Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Irene, Tempo di adaggio", Paco Aristi (Erein, 1987)

"Irene, Tempo di adaggio", Paco Aristi (Erein, 1987)

Asier Sarasua 2018/12/27 10:10

Pako Aristi gazteak hiru eleberri atera zituen 80ko hamarkadan, auzune txikietako landa-giroan kokatutako trilogia moduko bat. Kcappo tempo di tremolo (1985) izan zen lehenengoa, guztietan arrakasta gehien lortu zuena; Irene tempo di adaggio da bigarrena (1987) eta Krisalida (1990) izan zen atzena.

Euskal herrixketako giro astuna, sexu-harreman biolentoak, hilketa odoltsuak eta beste jaso zituen trilogia horretan. Halaxe da orain dakardan hau ere, Irene, errealismo magiko ikutuko eleberri ohiturazkoa, 80. hamarkadako beste zenbait lanen ildotik hasten dena, tragedia klasiko baten aztarnekin, amaieran polizia eleberri bilakatzen dena serial-killer baten gogoetekin amaituz.

Kcappo folletineskoegia iruditu zitzaidan, dramoi moduko bat, baina gustura irakurri nuen hala ere. Irene honek, ostera, erdizka asetu nau, zati batzuek bai eta beste batzuek tira, aurrekoaren ezaugarriak areagotuta baitaude oraingoan, eta helburuak ez hain lortuta.

Eleberri honen erraietan benetako gertakizun bat daukagu, 1926ko azaroaren 14an gertatu zen Beizamako hilketa ezaguna, Itziarko Luxiano izeneko ganaduzale batek ustez egindako hilketa, bere garaian oso ezaguna izan zena. Hori da eleberriaren trama nagusia, eta gertatutakoa nahiko modu zuzenean islatzen du Aristik, baina pertsonen izenak, leku-izenak (baserriarena, inguruko herriena...) eta datak aldatuta, horrela askatasun gehiago lortzen duelarik. 1933an Ezkion izandako ustezko "agerkundeak" ere azaltzen dira liburuan, garaia eta trama girotzen laguntzen duelarik.

Esan bezala, baditu gustatu zaizkidan pasarte eta atalak, baina osotasunean hartuta esan daiteke ez dela Aristiren lanik borobilena.

Irene, Pako Aristi, 1987

 

Irene. Tempo de adagio. Pako Aristi (Erein, 1987).

Eta Santosek ezin esplikatu oilarra ikusi zuenean sentitu zuena, oilar haren gorpuzkera gotor, hanpurus eta ireziak adierazten ziona, oilar haren indarra, bera sasoia galtzen ari zen une hartan, nola esan gero eta umeago bihurtzen ari zela eta gero eta gauza sinpleagoetan aurkitzen zuela zoriona, eta nola esan, hitzetan dardarizorik gabe, kasik ahitua zuela bere emaztearekiko maitasuna, eta oilar segail hura behar zuela azken maitasun apurrak alferrik ez galtzeko, nola esan sekula zaindu eta eskuetan eduki ez zuen ume bat bezala zela oilar hura.

..........

Eta beti baso hura, bidegurutzera ailegatu bitarteko baso hura, eta etxe hartako biztanle guztiek sentsazio berdina izaten zuten, pentsamentuak sortzen zitzaizkien basoa zeharkatzerakoan, eta basoa bizkarrean uzten zutenean ez ziren ezertaz oroitzen. Pentsamentuak, hori zen baso hark bidaiariari eskaini ziezaiokeen fruitu bakarra, fruiturik ez baitzen heltzen han. Pago tantaiek ez zuten inoiz hostorik galtzen, eguzkiaren olagarro besoek arraildura guztiak itxirik aurkitzen zituzten, orbelak ez zuen inoiz bere mantu umela kentzen lurretik, eta gaztaina morko inoiz zabaldu gabeak testigu mutuak ziren, nola pentsamentuak ametsak bezala etortzen ziren bidaiariaren gogora eta nola, esnatzerakoan ametsak bezala aldegiten zuten basoaren nabardura peremnea utzi eta bidegurutzera heltzean.

..........

Behin ustegabeko galdera bat bota zion Laurari.

  • Ama, itsuak ezkontzen al dira bistadunekin?

Laurak isiltasunarekin erantzun zion, eta erantzun garbigorik ez zuen behar izan Irenek maitasunaren denbora iragana dela ulertzeko, iraganean kolorez janzten direla maitasunak eta oraina arrenguraren sasoia dela, maitasun gezurrak esaten diren garaia, eta estraineko arratsalde hura gero eta gehiago gogoratzen hasi zenean ulertu zuen ere, nostalgia oraina eta iraganaren arteko zubiska huntzostua dela, noizbait zoriontsu izan garela xuxurlatzen digun gezurra. Triste erantzun zion Laurarik.

  • Patri etortzen hasi zenetik orduak moteldu egin dira, makal pasatzen dira.

..........

Besarkatu egin ziren, Patri hustu egin zen, eta orduan bakarrik ulertu zuen Irenek zenbateraino estekatu daitezkeen, gorputz eta arima, bi pertsona. Eta une batez, koloreak etorri zitzaizkiola sentitu zuen, eta kolore guztiek Patri zuten izena, Patri gorria, Patri horia, Patri beltza, Patri bioleta, Patri orlegia, eta orduan konturatu zen bizitza guztian ez zela, une hartararte, zoriontsu izan, benetan zoriontsu, eta inoiz ez ziotela zoriontasuna benetan zer zen esplikatu. Zoriontasunaren definizioa oso sinplea bihurtu zen bapatean: zoriontasuna maite den pertsonarekin larrua jotzea zen, eta akabo osterantzeko guztiak.

.....................

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz