Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Euskal harriak", Joseba Azkarraga Etxagibel (Alberdania, 2011)

"Euskal harriak", Joseba Azkarraga Etxagibel (Alberdania, 2011)

Asier Sarasua 2018/10/17 12:20
Trantsizio sozio-ekologikorako gogoetak. Unea iritsi da metamolismo soziala sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko.

Euskal harriak, Joseba Azkarraga Etxagibel(Alberdania, 2011).

"Trantsizio sozio-ekologikorako gogoetak" azaltzen da liburuaren izenburupean eta horixe da, hain zuzen ere, liburu honetan aurkituko duguna. 2011ko lana da, baina oraindik ere aktualitatekoa eta gustura irakurtzen dena.

Azkarragak zabaldu nahi duen mezua da, gaurko garapen-ereduak ezin diola aurre egin berak sorturiko krisiari (ekonomikoari, klimatikoari, elikagaien ingurukoari, kulturalari), eta unea iritsi dela "metamolismo soziala" sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko.


Funtsean badakigula gehiegi ekoizten eta kontsumitzen dugula eta horrek arazoak ekarriko dizkiguala (dagoeneko handiak direnak, nahiz eta guk begiak itxi), baina planteatzen den konponbidea sekula ez dela dragari eragitea, baizik eta teknologiak etorkizuna konponduko duela ustea; gaixorik jarraituko dugula, alegia, baina lasai egoteko zientzia eta teknologia etorriko direlako gu osatzera. Horrekin batera, behin eta berriz esaten digute zientziak eta teknologiak produkzio kostuak eta eragin ekologikoak muriztuko dituela, baina hori ere gezurra da, demostratu delako produkzioa eraginkorrago bihurtu arren orotara kaltea are handiagoa dela, kontsumoa are gehiago hazten delako. Gehiago eta sarriago erosi, gehiago kontsumitu, produktuen bizitza laburtu.... kaosa handituz.

Ekonomiaren hazkunde neurriz larregikoarekin batera azken belaunaldian beherantz joan da ongizate subjetiboa osatzen laguntzen diguten parametroen kalitatea: osasuna, harreman sozialak, astia, kapital afektiboa, askatasuna... Bizipozaren estrukturak higatu ditugu etengabe eta kontsumo hazkor infinitoa dugu konpentsazio-mekanismo ia bakar eta ohikoena.

Hortaz, ezin dugu pentsa gurpil zoro honetan jarraitu dezakegunik, arazo nabarmenei konponbide partzialak ipintzen. Egin behar duguna da sistema errotik aldatu. Adabakiak jartzeari utzi, eta oinarrizko egitura ekonomiko eta soziala goitik behera eraldatu.

Bada itxaropenerako tarterik, ordea. Norbanako askoren jarrerak izugarri aldatu dira belaunaldi bakarrean (konparatu duela 20-30 urteko zenbait jarrera eta egungoak) eta gizarte mailako ekimen txikiak ere ugaritzen ari dira han eta hemen. Orain, baina, makropolitikak aldatu behar dira. Erakundeen aldetik jarrera aldaketa erabatekoa behar dugu.

Unea iritsi da metamolismo soziala sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko.

.......

-Kontrazala-
Krisi ekonomikoa bizi dugula esatea zuhaitzari erreparatzea bezalakoxea da, basoaren zabala bistatik galduta. Zooma zabalduz gero, zibilizazio krisia da gurea, eremu ugari baitaude arnasestuka: ekonomia, energia, klima, ekosistemak, gizartea, elikagaiak, kultura, hizkuntzak eta alderdi psikiko-espirituala bera. Gaurko garapen-ereduak ezin dio ganoraz aurre egin berak sorturiko krisi askotarikoari.

.......

 

"Euskal harriak", Joseba Azkarraga Etxagibel (Alberdania, 2011)

Litekeena da zibilizazio modernoak eman izana gizakiari inoizko segurtasun objetiborik handiena. Baina, inoiz baino gehiago daukagunez, inoiz baino gehiago gal dezakegu; hein batean, horregatik gaude galtzeko gutxi eta den-dena irabazteko daukana baino beldurtuago. Bada gehiago: aspalditxotik bestelakoak dira beldur eta arriskuen iturburuak. Ez datoz mehatxu naturaletatik, ez datoz uzta txarretatik, ez datoz haserrealdi jainkotiarretatik. Guk geuk sorturiko garapen sozial, ekonomiko eta zientifiko-teknologikoetatik datoz: giza lokarrien likidotzea; lan prekarioa; elikadura transgenikoa; teknologia nuklearraren ugaritzea; ni idealera ez heltzea; ur eskasia; lurren erosioa; identitate kulturalen desagertze masiboa; XX. mendean zehar asmaturiko milaka sustantzia kimikoen igurtzi isila; pandemia globalak; klimaren aldatzea; nano-bio-info-kogno teknologiaren zenbait garapen-ildo potentzial; gerra bakteriologikoa; suntsipen masiborako egundoko ahalmena; finantza sistemaren fluktuazio hondagarriak. Geuk sorturikoak dira guztiak.

XX. mendeko auzi garrantzitsuenak badu dimentsio makro-politikoa: Estatua, Merkatua eta Zientzia, sistemaren oinarriak diren hiru horiek diseinatu beharko dira beste modu batera, eutsigarritik joko badugu. Eta hiru eremuotan - politikan, ekonomian eta zientzian -, muima da aldatu beharrekoa, ez ertzak.

Hil aurretik, amamak utzi zidan irakaspen baliotsurik. Azkenengoz ikusi nuen 2011ko urtarril hartan, gelara sartzeaz bat nabarmendu zitzaidan sabaitik eskegitako lanparak zazpi bonbilla zituela baina bakarra zegoela piztuta (…). Umil azaldu zuen bakarrarekin nahikoa zuela. Ez nuke esango aurreztearen aldeko bizi-jarrera zenik, ezpada nahikotasunaren printzipio aurremodernoa. Lehenbizikoan subjektuak gehiago nahi luke, baina automugatzea erabakiko du ekonomiak edota kontzientziak eraginda. Bigarrenean sinpleagoa da: subjektuak ez du gehiago nahi, ez duelako gehiago behar.

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz