartelak daude, Zarauztik Iturriotzerantz doan bidea seinalatuz. Handik gora, bidea oso garbia da eta ondo markatuta dago. Ez dago galbiderik.
Behin harbide zaharra hartuta, emeki-emeki gorantz egingo dugu, betiere Aia eta itsasoa bistan ditugula.
Bide erdian bidegurutzea daukagu. Eskuinetik zuzen joz gero, Pagoetako Gurutzera helduko gara zuzenean (PR). Guk ezkerreko bidea hartu genuen, harbide nagusia dena (GR), eta Olartetarantz igotzen dena.
Olartetarako azkenengo metroak belardi pikar batean barrena egiten dira.
Olartetako magalean, Zarautz eta Orio oinen azpian ditugula, hamaiketakoa hartzen.
Behin Olartetako magalera igota, hortik gora belardi zabalak ditugu parean. Gora-behera gutxirekin, aldamenean dagoen Murugileko tontorrera helduko gara. Hauxe da, Murugil (717 m), Pagoetako tontorrik garaiena eta hirukote honetatik 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra.
Murugileko postontzia tontorretik 150 metro ingurura dago, pixkat beheraxeago. Postontzitik ber-bertan ikusten da gure hurrengo helburua, Pagoetako Gurutzea (676 m).
Pagoetako Gurutze ezagun hori 1935ean jaso zuten zarauztarrek eta aiarrek. Gaur egun ere, inguru hau oso ezaguna da kostako herri horietako mendizaleentzat.
Parean Pagoetako belardiak eta Murugileko gaina. Leku ederra familiarekin edo koadrillan igotzeko.
Jaisteko, aurrera egin daiteke Urdanetaraino. Bestela, Aiara itzultzeko, Gurutzetik 100 metro ingurura dagoen bidezidorra hartuko dugu ezkerretara, zuri-horiz markatutako PR ibilbidea, eta bueltan-bueltan lehenago igo dugun harbideraino helduko gara. Handik behera, tipili-tapala, ordu erdi inguruan itzuli gaitezke Aiara.
Luzuero (309 m), Bizkaiko mendebaldeko begiratokia #100mendi #61
100 Mendien Lehiaketako 3. urteari ekiteko, Luzuerora (309 m) igo ginen, gaztelaniazko Punta Lucero izenez ere ezaguna. Bilboko itsasadar sarreran dagoen lurmutur eta tontorra da Luzuero, Zierbena eta Muskiz gainean kokatua. Serantes (452 m) garaiagoa dauka alboan.
Zierbenako Aldapa (La Cuesta) auzotik ekiten zaio igoerari (nahiago bada, beheragotik, Zierbenako portutik bertatik). Ibilbide labur eta erraza da, zabala eta ondo seinalizatua, haurrekin egiteko ere egoki-egokia. Inguru guztia belardi eta otadiak dira, itsaso gaineko ikuspegi ederrarekin. Abra alde batera, Muskizko hondartza bestera.
Bilborako sarrera izanik, Abra osoa dominatzen da Luzuerotik. Hori dela eta, garrantzi estrategikoa izan du historian zehar, eta gerrako azpiegitura ugari ere ikus daitezke Luzueron (lubakiak, kanoiak, gotorlekuak, kuartelak, eta abar).
Azpiegitura militar horiek hainbat garai eta berrerabilpen ezagutu dituzte. XVI. mendean ezarri ziren lehenengoak, eta karlistaldietan lubaki ugari eraiki ziren. Lubaki horiek berrerabili egin ziren, ondoren, Gerra Zibilean, Bilboko Burdin-Hesia egituratu zenean. Luzuero puntu estrategikoa izan zitekeen Francoren aurkako gerran. Behin gerra galduta, Franco bera izan zen Luzueron azpiegitura militar garrantzitsuak eraiki zituena. Izan ere, aliatuen eraso baten beldur ziren frankistak, eta horiei aurre egiteko zenbait azpiegitura ezartzen hasi ziren Kantauriko kostaldean zehar.
Kuartela nahiko luze egon zen martxan eta oraindik ere zati bat nahiko egoera onean dago. Ibilbide honek, beraz, naturaz gozatzeaz gain, gure historian barneratzeko aukera ere emango digu. Bitartean, Bizkaiko eta Cantabriako kostaldearen ikusmira ederra izango dugularik.
Hauxe izan da gure aurtengo lehenengo mendi puntuagarria, 100 mendien lehiaketako 61garrena. Ehun mendien araudia oso erraza da, XX. mende hasieran sortu zenetik ia-ia aldatu ere egin ez dena (hemen 1930ekoa). Garrantzitsuena:
- 100 mendi ezberdin igo behar dira, 5-10 urte bitarteko epean.
- Egunean bakarra igo daiteke asko jota; eta urtean 20 gehienez.
- Mendi-tontorrera heltzean, zure klubeko txartela laga behar duzu gailurreko postontzian, zure datuekin.
- Federatuta egon behar zara.
Lehiaketa deitzen zaio, baina gutxi du ohiko lehiatik. Izan ere, ez duzu beste inoren aurka lehiatzen, ez dago saririk, ezta benetako epailerik ere. Nork bere buruari jarritako erronka besterik ez da, helburu bakarrarekin: mendizaletasuna eta naturzaletasuna bultzatzea, eta Euskal Herriko txoko eta bazterrak ezagutzea. Behin 100 mendiak igota, gainditutako erronkaren poza da lortzen duzun gauzarik garrantzitsuena.
Puntuagarriak diren mendien katalogo bat dago (berriki eguneratua); Euskal Herriko 800 mendi-kaxko (gehientsuenak), eta inguruko lurraldeetako beste dozenaka batzuk (batez ere Pirinioetakoak) biltzen ditu. Horietako zeintzuk, noiz eta zelan igotzen dituzun, hori ez dizu inork zehazten; zure esku dago.
"Le peuple migrateur" (2001) eta "Fly Away Home" (1996), hegaztien migrazioari buruzko dokumentala eta filma
Le Peuple Migrateur (Winged Migration, EN; Nomadas del Viento, ES) hegaztien migrazioari buruzko dokumental ikusgarria da. Jacques Perrin, Michel Debats, eta Jacques Cluzaudek zuzendu zuten 2001. urtean eta naturazale ororentzat gozagarria da. Duela hilabete batzuk euskarazko azpitituluak ere ipini genizkion.
Munduko 7 kontinenteetan eta 4 urtez milaka grabazio ordu egin zituen lantaldeak, 90 minutuko dokumental harrigarri hau sortu ahal izateko. Denbora horretan, hainbat hegazti espezieren migrazioak jarraitu zituzten, urtean zehar egiten dituzten joan-etorriak grabatuz munduko ingurunerik ikusgarrienetan: poloetan, itsaso zabalean, Amazoniako oihanetan, basamortu eta ordokietan,...
Hegaztien migrazioa naturak ematen duen fenomeno harrigarri eta ikusgarrienetakoa da. Urtero-urtero, udaberrian eta udazkenean, mundu osoko milaka espezietako milioika txorik bidaia luzea abiatzen dute, bizirik iraun ahal izateko. Horretarako, milaka kilometro egingo dituzte, arriskuz betetako txango batean, batzuetan iparralderantz, hurrengoan hegoalderantz.
Dokumentala egiteko, narrazioa eta alderdi zientifikoa albo batera laga zituzten, eta irudiek eskaintzen duten indarrean oinarritu. Ia-ia testurik gabe, oso-oso gertutik ateratako irudiak dira dokumentalaren muina, gizakiak gutxitan gozatu dezakeen ikuspegia eskainiz ikusleari. Horretarako, hegaztietako asko produkzio-taldeak hazitakoak ziren, animaliak jaioberritan ohitu zitezen grabazio-ekipoetara.
Animaliak oinarri dituzten dokumental eta pelikula guztietan bezala, oriangoan ere hortxe geratuko zaigu dilema etikoa, ezta? Noraino erabili eta derrigortu ditzakegu animaliak gure asmoetarako. Hala ere, ezin uka, dokumental honek sekulako irudi ikusgarriak eskainiko dizkigula eta naturarekiko maitasuna (eta ezagutza) zabalduko dizkigula.
Dokumentalaren oinarrian, Bill Lishmanen bizipenak, "Fly Away home" (1996)
Film horren inspirazio nagusietako bat Bill Lishman (1939-2017) artista, naturzale eta asmatzaile kanadiarraren esperientzia izan zen.
Lishmanek hegazkin ultrarinak pilotatu eta diseinatzen zituen. 1988an lortu zuen bere etxean hazitako antzara talde bat gidatzea bere ultrarinarekin (horretarako bereziki egokitutako tramankulua). Eta 1993an antzaren migrazioa bideratzea lortu zuen, sekula aurretik migratu ez zuen antzara talde bat bere ultrarinari jarraikiz eramanez Canadatik AEB hegoladeraino.
Lishmanek eta bere familiak antzarekin bizitako istorio horretan oinarrituta pelikula gozo bat egin zen 1996an, Fly Away Home, Oscar sarietarako izendatua izan zena eta etxeko txikiekin ikusteko egoki-egokia.
Inpronta
Aurreko bi pelikulak egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da hegazti (eta ugaztun) espezie batzuek daukaten berezko ezaugarri bat, etologian inpronta (imprinting, ingelesez) izenez ezagutzen dena.
Hegaztien ikasketa-prozesuaren etapa labur bati dagokio eta Konrad Lorenzek deskribatu zuen lehenengoz, antzarekin egindako lanen ondorioz. Lorenz ohartu zen antzarakume batek, jaio eta segituan, bere amatzat hartzen duela mugitzen den eta soinuak emititzen dizkion lehenengo izakia (edo objektua).
Ahate edo antzara kumeak jaiotzean, ikerlari austriarrak jatorrizko ama beste izaki baten bidez trukatzen zuen, eta konturatu zen txitak ordezko amari jarraitzen zitzaizkiola; amatzat hartzen duten hori kumeen gidari izango da hortik aurrera. Inpronta edo eragin sakona utziko du betiko. Horrela, txorikumeak jaio eta ikusten duten lehenengo biziduna pertsona bat baldin bada, edonora jarraituko diote pertsona horri, bere ama bailitzan.
Gorago aipatu ditugun bi ikusentzunezkoak egiteko, teknika hori erabili izan dute (edo ezaugarri horretaz baliatu dira) zuzendariek. Etxean hazitako hegaztiak dira film horietako protagonistak, ume-umetatik gizaki batzuei jarraitzeko agindu genetiko horri, inprontari, jaramon eginez gizaki horiei munduko mutur batetik bestera jarraitzeko prest daudenak.
Britainiar Uharteetako mapa soziolinguistikoa. Hedadura eta erabilera. Hizkuntzak eta dialektoak.
Twitterren topatu eta Twitterren bertan zabaldu nuen hau. Orain blogera dakarkit, haizeak eraman ez dezan ;)
British and Irish Lang Maps erabiltzaileak zabaldu zuen mapa honek erakarri egin ninduen. Britainiar Uharteetako hizkuntzen mapa da (edo mapak dira). Bertako hizkuntza eta dialektoen hedadura eta erabilera-datuak (mapa handiago ikusteko, egin klik ondoko maparen gainean).
3 taldetan banatu daitezke hizkuntzak, 3 jatorri linguistiko ezberdinekoak:
- ingelesa eta eskoziera (ingelesaren dialektoa-edo).
- hizkuntza zeltak (5 hizkuntza ezberdin Britainiar Uharteetan).
- oil hizkuntza, normandiera (Kanaleko Uharteetan oraindik ere mintzatua).
Mapak aztertzean, uste dut kontuan hartzeko pare bat kontu badaudela. Hasteko, koloreek ez dutela balio berbera hizkuntza guztietan (berde batek %70 adierazten du batzuetan eta %3 bestean). Bestalde, Irlandako mapa ere kontuz aztertu beharrekoa da, mapa nagusian ezagutza adierazten baita (oso datu altuekin) eta aldameneko mapa txikitxoan erabilera (arras ezberdina). Bestalde, aipagarriak dira manxera eta kornubiera berpizteko saioak. Hizkuntza horiek desagertuta zeuden, baina hizkuntzak berreskuratzeko ("berpizteko", zehatzagoa litzateke) ahaleginean dabiltza azken urteotan. Milaka hiztun gutxi batzuk dituzte dagoeneko, eta hizkuntzak eskola pribatuetan txertatzea ere lortu dute.
Hizkuntza zelten inguruan
Garai batean Europako zati handi batean mintzatuak, (hemen Kristo Aurreko mapa historiko bat) gaur egun Britainiar Uharteetan (5 hizkuntza) eta Bretainian (bretainiera) egiten da.
Hizkuntza zeltak 2 taldetan banatzen dira:
- Britoiak: galesa, bretainiera eta kornubiera.
- Goidelikoak/gaelikoak: irlandera, eskoziako gaelera eta manxera.
Erabilerari dagokionez, euskararen pareko egoeran dago galesa, gutxi gora-behera, bai hiztun-kopuru zein erabilera aldetik. Irlandera ere nahiko hedatuta dago hezkuntzan, baina erabilera-datuak oso txikiak dira. Eskoziako gaelerari dagokionez, nahiko bizi dago mendebaldeko uharteetan, baina orotara oso hiztun gutxi ditu, eskualde bakan batzuetara mugatuta (egoera hori, gainera, gutxienez duela 4-5 mendetik dator). Bretainierari dagokionez ere, hiztunak galtzen jarraitzen du eta hiztun gehienak adinekoak dira (14.000 haur dira bretainieraz ikasten dutenak). Amaitzeko, gorago aipatu ditugu manxera eta kornubiera, behin hil ondoren, berreskuratzeko saiakeretan ari diren bi hizkuntzak zeltikoak.
Informazio gehiago Euskarazko Wikipedian: h
Normandiera (Oil hizkuntza) Mantxako Uharteetan
Bukatzeko, berezia da Erresuma Batuaren mugetan Oil hizkuntza edo normadiera ere mintzatzen dela. Oraindik bizirik dago Mantxako Kanaleko Uharteetan (Jersey, Guernesey eta Sark). 3.000 hiztun inguru dira. Sa
Oïl hizkuntzak (Langues d'oïl) galo-erromantze hizkuntza taldearen izendapen linguistiko eta historikoa da. Garai batean Galia moduan ezagutzen zen eremuan mintzatu izan den hizkuntza (edo hizkuntza/hizkera taldea) da, gutxi gora-behera Frantzia erdi eta iparralde gehiena eta Belgikako Valonian. Oïl hizkuntzen lekua frantsesak hartu zuen (zeina, halaber, oïl hizkuntzetako bat den) hizkuntza ofizial eta nagusi gisa.
Matraillako eta belarrondokuak, takateko eta gaztaikuak
Hau zala eta bestia zala, takatekuak emoteko izenak agertu jataz parian azken egunotan, eta honaxe ekarri dittut. Izan be, makinatxo bat dira Eibarren bertan darabiguzen izenak (zer esanik ez beste eskualde eta euskalki batzuetakuak be aintzat hartuko bagenduz). Hamentxe batzuk.
- Belarrondokua / Matraillakua / Zartatekua / Plastatekua: zaplaztekoa, masail edo matrailean emandakoa kolpea.
- Betondokua: ukabilkada edo zaplaztekoa begi inguruan.
- Gaztaikua / Kaskarrekua: buruan hartutako kolpea. Hedaduraz, edozein kolpe handi (porrazo, leche)
- Takatekua: kolpe minbera.
- Hagiñetakua: hortzetan edo barailezurrean jasotako kolpea.
- Ikubilkadia: puñetazo
- Ipurdikua: lurrera jaustean hartutakoa; baita errieta egiteko ipurdian emandako zartakoa ere.
- Kokotekua: garondoan jasotako kolpea.
- Okozpekua: kokospekoa, kokots edo okotz azpian jasotakoa.
- Ostikadia, ostikokadia: zango, oin edo bernarekin emandako kolpea.
Eta orokorraguak (golpear, vapulear, apalizar):
- Blastiau, blastadia emon
- Blist-blast jo, blisti-blasta emon
- Berotu, berotua emon
- Egurtu, egurra emon
- Astindu, astindu bat emon
- Makilla-saldia emon
- Pasaria emon
- Zapuztu (egurtu, bereziki lepo inguruan, kokot edo zaputzean joaz)
Adari-topekia Eibarko zezen-plazan. 1920 inguruan. Indalecio Ojanguren (Guregipuzkoa.eus).
...............................
Goiko irudixa, Mundo Deportivo.
"Kingbird Highway, the biggest year in the life of an extreme birder" (K. Kaufman, 1997)"
Txorizale gazte baten ametsak biltzen ditu liburu honek. 1973. urtean, 18 urte zituela, Kenn Kaufmanek erabaki zuen bere bizitzako urte bete hegaztiak behatzen igarotzea. Big Year izenez ezagutzen den lehiaketan parte hartu eta ordura arteko errekorra gainditzea, AEBen ahalik eta hegazti espezie gehien ikusiz. Lortuko ote zuen aurreko marka gainditzea? Urte betean 650 hegazti-espezi ezberdin ikustea Estatu Batuetako 49 estatu kontinentaletan?
Kaufman gaztearen asmoak bazuen alderdi berezi bat, gainera: autostopa eginez bidaiatu zuen urte betez, Estatu Batuetako mutur batetik besteraino, harat-honat, errekor hori gainditu nahian. Kansasen hasi eta Californiaraino; Floridatik Montanara; Carolinatik Alaskara. Zubipeetan eta baso erdian lo egintez. Urte osoan 1.000 dolar bakarrik gastatuz.
Errekor bat gainditzeko asmoz abiatu zen gaztearen asmoekin hasiko da liburua, baina Big Year bezalako antzeko lehiaketen inguruko kezkarekin amaituko, txorizaletasuna zerrendatze hutsa baino askoz gehiago delako. Eta guztiaren gainetik, txoriak eta txoriak. Hegaztienganako pasioa eta maitasuna aurkituko dugu liburu honetako orrialde bakoitzean. Ornitologia betirako aldatzen ari zen garai baten argazkia ere bai, 1970. hamarkadan gauza asko aldatu baitziren txorizaleen mundutxoan (batez ere Estatu Batuetan).
Txoriburuontzat erabat gomendagarria (besteentzat,... beharbada ez).
Kingbird Highway
Kenn Kaufman
(Houghton Mifflin, 1997)
"Kingbird Highway", Kenn Kaufman (Houghton Mifflin, 1997)
Hitzaurretik.
People always called us "birdwatchers". (...) Nothing could have been simpler than "birdwatching". An activity by that name would have required nothing more than one person, alone, watching birds, any birds. (...) But in the early 1970s, we were not birdwatching. We were birding, and that made all the diference. We were out to seek, to discover, to chase, to learn, to find as many different kinds of birds as possible - and in friendly competition, to try to find more of them than the next birder. (...) People have always looked at birds, but the hobby and sport of birding really developed in the twentieth century. It developed gradually (...) but there was one brief period when birding went through revolutionary changes. Improvements in communication and in travel made it possible for people to seek birds from coast to coast, and birding changed from a mild local pastime to a continent-wide craze. It is only now (...) that we can see how far-reaching and thorough the changes were. Birding for the 21st century was born in the brief period from 1970 to 1975. This is a story about that time. I was fortunate enough to be traveling thorougout North America, in pursuit of birds, during that formative era. It was a good time to be on the road, a good time to be very young, a good time to learn and travel and grow while we played this great new game called birding.
.......................
Now revered as one of North America's top birders, Kenn Kaufman hit the road at age sixteen and spent a year crosscrossing the country to see as many birds as he could, in a birding competition known as a "big year." In what has become a classic among birders, this memoir chronicles the subculture of birding in the 1970s and a teenager's search for his place in the world. In a new afterword, Kaufman looks at the evolution of bird-listing since his own big year.
Kingbird Highway is an utter delighy. That one of our foremost field guide writers could also write a true, lyric tale of such a high order almost defies the laws of nature... I would follow Kenn Kaufman down Kingbird Highway as far as he wanted to take me on and on.
- Gary Nabhan -
Kingbird Highway is more that a good road story, for Kaufman found something greater than his intended goal. He learned about what is actually important in life.
- Mark Bittner -