La Mesa (427 m, Ablitas), Euskal Herriko azkenengo mendia... edo lehenengoa!
Euskal Herriko muga-mugan dago La Mesa mendia (Ablitas, 427 m). Nafarroa Garaiko hego muturrean kokatutako mendia, beraz, Erresuma zaharraren mugan eta Moncayo tzarraren parean. Euskaldunon azkenengo mendia, hartara, edo lehenengoa, jakina!
Bere 427 metro xumeekin ez da larregi nabarmentzen inguruko parajeen artean, baina Tutera eta Ablitas arteko lautadan erraz aurkituko dugu tontor txiki hau. Peñadil, Montecillo eta Monterrey naturgunearen atea ere bada, Euskal herrian dugun paraje berezi eta zaurgarrienetakoa, eta horregatik saiatzen gara urtero-urtero bisitalditxo bat egiten Erriberako ingurumari eder honetara. Aurten ere hantxe izan gara, asteburu pasa.
Urteko edozein sasoi da egokia Bardea eta Nafarroako Erribera bisitatzeko, baina beharbada negu amaiera hau da gehien gustatzen zaidana, udaberri hasierarekin batera. Besteak beste, hegaztiak behatzeko garai ona delako eta tenperatura ere, nire gustukoa ;)
Sasoi honetan koloretsu ere aurkituko dugu Erribera, laboreak berde eta zuhaitzak loratzen.
La Mesa, Ablitas (427 m) eta Peñadil naturgunea
Lehen begiratuan paraje idor, elkor eta mortua ematen du Ablitas inguruan zabaltzen den mendi-alde txiki honek. Ordoki ixil eta txiroa dirudi, baina Euskal Herriko ekosistemarik interesgarrienetakoa aurkituko dugu bertan, estepa inguru hauetara izugarri ondo egokitutako animalia eta landarez betea, besteak beste estepetako hegazti talde interesgarria. Horregatik dago legez babestuta, Peñadil, Montecillo eta Monterrey izeneko naturgune hau.
Gipuzkoar honentzat, beti da zirraragarria paraje haietan ibiltzea, guretzat ezohikoak diren flora, soinu, geologia eta usainak aditzea, eta urtean zehar oso bakan ikusten ditugun txori-espeziek behatzea.
Oraingoan ere, hantxe aurkitu ditugu makinatxo bat harrapari (arrano beltzak, miru gorri eta beltzak, zingira-mirotzak eta mirotz zuriak, aztore, gabirai eta belatzak...), milaka alaudido (kutturlio, kalandria, pirripio zein hegatxabalak), buztanzuri iluna bezalako leku idorretako espezie tipikoak eta beste dozenaka espezie.
Falta ere bai, e? Batez ere, inguru horretako harribitxia den Dupont hegatxabala (Chersophilus duponti). Euskal Herrian oso-oso bakana den espeziea, baina Ablitas bueltan zorte pixkatekin erraz samar beha daitekeena. Eta ikusi ez bada, bere kantu bakan eta bereizgarria ozen entzun goizeko lehenengo orduan. Esperientzia osoagorik! Baina oso haizetsu harrapatu gintuen zapatu goizak eta han ez zitzaigun agertu Dupont hegatxabalik. Hurrengorako aitzakia!
La Mesa (427 m), Ablitasen. Euskal Herriko azkenengo mendia; edo lehenengoa, hegoalderen dagoena, bederen.
Arrano beltz gaztea (Aquila chrysaetos), La Mesa tontorrean. 60 sai arre, miru beltz eta gorriak pasean, gabiraia, erroiak... polito zegoen bere ingurua.
Zingira-mirotz eurasiar arra (Circus aeruginosus), Ablitasen.
Goiza Ablitas inguruan igaro ondoren, arratsaldean Bardeara joan ginen. Ohiko ibilbide nagusitik pixkat aterata erraza da paraje honetan etze-txinboak, ezkai-txinboak, buztanzuri ilunak, belatxinga mokogorriak eta beste makinatxo bat txori-espezie behatzea.
Buztanzuri iluna (Oenenthe leucura), Euskal Herrian bakarrik paraje honetan aurkituko dugu, leku idorretako bizilaguna baita.
Leku ezagun eta deigarri bat bada Bardean, horixe dugu Castildetierra.

Bardean aurkitzen diren etxola tipikoetakoa. Garai batean hara-hona zebiltzan artzainen babesleku, gaur egun gehienak hutsik eta lagata.
Ilatargia (eta sai arrea) Erriberako iluntzean.
Gari-berdantza (Emberiza callandra). Garai honetan talde handitan ikusi daiteke oraindik. Dozenaka ikusi ditugu, beti bezain zalapartari.
Balsa de las Cortinas, Bardean. Aurtengo eurite ugariek eragina izan dute eta bete-bete zegoen. Zingira-mirotz eta zingira-berdantzekin batera, migrazioan zebiltzan 30 buztanikara zuri eta 2 txirritxo txiki ere aurkitu genituen, besteak beste, potzu honen inguruan.
Txio arrunta (Phylloscopus collybita). Txiki hauek migrazioan daude eta martxo-apirilean dozenaka pilatzen dira atseden hartzeko aurkitzen dituzten tokietan, besteak beste putzu, urmael eta antzekoetan.
Dos Reinos aintzira eta Pitillasko urmalea
Igandea pare bat hezegune bisitatzeko aprobetxatu genuen. Lehenengoa Figarolen (Zarrakaztelu) dagoen Dos Reinos aintzira izan zen. Francoren garaian jaio zen Figarol herrixka; nekazaritza-lurrak uztiatzeko sortu zen kolonizazio-herri txiki hau. Bertako biztanleei aisialdirako toki bat eskaintze aldera, herri alboan aintziratxo bat sortzea otu zitzaien eta horrela sortu zen aintzira artifizial hau. Berehala naturalizatu zen eta 80. hamarkadatik legez babestuta dago eta Euskal Herrian daukagun hezegunerik garrantzitsu eta interesgarrienetakoa da, neurri txikikoa izan arren.
Dos Reinos aintzira. Ohiko espezieez gain (zertzetak, ipar-ahateak, ubarroiak, mirotzak, koartzak...), 5 flamenko gazte, 2 paita arrunt eta 6 borrokalari ere aurkitu genituen bertan. Eta aintzira bueltan, landa-txolarreak, txirriskilak, gari-berdantzak, zingira-berdantzak, eta abar.
Kurrilo talde txikiak ere pasean aritu ziren ordubetez, 600 ale barrena.
Kurriloak (Grus grus) pasean.
Kurriloa (Grus grus) pasean.
Baina Dos Reinosen izarrik bada, tximutxak eta dilindariak aipatuko nituzke. Hezegune berezi batzuetara oso lotutako espezieak dira Euskal Herrian (gehienbat tximutxa), eta Dos Reinos ingurua da txori hauek behatzeko tokirik onenetakoa, Nafarroako Pitillasekin eta Arabako Guardiarekin batera.
Oraingoan ere halaxe izan zen eta ate ondoko behatoki pare-parean pilatu zitzaizkigun tximutx eta dilindari aldra txiki pare bat gure gozamenerako. Txori dotoreak dira gero!
Tximutx arra (Panurus biarmicus).
Tximutx emea (Panurus biarmicus).
Dilindaria (Remiz pendulinus).
Eta dilindari eta tximutxen argazkiekin kamerako txartela goraino bete ondoren, kotxea hartu eta gorantz egin genuen, Santacara atzean utzi eta Pitillaserino.
Pitillasko urmaela edo aintzira euri-urez betetzen den aintzira endorreikoa da. Zabala da, 216 hektarea ditu, eta Ramsar zein Natura 2000 zerrendetan dago kataloguta. Esango nuke Euskal Herri barrualdeko urmaelik garrantzitsuena dela. Gainera, aurten egin duen euri guztiari esker, gutxitan bezala dago hezegunea, go-goraino, eta bizitzaz lepo.
Antzandobiak, eperrak, hegaberak, murgilariak, murgilak, antzarak, mirotzak, mozoloak, harkaitz-txolarreak, arabazozoak, belatxingak, kuliska ilunak... zer ez zegoen Pitillasen! ;)
Pitillasko behatokia. Asteburuetan irekita egoten da eta behatoki egokia da ikuspegi orokorra izateko.
Eper gorria (Alectoris rufa). Euskal Herri idorrean nahiko ohikoa den hegaztia, ikus-entzuteko ere erraz samarra, baina argazkiak ateratzeko ez horrenbeste! Belaunaldi luzez jazarri du gizakiak eta beldur instintiboa digu, eta gu ikusi bezain azkar, hanka egingo du arin, hegazka zein aintxitxiketan.
Asteburuan ikusi genuen azkenengo hegaztia izan zen mozolo arrunt (Athene noctua) hau. Gizakiak utzitako harrizko eraikinei oso lotutako espeziea da. Han-hemen ikusi genituen etxola guztiak miatu ondoren, Pitillas alboan eroritako txabola baten babesean aurkitu genuen. Urrundik argazkitxo batzuk atera eta hantxe utzi genuen, bera ehizan hasteko prest eta gu etxerako bidean.
Asteburupasa ederra akitzeko kindda hoberik!
Erriberan behatutako hegaztien zerrenda
Bukatzeko, hemen asteburuan zehar ikusitako (tira, identifikatu eta zenbatutako) 98 espezieen eta 4981 txorien zerrenda. Beti bezala, eBird aplikazioari esker jaso eta gordetako datuak.
- Antzara hankagorrizta: 2
- Beltxarga arrunta: 61
- Paita arrunta: 7
- Ahate mokozabal zuria: 332
- Ipar-ahatea: 42
- Ahate txistulari eurasiarra: 2
- Basahatea: 175
- Zertzeta arrunta: 225
- Ahate gorrizta: 2
- Murgilari arrunta: 180
- Murgilari mottoduna: 4
- Eper gorria: 11
- Haitz-usoa: 1
- Pagausoa: 6
- Usapal turkiarra: 1
- Uroilanda handia: 5
- Uroilo arrunta: 6
- Kopetazuri arrunta: 825
- Kurrilo arrunta: 615
- Txirritxo txikia: 4
- Hegabera eurasiarra: 92
- Istingor arrunta: 3
- Kuliska iluna: 5
- Borrokalaria: 72
- Txirri arrunta: 5
- Antxeta mokogorria: 45
- Kaio hankahoria: 1
- Flamenko handia: 5
- Txilinporta txikia: 11
- Murgil mottoduna: 4
- Txilinporta lepabeltza: 8
- Zikoina zuria: 67
- Ubarroi handia: 6
- Mokozabal zuria: 1
- Koartzatxo txikia: 5
- Koartzatxo itzaina: 7
- Koartza zuria: 1
- Koartza hauskara: 18
- Sai arrea: 212
- Arrano beltza: 2
- Gabirai arrunta: 2
- Aztore eurasiarra: 1
- Zingira-mirotz eurasiarra: 33
- Mirotz zuri eurasiarra: 3
- Miru gorria: 18
- Miru beltza: 34
- Zapelatz arrunta: 5
- Mozolo arrunta: 1
- Argi-oilar arrunta: 6
- Belatz gorria: 7
- Antzandobi handi iberiarra: 4
- Mika arrunta: 24
- Belatxinga mokogorria: 94
- Belatxiki arrunta: 3
- Belabeltza: 5
- Erroi handia: 2
- Amilotx urdin europarra: 1
- Kaskabeltz handia: 5
- Dilindari eurasiarra: 6
- Pirripioa: 5
- Hegatxabal arrunta: 71
- Kutturlio mokolaburra: 33
- Kutturlio arrunta: 53
- Kalandria eurasiarra: 207
- Txoriandre pispoleta mediterraneoa: 4
- Tximutxa: 8
- Ihi-txoria: 39
- Haitz-enara eurasiarra: 2
- Enara arrunta: 4
- Txio arrunta: 75
- Errekatxindor eurasiarra: 19
- Txinbo kaskabeltza: 1
- Txinbo burubeltza: 1
- Etze-txinboa: 6
- Leiotrix mokogorria: 2
- Erregetxo bekainzuria: 2
- Arabazozo pikarta: 10
- Arabazozo beltza: 42
- Zozo arrunta: 5
- Txantxangorria: 4
- Buztangorri iluna: 5
- Pitxartxar burubeltza: 10
- Buztanzuri beltza: 3
- Etxe-txolarrea: 407
- Txolarre iluna: 6
- Landa-txolarrea: 7
- Harkaitz-txolarre arrunta: 1
- Buztanikara zuria: 50
- Negu-txirta: 9
- Mendi-txirta: 7
- Txonta arrunta: 9
- Txorru arrunta: 1
- Txoka arrunta: 279
- Kardantxiloa: 37
- Txirriskila arrunta: 3
- Gari-berdantza: 199
- Hesi-berdantza: 1
- Zingira-berdantza eurasiarra: 24
