Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Euskadiko hegazti habiagileen atlasa" (2016-2020) kaleratu berri da, euskal txorizaleontzat erreferentziazko lana izango dena

"Euskadiko hegazti habiagileen atlasa" (2016-2020) kaleratu berri da, euskal txorizaleontzat erreferentziazko lana izango dena

Asier Sarasua 2023/11/01 11:15
Badaukagu esku artean, eta zelako ilusioa egiten digun!
"Euskadiko hegazti habiagileen atlasa" (2016-2020) kaleratu berri da, euskal txorizaleontzat erreferentziazko lana izango dena

Itsas Enara elkarteko lagunak Atlasaren aurkezpenean

Halaxe da, bai! Orain dela egun batzuk aurkeztu da Euskadiko hegazti habiagileen atlasa, 2016-2020, EAEn kumatzen diren txori espezie guztien informazio xehe-xehea ematen duen liburutzarra. Lan handi bat, orain arte sekula egin barikoa eta erreferentziazko bihurtuko dena euskal txorizale guztiontzat.

Proiektua Aranzadi zientzia elkarteak sustatu eta koordinatu du, baina hainbat lagun eta elkarteren parte-hartze eta lankidetzarekin. Guztira 60 txorizalek baino gehiagok hartu dugu parte, landa-lana egiten eta espezieen fitxetako testuak idazten. Gipuzkoari dagokionez, Itsas Enara Ornitologia Elkarteko lagunak ibili gara beharleku honetan eta niri dagokidanez Eibar-Elgoibar-Etxebarri aldea izan da aztertu dudana, Arnoraino.

Egindako lanaren zailtasuna garbi geratzen da konturatzen garenean azkenengo atlasa duela ia 40 urte egin zela, oraingo honen zehaztasun mailakorik ez dela orain arte egin Euskal Herrian (eta inguruan ere gutxi), eta atlasa argitaratzeko 7 urteko lana behar izan dela. Makaleko lana, zehatza bezain zabala Aranzadik egin duena. Pozik bezain harro proiektu honetan gure ale txikia jartzeko aukera izan dugulako eta eskerrak eman hemendik partaide guztiei eta bereziki Aranzadiko lagunei (Juan, Maite eta Olatz), egindako bilketa eta azterketa izugarriarengatik!

Liburua urriaren 4an aurkeztu zen Txingudin eta ondoren EAEko hiru hiriburuetan ere aurkeztu da, lurralde bakoitzeko partaideok bertan ginelarik. Urriaren 17an izan ginen Itsas Enarako kideak Donostian. Atlasa liburu-dendetan eta online erosi daiteke.

Hegaztien atlasa aurkezpena Donostia, Itsas Enara Elkartea

Atlasaren Donostiako aurkezpenean, Itsas Enara Elkarteko kideok bertan. 2023ko urriaren 17an.

Euskadiko hegazti habiagileen atlasa, 7 urteko lana

EAEko hegaztien egoera biltzen zuen Atlas bakarra geneukan orain arte, 1985ean Jaurlaritzak ateratakoa eta garaiko metodologia eta baliabideekin egindako. Ondoren, Gipuzkoakoa ere atera genuen 2000. urtean, orduan ere hainbat lagunen parte-hartzearekin eta elkarlanean (Itsas Enara, Gipuzkoako Aldundia eta Aranzadi). Harrezkero, SEO elkarteak Espainiako atlasak ere atera ditu, baina landa-lan zabalagoarekin eta ikuspegi orokorragoarekin.

Oraingo atlas honen helburua izan da, hortaz, garai bateko datuak eguneratzea, horretarako landa-lan finagoa eginez eta atlas modernoek dituzten azterketa estatistikoak aplikatuz.

Euskadiko hegazti habiagileen atlasa (2023) - Azala

Atlasa 7 urteko lana izan da. 2016-2020 artean landa-lana egin zen, gure lurraldeko txoko guztietako hegazti-populazioen azterketa sakona eginez. 2021-2022 artean bulegoko lana etorri zen (azterketa estatistikoa, mapak sortzea eta fitxak idaztea). Amaitzeko, azken urtean zehar maketazio eta orrazketa lanetan aritu da Aranzadiko lantaldea.

Landa-laneko metodologiari dagokionez, orain arte sekula erabili ez den zorroztasuna bilatu da. Atlas gehienetan 10x10 km-ko laukietan banatzen da lurraldea (baita 50x50 km-ko laukietan ere) eta horixe da azterketaren oinarrizko eremua. Gure kasuan, 5x5 km-ko laukiak zehaztu ziren eta horien barruan 1x1 km-ko eremuak ere zehaztu ziren, are azterketa doiagoak egiteko. Metodologia zehatz bat adostu zen, parte-hartzaile guztiok jarraitu duguna, bilketa kualitatiboa eta kuantitatiboa egin ahal izateko eta, horrela, xehetasun handiz jaso ahal izan dugu gure lurraldean dauden hegaztien egoera, banaketa eta ugaritasuna. Esan dezakegu, une honetan EAEn ditugun txorien argazki nahiko zehatza atera dugula. Ez hori bakarrik: zer ez dakigun ere nabarmen utzi du lan honek!

Orotara 180 hegazti-espezieren datuak jaso dira, horien artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Espezie bakoitzaren kasuan bere egoera eta banaketa aztertu da eta kontserbaziorako neurri posibleak ere jaso dira. Gainera, 3 motatako mapak sortu dira, datu nahikoa zeukaten espezie guztietan: presentzia mapak, ugaritasun mapak (edo banaketa modelizatuarenak) eta joera historikoarena (oraingo datuak SEOren duela 20 urteko beste atlas batekin konparatuz). Bukatzeko, espezie gehienetan populazioaren estima bat ere egin da, gure lurralderako lehenengoz.

Lanak 192 ilustrazio eder ere biltzen ditu, Alex Mascarell artista katalanak eginak.

Jasotako datuak eta Atlasean bildutako informazio eta testuak erreferentzia nagusi izango dira hemendik aurrera, txorizaleontzat ez ezik, baita administrazioarentzat ere, zer daukagun jakiteko eta zer/nola babestu behar dugun irudikatzeko. Lan honek garbi utzi duen kontuetako bat da, esate baterako, landazabal, nekazal inguru eta landa-eremuei lotutako espezieen egoera okerrera doala nabarmen.

Espezie ugarienen artean, hauek dira gelaxka guztietan azaldu direnak eta ugaritasun handiena dutenak:

  • Txolarre arrunta: 390.000 ale
  • Txantxangorria: 330.000 ale
  • Txepetxa: 290.000 ale
  • Zozo arrunta: 280.000 ale
  • Txinbo kaskabeltza: 280.000 ale

Laburbilduz, lan eder eta argigarri bat, hurrengo urteotan errenferentziazko bilakatuko dena euskal naturzale eta txorizale guztiontzat.

20 urte barruko hurrengo Atlaserako nire nahia? Euskal Herriko osokoa izatea, eta euskararen presentzia handiagoarekin. Eta orduan ere guk parte hartu ahal izatea! ;)

 

Amatiño
Amatiño dio:
2023/11/01 12:18
Oso egitasmo politta. Ziharo biribila emoten jok. Txindurri-lana. Zorionak.

Sasoi batian, adarra jotze aldera-edo, hegoalde honetan esan izaten zuan, Iparraldian ardixak bizilagunak baiño gehixago zirala. Sekula ez najuan pentsau izan, ostera, gure artian txorixak biztanliak baiño gehixago izan leikiazenik.
 
Txoririk ez zalakuan gelditzen eta... nun sartzen dittuk?
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2023/11/01 20:17
Eskerrik asko! Honezkero ez dago antxiñako konturik, "zerua kalandresekin baltz!" esaten zeben sasoi bateko ehiztarixak, baina tira, oindiokan gozatzeko lain gelditzen da!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz