Beltxarga oihularia (C. cygnus), Artikoko ezohiko bisitaria Txingudin
Beltxarga arruntak (Cygnus olor) ezagunak dira denontzat, besteak beste gure hiriburuetako parke eta lorategietan ere ikus ditzakegula aske, gizakiak askatuta. Bestelakoa da, ostera, egunotan Txingudiko Plaiaundin ikusi dezakegun beltxarga espeziea: beltxarga oihularia (C. cygnus).
Eurasia iparraldean kumatzen den hegaztia da, Groenlandia eta Islandian hasi eta Siberiaraino. Neguan hegorantz egiten du, Kaspiora, Itsaso Beltzera, Mediterraneoko eremu zehatz batzuetara... eta, Europa mendebaldeari dagokionez, Norvegia eta Herbereen arteko kostaldera.
Ale gehienek nekez egiten dute hegorago, baina urtero ikusten da bikoteren bat edo beste Kantauri itsasoko lurraldeetan, batez ere Galizian. Euskal Herrian, aldiz, nahiko ezohikoa da. 2012ko maiatzean ale bat izan genuen Pitillasko urtegian (Nafarroa Garaia); 2022ko azaro-abenduan bikote bat Gixunen (Lapurdi); eta 2023ko abenduan beste ale bakarti bat Urdaibain (Bizkaia).
Oraingo honetan Gipuzkoako Txingudira heldu ziren 2 ale urriaren 27an (Josetxo Esparciak aurkitu zituen). Euretako bat, zoritxarrez, handik gutxira hil zen, baina besteak Txingudin jarraitzen du.
Asteburuan ikusi ahal izan dugu, euripean, ur gezako aintziran elikatzen. Ustez, behintzat, itxura onarekin. Espezie honen ohiturak ezagututa, ez litzateke arraroa zenbait egunez gure artean jarraitzea.
Animalia ederra, adiera guztietan. Arrek 1,65 m altuera har dezakete, 11-12 kiloko pixua eta 2 metrotik gorako hego-zabalera. Zuri-zuriak dira eta mokoaren oinarria hori-horia da, punta beltzarekin.
Beltxarga oihularia (Cygnus cygnus)
