"La sabiduría de los buhos", Jennifer Ackerman (Ariel, 2024): hontzen sekretuak argitara
Jennifer Ackermanen "La sabiduría de los búhos" (jatorrizkoan, What an Owl Knows) liburuak lehendik blog honetan aipatu izan ditudan beste liburu batzuen bideari jarraitzen dio, hegaztien zentzumen, fisiologia eta etologiaren inguruko azterketa sakona eginez.
Besteak beste, "The genius of birds" (Ackerman, 2017) eta "Los sentidos de las aves" (Tom Birckhead, 2012) aipatu izan ditut azkenaldian. Kasu honetan begirada hontz eta mozoloen familian jarri du Nebraskan jaiotako ikerlariak (Omaha, 1959). Ackermanenen libururen bat irakurri baduzu, ezagutuko duzu bere estilo zorrotz eta pertsonala. Bere lanak zientifikoak dira, sakonak, zorrotzak, datuz beteak... baina baita dibulgaziorako gaitasun handikoak ere, ikutu poetikoekin eta hunkituko gaituzten pasarteekin.
Lan honetan, besteak beste, hontzen super-botere sentsorialak aipatzen ditu Ackermanek xehetasun harrigarriz. Badakizu hontzek entzumen asimetrikoa dutela soinuaren jatorria milimetroko zehaztasunez kokatzeko? Eta zer esan haien hegaldi isilaz edo burua 270 gradu biratzeko gaitasun horretaz? Benetako mirari anatomikoak dira.
Baina hontzak ez dira makina hutsak. Ackermanek hontzen ahalmen biologiko eta sentsorialez gain, haien portaera soziala, bikote-lotura sendoak eta jolasteko duten gogoa ere aztertzen du.
Gainera, 2023. urtean idatzitako lan honetan punta-puntako teknologiarekin jasotako azken-azken datuak ere eskaintzen ditu idazleak (GPS bidezko jarraipenak, mikrofono ultra-sentikorrak...), orain arteko uste asko ustel samar geratu direla azpimarratuz.
Jennifer Ackermani "hegaztien biografo" deitu ohi zaio, eta titulu hori ondo merezia duela erakusten du hemen ere. Liburu hau ez da soilik ornitologoentzat; gogoeta sakona da izaki bizidun bakoitzak bere ingurunea nola eraikitzen duen ulertzeko. Irakurketa atsegina da, eta hunkitu egiten du naturaren sofistikazioaren aurrean.
Liburua amaitzean, zaila da gaueko isiltasuna lehen bezala entzutea. Hurrengoan hontz baten ulu urruna entzuten duzunean, ziur aski ez duzu hegazti soil bat irudikatuko, baizik eta iluntasunean zelatan dagoen adimen dotore eta sentikor bat.
