"Esa cosa con plumas" (Noah Stryker) eta "Los sentidos de las aves" (Tom Birckhead)
"Esa cosa con plumas", Noah Stryker (Capitán Swing, 2025)
Kosta egin zaigu konturatu eta ulertzea, baina gero eta nabarmenagoa da hegaztiak ugaztunak bezain argiak (edo gehiago) direla, euren gaitasunak desberdinak diren arren. Stryckerrek polito kontatzen ditu hegaztien munduan duela gutxira arte guretzat ezkutuan zeuden zenbait ezaugari.
Izenburua Emily Dickinsonen poema batetik hartua da; itxaropenarekin parekatzen dituen txorien metafora.
Hope is the thing with feathers
That perches in the soul
Aukeran, beharbada, gehiago gustatu zitzaidan 'The genius of birds' (J. Ackerman) liburua. Stryckerrek etengabe alderatzen ditu hegaztien gaitasun "berezi" horiek gizakion antzekoekin. Ikuspegi antropozentriko hori traba txikia izan da tarteka liburua irakurtzen ari nintzen bitartean. Ackermanek justu kontrakoa egiten baitu, hegaztien berezitasun hori jarri erdigunean eta gaitasun horiek ulertzeko gizakiok dugun muga azpimarratu.
Baina eske Ackermanena oso ona da! ;) ...baina tira, Stryckerrena ere interesgarria da, eta kontuan izan behar da 27 urte eskasekin idatzi zuela.
Noah Strycker (1986) ornitologo, idazle eta argazkilari estatubatuar ospetsua da. 2015. urtean egin zen txorizale gehienon artean ezagun, urte guztia hegaztiak ikusten igaro baitzuen ('Big Year' edo Urte Handia esaten dena): zazpi kontinenteak zeharkatu zituen eta, 41 herrialde bisitatu ostean, 6.042 hegazti espezie ezberdin ikustea lortu zuen, munduko errekorra ezarriz (munduan 11.000 txori-espezie inguru daude). Bere dibulgazio-lanak ere ezagunak dira, hemen aipatu dudan 'The Thing with Feathers' hau ez ezik, baita 'Birding Without Borders' arrakastatsua ere (bere Urte Handiaren laburpena da). Horrez gain, pinguinoen ikerketan aditua da eta espedizioak gidatzen ditu Antartikan eta Artikoko eskualdeetan.
.....................
"Los sentidos de las aves", Tom Birckhead (Capitan Swing, 2012)
Tim Birkheaden "Bird Sense: What It's Like to Be a Bird" (2012) saiakera zientifikoak hegaztien mundu sentsoriala aztertzen du, biologia eta historia naturala uztartuz. Gaztelaniazko edizioa irakurri dut nik, "Los sentidos de la aves".
Tim Birkhead (1950) ornitologiaren dibulgatzaile handienetako bat da, Sheffield-eko Unibertsitateko irakasle emeritua eta Royal Society-ko kidea. Bere ibilbidean, zientziaren zorroztasuna eta kontakizunaren xarma uztartu ditu, hegaztien portaera eta, batez ere, beraien ugalketa-estrategiak aztertuz. Ikerlari gisa, bizitza osoa eskaini die Galesko Skomer uharteko pottorroen segimenduari. Baina Birkhead ez da soilik ikerlaria, dibulgazio zientifikoan eta kontserbazioan ere nabarmendu baita azkenaldian. Bird Sense edo The Most Perfect Thing bezalako lanekin, txorien mundu sentsorial konplexua helarazi dio publiko zabalari.
Lehenengo liburu hori irakurri dut azkenaldian, gustura irakurri ere. Zorroztasun eta sakontasun zientifikoa oso modu ulergarrian kontatzeko gaitasuna dauka Birkheadek eta dibulgazio lan bikaina egin du. Azpimarragarriena, nire ustez, zera da, Birkheaden gaitasuna gizakiaren mugetatik haratago joateko. Hau da, hegaztiek mundua nola ikusten, entzuten, ukitzen eta usaintzen duten azaltzen du, gizakion hain ezberdinak diren hegaztien zentzumenak bikain azalduz eta guretzat ikusezinak diren dimentsioak deskribatuz.
Gainera, liburuak duela gutxira arte sinesten genituen mitoak ere hausten ditu. Besteak beste, hegaztien usaimen faltari edo magnetismoaren bidezko orientazioari buruzko sinesmen okerrak argitzen ditu, azken urteotako ikerketen emaitzak plazaratuta.
Zenbait pasartetan, anatomiaren edo neurobiologiaren azalpenak trinkoegiak suerta daitezke gaiari buruzko aldez aurreko ezagutzarik ez duen irakurlearentzat. Eta, tarteka, hegaztiak "sentitzen" duena deskribatzean, batzuetan gizakion emozioetara gehiegi gerturatzeko joera ere egon liteke, baina esango nuke egilea ohartzen dela eta antropozentrismo hori "orekatzen" saiatzen dela.
Oro har, hegaztien mundura gerturatzeko eta hegaztien zentzumenak ezagutzeko liburu aproposa da Tim Birkheaden "Bird Sense: What It's Like to Be a Bird" (2012) saiakera zientifikoa.
Baina, hala ere, gorago aipatu bezala, kasu honetan ere Ackermanen "The genius of birds" lanarekin geratzen naiz ;))
