Herenamamak eta herenaitxitxak, herenaitonak eta herenamonak
Tradiziño gitxi-gitxiko berbak dira herenamama eta herenaitxitxa modukuak (herenaitona, herenamona, herenamatxi, herenaitaita eta abar). Sasoi batian nekez ezagutuko zeban inork beran amaman amamarik (eta gitxiago aitxitxan aitxitxarik), eta erretratorik be ez zeuken arbasuen izeneri arpegixa ipintzeko. Seguru asko, gure belaunaldixa izan da euren herenaitxitxa-amamak ezagutzeko aukeria izan daben lehelengua, erretratuan bada be (tira, bizi-itxaropena haundittuta, baitta bestela be).
Pentsatu zelako urrin gelditzen jakuzen, ixa-ixa berbarik be ez dagola gure aurreko 5. belaunaldi hori izendatzeko. Esate baterako, herenamama eta herenaitxitxa (edo herenaitaita) ez dira agertzen hiztegixetan; bai, ostera, herenaitona eta herenamona, birraitona-amonaren molde beretik oraintsuan sortutakuak, inguruko hizkuntzen antzera (tercer abuelo, tresabuela, trisaïeul). Tokilaso eta aitabrahiraso moduko forma zahar bereziren baten aipamen historikoren bat be badago jasota, baina esan doten moduan, oso tradiziño txikiko berbak dira, hiztegi zaharretan be iñungo lekurik ez daukatenak, eta corpus historikuetan be agertzen ez diranak.
Berbak tradiziño txikixa euki arren, danok dakaguz herenamamak eta herenaitaitak, 16 euki be! Famelixako argazki zaharrak antolatzen eta digitalizatzen jardun dot azken urtian, eta hara nun topatu dittudazen 3 herenaitxitxa eta 2 herenamama, erretratuen artian. Ni baino 120 urte lehenago jaixo ziran, baina hementxe dagoz, nere ordenagailu albuan, honek lerruok idazten dittudan bittartian.
Eta oin, pentsatzen hasitta: gure seme-alabak beste berbaren bat asmatu (edo eraiki) biharko dabe euren 6. belaunaldi horrendako! Laurdenaitaitak, laurdenamamak, laurdenaitonak... edota laugarren aitona-amonak eta birbiramatxiak ezagutuko dituen lehenengo belaunaldia da gure seme-alabena.
Manuela Mendizabal Antzuola (Antzuola, 1851), eskumatara. Aman aman aman ama. 76 ama falta neolitikorako ;)
Kristobal Mendizabal Elkoroberezibar (Bergara, 1849). Aman aman aittan aitta.
Laureano Gisasola Mendizabal (Eibar, 1849). Aittan aittan aman aitta.
Donato Sarasua Bergara (Eibar, 1858), erdixan, bere seme-alabekin, Lola eta Pablo Sarasua. Aittan aittan aittan aitta. 1935eko Arrate egunian.
Zezilia Guruzeta Abanzabalegi (Eibar, 1862). Lau belaunaldi: aitta Julio, bere aitta Antonio, bere aitta Pablo eta bere ama Zezilia Guruzeta. 1941.