AviList zerrenda dela eta, historia apur bat munduko hegaztien zerrenden inguruan
Albiste handi-handia izan da txoriburuontzat AviList zerrenda argitaratzearena. Izan ere, munduko hegazti guztien lehenengo zerrenda bateratua da AviList, azken 20-25 urteotan izan dugun anabasa askatzera datorrena. Ekainean argitaratu zuten paperra Biodiversity and Conservation aldizkarian eta Avilist.org webgunean kargatu dute ondoren informazio guzti-guztia.
Orain arte, munduko hegaztiak zeintzuk eta zenbat ziren jakiteko, hiruzpalau zerrenda ezberdin kontsultatu behar genituen eta espezie askotan desadostasunak zeuden. Wikipediak, AviBasek, IUCN zerrendak edo eBirdek, bakoitzak bere irizpideak jarraitzen zituen eta zoramen txiki bat zen txorizaleontzat, ez baikenian, esate baterako, gabai arrea (Calonectris sp.) espezie bakarra zen, ala bi, ala hiru.. (gabai arre mediterraneoa, atlantikoa, Cabo Verdekoa...); edo koartzatxo itzaina Bubulcus ibis edo Ardea ibis izendatu behar ote genuen.
Zorionez, mundu mailako 5 erakunde nagusiak elkartu dira, tartean taxonomia kontuetan aditu handienak, eta zazpi urteko lanaren ostean munduko hegaztien lehenengo zerrenda orokor eta bakarra argitaratu dute, AviList, taxonomia, sistematika eta nomenklatura bateratuarekin. Dena sarean, irizpideak argi, prozesu gardena, eta informazio guztia txorizaleontzat eskuragarri, online eta urtero-urtero eguneratzeko aginduarekin. 2025. urteko ekaineko zerrenda izan da lehenengo bertsioa eta une honetan 11.131 hegazti espezie onartzen ditu AviList zerrendak, 2.376 genero, 252 familia eta 46 ordenatan banatuta. Albiste handia, hartara!
Albistea foro eta webgune guztietan azaldu da (hemen Cornell, eBird, BirdLife eta Avilist webguneetako albisteak), eta euskaraz zabal landu da Txoriak.eus webgunean: "AviList: munduko hegazti guztien aurreneko zerrenda bateratua".
Nire aldetik, hartara, AviList zer den eta zein garrantzitsua den azaldu ordez, abagunea aprobetxatuko dut gai honekin lotuta dagoen beste kontu bat aipatzeko, labur bada ere: munduko hegazti-zerrenden historia eta txori-espezie kopuruak.
Munduko hegaztien zerrendak: abiapuntua
Aristotelesek eta beste autore klasiko batzuek egindako aipamenez aparte, zoologia modernoaren abiapuntua Lineoren "Systema naturae" (1758) lana izan zen. Lineo edo Carolus Linnaeus naturalista eta zientzilari suediarra izan zen (1707-1778) eta taxonomia modernoaren oinarriak ezarri zituen, talde taxonomikoen kontzeptua garatuz eta gaur egun arte iraun duen sistema binomiala ezarriz. Berea da esaldi famatu hau, "Nomina si nescis, perit et cognitio rerum", alegia, "Izenik ez badakizu, beraietaz dakizuna ere desagertzen da". Bizidun guztientzat izenak ezartzen saiatu zen (izen zientifikoak) eta berea da izaki bizidunen aurreneko antolaketa eta zerrenda sistematiko modernoa, non 554 hegazti-espezie identifikatu eta zerrendatu zituen, bakoitza bere izen zientifikoarekin.
Lineoaren zerrenda oso mugatua zen, garaiko ezagutza eta baliabideen oso menpekoa eta Europako espezieak jasotzen zituen batez ere. Hasierako zerrenda horren ostean, Ernst Mayr biologo alemaniarraren lana aipatu behar da; 1946an argitaratutako "The number of species of birds" (Auk 63:64-69) artikuluan 8.616 espezie identifikatu zituen. Eta ondorengoa ere bota zuen: "txori-espezie berriak aurkitzeko garaia amaitzear dago".
Bien bitartean, James Peters ornitologo estatubatuarra ere lanean hasita zegoen. Berak 1931. urtean hasitako lana beste batzuek bukatu zuten bere heriotzaren ostean eta 16 liburukitan munduko hegazti guztiak biltzeko saiakera egin zuten 1931-1987 urteen artean. Petersek beste ehunka espezie erantsi zizkion Mayersen zerrendari eta, ematen zuenez, 16 liburuki horietan zeuden munduko hegazti-espezie guztiak. "Kitto! Hauxe da dagoena!" pentsatuko zuen Petersen lantaldeak 80. hamarkada zoriontsu hartan.
Genetikaren, biologia molekularraren eta bioakustikaren indarra
Dena genekielakoan, lasai asko geunden txorizaleok 1990. urte buelta hartan, baina harrezkero, eta batez ere XXI. mende hasieran, iraultza handi pare bat zeuden gertatzear zientziaren esparruan. Ordura arte, batez ere ezaugarri morfologikoetan oinarritzen zen txori espezieak banatzeko eta sailkatzeko modua (museoan gordetako aleen azterketen bidez), baina azken hamarkadetan ikusi da hori ez dela nahikoa.
Batetik biologia molekularraren eta genetikaren iraultza gertatu da. Ikerketa-metodo berriei esker bizidunen genomak aztertzeko eta alderatzeko aukera sortu zaigu. Hegaztien genomak aztertzen hasterakoan, ikerlariek berehala ikusi zuten morfologikoki ia-ia berdinak ziren hainbat hegazti, genetikoki aldenduta zeudela. Eta, alderantziz, morfologikoki ezberdinak ziren zenbait hegazti, genetikoki berdin-berdinak zirela (morfo ezberdina izan arren, espezie berbera zirela, alegia). Filogenia modernoak erakutsi zuen hegaztien zuhaitz ebolutiboan uste baino askoz ohikoagoak izan direla ezberdinen arteko konbergentziak eta berdinen arteko dibergentziak, espezie mailako sailkapena uste genuena baino aaaaskoz konplexuago bilakatuz.
Beste iraultza handi bat bioakustikaren alorrean gertatu da. Teknologia berriei esker, gero eta errazagoa izan da hegaztien soinu eta kantuak grabatzea, gordetzea, konparatzea eta aztertzea. Gainera, teknologiak merketu ahala, grabazio horiek egin eta partekatzeko aukera herritar guztien eskuetara iritsi da eta, horren ondorioz, duela 20 urte nekez imajina genezakeen audio-grabazio bildumak ditugu, gehienak online, libreak eta dokoak (Xeno-canto eta MacAulay library, adibidez). Eta grabazio horiek garrantzi handikoak izan dira espezieak identifikatzeko eta deskribatzeko orduan. Hemen ere, genetikarekin gertatu den bezala, ikusi da espezie berekoak zirela uste zen hainbat txoriren kasuan, oso desberdin abesten duten taldeak daudela, elkarrengandik banatuta eta hibridaziorik gabe.
Iraultza horien ondorioz, garai batean finkoa eta aldaezina zirudien munduko hegaztien zerrenda izugarri hasi zen aldatzen, urtero-urtero, XXI. mende honen hasieratik aurrera. Euskal Herrian ohiko den kaio hankahoria, esate baterako, 90. hamarkadan Larus cacchinans izendatzen genuena, Larus argentatus bilakatu zitzaigun bapatean, eta Larus michahellis ondoren, kaio hauskara superespeziearen sailkapenak findu eta hobetu ahala; eta mundu mailan, une honetan ia 10 espezietan dago banatuta garai batean espezie bakarra zen kaio ezaguna.
Horri gehitzen badiogu herrialde tropikaletan egindako laginketak eta ikerketak izugarri handitu direla eta espezie tropikalen inguruko ezagutza exponentzialki hazi dela, ez da arraroa Mayren eta Petersen garaiko 8000-9000 espezieko zerrenda, 10.000 espeziera igotzea laster batean, eta 11.000 espeziera ondoren.
Hegaztietan gertatutakoaren antzekoa jazo da gainontzeko taldeetan ere, noski (datuak ez diren arren horren argiak eta onartuak). Adibidez, 2005 urtetik hona, ugaztun-espezieen kopurua %20 inguru hazi da eta anfibio zein narrastiena %50 inguru.
Hartara, esan bezala, aldaketak ugaritu eta azkartu egin dira azkenaldian eta horrek nolabaiteko kaosa ere sortu zuen zerrenda eta sailkapenetan. Anabasa hori orrazteko asmotan, erakunde edo ikerlari-talde bakoitzak bere irizpideak hartu zituen eta bere zerrenda "ona" sortzen hasi zen, eta zerrenda aldaezin bakarraren garaitik, zerrenda aldakor anitzetara igaro ginen, bakoitzak berea. Zenbat buru, hainbat aburu.
Hegaztien sistematikaren alorrean azken 2-3 hamarkadak 'kaosaren garaia' izan direla esan dezakegu.
Clements, Howard & Moore, IOC eta HBW/BirdLife zerrendak
Munduko hegaztien zerrendei dagokienez, 90. hamarkadaz geroztik 4 izan dira mundu mailan erreferentziazkoak izan direnak.
- Clements Checklist of Birds of the World. 1974. urtean argitaratu zen paperean lehenbizikoz eta liburu formatuan 2007an azkenengoz. Urte hartan Cornell Lab of Ornithology erakundeak hartu zuen bere ardura eta harrezkero online dago eta ia urtero eguneratu izan da; sarean argitaratzen eta urtero eguneratzen hasi zen lehenengo zerrenda izan zen. Cornell Unibertsitateak eta bere ekosistema osoak darabilen zerrenda da (Merlin Appa, eBird, Birds of the World eta abar).
- International Ornithological Community (IOC) World Bird List. Hasiera batean ingelesezko izen arruntak estandarizatzeko eta bateratzeko pentsatutako proiektua izan zen (2006), baina gutxinaka taxonomiarantz jo zuen eta azken urteotan hauxe izan da mundu mailan gehien jarraitu den zerrenda. Besteak beste, Wikipediak darabilen zerrenda da IOC. Hau ere azken urteotan online aurkitu daiteke eta urtero eguneratu izan da. 2025. urtean 15.2 bertsioa argitaratu du.
- Handbook of the Birds of the World (HBW) and Birdlife International Illustrated Checklist of the Birds of the World. 2014-2016 bitartean papelean argitaratua, harrezkero urtero eguneratu izan da online. Zerrenda honek ere garrantzi handia dauka, mehatxatuta dauden espezieen IUCN zerrenda gorriak erabiltzen duelako eta nazioarteko legedi eta kontserbazio-hitzarmen askotan erreferentziazko zerrenda delako.
- Howard & Moore Complete Checklist of the Birds of the World. Hauxe izan zen munduko hegazti guztiak liburu bakarrean biltzeko lehenengo saiakeretako bat, 1980. urtean, eta bere garaian garrantzi handia izan zuen. Hala ere, 2014an eguneratu zen azkenengoz eta azkenaldian indarra galdu du eta erdi-utzita dago. AviList proiektuan ere ez dira sartu.
Zerrenda global bateratu bakarrerantz (2018-2025): AviList
Kaosaren garaiak utzitako ondorioak, beraz, nabarmenak izan dira azken urteotan. Nahasmena handia izan da ornitologo, txorizale eta zientzilarientzat. Desadostasun horiek arazoak sortzen zituten hegaztiak babesteko legedietan, ikerlarien arteko datu-trukaketetan zehaztasun falta zegoen, taxonomia-eztabaidak etengabeak ziren... Azken batean, egoera horrek saltsa handia sortzen zuen ornitologiaren inguruko alor guztietan, dela ikerketan, dela dibulgazioan, dela kontserbazio-lanetan.
Adibide bat ematearren, eguneko harraparien artean espezieen %32an desberdintasunen bat zegoen munduko 4 zerrenda nagusien artean. Ez zen, beraz, ahuntzaren gauerdiko eztula. Hegazti guztiak kontuan hartuta, 1500-2000 espezie inguru ziren zerrenda batetik bestera aldatzen zirenak.
Ondorio nabariena datuak trukatzeko orduan sortzen zen. GenBank DNA-bankuan datuak partekatzean (DNA sekuentzien nazioarteko errepositorioa), adibidez, inkongruentzia taxonomikoak azaleratzen direlako, ikerketa zientifikoen emaitzen azterketa eta interpretazioa zalantzan jarriz. Edota sarean aurkituko ditugun datu-base erraldoien arteko datu-trukaketa eta emaitzen interpretazioa izugarri zailduz, dela GBif, eBird, Macaulay Library, Xeno-canto, iNaturalist eta beste horrenbeste.
Egoera horretaz jabeturik, mundu mailako eragile nagusiek batzar garrantzitsu bat izan zuten 2018an Vancouverren eta erabaki zuten behar-beharrezkoa zela munduko hegazti guztien zerrenda adostu eta bateratu bakarra izatea, eta horretarako sortu zuten Working Groups Avian Checklist (WGAC) lantaldea. Lehenengo urratsak nekesak eta mantsoak izan ziren, baina 2020az geroztik bilerak eta koordinazio-lana arindu egin dira eta horrelaxe sortu da AviList, munduko hegazti guztien zerrenda bateratu eta bakarra.
Orain arte nahiko ixilpean eramandako lanak argia ikusi du 2025eko ekainaren 11an, informazio guztia AviList.org webgunean argitaratu dutenean, batez ere Munduko hegaztien zerrenda bateratu hori. Horrekin batera, prozesuaren inguruko informazio orokorra, aurkezpen-bideoa eta beste zenbait atal ere zabaldu dituzte, eta iragarri dute lantaldean hartutako erabaki guztien txostenak eta bozketen emaitzak ere online ipiniko dituztela udazkenetik aurrera, gardentasun osoz.
Emaitza ez ezik, prozesua bera ere izugarri gustatu zait: elkarlana eta adostasuna bilatzea, komunitate osoaren onerako diren irizpide argiak ezarri eta plazaratzea, egindako lana gardentasunez aurkeztea...
Horregatik guztiagatik, erreferentziazko lana izango da AviList hau, munduko beste bizidun-talde batzuetan ere aplikatzeko modukoa. Izan ere, hegaztien kasuan nolabaiteko anabasa bazegoen, sakonen ikertutako animalia-taldea izanda... zer ez dago ugaztunen, arrainen, anfibioen eta narrastien kasuan!?!? (ornogabeak ez aipatzearren!).
Eta neurri batean, gure intereseko gaietara ekarrita... munduko hegaztien euskarazko izenak finkatzeko orduan ere, AviList zerrendarako erabili diren metodologia eta irizpideetako asko ere oso baliagarri izan dakizkiguke. Behin urrats bat emanda, goazen hurrengoak luzatzera!
................
Argazkia: Richard Crossley, CC BY-SA 3.0, Wikipedia.