Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibar inguruko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2015-2025

Eibar inguruko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2015-2025

Asier Sarasua 2025/07/17 15:55
2025eko udaberrian SACRE programan eta Eibarren jasotako datuen laburpena, 10 urteko (2015-2025) datu-segida historiko eta laburpenarekin batera.
Eibar inguruko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2015-2025

Birigarroa

Hegazti habiagileen jarraipen-programa da SACRE (Seguimiento de Aves Comunes Reproductoras), Espainia mailan SEO erakundeak kudeatua. Duela 10 urtetik hartzen dut parte, Eibar inguruko eremuaren jarraipena eginez (besteak beste, aurretik blog honetan 20182019 eta 2023 urteetako datuak, adibiderako).

Neguko hegaztien behaketa-programa SACIN deitzen da, eta hegazti habiagileen udako behaketa-programak, berriz, SACRE. Beste jarraipen-programa eta Atlas proiektu zehatz eta sakonagoak ere badira, jakina, Euskadiko hegazti habiagileekin egin genuena, esate baterako, irudi zehatzagoa ematen dutenak; baina SACRE eta SACIN ere eraginkorrak dira, besteak beste, metodologia erraz samarrarekin eta esfortzu txikiarekin, gure inguruan bizi diren espezie arruntenen jarraipen historikoa egiteko eta populazioen dinamika orokorra behatzeko. 

Jarraipen-programa bakoitzak bere metodologia darabil. SACREri dagokionez, behatzaileok aurrez zehaztutako 10*10 km-ko lauki bat aukeratu behar dugu (nire kasuan Gipuzkoako WN4080 laukia, Eibar-Elgoibar-Etxebarri hartzen dituena) eta 20 behaketa-puntu zehaztu behar dira (irizpide zientifiko eta metodologiko batzuk jarraituz). Ondoren, urtero ibilbide berdina egin behar da, 20 puntu horietako bakoitzean 5 minutu geratuz eta ikusten eta entzuten diren hegazti guztiak zenbatuz (espezieak eta kopuruak).

SACRE 2023, txantxangorria

Txantxangorria (Erithacus rubecula).

 

SACRE segida historikoa, WN4080 (Eibar-Etxebarri-Elgoibar) 2015-2025

Behatzaile bakar batek toki jakin batean behatutako espezieak ez dira ezeren adierazgarri. Horretarako hartzen dira ehundaka lagunen datuak hogeitaka urtean, eta horiekin bai azter daitezke joerak

Baina tira, 10 urteko segida batek ematen digu, gutxienez, Eibar - Markina - Etxebarri - Elgoibar ingurumari honetako espezie nagusiak zeintzuk diren (Markina-Xemein oso zeharka ukitzen dut). 2015ean hasitako ibilibide honetan guztira 70 espezie desberdin identifikatu ditugu (ikus azpiko taula) eta horietako 15 hauek dira 100 ale baino gehiago zenbatu dituztenak; lasai asko esan liteke gure inguruko udako espezierik arruntenak direna: sorbeltz arrunta, etxe-txolarreabasahatea, zozoa, txepetxa, etxe-usoa, txonta, belabeltza, txantxangorria, uhalde-enara, kardantxiloa, enara ipurtzuria, txinbo kaskabeltza, kaskabeltz handia, txio iberiarra.

Espezie forestalak edota eskaera anbiental gutxikoak dira gehienak, eta bestela, herriguneei lotutakoak (sorbeltzak, txolarreak, usoak, basahateak, enarak...).

Bestalde, 9 espezie behin bakarrik ikusi ditut eta, horietako batzuk, behintzat, esango nuke ez direla WN4080 eremu honetan kumatzen, pasean ikusi ditudala, kasualitatez: liztorjale eurasiarra, miru gorriagabiraia, zuhaitz-belatza, kuliska txikia, lepitzulia, pitxartxar nabarra, baso-txinboa eta okil beltza.

Azken hori, okil beltza, izan da 2025eko izarra, duda barik. Lehenago ere behatu izan dugu Eibar alde honetan, inoiz Galdaramiñon, inoiz Arrate inguruan... baina aurtengoa izan da SACRE programan agertu den lehenengo urtea, azkenaldian Euskal Herrian izan duen zabalkunde nabarmenaren ondorio. Kasu honetan, esango nuke bikoteren batek dagoeneko baduela habia gure eskualdean.

Okil beltzaren (Dryocopus martius) hedatze ikusgarria Euskal Herrian, Eibarrera heldu arte!

Okil beltza (Dryocopus martius).

Eta hona hemen 10 urteko segidaren laburpena. 

ESPEZIEA 2015 2016 2017 2018 2019 2022 2023 2024* 2025 GUZTIRA
Koartza hauskara 0 0 0 0 0 1 3 1 1 6
Ahate musketaduna 0 0 0 0 0 1 2 0 0 3
Basahatea 34 41 74 55 34 49 78 26 58 449
Liztorjale eurasiarra 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Miru beltza 0 0 2 0 0 0 2 0 2 6
Miru gorria 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Sai arrea 8 3 6 10 5 15 4 0 21 72
Gabiraia 0 0 1 0 0 0 0 0 0 1
Zapelatza 2 3 3 3 5 2 4 1 2 25
Arrano txikia 0 0 0 2 0 1 0 0 2 5
Belatz gorria 0 0 0 0 0 1 0 0 1 2
Zuhaitz-belatza 0 0 0 0 0 0 0 0 1 1
Uroiloa 3 4 3 2 1 1 5 3 1 23
Kuliska txikia 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Kaio hankahoria 1 0 6 2 0 1 1 0 1 12
Etxe-usoa 26 69 32 45 39 42 26 6 21 306
Pagausoa 3 0 0 4 3 2 12 0 5 29
Usapal turkiarra 6 10 8 7 7 2 3 0 1 44
Kuku eurasiarra 4 2 3 2 3 0 2 0 0 16
Sorbeltz arrunta 87 191 105 121 155 89 244 38 182 1212
Lepitzulia 0 0 0 0 0 0 0 1 0 1
Okil berde iberiarra 3 2 5 4 3 7 3 1 1 29
Okil beltza 0 0 0 0 0 0 0 0 1 1
Okil handia 1 0 1 0 2 2 0 0 1 7
Uhalde-enara 0 31 20 12 28 25 42 4 27 189
Haitz-enara 3 0 0 0 0 0 1 0 1 5
Enara arrunta 4 5 7 0 9 13 2 5 14 59
Enara ipurtzuria 14 19 16 24 15 17 23 10 26 164
Uda-txirta 6 5 1 1 0 1 1 0 3 18
Buztanikara horia 4 7 6 2 4 17 9 6 7 62
Buztanikara zuria 10 7 6 5 4 9 16 6 9 72
Ur-zozoa 0 2 0 0 1 0 0 0 0 3
Txepetxa 29 38 38 46 39 38 35 16 30 309
Txantxangorria 18 18 17 30 25 22 19 17 33 199
Buztangorri iluna 8 7 5 19 15 12 13 9 12 100
Pitxartxar nabarra 0 0 0 0 0 0 1 0 0 1
Pitxartxar burubeltza 0 4 5 3 3 0 6 1 5 27
Zozoa 45 37 37 49 35 53 68 15 59 398
Birigarroa 9 8 13 5 12 19 8 5 12 91
Garraztarroa 0 1 1 0 0 0 0 0 0 2
Errekatxindorra 0 0 0 0 2 0 2 2 0 6
Sasi-txoria 3 0 1 3 3 1 1 1 1 14
Txinbo kaskabeltza 0 19 18 6 13 24 30 12 30 152
Baso-txinboa 0 0 0 1 0 0 0 0 0 1
Txio iberiarra 14 16 11 13 15 9 13 1 9 101
Erregetxo bekainzuria 3 5 5 5 2 11 7 1 10 49
Euli-txori grisa 2 1 1 0 2 1 0 0 3 10
Euli-txori beltza 0 2 0 0 0 0 0 0 0 2
Buztanluzea 0 3 2 2 0 0 0 0 0 7
Kaskabeltz txikia 0 0 0 0 0 2 0 0 0 2
Amilotx mottoduna 3 2 0 0 0 0 0 0 0 5
Pinu-kaskabeltza 1 1 2 1 1 1 0 1 1 9
Amilotx urdina 0 2 0 1 0 1 0 0 5 9
Kaskabeltz handia 13 18 17 25 11 13 11 5 12 125
Garrapoa 1 0 0 0 1 3 0 0 3 8
Gerri-txoria 4 5 3 4 5 4 7 2 7 41
Antzandobi arrunta 1 3 0 3 1 1 2 2 0 13
Eskinosoa 2 2 0 2 2 0 4 0 1 13
Mika 0 0 0 1 2 3 1 1 9 17
Belabeltza 31 32 41 26 36 36 27 12 34 275
Erroia 0 0 1 0 0 0 0 0 2 3
Arabazozo pikarta 0 0 0 0 0 2 0 0 0 2
Etxe-txolarrea 29 39 43 29 60 103 110 76 144 633
Txonta 36 37 42 39 48 23 43 12 20 300
Txirriskila 21 10 8 5 11 17 4 4 2 82
Txorrua 0 0 1 3 2 4 12 2 8 32
Kardantxiloa 18 25 23 12 22 33 19 4 12 168
Txoka 0 3 0 0 1 0 0 0 0 4
Gailupa 2 0 3 1 1 1 1 0 2 11
Hesi-berdantza 0 0 0 0 0 1 0 0 1 2
ALE KOPURUA 512 739 643 635 688 736 930 309 856 6048
SP. KOPURUA 42 43 44 45 48 48 35 51 70

 * 2024an bisitaldi bakarra egin ahal izan nuen.

Esan bezala, 70 espezie dira guztira (6.048 txori). Horrek ez du esan nahi espezie gehiago ez denik bizi gure eskualdean, baizik eta metodologia, behaketa-puntu eta data hauetan zaila dela aurkitzea, besteak beste gautar guztiak (hontz zuria, urubia, zata...), eta habitat zehatzagoetan bizi diren beste zenbait, esate baterako etze-txinboa (Kalamuako magalean aurki daiteke, baina SACRE programan ez gara bertatik pasatzen).

Taulan ikusten den beste kontu bat dabehatutako espezie eta ale kopuruak pixkat bat gora egin duela urteekin. Ziur nago horrek ez duela adierazten WN4080 lauki honetako txoriak ugaritu egin direnik, baizik eta hegaztien kantuak identifikatzeko nire gaitasuna handitu egin dela azken 10 urteotan eta horrexek eragin duela irteera bakoitzean detektatu eta identifikatutako espezie-kopurua apur bat handitzea. 

Sai arrea

Sai arreak (Gyps fulvus) ez du habiarik egiten gure eskualdean, baina sarri ikusten dira Urkiola aldetik etorritako aleak.

Bukatzeko, hemen 2025eko maiatzean eta ekaina hasieran egin ditudan aurtengo 2 bisitaldietan WN4080 laukiko 20 behaketa-puntuetan ikusi/entzun ditudan espezieak eta ale kopuruak. 

  • Koartza hauskara 1
  • Basahatea 58
  • Miru beltza 2
  • Sai arrea 21
  • Zapelatza 2
  • Arrano txikia 2
  • Belatz gorria 1
  • Zuhaitz-belatza 1
  • Uroiloa 1
  • Kaio hankahoria 1
  • Etxe-usoa 21
  • Pagausoa 5
  • Usapal turkiarra 1
  • Sorbeltz arrunta 182
  • Okil berde iberiarra  1
  • Okil beltza 1
  • Okil handia  1
  • Uhalde-enara 27
  • Haitz-enara 1
  • Enara arrunta 14
  • Enara ipurtzuria  26
  • Uda-txirta 3
  • Buztanikara horia 7
  • Buztanikara zuria 9
  • Txepetxa 30
  • Txantxangorria 33
  • Buztangorri iluna 12
  • Pitxartxar burubeltza 5
  • Zozoa 59
  • Birigarroa 12
  • Sasi-txoria 1
  • Txinbo kaskabeltza 30
  • Txio iberiarra 9
  • Erregetxo bekainzuria 10
  • Euli-txori grisa  3
  • Pinu-kaskabeltza 1
  • Amilotx urdina 5
  • Kaskabeltz handia 12
  • Garrapoa 3
  • Gerri-txoria 7
  • Eskinosoa 1
  • Mika 9
  • Belabeltza 34
  • Erroia 2
  • Etxe-txolarrea 144
  • Txonta 20
  • Txirriskila 2
  • Txorrua 8
  • Kardantxiloa 12
  • Gailupa 2
  • Hesi-berdantza 1


Okil handia

Okil handia (Dendrocopos major).

etiketak: sacre, natura, hegaztiak, txoriak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz