Manex: Eibarko hitanoaren azken lekukoa?
Eibarren gero eta gutxiago entzuten da hika egiten. Egia esateko, hilda dago. Edo ez bada hil, belaunaldi batean hilko da. Eibartarrak zerrendan ere jardun genuen horretaz.
60 urtetik gorako guztiek, normal-normal egiten dute (gizonezkoek, behintzat; emakumeen artean gerra ostean hasi zen galtzen). 40 urtetik beherakoentzat, ostera, gauza arraroa da. Nire belaunaldiko zenbatek darabilte Eibarko hitanoa? Ezagutu bai... baina erabili? Eta gazteagoen artean erabat arrotza da; batzuendako Swahilia edo Wolofa bezain exotikoa.
Ni neu ere belaunaldi galdu horretan nago. Etxean beti entzun izan dudan arren (aittak, aitxitxak, aitona-amonak, osabek... egin izan digute), 16-18 urtera arte "hikalari" pasiboa nintzen, nire sasoiko gehienak bezala. Entzule hutsa. Sasoi hartan, "Firi" ikaskideari esker, hika egiten hasi nintzen (lotsati samar, hasieran, egia esateko). Ondoren, beste herri batzuetako lagunak aurkitu ahala (euskalgintzakoak, unibertsitateko lagunak, lankideak...), gero eta gehiago hasi naiz hitanoa erabiltzen, eta askoz naturalago. Kuadrilan, ostera, ez. Hikak erreziprozitatea eskatzen du. Nik hiri, eta hik niri. Eta kuadrilan ia inork ez du ezagutzen/erabiltzen.
Eta orain dela pare bat urte, seme gazteari ere hika egiten hasi nintzaion. 3 urte zituen. Lehenengo egunotan arraro begiratzen zidan, erdia ulertuz-edo... baina gerora, ostera, normal-normal dihardugu. Maddi alabari ez; ez diot egiten. Noka ezagutzen ez dudalako eta egiten diodanean berari gustatzen ez zaiolako. Baina erdi-zirika jarduten dugu, tarteka.
Manexi egiten diot, beraz. Baina askotan pentsatzen dut alperrik nabilela. Zertarako? Bere adineko Eibarko beste umeren batek entzungo du hikarik? Eta Eibarko hitanorik? Nekez.
Eta imajinatzen dut 30 edo 40 urte barru, Manex, Eibarko azken "hitanolaria", hika zeinekin berba egin ezinik dabilela...
Eta gogoratzen naiz Bo hizkuntzako azken hiztunarekin, hil arte eta bere bizitzako azken 20 urteetan bere hizkuntza norekin hitz egin ez zuela.
Eta negargura sartzen zait.
Baina pentsatzen dut Manexek eta Maddik ere seme-alabak izango dituztela. Eta, beharbada, hika egingo diegula.
Eta emozionatu egiten naiz.
ba forzaik! ez jakak ba negargurarik? Manexek alabak badittu akabo katia...
nik ez jetzanat aitxitxari bronkia bota hiri baño ;)