Eguneraketa garrantzitsua eBirden, taxonomia zientifikoan eta euskarazko txorien izenetan (v. 2024)
Ohar bat, ezertan hasi aurretik
Euskal txorizaleontzat gogorarazpena:
- eBird euskaraz erabili dezakezu, txorizale, ebird.org weba, zein ebird appa) (ikus 2023ko iragarpena)
- eBird erdaraz erabili arren, txorien izenak euskaraz ikus ditzakezu.
- Euskal ornitologo talde zabal bat ari da lanean alor horretan, hau da, Munduko hegaztien izen arrunt ofizialak finkatzen eta gizarteratzen (ikus Batzorde Ornitologikoaren webgunean)
Euskarazko txorien izendegia osatzeko lanak
Iaz ere azaldu genuen bezala (v.2023), aurtengo urrian ere munduko hegaztien zerrenda ofizialak eguneratzeko ordua iritsi zaigu munduko txorizaleoi eta horretantxe jardun dugu azken egunotan Euskal Batzorde Ornitologikoak eta Itsas Enara Ornitologia Elkarteak.
Udazkenero eguneratzen da munduko hegaztien zerrenda ofiziala. Mundu mailako erreferentzia taxonomikoa diren Clements eta IOC zerrenda eguneratzen dira sistematikoki eta, horren ondorioz, sarean dauden hainbat plataformatakoak ere eguneratu beharra dago, adibidez Wikipediako edota eBird-eko zerrenda, munduko 11.150 espezieen kokapen taxonomikoa eta izen zientifikoa egokituz (post honen amaieran azalpen gehiago).
Eta izen zientifikoak eguneratzearekin batera, eBird plataformak izen arrunten zerrenda guztiak ere eguneratzen ditu, ingelesezkoekin hasi eta munduko 50 hizkuntza baino gehiagotan, tartean euskarazkoak.
Hartara, hegaztien zerrendak aldatu eta handitu ahala, hegaztien euskarazko izen arruntak ere egokitu egin behar dira etengabe eta baita izen berriak proposatu ere, orain arte euskarazko izenik izan ez duten espezie horientzat. Kontuan izan, orain gutxira arte, 500 txori espezie besterik ez zirela euskarazko izen arrunt espezifiko ofizial bat zeukatenak, munduan dauden 11.000 espezieen artean.
Arazo historiko hori gainditzeko, Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan lantalde txiki bat ari gara lanean 2020. urteaz geroztik gai horretan, besteak beste, hegaztien izenak finkatzeko irizpideak zehazten, familia eta genero mailako txostenak eta proposamenak egiten (ikus Jacanidae familiarena, adibiderako) eta, azken batean, munduko hegaztien izen arrunten gaia sakon aztertzen. Hiru dira lantalde horren helburu nagusiak:
- Zerrendak egokitu urtero berritzen den taxonomia berrienera. 2024an, adibidez, enara ipurgorria 3 espezietan banatu da eta euskarazko izena eman behar izan zaie hirurei, Euskal Herrian ikusten denaren izen zientifikoa aldatzearekin batera (Cecropis rufula da, orain, Euskal Herrian ikusten dugun enara ipurgorria, "enara ipurgorri eurasiar" izendatu duguna).
- Izen oker edo desegokiak identifikatu eta zuzendu. Esate baterako, 2024an munduko Anseriforme guztiak gainbegiratu eta egokitu ditugu, Elhuyarrek 2001ean egindako proposamenean oinarrituta.
- Izenik ez duten txori espezieentzat proposamenak egin, Euskal Herritik hasi eta esparru geografikoa zabalduz (Iberiar Penintsula, Europa, Mendebaldeko Paleartikoa eta Mundua). Euskal Batzorde Ornitologikoaren webgunean dituzue orain arte hartutako erabaki guztien txostenak zuen esku.
Enara ipurgorri eurasiarra (Cecropis rufula), mundu mailako aldaketa taxonomikoaren ondorioz egokitu behar izan dugun izenetako bat.
2023ko eguneraketan argitaratu genituen gure lehenengo proposamenak eta aldaketak, eta orduantxe jaso genituen, esate baterako, txio erregetxo, papagai bulargris, zozo bekainzuri, mozolotxo eurasiar, hegatxabal adardun, buztanikara txukotkar, antzandobi nubiar edo leiotrix mokogorri bezalako izen berriak.
Azken urteotan egindako lanaren jarraipen gisa, 2024an euskarazko beste 300 espezie-izen inguru gehitu ditugu zerrendetara, beti proposamen bezala, Europako hegazti guztien euskarazko izendegia osatzeko asmoz. Horrela, azken izen batzuen faltan, gure kontinentean inoiz behatu diren 1100 txori espezieek dute dagoeneko euskarazko izen arrunta. Zerrendari azkenengo ikutuak eman eta Gabonak aurretik emango dugu lan guzti horren informazio zehatzagoa sare eta hedabideetan.
Laburbilduz, beraz, eBirdeko zerrenda eguneratu dugu eta hantxe aurkituko dituzu lantalde honek egin dituen proposamenak. Gainera, Txoriak.eus webgunean ere gehitu dugu datu-base osoa, euskal txoriburuek bilaketak egin ditzaten, erreferentziak bilatzeko edota proposamenak eransteko.
Matxardamoko beltza (Anastomus lamelligerus), Ciconiidae familiako 6 genero eta 20 espezieak izendatzeko egin ditugun proposamenen arteko bat.
2024ko eguneraketa taxonomikoa, urtero berritu behar baita munduko hegaztien zerrenda
Gorago aipatu dugun bezala, Clements eta IOC erakundeek urtero eguneratzen dute munduko hegaztien izendegia eta eBird plataforma ezagunak ere bere urteroko eguneraketa taxonomikoa egin du aste hauetan. Udazkenero egin ohi duen moduan, aurten ere bere plataformako espezie-izen guztien zerrendak eguneratu ditu, eta eBird plataformaren euskarazko atala daramagun taldekideok ere parte hartu dugu lan horretan.
Izan ere, Itsas Enara Ornitologia Elkartean zenbait urte daramatzagu dagoeneko eBirden euskarazko alderdia kudeatzen, bai webgunearen eta apparen interfazeak euskaratzen, bai munduko txorien euskarazko izendegia eguneratzen eta argitaratzen Cornellen zerbitzu guztietan (eBird, BOTW eta Merlin).
Aldaketa garrantzitsuena eguneraketa taxonomikoa izan ohi da. Urtero-urtero, urtearen lehenengo sei-hilabetekoan, hegaztien taxonomian aditu diren ikerlari eta erakundeek munduko espezie guztien errepasoa egiten dute, txorien sistematikan eta filogenian epe horretan izan diren ikerketak gainbegiratuz eta, alor horietan dagoen ezagutza berrian oinarrituta, munduan dauden hegazti espezie guztien zerrenda eguneratzen dute (izendegia eta hurrenkera).
Izan ere, kanpotik begiratuta kontrakoa dirudien arren, animalia-talde baten zerrenda ez da behin betikoa, eta uste baino aldaketa gehiago egiteko proposamenak izan ohi dira urtero ornitologoen aldetik. Espezie batzuk desagertutzat eman daitezke, beste batzuk 2-3 espezietan banatu ikerketa genetikoen ondorioz, beste batzuen kokapen taxonomikoa aldatu egiten da (gehienetan genero-izenean aldaketak eraginez, beste batzuetan baita familia mailakoak ere).
Aurtengo ehunka aldaketen arteko gehienak Asiako eta Ozeaniako txori-taldeetan gertatu dira, baina Europako eta Euskal Herriko zenbait espezie ezagunen taxonomia ere aldatu da. Esate baterako, hasieran aipatu dugun moduan, enara ipurgorria 3 espezietan banatu da eta Euskal Herrikoaren izen zientifikoa aldatu egin da (Cecropis rufula deitzen da orain), garai bateko 3 txoka txiki espezieak (Acanthis flammea, A. hornemanni eta A. cabaret) espezie bakarrean bateratu dira (A. flammea) eta orain arteko hontz zuria (Tyto alba) 6 espezietan banatu da. Ikusten duzuenez, espezie arruntetan ere gertatzen dira aldaketa taxonomikoak.
Etengabeko gainbegiratze eta berrantolatze horren ondorioz, beraz, munduan dauden 11.150 txori espezieen zerrenda aldatu egiten da (neurri batean) urtero-urtero eta ornitologiaren munduko Plataforma eta ikerlari guztiek zerrenda horietara egokitu beharra daukate, Cornell Unibertsitateak kudeatzen duen eBird Plataformak, adibidez.
Erreferentziazko zerrenda taxonomiko bakarrerantz
Kontu hau konplikatze aldera, ornitologoen artean ez dago erabateko batasunik eta mundu mailan erreferentziazko 3 zerrenda erabiltzen dira, eta horietako 2 urtero eguneratzen dira, Clements zerrenda eta IOC zerrenda.
Zorionez, azkenaldian lantalde zabal bat sortu da International Ornithologists' Union erakundearen barruan, Working Group Avian Checklist izenekoa, eta dagoeneko pare bat urte daramatzate elkarlanean erreferentziazko zerrenda bakarra osatzeko. Benetan berri pozgarria, hemendik epe laburrera munduko txorizale, ornitologo eta erakunde guztiak zerrenda bakar horren arabera antolatuko baikara.
Itsas enara hegalzuria (Chlidonias leucopterus), 2024ko udazkenean Euskal Herrian izan dugun ezohiko bisitaria, Salburuan igaro baititu zenbait aste Europa ekialdeko espezie honek.
Hiru "mega" iazko udazkenean Euskal Herrian; erabat ezohiko diren 3 txori espezie agertu direla, alegia
Txorizaleen artean "mega" deitzen zaie ikusteko oso-oso gaitz diren espezieei, ingelesezko megararity eta gaztelaniazko megarareza hitzen laburduraz. Bada, 2023ko udazken hasieran 3 mega pilatu zitzaizkigun Euskal Herrian, erabat-erabat ezohiko dena.
Neurri handi batean txorizale kopurua eta txorizale horien ezagutza areagotzearen ondorio dela esango nuke. Esfortzua handitzearen ondorio zuzena, alegia, lehen baino gehiago garelako eta lehen baino gehiago gabiltzalako txoriketan. Ondorioz, gero eta ohikoagoa da espezie arraroak detektatzea edozein lurraldetan. Halarik ere, albiste da mega horietako hiru ikusi izana Euskal Herrian eta hain denbora gutxian.
Sasi-txori txikia, Iduna caligata
Lehenengoa David Santamariak aurkitu eta identifikatu zuen Jaizkibelen iraila hasieran, Asiako eskualde epeletan bizi den sasi-txori txikia (Iduna caligata). Txori marroi argi hau oso gutxitan ikusi ahal izan da Europa mendebaldean eta hauxe izan da Euskal Herrian ikusi den lehenengo aldia. Bizpahiru egun iraun zituen Jaizkibelgo Justiz inguruan eta hainbat txorizalek ikusi ahal izan zuten, desagertu zen arte. Juankar Andresek argazki ederrak jaso zituen bere blogean.
Martin handi iparramerikarra, Megaceryle alcyon
Hurrengo ezustekoa Lekeitiotik jaso genuen. Sergio Paganek aurkitu zuen irailaren 16an eta Jon Zubiaurrek identifikatu irailaren 25ean: ez sinestekoa, martin handi iparramerikar bat (Megaceryle alcyon) geneukan Lekeitioko itsasadarrean, araztegi pareko paduran. Kanada eta Mexiko artean bizi den martin arrantzale hau oso-oso gutxitan behatu ahal izan da Europan eta, gehienetan, Islandiaraino eta Erresuma Baturaino bakarrik heldu ahal izan da, haizeteek bere lurraldetik bultzatuta. Euskal Herrian lehenengoz behatu da, noski. Eta oso ondo ikuskatzeko aukera izan genuen euskal txorizale guztiok, erabat etxekotu baitzen Lekeitioko hezegunera. Azaro hasieran oraindik ere bertan zegoen eta ehunka ornitologo pasa ziren martin arrantzale handi eta eder hau ikustera. Herrian ere albiste izan zen txoriburuen joan-etorri zoroa.
Urre-birigarroa, Zoothera aurea
Aurrekoak gutxi ez eta urriaren 24an beste behaketa berezi baten berria zabaldu zen euskal txorizaleon foroetan: urre-birigarroa (Zoothera aurea) ikusi zuen ornitologo talde batek Organbidexkako lepoan, Zuberoan. Hau ere Asiako espeziea, sasoi honetan Indonesia aldean egon behar zena, baina... hara! Euskal Herrian bigarrengoz ikusia, baina lehenengoz bizirik. Aurreko alea Mallabian hil zuten ehiztari batzuek; orduan ere Juankar Andresek jaso zuen berria.
..........
Argazkiak Wikipediakoak dira:
- Sasi-txoria, Alexandronikos
- Martin handia, Teddy Llovet
- Urre-birigarroa, Alnus
2023an behatutako hegaztien zerrenda
Hemen nator aurten ere iaz ikusitako hegaztien laburpen-zerrendarekin, azken urteotako ohiturari jarraituz (2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020, 2021, 2022 eta 2023). Datu guztiak eBird aplikazioaren bidez jaso eta gordeak; euskaraz duzue eBird, gainera, ez ahaztu!
2022. urtearen lepotik igaro da 2023. urteko burua, neurri handi batean, hegazti behaketei dagokienez. Euskal Herritik kanpo oso gutxi ibili ahal izan naiz eta, ondorioz, behatutako hegazti espezieen zerrenda ez da oso luzea izan, baina, ostera, Euskal Herrian bertan ikusitako espezie kopurua ohikoa baino handiagoa izan da. Tira, sartutako orduen araberakoa da hori, besterik gabe. Naturaz gozatu, mendi, baso eta eskualde berriak bisitatu, eta hegaztiek ematen dizkidaten une gozagarri horiek bizi.
Aurten ikusitako 219 espezieen artean 4 izan dira niretzat berezienak, ezohiko izanagatik. Bizitzan lehenengoz ikusi ditudan 'aurreskuak' izan dira Sabine antxeta, paita gorrizta eta zerra txikia, eta Lekeition agertu zaitzaigun martin handi iparramerikarra izan da 2023ko albiste txundigarriena.
Izan ere, 2023. urtean txoriburu euskaldunontzat albiste deigarririk izan bada, martin handi iparramerikarrarena (Megaceryle alcyon) izan da. Martin arrantzale handi hau Ipar Amerikan bizi da, Kanada eta Mexiko artean. Migratzailea da, baina betiere kontinente berean. Hala ere, eguraldi txarrak bultzatuta, banakaren bat heldu izan da inoiz Europara, oso-oso tarteka eta gehien-gehienetan uharteetara (Islandia, Irlanda, Britainia Handia eta Kanariar Uharteak). Eta hara non, 2023ko irailean, Lekeition agertu zen ale bat Europako txorizale guztiak zur eta lur utziz. Sergio Pagánek aurkitu zuen irailaren 16an, Jon Zubiaurrek identifikatu irailaren 25ean, eta zenbait astez ikusi ahal izan genuen, nahiko eroso eta samur txorizaleok Lekeitioko paduran, araztegi parean. Euskal Herriko zaleak ez ezik, Europako hainbat tokitatik etorritako ornitologoak bildu ziren Lekeition iraila eta urrian zehar, martin arrantzale hau Europa kontinentalean ikustea ez baita ahuntzaren eztula! Lehendik ere ikusia neukan espeziea Estatu Batuetan, non nahiko arrunta den, baina horrelako espezie bitxi bezain ederra Euskal Herrian bertan ikusi ahal izatea benetan ahaztezina izan zen.
Bestalde, hiru txori izan ziren bizitzan lehenengoz ikusi ahal izan nituenak 2023. urtean zehar. Horien artean bereziena zerra txikia (Mergellus albellus) izan zen niretzat, Eskandinavia iparraldean eta Siberian kumatzen den zerra espezie polita, Euskal Herrian erabat ezohikoa dena. Añuako ureztatze-putzu txiki batean agertu ziren 3 ale 2023ko urtarrilean eta txorizaleontzat topagune bihurtu zen Arabako herri txiki hori egun batzuetan zehar.
Paita gorrizta espezie exotiko asiarra da, Europa Mendebaldera gizakiak ekarrita heldu dena, bere edertasunarekin parke eta etxaldeak poliztera. Ihes egindako zenbait ale Araban finkatu dira azken urteotan eta, orain arte izkin egin didaten arren, Mendixurren ikusi ahal izan nuen azkenean horietako bat 2023ko abuztuaren 14an.
Sabine antxetari dagokionez, antxeta txiki eder-eder bat da. Burubeltz mokohoria, beteraztun gorri deigarria dauka eta 3 kolorez margotutako hegoak, V forma deigarriekin. Artikoan bizi da, hango tundrako hezeguneetan kumatuz; negualdia, berriz, Afrika eta Amerika hegoaldean igarotzen du. Negu partean ikus daiteke tarteka Euskal Herriko kostaldean, gehienbat eguraldi txarrarekin, bestela nahiko pelagikoa baita. Normalean oso ale gutxi agertzen dira gure kostaldean, baina 2023ko udazkena ona ere ona izan da espezie honentzat eta erruz ikusi ahal izan ditugu gure lurraldean. Polita gero!
Halaxe ba, beste txori-urte gozagarri bat. Hara laburpena:
- Guztira, urtean zehar: 219 espezie.
- Euskal Herrian: 208 sp. (nire errekorra)
- Araban: 136 sp. (errekorra)
- Gipuzkoan: 124 sp.
- Bizkaian: 112 sp. (errekorra)
- Nafarroa Garaian: 76 sp.
- Ipar Euskal Herrian: 51 sp.
Antzara hankagorrizta (Anser anser) |
Branta musuzuria (Branta leucopsis) |
Beltxarga arrunta (Cygnus olor) |
Beltxarga beltza (Cygnus atratus) |
Paita gorrizta (Tadorna ferruginea) |
Ahate musketaduna (Cairina moschata)* |
Ahate mokozabala (Spatula clypeata) |
Ipar-ahatea (Mareca strepera) |
Ahate txistularia (Mareca penelope) |
Basahatea (Anas platyrhynchos) |
Ahate buztanluzea (Anas acuta) |
Zertzeta arrunta (Anas crecca) |
Ahate gorrizta (Netta rufina) |
Murgilari arrunta (Aythya ferina) |
Murgilari mottoduna (Aythya fuligula) |
Ahatebeltz arrunta (Melanitta nigra)* |
Zerra txikia (Mergellus albellus) |
Galeperra (Coturnix coturnix) |
Eper gorria (Alectoris rufa) |
Txilinporta txikia (Tachybaptus ruficollis) |
Murgil handia (Podiceps cristatus) |
Txilinporta lepabeltza (Podiceps nigricollis) |
Haitz-usoa (Columba livia) |
Pagausoa (Columba palumbus) |
Usapal europarra (Streptopelia turtur) |
Usapal turkiarra (Streptopelia decaocto) |
Kukua (Cuculus canorus) |
Sorbeltz arrunta (Apus apus) |
Uroilanda handia (Rallus aquaticus) |
Uroilo arrunta (Gallinula chloropus) |
Kopetazuri arrunta (Fulica atra) |
Zankaluzea (Himantopus himantopus) |
Abozeta (Recurvirostra avosetta) |
Itsas mika (Haematopus ostralegus) |
Txirri grisa (Pluvialis squatarola) |
Txirritxo handia (Charadrius hiaticula) |
Txirritxo txikia (Charadrius dubius) |
Hegabera (Vanellus vanellus) |
Kurlinta bekainduna (Numenius phaeopus) |
Kurlinta handia (Numenius arquata) |
Kuliska gorria (Limosa lapponica) |
Kuliska buztanbeltza (Limosa limosa) |
Istingor txikia (Lymnocryptes minimus) |
Istingor arrunta (Gallinago gallinago) |
Mendebal-txori mokolodia (Phalaropus fulicarius) |
Kuliska txikia (Actitis hypoleucos) |
Kuliska iluna (Tringa ochropus) |
Kuliska pikarta (Tringa glareola) |
Bernagorri arrunta (Tringa totanus) |
Kuliska zuria (Tringa nebularia) |
Harri-iraularia (Arenaria interpres) |
Txirri lodia (Calidris canutus) |
Borrokalaria (Calidris pugnax) |
Temminck txirria (Calidris temminckii) |
Txirri arrunta (Calidris alpina) |
Txirri txikia (Calidris minuta) |
Marikaka isatslaburra (Stercorarius parasiticus) |
Marikaka isatsbihurra (Stercorarius pomarinus) |
Marikaka handia (Stercorarius skua) |
Pottorro arrunta (Alca torda) |
Martin arrunta (Uria aalge) |
Antxeta txikia (Hydrocoloeus minutus) |
Antxeta hankabeltza (Rissa tridactyla) |
Sabine antxeta (Xema sabini) |
Antxeta mokogorria (Chroicocephalus ridibundus) |
Antxeta burubeltza (Ichthyaetus melanocephalus) |
Kaio mokohoria (Larus canus) |
Kaio kaspiarra (Larus cachinnans) |
Kaio hankahoria (Larus michahellis) |
Kaio beltza (Larus marinus) |
Kaio iluna (Larus fuscus) |
Ipar-txenada (Sterna paradisaea) |
Txenada arrunta (Sterna hirundo) |
Txenada hankabeltza (Thalasseus sandvicensis) |
Wilson ekaitz-txoria (Oceanites oceanicus) |
Ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus) |
Ekaitz-txori handia (Hydrobates leucorhous) |
Gabai arrea (Calonectris diomedea) |
Gabai iluna (Ardenna grisea) |
Gabai arrunta (Puffinus puffinus) |
Gabai balearra (Puffinus mauretanicus) |
Zikoina zuria (Ciconia ciconia) |
Zanga arrunta (Morus bassanus) |
Ubarroi handia (Phalacrocorax carbo) |
Ubarroi mottoduna (Gulosus aristotelis) |
Koartzatxo txikia (Egretta garzetta) |
Koartzatxo itzaina (Bubulcus ibis) |
Koartza zuria (Ardea alba) |
Koartza hauskara (Ardea cinerea) |
Koartza gorria (Ardea purpurea) |
Mokozabal zuria (Platalea leucorodia) |
Arrano arrantzalea (Pandion haliaetus) |
Sai zuria (Neophron percnopterus) |
Zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus) |
Sai arrea (Gyps fulvus) |
Arrano sugezalea (Circaetus gallicus) |
Arrano txikia (Hieraaetus pennatus) |
Zingira-mirotza (Circus aeruginosus) |
Gabirai arrunta (Accipiter nisus) |
Aztore eurasiarra (Accipiter gentilis) |
Miru gorria (Milvus milvus) |
Miru beltza (Milvus migrans) |
Zapelatz arrunta (Buteo buteo) |
Urubi arrunta (Strix aluco) |
Martin arrantzalea (Alcedo atthis) |
Martin handi iparramerikarra (Megaceryle alcyon) |
Erle-txoria (Merops apiaster) |
Karraka europarra (Coracias garrulus) |
Lepitzulia (Jynx torquilla) |
Okil handia (Dendrocopos major) |
Okil berde iberiarra (Picus sharpei) |
Okil beltza (Dryocopus martius) |
Belatz gorria (Falco tinnunculus) |
Zuhaitz-belatza (Falco subbuteo) |
Belatz handia (Falco peregrinus) |
Urretxoria (Oriolus oriolus) |
Antzandobi arrunta (Lanius collurio) |
Antzandobi kaskagorria (Lanius senator) |
Eskinosoa (Garrulus glandarius) |
Mika arrunta (Pica pica) |
Belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax) |
Belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus) |
Bele txikia (Corvus monedula) |
Belabeltza (Corvus corone) |
Erroia (Corvus corax) |
Pinu-kaskabeltza (Periparus ater) |
Amilotx mottoduna (Lophophanes cristatus) |
Kaskabeltz txikia (Poecile palustris) |
Amilotx urdina (Cyanistes caeruleus) |
Kaskabeltz handia (Parus major) |
Pirripioa (Lullula arborea) |
Hegatxabal arrunta (Alauda arvensis) |
Kutturlio arrunta (Galerida cristata) |
Ihi-txoria (Cisticola juncidis) |
Sasi-txori arrunta (Hippolais polyglotta) |
Benarriz arrunta (Acrocephalus schoenobaenus) |
Lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaceus) |
Uhalde-enara (Riparia riparia) |
Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris) |
Enara arrunta (Hirundo rustica) |
Enara ipurzuria (Delichon urbicum) |
Txio lepazuria (Phylloscopus bonelli) |
Txio horia (Phylloscopus trochilus) |
Txio arrunta (Phylloscopus collybita) |
Txio iberiarra (Phylloscopus ibericus) |
Errekatxindorra (Cettia cetti) |
Buztanluzea (Aegithalos caudatus) |
Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla) |
Baso-txinboa (Sylvia borin) |
Zozo-txinboa (Curruca hortensis) |
Txinbo burubeltza (Curruca melanocephala) |
Txinbo papargorrizta iberiarra (Curruca iberiae) |
Sasi-txinboa (Curruca communis) |
Erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapilla) |
Garrapo eurasiarra (Sitta europaea) |
Gerri-txori arrunta (Certhia brachydactyla) |
Txepetxa (Troglodytes troglodytes) |
Ur-zozoa (Cinclus cinclus) |
Arabazozo pikarta (Sturnus vulgaris) |
Arabazozo beltza (Sturnus unicolor) |
Garraztarroa (Turdus viscivorus) |
Birigarro arrunta (Turdus philomelos) |
Birigarro hegagorria (Turdus iliacus) |
Zozo arrunta (Turdus merula) |
Euli-txori grisa (Muscicapa striata) |
Txantxangorria (Erithacus rubecula) |
Urretxindorra (Luscinia megarhynchos) |
Euli-txori beltza (Ficedula hypoleuca) |
Buztangorri argia (Phoenicurus phoenicurus) |
Buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros) |
Harkaitz-zozo urdina (Monticola solitarius) |
Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra) |
Pitxartxar burubeltza (Saxicola rubicola) |
Buztanzuri arrunta (Oenanthe oenanthe) |
Tuntun arrunta (Prunella modularis) |
Etxe-txolarrea (Passer domesticus) |
Harkaitz-txolarrea (Petronia petronia) |
Buztanikara horia (Motacilla cinerea) |
Larre-buztanikara (Motacilla flava) |
Buztanikara zuria (Motacilla alba) |
Negu-txirta (Anthus pratensis) |
Uda-txirta (Anthus trivialis) |
Mendi-txirta (Anthus spinoletta) |
Txonta arrunta (Fringilla coelebs) |
Negu-txonta (Fringilla montifringilla) |
Gailupa (Pyrrhula pyrrhula) |
Txorru arrunta (Chloris chloris) |
Txoka arrunta (Linaria cannabina) |
Kardantxiloa (Carduelis carduelis) |
Txirriskila arrunta (Serinus serinus) |
Tarina (Spinus spinus) |
Gari-berdantza (Emberiza calandra) |
Mendi-berdantza (Emberiza cia) |
Hesi-berdantza (Emberiza cirlus) |
Berdantza horia (Emberiza citrinella) |
Zingira-berdantza (Emberiza schoeniclus) |
eBird plataformak taxonomia eguneratu duela aprobetxatuta, euskarazko txori-izenen zerrenda ere berritu dugu (v. 2023)
Sarri aipatu izan dut blog honetan eBird Plataforma (ebird.org weba, ebird appa eta Merlin aplikazioa). Hegaztien behaketak gordetzeko mundu mailan dagoen plataformarik zabal eta erabiliena da, Estatu Batuetako Cornell Unibertsitateak kudeatua. Nork bere datuak igo, gorde eta partekatzeko aukera ematen dizu, baina milioika lagunen datuak biltzen dituenez (herritarren zientzia deritzana), hegaztien egoera eta populazio-dinamiken inguruko datu-base erraldoi bat ere bada eBird. Plataforman jasotako informazio eta behaketen azterketek garrantzi izugarria daukate mundu mailako ikerketa zientifikoetarako zein kontserbaziorako.
eBird jatorriz ingelesez bakarrik zegoen arren, plataforma beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera ematen die Cornellek txorizale-komunitateei eta 2021. urteaz geroztik lan horretan dihardugu Itsas Enara Ornitologia Elkarteko zenbait kide. Hartara, eBird euskaraz dago harrezkero (plataformara gehitu zen 12. hizkuntza izan zen euskara) eta bi dira egiten ditugun lanak: 1) webgunearen eta apparen interfazea euskaratuta mantentzea eta 2) txorien euskarazko izenak taxuz ematea, txorien euskarazko izendegia nolabait estandarizatu eta egonkortzeko asmoz, Euskal Batzorde Ornitologikoaren laguntzarekin.
Azkenengo aldaketak joan den aste honetan burutu ditugu. Udazkenero egin ohi duen legez, eBird-ek bere zerrenda taxonomikoa eguneratu du, azken 12 hilabeteetan izan diren aldaketa taxonomikoei erantzun ahal izateko (espezie berriak gehitu, beste batzuk bateratu, izen zientifikoak eguneratu, azpiespeziak gainbegiratu, eta abar).
Aldaketa taxonomiko hori aprobetxatuta, guk ere gure eguneraketa egin dugu euskarazko alderdian. Batetik, ebird.org webguneko eta ebird aplikazioko zenbait atal berri euskaratu ditugu eta lehendik ere eginda genituen zenbait itzulpen egokitu eta eguneratu ditugu. Bestalde, eguneraketa taxonomikoa aprobetxatuta, txorien euskarazko izendegia ere eguneratu dugu. Izendegian egin ditugun aldaketak hiru motatakoak izan dira:
- lehendik genituen zenbait akats txiki zuzendu ditugu (gailupa tronpetaria eta taigako antzara hankahoria adibidez);
- aldaketa taxonomikoaren eraginez ere aldaketaren bat egin behar izan dugu, esate baterako, aztore arrunta 2 espezietan banatu da taxonomikoki eta horri erantzunez sortu zaizkigu euskaraz aztore eurasiarra eta aztore iparramerikarra, lehengo aztore arruntaren ordez;
- eta bukatzeko, garrantzitsuena, Euskal Herrian ikusten diren eta eBirden oraindik euskarazko izenik ez zeukaten zenbait espezieren izenak gehitu ditugu eBird-eko zerrendara, Euskal Herriko hegaztien zerrendan oinarrituta eta Euskal Batzorde Ornitologikoak egindako proposamenak jarraituz. Horren adibide dira, besteak beste, papagai bulargrisa (Myiopsitta monachus), hegatxabal adarduna (Eremophila alpestris), leiotrix mokogorria (Leiothrix lutea), txirri lepagorrizta (Calidris subruficollis), buztanikara txukotkarra (Motacilla tschutschensis), antzandobi nubiarra (Lanius nubicus), zozo bekainzuria (Turdus obscurus), hegabera buztanzuria (Vanellus leucurus) edota txio erregetxoa (Phylloscopus proregulus). Guztira 25 izen inguru gehitu ditugu eBirdeko euskarazko izendegira.
Azken batean, helburua eta erronka beti berberak dira, eBird bezalako plataforma bat euskaraz erabiltzeko aukera eskaintzea eta txorien euskarazko izendegia eguneratuta eta estandarizatuta mantentzea, euskal txorizaleon mesederako.
Lehendik ere eBird APPa erabiltzen baduzu, hegazti-zerrenden paketeak eguneratzea komeni zaizu, azkenengo eguneraketa taxonomikoak aplikaziora ekartzeko. Eta orain arte ez baduzu ebird erabili edo erdaraz erabiltzen baduzu, badakizu: ebird euskaraz daukazu! Zatoz zu ere txoritara!
"Euskadiko hegazti habiagileen atlasa" (2016-2020) kaleratu berri da, euskal txorizaleontzat erreferentziazko lana izango dena
Halaxe da, bai! Orain dela egun batzuk aurkeztu da Euskadiko hegazti habiagileen atlasa, 2016-2020, EAEn kumatzen diren txori espezie guztien informazio xehe-xehea ematen duen liburutzarra. Lan handi bat, orain arte sekula egin barikoa eta erreferentziazko bihurtuko dena euskal txorizale guztiontzat.
Proiektua Aranzadi zientzia elkarteak sustatu eta koordinatu du, baina hainbat lagun eta elkarteren parte-hartze eta lankidetzarekin. Guztira 60 txorizalek baino gehiagok hartu dugu parte, landa-lana egiten eta espezieen fitxetako testuak idazten. Gipuzkoari dagokionez, Itsas Enara Ornitologia Elkarteko lagunak ibili gara beharleku honetan eta niri dagokidanez Eibar-Elgoibar-Etxebarri aldea izan da aztertu dudana, Arnoraino.
Egindako lanaren zailtasuna garbi geratzen da konturatzen garenean azkenengo atlasa duela ia 40 urte egin zela, oraingo honen zehaztasun mailakorik ez dela orain arte egin Euskal Herrian (eta inguruan ere gutxi), eta atlasa argitaratzeko 7 urteko lana behar izan dela. Makaleko lana, zehatza bezain zabala Aranzadik egin duena. Pozik bezain harro proiektu honetan gure ale txikia jartzeko aukera izan dugulako eta eskerrak eman hemendik partaide guztiei eta bereziki Aranzadiko lagunei (Juan, Maite eta Olatz), egindako bilketa eta azterketa izugarriarengatik!
Liburua urriaren 4an aurkeztu zen Txingudin eta ondoren EAEko hiru hiriburuetan ere aurkeztu da, lurralde bakoitzeko partaideok bertan ginelarik. Urriaren 17an izan ginen Itsas Enarako kideak Donostian. Atlasa liburu-dendetan eta online erosi daiteke.
Atlasaren Donostiako aurkezpenean, Itsas Enara Elkarteko kideok bertan. 2023ko urriaren 17an.
Euskadiko hegazti habiagileen atlasa, 7 urteko lana
EAEko hegaztien egoera biltzen zuen Atlas bakarra geneukan orain arte, 1985ean Jaurlaritzak ateratakoa eta garaiko metodologia eta baliabideekin egindako. Ondoren, Gipuzkoakoa ere atera genuen 2000. urtean, orduan ere hainbat lagunen parte-hartzearekin eta elkarlanean (Itsas Enara, Gipuzkoako Aldundia eta Aranzadi). Harrezkero, SEO elkarteak Espainiako atlasak ere atera ditu, baina landa-lan zabalagoarekin eta ikuspegi orokorragoarekin.
Oraingo atlas honen helburua izan da, hortaz, garai bateko datuak eguneratzea, horretarako landa-lan finagoa eginez eta atlas modernoek dituzten azterketa estatistikoak aplikatuz.
Atlasa 7 urteko lana izan da. 2016-2020 artean landa-lana egin zen, gure lurraldeko txoko guztietako hegazti-populazioen azterketa sakona eginez. 2021-2022 artean bulegoko lana etorri zen (azterketa estatistikoa, mapak sortzea eta fitxak idaztea). Amaitzeko, azken urtean zehar maketazio eta orrazketa lanetan aritu da Aranzadiko lantaldea.
Landa-laneko metodologiari dagokionez, orain arte sekula erabili ez den zorroztasuna bilatu da. Atlas gehienetan 10x10 km-ko laukietan banatzen da lurraldea (baita 50x50 km-ko laukietan ere) eta horixe da azterketaren oinarrizko eremua. Gure kasuan, 5x5 km-ko laukiak zehaztu ziren eta horien barruan 1x1 km-ko eremuak ere zehaztu ziren, are azterketa doiagoak egiteko. Metodologia zehatz bat adostu zen, parte-hartzaile guztiok jarraitu duguna, bilketa kualitatiboa eta kuantitatiboa egin ahal izateko eta, horrela, xehetasun handiz jaso ahal izan dugu gure lurraldean dauden hegaztien egoera, banaketa eta ugaritasuna. Esan dezakegu, une honetan EAEn ditugun txorien argazki nahiko zehatza atera dugula. Ez hori bakarrik: zer ez dakigun ere nabarmen utzi du lan honek!
Orotara 180 hegazti-espezieren datuak jaso dira, horien artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Espezie bakoitzaren kasuan bere egoera eta banaketa aztertu da eta kontserbaziorako neurri posibleak ere jaso dira. Gainera, 3 motatako mapak sortu dira, datu nahikoa zeukaten espezie guztietan: presentzia mapak, ugaritasun mapak (edo banaketa modelizatuarenak) eta joera historikoarena (oraingo datuak SEOren duela 20 urteko beste atlas batekin konparatuz). Bukatzeko, espezie gehienetan populazioaren estima bat ere egin da, gure lurralderako lehenengoz.
Lanak 192 ilustrazio eder ere biltzen ditu, Alex Mascarell artista katalanak eginak.
Jasotako datuak eta Atlasean bildutako informazio eta testuak erreferentzia nagusi izango dira hemendik aurrera, txorizaleontzat ez ezik, baita administrazioarentzat ere, zer daukagun jakiteko eta zer/nola babestu behar dugun irudikatzeko. Lan honek garbi utzi duen kontuetako bat da, esate baterako, landazabal, nekazal inguru eta landa-eremuei lotutako espezieen egoera okerrera doala nabarmen.
Espezie ugarienen artean, hauek dira gelaxka guztietan azaldu direnak eta ugaritasun handiena dutenak:
- Txolarre arrunta: 390.000 ale
- Txantxangorria: 330.000 ale
- Txepetxa: 290.000 ale
- Zozo arrunta: 280.000 ale
- Txinbo kaskabeltza: 280.000 ale
Laburbilduz, lan eder eta argigarri bat, hurrengo urteotan errenferentziazko bilakatuko dena euskal naturzale eta txorizale guztiontzat.
20 urte barruko hurrengo Atlaserako nire nahia? Euskal Herriko osokoa izatea, eta euskararen presentzia handiagoarekin. Eta orduan ere guk parte hartu ahal izatea! ;)
Eibarko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2023
Azken urteotako ohiturari jarraituz (hemen 2018 eta 2019 urteetako datuak, adibiderako), aurten ere ekin diogu SACRE programari. Espainiako SEO (Sociedad Española de Ornitología) elkarteak gidatzen du SACRE programa (Seguimiento de Aves Comunes Reproductoras).
Neguko hegaztien behaketa-programa SACIN deitzen da, eta hegazti habiagileen udako behaketa-programak, berriz, SACRE. Bata eta bestea eginez, gure inguruan bizi diren espezie arruntenen jarraipen historikoa egiten da, euren bilakaera aztertzeko eta populazioen dinamika orokorra behatzeko. Ez dira gurean egiten diren jarraipen eta zentso bakarrak. Aranzadi Elkarteak ZAPELATZ programa abiatu zuen 2022an, hegazti harraparien egoera aztertzeko, eta Itsas Enara Elkartearekin batera, Uretako Hegazti Negutarren jarraipen-programan ere hartzen dut parte urtero.
SACREri dagokionez, metodologia erraza dauka. Behatzaile bakoitzak aurrez zehaztutako 10*10 km-ko lauki bat aukeratu behar du (nire kasuan Gipuzkoako WN4080 laukia, Eibar-Elgoibar-Etxebarri hartzen dituena) eta 20 behaketa-puntu zehaztu behar dira (irizpide zientifiko eta metodologiko batzuk jarraituz). Ondoren, urtero ibilbide berdina egin behar da, 20 puntu horietan 5 minutu geratuz eta ikusten eta entzuten diren hegazti guztiak zenbatuz (espezieak eta kopuruak).
Txantxangorria (Erithacus rubecula).
Pagausoa (Columba palumbus).
SACRE 2015-2023, Eibar-Etxebarri-Elgoibar
Hona hemen aurten jasotako datuak eta azken urteotako laburpena. Ez da egon ezusteko handirik. Ohiko espezie-kopurua eta, betiko moduan, ohiko hegaztiak nagusi: zozoak, txepetxak, sorbeltzak, txinbo kaskabeltzak, txontak, etxe-txolarreak... Guztira 67 espezie ezberdin ikusi ditut programa honetan zehar 2015etik hona, aurtengoan 48 espezie.
Espezie mailan ez da ikusten oraindik joera garbirik (10 urteko segida ez da nahikoa horretarako). Zerbait nabarmentzekotan, aurten lehenengoz ikusi ditudala zapelatz liztorjalea, miru gorria, pitxartxar nabarra eta kuliska txikia SACRE programa honetan (nahiz eta nekez ugalduko diren Eibarren). Bestalde, aurten ez dut ikusi beste urte batzuetan ohiko izan diren garraztarroa, okil handia, belatz gorria, buztanluzea eta hainbat parido (pinu-kaskabeltza, amilotx urdina eta amilotx mottoduna). Aipagarria da, beharbada, pagausoen bilakaera, 10 urtean garbi ugaritu baita gure inguru honetan.
Ikusi eta entzundako txori kopuruan igoera izan da aurten (930 ale), baina igoera horrek, hegaztien joera baino, txorien kantuak ezagutzeko izan dudan hobekuntza txikia adierazten duela uste dut (duela 10 urte baino hobetxoa naiz lan horretan eta txori gehiago identifikatzen ditut).
Hemen zerrenda osoa, 2015etik honako datuak batuz.
Miru beltza (Milvus migrans).
ESPEZIEA | 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | 2019 | 2022 | 2023 | GUZTIRA |
Ardea cinerea / Koartza hauskara | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 | 4 |
Cairina moschata / Ahate musketaduna | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 2 | 3 |
Anas platyrhynchos / Basahatea | 34 | 41 | 74 | 55 | 34 | 49 | 78 | 365 |
Pernis apivorus / Zapelatz liztorjalea | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Milvus migrans / Miru beltza | 0 | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 2 | 4 |
Milvus milvus / Miru gorria | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Gyps fulvus / Sai arrea | 8 | 3 | 6 | 10 | 5 | 15 | 4 | 51 |
Accipiter nisus / Gabiraia | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Buteo buteo / Zapelatza | 2 | 3 | 3 | 3 | 5 | 2 | 4 | 22 |
Hieraaetus pennatus / Arrano txikia | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 1 | 0 | 3 |
Falco tinnunculus / Belatz gorria | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 1 |
Gallinula chloropus / Uroiloa | 3 | 4 | 3 | 2 | 1 | 1 | 5 | 19 |
Actitis hypoleucos / Kuliska txikia | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Larus michahellis / Kaio hankahoria | 1 | 0 | 6 | 2 | 0 | 1 | 1 | 11 |
Columba livia / Etxe usoa | 26 | 69 | 32 | 45 | 39 | 42 | 26 | 279 |
Columba palumbus / Pagausoa | 3 | 0 | 0 | 4 | 3 | 2 | 12 | 24 |
Streptopelia decaocto / Usapal turkiarra | 6 | 10 | 8 | 7 | 7 | 2 | 3 | 43 |
Cuculus canorus / Kukua | 4 | 2 | 3 | 2 | 3 | 0 | 2 | 16 |
Apus apus / Sorbeltz arrunta | 87 | 191 | 105 | 121 | 155 | 89 | 244 | 992 |
Picus sharpei / Okil berde iberiarra | 3 | 2 | 5 | 4 | 3 | 7 | 3 | 27 |
Dendrocopos major / Okil handia | 1 | 0 | 1 | 0 | 2 | 2 | 0 | 6 |
Riparia riparia / Uhalde enara | 0 | 31 | 20 | 12 | 28 | 25 | 42 | 158 |
Ptyonoprogne rupestris / Haitz-enara | 3 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 4 |
Hirundo rustica / Enara arrunta | 4 | 5 | 7 | 0 | 9 | 13 | 2 | 40 |
Delichon urbicum / Enara ipurzuria | 14 | 19 | 16 | 24 | 15 | 17 | 23 | 128 |
Anthus trivialis / Uda-txirta | 6 | 5 | 1 | 1 | 0 | 1 | 1 | 15 |
Motacilla cinerea / Buztanikara horia | 4 | 7 | 6 | 2 | 4 | 17 | 9 | 49 |
Motacilla alba / Buztanikara zuria | 10 | 7 | 6 | 5 | 4 | 9 | 16 | 57 |
Cinclus cinclus / Ur-zozoa | 0 | 2 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 3 |
Troglodytes troglodytes / Txepetxa | 29 | 38 | 38 | 46 | 39 | 38 | 35 | 263 |
Erithacus rubecula / Txantxangorria | 18 | 18 | 17 | 30 | 25 | 22 | 19 | 149 |
Phoenicurus ochruros / Buztangorri iluna | 8 | 7 | 5 | 19 | 15 | 12 | 13 | 79 |
Saxicola rubetra / Pitxartxar nabarra | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 1 |
Saxicola rubicola / Pitxartxar burubeltza | 0 | 4 | 5 | 3 | 3 | 0 | 6 | 21 |
Turdus merula / Zozoa | 45 | 37 | 37 | 49 | 35 | 53 | 68 | 324 |
Turdus philomelos / Birigarroa | 9 | 8 | 13 | 5 | 12 | 19 | 8 | 74 |
Turdus viscivorus / Garraztarroa | 0 | 1 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
Cettia cetti / Errekatxindorra | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 | 4 |
Hippolais polyglotta / Sasi-txoria | 3 | 0 | 1 | 3 | 3 | 1 | 1 | 12 |
Sylvia atricapilla / Txinbo kaskabeltza | 0 | 19 | 18 | 6 | 13 | 24 | 30 | 110 |
Phylloscopus collybita / Txio arrunta | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Phylloscopus ibericus / Txio iberiarra | 14 | 16 | 11 | 13 | 15 | 9 | 13 | 91 |
Regulus ignicapilla / Erregetxo bekainzuria | 3 | 5 | 5 | 5 | 2 | 11 | 7 | 38 |
Muscicapa striata / Euli-txori grisa | 2 | 1 | 1 | 0 | 2 | 1 | 0 | 7 |
Ficedula hypoleuca / Euli-txori beltza | 0 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
Aegithalos caudatus / Buztanluzea | 0 | 3 | 2 | 2 | 0 | 0 | 0 | 7 |
Poecile palustris / Kaskabeltz txikia | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 |
Lophophanes cristatus / Amilotx mottoduna | 3 | 2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 5 |
Periparus ater / Pinu-kaskabeltza | 1 | 1 | 2 | 1 | 1 | 1 | 0 | 7 |
Cyanistes caeruleus / Amilotx urdina | 0 | 2 | 0 | 1 | 0 | 1 | 0 | 4 |
Parus major / Kaskabeltz handia | 13 | 18 | 17 | 25 | 11 | 13 | 11 | 108 |
Sitta europaea / Garrapoa | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 | 3 | 0 | 5 |
Certhia brachydactyla / Gerri-txoria | 4 | 5 | 3 | 4 | 5 | 4 | 7 | 32 |
Lanius collurio / Antzandobi arrunta | 1 | 3 | 0 | 3 | 1 | 1 | 2 | 11 |
Garrulus glandarius / Eskinosoa | 2 | 2 | 0 | 2 | 2 | 0 | 4 | 12 |
Pica pica / Mika | 0 | 0 | 0 | 1 | 2 | 3 | 1 | 7 |
Corvus corone / Belabeltza | 31 | 32 | 41 | 26 | 36 | 36 | 27 | 229 |
Corvus corax / Erroia | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Sturnus vulgaris / Arabazozo pikarta | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 | 0 | 2 |
Passer domesticus / Txolarre arrunta | 29 | 39 | 43 | 29 | 60 | 103 | 110 | 413 |
Fringilla coelebs / Txonta arrunta | 36 | 37 | 42 | 39 | 48 | 23 | 43 | 268 |
Serinus serinus / Txirriskila | 21 | 10 | 8 | 5 | 11 | 17 | 4 | 76 |
Chloris chloris / Txorrua | 0 | 0 | 1 | 3 | 2 | 4 | 12 | 22 |
Carduelis carduelis / Kardantxiloa | 18 | 25 | 23 | 12 | 22 | 33 | 19 | 152 |
Linaria cannabina / Txoka | 0 | 3 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 4 |
Pyrrhula pyrrhula / Gailupa | 2 | 0 | 3 | 1 | 1 | 1 | 1 | 9 |
Emberiza cirlus / Hesi-berdantza | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 1 |
GUZTIRA: | 512 | 739 | 643 | 635 | 688 | 736 | 930 | 4883 |
Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra), Nafarroa hegoaldean.
Buztangorri ilunaren habian bideoa: gurasoa txitoak elikatzen eta zirin-zakua batzen
Emailez pasa didate hemen azpian itsatsi dudan bideoa. Etxe bateko patioan habia eraiki du buztangorri ilun bikoteak eta lau txito ari dira hazten, barrena. Gurasoetako bat janariarekin iristean txorikumeak txioka eta txintaka hasten dira eta gurasoak lehenengoari ematen dio elikagaia. Baina ez du alde egiten, bertan geratzen da, begira-begira, txitoak buelta eman eta zirin-zakua egotzi arte. Mokoarekin hartu eta habiatik kanpo darama kakaz beteriko poltsatxo zurixka gurasoak, zirin-zakua, alegia.
Bada, bai, txori batzuek (askotxok) daukaten estrategia da hori: kaka habian egin beharrean, zirinak poltsatxo batean jaso eta gurasoek habiatik kanpo garraiatzea, batez ere jaio eta aurreneko egunetan. Gehienbat paseriformeak eta pizidoak (okilak) dira estrategia hau erabiltzen dutenak.
Zirin-zaku deitzen zaie hegazti horien txitoek sortzen dituzten zaku zurixka eta lirdingatsu horiei, non euren zirina biltzen eta kanporatzen duten. Estrategia etologiko honen helburua bikoitza da. Batetik, habia garbi mantentzea, infekzioak gutxituz; bestetik, habia inguruak zirin-usaina izatea saihesten du, harraparientzat zailago bilakatuz habia bera aurkitzea. Babeserako sistema bat da, hartara.
Txitoak bere kaka habian bertan bota beharrean, zaku itxurako egitura horietan kanporatzen du, zirin-zakuetan, helduak batu eta habiatik kanpora eraman dezan. Kasu batzuetan helduek poltsa horiek jan egiten dituzte; beste askotan, habiatik urrun botatzen. Zenbait espezietan, txorikumeek habiaren ertzean uzten dituzte zakuttoak, gurasoek jaso eta kanpora ditzaten.
Fecal sac deritzo ingelesez poltsa horri (ES:saco fecal eta FR:sac fécal). Ez diot aurkitu inon euskarazko izenik eta halaxe sortu dut artikulua Wikipedian, zirin-zaku izenpean. Egokiena iruditzen zait, baina tira, eztabaidarako prest ;)
.........
Oharra: goiko argazkia Sarah Winnickiri hartu diot Twitterretik. Egile eskubideak ditu, beraz.
Ornitologiaren eta txorizaleon APP batzuen inguruan barriketan Twitch bidez, Sustatun eta Seguru Irratian
Azkenaldian pare bat artikulu idatzi ditut blog honetan txorien inguruan eta txorizaleontzat erabilgarri dauden app batzuen inguruan (Blog honetako Txori kontuak atalean ikusgai gai horretako post guztiak) eta Twitterren ere egin dut txorizaletasunaren proselitismo apur bat, zelan ez ;)
Sustatuk ere jaso ditu nire Sustatuko kontuan aipatutako kontu horietako batzuk eta joan zen eguenean Segura Irratiak eta Sustatuk elkarlanean egiten duten teknologiaren inguruko irratsaiora gonbidatu ninduten.
Hantxe jardun genuen (Twitch bidez, bideoa orain Youtuben ikusgai), txorizaletasunaz eta, gehienbat, txoriburuok gure esku ditugun pare bat APPen inguruan.
- Txori-behaketak apuntatzeko eta partekatzeko eBird aplikazioa daukagu (euskaraz dago, gainera). Ornitho.eus plataforma ere izan daiteke horretarako beste tresna egoki bat.
- Txorien kantuak identifikatzen laguntzeko, berriz, Merlin eta BirdNet ditugu (irratian batez ere horien inguruan jardun nuen).
- Momentu azkar batean, Collins gidaren APPa ere erakutsi nuen. Paperezko gidak ezinbesteko dira edozein txorizalerentzat, bai ala bai, baina gida horien artean onena den Collins gida mugikorrean ere izatea plus bat da beti (ez dago euskaraz eta ordainpekoa da).
- Amaitzeko, Txoriak.eus webgunea ere aipatzeko aprobetxatu genuen. Tira, guk garatutako tresna bat izanda, zer esango dugu ba! Sarean dagoen baliabide ederra dela ornitologiaren munduan hasten ari diren naturzale euskaldunentzat. Euskal Herriko hegazti arruntenen fitxak aurkituko dituzu bertan, oinarrizko informazioarekin (deskribapen laburra, fenologia, bizitokia...), kantuen audioekin, tarteka bideo batzuekin eta, batez ere, horixe baita webgunearen helburua, txori bakoitzak Euskal Herrian dauzkan izen guztiekin. Zatoz, gonbidatuta zaude Txoriak.eus ezagutzera! ;)
Blog honetan ere egin nahi dut nolabaiteko laburpen edo bilduma bat, txorizaleontzat interesgarri diren tresna, app eta baliabideen inguruan. Ea datozen asteotan tarte bat hartzen dudan, gero eta garestiago daude tarteok eta! ;)
Bitartean, honatx irratian eta Twitch bidez egindako emankizuna (orain Youtuben). Eskerrik asko Sustaturi eta Segura Irratiari parte hartzeko aukera ematearren. Mila esker!
Irteera ornitologikoa Eibarren, Baso Biziak taldearen eskutik, txoritan lehenengo urratsak emateko gogoz
Hogei bat lagun elkartu ginen domeka goizean Urkuzuko parkean irteera ornitologikoari ekiteko. Mota askotako jendea, interes desberdinekoa, baina denak naturzaleak eta txori-behaketaren munduan lehenengo urratsak emateko prest.
Sekula txoritan ibili bariko 20 laguneko talde batekin txori "asko" ikustea ezinezkoa da. Horrexegatik, kasu honetan, irteera praktiko eta oso oinarrizko moduan planteatu nuen saiakera hau. Txoriak ikusi eta identifikatzen ikastea baino, txoriketan hasteko oinarrizko kontuak zeintzuk diren azaldu nahi izan nuen eta, gehienbat, begirada aldaketa bat proposatzea.
Izan ere, txoritan ibiltzeak hori baitakar, beste begirada eta jarduera mota bat, mendian ibiltze hutsa baino lasaiagoa, kontenplatiboagoa, arnasa luzeagokoa. Erritmoa jaitsi beharra dago, gora begiratu, belarriak ixotu eta naturak ematen digun guztia jasotzen hasi.
Eta halaxe jardun genuen 3 bat orduz, Aasuatik gora Mandiolaballean sartu eta Santa Kurutzeraino, lasai, patxadaz, zuhaitz artetik zetorzkigun kantuak adituz, gozatuz eta tarteka begien artean agertzen zitzaizkigun txori txikiak beste begi batzuekin behatuz. Txioak, txinboak, txantxangorri eta zozo-birigarroak, miruak, garrapo eta gerri-txoriak, erregetxoak eta txepetxak... Uste dut gehienok gustura ibili ginela txio artean.
Prismatikoen inguruko hiruzpalau kontu azaltzeko aprobetxatu nuen (modelo eta motak, prezioak...) eta, batez ere, Merlin aplikazioa probatzeko aprobetxatu nuen. Uste dut app horrek herritar asko erakarriko dituela txoriburuon mundura. Ez dakit nola etorriko diren eta zein asmorekin, beharbada ez gure belaunaldian hazitako txorizaleon asmo eta begirada berdinarekin, baina ziur txorizaletasuna ernetzen duela gure inguruko hainbat lagunen artean (Twitterren ere halaxe iruditu zait, orain arte jaso ditudan hainbat erantzunen arabera, adibidez bat, bi eta hiru).
eBird eta Ornitho plataformen inguruan ere esan nahi nituen berba batzuk, eta hegazti gida interesgarrienen laburpena egitea ere bai, eta hegaztien munduaren inguruko azalpen zabalagoak... baina ez zen egon tarterik gehiagorako. Hurrengo batean izan beharko du! Eta izango da, txorizaletasunaren ekimen apologista hauekin asko disfrutatzen dudalako ;)
Irteeran ez genuen argazkirik atera. Goiko hau azaroan egindako beste irteera batekoa da, hori ere Baso Biziak elkarteak egindakoa, dozena bat habia kutxa ipintzeko Eibar inguruan.
Oinarrizko eskema bat sortu nuen irteera honetarako. Hemen lagako dut, aurreragorako (edo edozeinek erabili nahi badu).
- Erritmoa, begirada... zer da txoriak behatzea?
- Belarriaren garrantzia (txoriak behatzea ez da bakarrik ikustea; lehenbailehen komeni da kantuak identifikatzen ikasten hastea)
- Katalejoak. Nola erabili, zer diren 10x40 bezalako zenbakiak, markak eta prezioak...
- Teknologiaren laguntza, APP interesgarrienak (Merlin, BirdNet, Naturalist eta abar).
- Hegazti gidak. Mugikorrean bai, baina paperean ere bai (ikaste-prozesuan ezinbestekoa).
- Zientzia hiritarra. eBird eta Ornitho moduko plataformen garrantzia; SACRE, SACIN eta antzeko programak; Itsas Enara elkarte ornitologikoa.
- Zelan identifikatzen dira hegaztiak? Koloreak, forma eta neurria, jarkera eta mugimendua, portaera, hegaztada, kantuak... Eta probabilitate kontua ere bada!!
- Txorien euskarazko izendegia.
Txorien kantuak identifikatzeko aplikazio bi: Merlin eta BirdNet
Teknologiak jauzi handiak ematen ditu oso denbora laburrean eta txorien kantuen identifikazioan ere izugarri hobetu da kontua azken 2-3 urteotan. Gaur egun, mugikorrean instalatutako aplikazio batek izugarri lagunduko digu mendian entzuten ari garen txori horien kantuak identifikatzen eta zalantzak argitzen.
Bi dira normalean erabiltzen ditudanak: Merlin Bird ID eta BirdNET, biak ere hegazti kontuetan mundu mailan erreferentzia den Cornell unibertsitatearen tresnak.
BirdNET izan zen erabiltzen hasi nintzen lehenengoa. Uste dut jatorriz app europarra dela (Chemnitzeko unibertsitate teknologikoarena), baina une honetan Cornellek kudeatzen du. Tresna xinple-xinplea eta erabilterraza da, bere mugekin. Azkenaldian, berriz, Merlin da gehien erabiltzen dudana, une honetan askoz erabilgarriagoa egiten zaidalako. Hala ere, biak deskargatzea izan daiteke lehenengo urratsa eta bakoitzaren gustuaren arabera (edo egoeraren zein beharren arabera) bata ala bestea erabiltzea. Nik neuk biak ditut instalatuta. Jaisteko eta instalatzeko, hementxe Androiderako estekak: Merlin Bird ID eta BirdNET.
Orain gutxira arte ez ziren oso fidagarriak Europako espezieentzat (batez ere Merlin, Estatu Batuetan garatutako APPa delako), baina une honetan biek dute antzeko fidagarritasuna, nire ustez. Merlin 1054 espezie identifikatzeko gai da, tartean Europako gehienak eta BirdNETek ere gure inguruko gehienak ezagutzen ditu. Oraingoz ez daude euskaraz, baina Merlinen txori-izenak, behintzat, euskaraz ikus ditzakezu (ez da gutxi!). Eta uste dut lortuko dugula egunen batean APPa ere euskaratzea, tresna-multzo berdineko kide diren eBird.org eta eBird APPa euskaratu ditugun moduan.
Hortaz, tresna erabilgarri eta praktikoak dira biak, nola Merlin hala BirdNet. Ezaugarri eta desberdintasun handienak hauexek dira:
- BirdNET zuzenean kantuak identifikatzeko tresna bat da. Oso xinplea eta erabilterraza. Merlinek, ostera, aukera gehiago ditu (adibidez, irudiak ere identifikatzen ditu).
- BirdNETek identifikazioaren ziurtasuna zenbatekoa den zehazten dizu (oso ziurra, nahiko ziurra, batere ziurra...); Merlinek ez dizu zehazten proposamenaren fidagarritasunik (hala ere, fidagarritasun maila txikia bada, ez dizu ezta proposamen zehatzik egiten ere).
- Merlinen txorien izenak euskaraz ikus ditzakezu (APPa erdaraz izan arren).
- Merlinek entzun ahala identifikatzen ditu txori-kantuak (hauxe da Merlinen abantailarik handiena, niretzat). Martxan ipini eta Merlinek esango dizu zeintzuk diren kantuan ari diren hegazti-espezieak. BirdNET-ek ez du hori egiten: zuk aukeratu behar dituzu pasarte-zatiak eta identifikatzeko eskatu.
- BirdNET-ekin kantu-zatiak gordetzea errazagoa da. Baina kantu-zati laburrak izan behar dira, hori bai.
- Merlin konektatuago dago eBird plataformarekin eta hango datuekin erkaketak egiten ditu eta behaketak batetik bestera eraman ditzakezu.
Orduan, esan bezala, uste dut txorizaleontzat oso tresna erabilgarriak direla bata zein bestea eta merezi duela instalatu eta probatzea. Hori bai, beti ere kontuan izanda APP hauek proposamenak egingo dizkigutela. Eta ezin dugu itsu-itsuan sinetsi aplikazio hauek proposatzen digutena. Akatsak egiten dituzte, eta ez gutxitan, gainera; batez ere soinu-egoera kaxkarretan (haizea, trafikoaren zarata, txori asko elkarrekin kantuan...). Hartara, txorizalearen esku dago app hauek ematen diguten informazioa aztertzea eta iragaztea, hori ezin dugu inoiz ahaztu.
Goian duzue BirdNETen pantaila-irudi bat. Hurrengoak Merlinenak dira, azkenaldian gehiagotan darabildan aplikazioarenak.
Goiko irudian Merlin aplikazioa martxan eta grabatzen ari denean ikusten duzun pantaila. Grabatzen ari zaren bitartean entzuten ari zaren hori zer txori den esango dizu Merlinek. Stop sakatu arte grabatzen jarraituko du, entzun dituen espezie guztien zerrenda osatzen joango da eta unean unean kantari dagoen txoria nabarmenduko dizu.
Behin grabazioa amaituta, grabazio hori non eta noiz egin den adieraziko dizu Merlinek, eta entzundako txoriak zeintzuk izan diren. Espezie bakoitzean sakatuta txori horren kantu-zatia entzuteko aukera izango duzu eta txori horren fitxara ere joan ahalko zara (eBird-ekin konektatzen da). Fitxategiak betirako gorde ditzakezu aplikazioan, datu guztiekin. Goiko hori joan zen udaberrian Debako Artzabal hezegunean egindako grabazioa da, txori-multzo politarekin, besteak beste, benarriza, ihi-txoria, baso-txinboa, eta abar.