Hiru "mega" iazko udazkenean Euskal Herrian; erabat ezohiko diren 3 txori espezie agertu direla, alegia
Txorizaleen artean "mega" deitzen zaie ikusteko oso-oso gaitz diren espezieei, ingelesezko megararity eta gaztelaniazko megarareza hitzen laburduraz. Bada, 2023ko udazken hasieran 3 mega pilatu zitzaizkigun Euskal Herrian, erabat-erabat ezohiko dena.
Neurri handi batean txorizale kopurua eta txorizale horien ezagutza areagotzearen ondorio dela esango nuke. Esfortzua handitzearen ondorio zuzena, alegia, lehen baino gehiago garelako eta lehen baino gehiago gabiltzalako txoriketan. Ondorioz, gero eta ohikoagoa da espezie arraroak detektatzea edozein lurraldetan. Halarik ere, albiste da mega horietako hiru ikusi izana Euskal Herrian eta hain denbora gutxian.
Sasi-txori txikia, Iduna caligata
Lehenengoa David Santamariak aurkitu eta identifikatu zuen Jaizkibelen iraila hasieran, Asiako eskualde epeletan bizi den sasi-txori txikia (Iduna caligata). Txori marroi argi hau oso gutxitan ikusi ahal izan da Europa mendebaldean eta hauxe izan da Euskal Herrian ikusi den lehenengo aldia. Bizpahiru egun iraun zituen Jaizkibelgo Justiz inguruan eta hainbat txorizalek ikusi ahal izan zuten, desagertu zen arte. Juankar Andresek argazki ederrak jaso zituen bere blogean.
Martin handi iparramerikarra, Megaceryle alcyon
Hurrengo ezustekoa Lekeitiotik jaso genuen. Sergio Paganek aurkitu zuen irailaren 16an eta Jon Zubiaurrek identifikatu irailaren 25ean: ez sinestekoa, martin handi iparramerikar bat (Megaceryle alcyon) geneukan Lekeitioko itsasadarrean, araztegi pareko paduran. Kanada eta Mexiko artean bizi den martin arrantzale hau oso-oso gutxitan behatu ahal izan da Europan eta, gehienetan, Islandiaraino eta Erresuma Baturaino bakarrik heldu ahal izan da, haizeteek bere lurraldetik bultzatuta. Euskal Herrian lehenengoz behatu da, noski. Eta oso ondo ikuskatzeko aukera izan genuen euskal txorizale guztiok, erabat etxekotu baitzen Lekeitioko hezegunera. Azaro hasieran oraindik ere bertan zegoen eta ehunka ornitologo pasa ziren martin arrantzale handi eta eder hau ikustera. Herrian ere albiste izan zen txoriburuen joan-etorri zoroa.
Urre-birigarroa, Zoothera aurea
Aurrekoak gutxi ez eta urriaren 24an beste behaketa berezi baten berria zabaldu zen euskal txorizaleon foroetan: urre-birigarroa (Zoothera aurea) ikusi zuen ornitologo talde batek Organbidexkako lepoan, Zuberoan. Hau ere Asiako espeziea, sasoi honetan Indonesia aldean egon behar zena, baina... hara! Euskal Herrian bigarrengoz ikusia, baina lehenengoz bizirik. Aurreko alea Mallabian hil zuten ehiztari batzuek; orduan ere Juankar Andresek jaso zuen berria.
..........
Argazkiak Wikipediakoak dira:
- Sasi-txoria, Alexandronikos
- Martin handia, Teddy Llovet
- Urre-birigarroa, Alnus
Ezjakinaren haunarketa eta galdera laburrak.
Nahiko meritu ia-ia estreinako agertu Euskal Herrian eta, agertu orduko, euskarazko wikipedian jasoak izatea. Baten bat aurretik dabil, lan isilean.
Eta... nork jartzen dizkio estreinako izenak? Edo, nork bataiatzen ditu?