Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / 'Arrainbeltza' Getarian: Cetorhinus maximus (marrazo erraldoia, kolaioa edo arrainbeltza) gure kostaldeko arrainik handiena

'Arrainbeltza' Getarian: Cetorhinus maximus (marrazo erraldoia, kolaioa edo arrainbeltza) gure kostaldeko arrainik handiena

Asier Sarasua 2024/07/01 10:00
'Arrainbeltza' Getarian: Cetorhinus maximus (marrazo erraldoia, kolaioa edo arrainbeltza) gure kostaldeko arrainik handiena

Arrainbeltza Zarautzen (1925), Zarauzko artxiboa.

Albiste izan zen maiatz hondarrean Zarautz eta Getaria aldean ikusi zen marrazo handia. Gure inguruan ez gaude ohituta hain gertutik ikustera eta harrigarria izan zen Zarauzko hondartzan eta Getariako kaian ikustea 3-4 metro luze zituen ale hau (emea, antza).

Cetorhinus maximus espezieko marrazo erraldoia zen Gipuzkoan ikusitako hau, herriaren arabera kolaio (Hondarribia aldean...) edo arrainbeltz (Zarautz-Getarian...) izenez ezaguna, eta gure kostaldeko arrainik handiena dena (eta munduko bigarrena). Alerik handienek 10 metro luze eta 4 tona har ditzakete. Oso arrain lasai eta baketsuak dira, gizakiarentzat inolaz ere arriskutsuak, eta baleen antzera elikatzen dira, itsasoko ura iragaziz eta animalia txikiak janez.

Cetorhinus maximus marrazoa (arrainbeltza, kolaioa)

Arrainbeltza (Cetorhinus maximus). Iturria: Wikipedia, CC-BY-SA.

Zarauzko hondartzan ikusi zen lehenengoz maiatzaren 26an, Zarauzko Gukan irakur daiteke albistea eta ikusi bideoa. Getariako portu barruan ikusi zen ondoren eta biharamonean hilda aurkitu zuten urpekari batzuek Getariko moila kanpoan. Albistea eta bideoa ETBn dituzue. Kostaldera hurreratzen diren marrazo eta zetazeo askoren kasua izaten da hau, makal eta gaixorik daudelako hurreratu lehorrerantz eta berehala hiltzea.

Orain oso gainbehera dagoen arren, duela gutxira arte nahiko ugaria zen gure itsasoan eta arrantzaleen artean oso ezaguna zen marrazo hau. Herriaren arabera arrainbeltz edo kolaio izenez ezagutzen dute arrantzaleek (badirudi Bizkai aldean marmoka-arrain izena ere hartzen duela, baina ez daukat erabat baieztatuta). Hemen Zarauzko artxiboan gordetako 2 argazki, 1925ean harrapatu zuten arrainbeltz batena, 1950-1960 arte nahiko ohikoa izaten zelako arrainbeltzak kai barrura sartzea, aurten gertatu den bezala. Emilia Amilibiaren eta Xanti Iruretagoienaren lagapenak dira argazkiok, Zarauzko artxiboan gordeak.

'Arrainbeltza' (Cetorhinus maximus) Zarautz 1925

 

arrain-beltza-cetorhinus-maximus-zarautz-1925

Arrainbeltza (Cetorhinus maximus) Zarautzen, 1925. Iturria: Zarauzko udal artxiboa.

Esan bezala, arrainbeltz edo kolaioak oso ezagunak izan dira euskal arrantzaleentzat eta lekukotasun ugari bildu izan da horien inguruan gure kostaldeko herrietan. Hona hemen, adibidez, Ahotsak.eus webgunean entzun daitekeen Getariako lekukotasuna.

Arrainbeltza (Cetorhinus maximus)

(Wikipediatik jasotako informazioa)

Arrainbeltza, marrazo erraldoia edo kolaioa (Cetorhinus maximus) ur gaziko arrain kartilaginosoa da. Gure itsasoan aurkitu dezakegun arrainik handiena da, eta munduko bigarren handiena, marrazo balearen (Rhincodon typus) ostean, 10 metro luze izatera iritzi daiteke eta 4 tonelada izatera. Tamaina handi hori izan arren, oso arrain baketsua da, baleen antzera itsasoko ura iragaziz elikatzen baita, eta guztiz kaltegabea da gizakientzat. Oso toleranteak izan ohi dira gizakiekin eta normalean itsasoaren goi ertz aldean ibiltzen dira. Bizkaiko golkoan, XX. mendeko hasiera arte askoz ugariagoa zen eta gure arrantzaleek maiz arrantzatzen zuten. Gaur egun, bere populazioa nabarmenki jaitsi da, eta soilik ustekabean harrapatzen da. Bere urritasuna dela eta, nahiz eta jangarria izan, ez dago bere haragiaren merkatal eskaririk.

Bereziki deigarriak dira bere arrail brankial zabalak, buruaren atzean kokaturik daudenak. Alde dortsaletik bentraleraino doazenez, burua guztiz inguratzen dutela dirudite. Arrail hauetan, hortz-itxurako egitura luze ugari dituzte (1.500 arrail-arkuko), eta hain zuzen horietan zehar itsas ura iragazten dute beren elikagaia den zooplanktona urdailerantz bideratzeko. Oso aho zabala dute, apenas erabiltzen dituzten punta bakarreko hortz txikiez osatutako hainbat ilerekin. Begiak oso txikiak eta biribilak dira. Lehenengo bizkar-hegatsa nahiko handia eta tentea dauka. Isats-hegatsa oso handia da eta ilargi-erdi forma dauka, goiko lobulua behekoa baino zertxobait handiagoa izanik.

Arrain pelagiko hau itsaso artiko eta epeletan aurkitzen da. Ozeano Atlantikoko ekialde zein mendebaldeko kostetatik gertu aurkitu daiteke, eta baita Mediterraneoan, Ozeano Barearen bi alboetan eta beste itsaso epel batzuetan ere. Bizkaiko golkoan nahiko arrunta da, eta maiz sartzen da badia handietara, babes eta elikagai bila.

Obobibiparoa da eta emeak kume bakarra erditzen du haurdunaldiko. Haurdunaldiak 2 urteko luzera izan ohi du eta kumeak 1,5 metroko luzerarekin jaiotzen dira. Heldutasun sexuala 3-4 urteren epean lortzen dute, 5 eta 7 metroko luzera eskuratzen dutenean. 25 urte bizitzera hel daitezke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz