EibarOrg blog-komunitateak 20 urte bete ditu!
2004ko uztailean ipini genuen martxan Euskal Herriko lehenengo Blog komunitatea izan zena, https://eibar.org/blogak komunitatea. Hasierako probak egin ondoren, uztailaren 17a da nolabaiteko "urtebetetze ofizial" orduan eman genuelako Bloga kudeatzen ikasteko ikastaroa. 15 lagun inguru elkartu ginen CodeSyntaxen bulegoan, Luistxo Fernandez irakasle zela.
Ikasleak, berriz, Oier Gorosabel, Mikel Larreategi, Ander Arroitajauregi, Leire Narbaiza, Joseba Zabala, Oier Araolaza, Iban Arantzabal, Imanol Trebiño, Luis Alberto Aranberri Amatiño, Xabier Mendiguren, Asier Sarasua, Mikel Iturria, Joseba Etxarri, Iñaki Zugasti, Gari Araolaza eta Felix Elortza.
Horko erdion blogak oraindik bizirik samar daude gaur egun ere EibarOrg-en bertan; eta beste pare batenak EibarOrg-etik kanpo. Bidean joan zaizkigunak ere badira pare bat (Fernando, Imanol, Felix); baita blogintza probatu eta utzi dutenak ere. Denbora honetan 40 blog inguru sortu dira EibarOrg plataforman eta 15.000 post idatzi ditugu denon artean, euskara hutsean. Hori ere bai baitzen 2004an gutako askoren nahia, Interneten euskarazko edukia sortzen laguntzea. Tira, gure harritxoa jarri dugu.
Orain dela 10 urte idatzi nuen Eibartarrak posta-zerrendaren, EibarOrg elkartearen eta gure blog-komunitatearen historia labur bat. Harrezkero ez da aldaketa handirik egon, sare sozialen tirania baizik ez. Asko laburbilduz, 1998an Eibartarrak posta-zerrenda sortu zen. 1998-2000 tartean webgune probisional estatiko bat izan zen Eibar.org-en lehen bertsioa. 2000. urtean, Eibar.org Elkartea sortu zen eta, zopen garatutako webgune dinamiko batera eraldaketa egin ondoren, 2004an gure blog-komunitate hau sortu zen.
Tirriki-tarraka bada ere, 20 urteren ondoren oraindik ere bizirik jarraitzen du gure blogari plataformak. Ez sasoi bateko bizitasunarekin, jakina, baina oraindik ere astean 8-10 artikulu kaleratuz. Azkenengo hilabetean, esate baterako, 40 artikulu argitaratu ditugu denon artean. Ez da gutxi, lehenengoak izan eta 20 urtez eustea.
Hortaz, zorionak guri, zorionak https://eibar.org/blogak komunitateari!
50 urteko glizinia Apalategi eta Maltzaga artean
Ama lorezalea dugu. Beregandik jaso dugu zaletasun hori eta lore-landareen inguruan dakigun apurra. Eta gogoratzen dudan umetako lehenengo oroitzapenen artean dago Eibartik Elgoibarrera gindoazela amaren ahotsa, "han glizinia loran".
Eibarko irteeran dago Apalategi-Maltzaga ingurua, Elgoibar eta Soraluzerako bidean (Donostia-Gasteizerakoan, alegia), eta, udaberriro, handik pasatzerakoan, hantxe loratu zaigu parean glizinia erraldoi bat, azkenengo 40-50 urteetan barrena.
Glizinia Apalategi aldean (2024ko udaberrian).
Umetan Apalategiko errota zaharraren horma-hondarrak estaltzen zituen, Ego erreka bazterrean. Nork ekarriko zuen bertara? Apalategiko antzinako ugazabak haziko zuen? Txoriren batek ekarriko haziak non edo nondik?
Edozelan ere, hantxe zegoen glizinia morea 1975 ingururako, Apalategiko errotan.
Aspaldi eraitsi zituzten errotaren hondarrak (eta Eltzartzako biribilgunera eraman errotarriak) errepidea zabaltzeko, baina gliziniak aurkitu zuen irtenbiderik: Maltzagako tunelaren buruan loratu zen lehenengo eta Apalategi-Maltzaga artean ondoren.
Hantxe dago oraindik ere, errepide zaharrean goazenon ibilerak zaintzen.
Glizinia Maltzagako tunelburuan (2024ko udaberrian).
Eltzartzagako garai bateko zubiaren aztarnak (goiko partea bakarrik gorde zen, oin guztia berria da) eta Apalategiko errotatik jasotako errotarriak. Gaur egun Eibarko Azitaingo irteerako biribilgunean daude, 2000ko hamarkadan (?) egindako lanen ostean.
Kalamua (771 m, Elgoibar) , arrantzaleen "Kala-Muga" adierazten (ei) duen tontorra
Tontorra elgoibartarren eta markinarren artean banatzen duten arren, eibartarrontzat "gure" mendia da zeharo Kalamua. Seguru asko, eibartarrok gehien igotzen dugun mendia, ume-umetatik hasita.
Izenak badu bere zera. Batetik, bi izen dituelako. Kalamua nagusitzen da Gipuzkoa aldean, baina Maaxa (edo Max-mendixa) ere entzuten da mendizaleen artean, batez ere edadetuenen artean (eta gehiago Bizkai aldean, oso oker ez banago).
Beste alde batetik, Kalamua izenaren jatorriaz ere bada beti berriketaren bat. Oinarrian kalamu landarearen izena egon daitekeela aipatu izan da noizbait, oinarri garbiegirik gabe. Baina herri mailan finkatuen dagoen "teoria" beste bat da, "Kala-Muga" delakoarena.
Bigarren ideia horren arabera, arrantzaleek ipinitako izena da Kalamua, eta Kalamuga litzateke jatorriz. Hau da, arrantzaleen kalaren (arrantza-lekuaren) muga adieraziko zien Kalamua mendiak arrantzaleei. Mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe amaitzen zen euren arrantza-kala.
Ez dakit oinarri sendorik ba ote duen (psee...), baina zentzua bai badu, XX. mendera arte mendien kokapenari esker aurkitzen zituztelako arrantzaleek euren arrantzaleku nagusiak, kalak, alegia, kala bakoitza garai eta espezie jakin batzuetarako egokiagoa zelarik (neguan kala hau, udan beste hau, bisigutarako hurrengoa...) eta kala horiek guztiak itsasoan aurkitu ahal izateko, lehorreko puntu geografikoak erabiltzen zituztelako "triangulazioa" moduko bat eginez (portutik neurtutako distantziez gain). Horrekin lotutakoa da, neurri batean, Eibarko Arrateko elizako hormak urtero-urtero zuriz kareztatzeko antzinako ohitura, arrantzaleek bere horma zuriak erraz ikus zitzaten itsasaldetik. Eta ezin da ahaztu Ondarroa eta Berriatua artean ere badela Kalamendi izeneko beste tontor bat, Kalamuatik bertatik ere ikus daitekeena.
Ahotsak.eus webgunean hainbat lekukotasun daude euskal kostaldeko kalen inguruan (izenak, non zeuden, nola lokalizatzen zituzten, eta abar). Hemen azpian gehitu dut Getariako bat, adibiderako.
Hartara, kala jakin baten amaiera litzateke Kalamua (kala-muga) mendia. Kalamua mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe marrazten zuten arrantzaleek kalaren muga.
Egia ote? Noaki! Baina kondairak ederrak dira bere horretan, egia apurren bat izan ala ez.
Ikuspegi zabala Kalamua tontorretik.
Ohar-eranskinak (2023-06-08):
- Kalamua izenaren aipamen historikoak Euskaltzaindiaren EODAn daude batuta. Kalamuaga (calamuaga) aipamen bat dago XIX. mende hasiera ingurukoa. XX. mende osoan ez dago KALAMUA besterik.
- Kalamua horrek -a berezkoa duen ala ez eta gaur egun zelan ahoskatzen den ere eztabaidan izan dugu sarri Eibar-Elgoibar inguruan. Badirudi hiztun gehienentzat berezko -a duela eta Kalamuako, Kalamuatik, Kalamuara... deklinatzen ditugula. Baina egia da, baita ere, hiztun askorentzat ohiko direla Kalamuko, Kalamutik, Kalamura modukoak, eta ez hiztun gazteen artean bakarrik. Eibartarrak zerrendan izan ditugu horren inguruko mezu-trukeak, besteak beste 2008an eta 2023an.
- Parez pare daude Kalamendi eta Kalamua. Hasierako kala- elementu hori berbera ote jatorriz? Lopez de Mendizabalek nolabait lotu egiten ditu Aramendi, Garamendi eta Kalamendi (hasieran GARO partikularekin) bere "Etimología de apellidos vascos" liburuan.
Pitxargain baserriko familia Legarren (Eibar), Indalecio Ojangurenen argazkietan
Mikel Urteagak bota zuen erronka Twitterren, nongoa ote lehenengo argazki hau? Baserritar familia bat ikusten da bertan, neska-mutiko gazteak asto gainean eta senide izan daitezkeen bi heldu alboan, horiek ere bakoitza asto banarekin. Andreak zara handi bat darama eskuetan; mutikoaren astoak ere astozara bana dauzka astoaren albo banatara lotuta. Nabotan edo antzeko beharren batean ibili direla dirudi, seguru asko aldameneko sailean.
Bada, Euskal Herriko zein txokotakoa izan liteke argazki hori? Pista bakarra eman zuen Mikel Urteagak, erretratoa Ojangurenena zela. Eta Piriniarrek bista handiz eta bizi erantzun zuen laster: Eibarko Legarre auzoa da, Arrateko errepidearen hasiera eta, atzeko maldan, Mirafloresko baserri-etxeak ikusten dira.
Itxura guztia zuen, bai. Zuzen zebilen Piriniar. Eta argazkiari begira ari nintzela, Ojangurenek Pitxargaingo baserritarrei ateratako beste argazki honetaz gogoratu nintzen (hemen azpian gehitu dudana). Adin ertaineko gizon-emakumeak agertzen dira irudian. Gure Gipuzkoa argazki-funtsean dago, Indalecio Ojanguren handiaren argazki-bilduman eta dokumentatuta: "Campesinos del caserío Pitxargain, Baskos - 114".
Pitxargain baserria Miraflores azpian dago, Legarretik hurrean. Pitxargaingo baserritarrak arbitan zebiltzala ematen du. Eta bigarren argazki honetako gizon-emakume bikotea Mikel Urteagak twitterren botatako lehenengo argazkiko berbera da; bikote berbera, egun berean eta toki berean ateratatako bi argazkitan.
Pitxargaingo emakume eta gizonezko baserritarrak, nabotan, zara banarekin. Euren bizkarrean Estixako malda eta, eskumatara, Pitxargain baserria bera izan daitekeena. Iturria: GureGipuzkoa.eus, CCBYSA.
Hortxe, beraz, Pitxargaingo baserritarrak, Legarren izango zuten ortua edo arbi-saila lantzetik bueltan, atzean Estixa (Estiaga) eta Miraflores dituztelarik. Eskumatara eta beherago ikusten den baserria Pitxargain izan daiteke.
Argazkia noizkoa den zehaztea ez da erraza, nik uste, 1920-1940 bitartekoa, baina ezin esan (lehenagokoa ezin, Arrateko errepidea 1918 inguruan eraiki zelako). Hori bai, negu amaiera ematen du, zuhaitzak oraindik bilutsik daudelako eta, Enrike Sosolak Twitterren esan zuen moduan, arbittan ibiltzeko martxoa-apirila izango delako.
Ingurua izugarri aldatu da 100 urtean. Hauxe da inguru berean aste honetan atera dugun argazkia (tiroa eta objetiboa pixkat desberdinak diren arren). Etxeak albo banatara, espaloiak, etxebizitza berriak eraikitzen... sasoi bateko inguruaren traza gutxi.
Ardantza kaleko gure etxaburuan dago Pitxargain, gure txikitako jolas-eremu inguruan. Eibarren geratzen den kale-baserri bakarretakoa, aspaldi dago hutsik, egoera kaskarrean eta betirako desagertzekotan. 2021ean atera nizkion beheko argazki biak.
Pitxargain kale-baserria, aspaldi hutsik, Eibarko Ardantza auzoan, gure txikitako etxaburuan.
Santa Kurutz (Eibar), jaixak, ermittia eta mezia
Santa Kurutzeko jaixak izan dira azkenengo egunotan Eibarren. Maietzan 3an da Santa Kurutz eguna, izan, eta kasualidadez hantxe agertu giñan, jakiñezta baillarako basarrittarrak hantxe egongo zirana mezetan eta eguna ospatzen. Jai ederrak antolatzen dittu urtero auzoko Jai Batzordiak, horraittio!
Santa Kurutzen mila aldiz egon, baina aste honetan sartu naiz lehelengoz ermittara. Erretrato batzuk atara eta hona ekartzeko aprobetxatu dot.
Mezia Santa Kurutz egunian, maiatzak 3, Eibarko Santa Kurutz ermittan.
Santa Kurutz ermittia barrutik (Mandiola-Gorosta auzuak, Eibar).
Santa Kurutz ermittia barrutik (Mandiola-Gorosta auzuak, Eibar).
Santa Kurutz ermittia 1862. urtian jaso zan Mandiola basarrixan lurretan. Zazpi baserriren artian zaintzen dabe ermittia.
Santa Kurutzeko ermittia (Eibar), Mandiola eta Gorosta baillaren arteko topagune
Mandiola eta Gorosta baillaren topagune da Santa Kurutz ingurua. 1862. urtian jaso zan Mandiola basarrixan lurretan eta 7 baserriren artian zaintzen dabe gaur egun.
Gu gaztiak giñala "mendixan" zeguan, erdi-ezkutuan. 1990 hamarkada amaieran egokittu zeban udalak: ingurua garbittu, arbolak sartu, mahaixak ipini, aparkalekua egin... Eibarko nere lekurik kutunena da, duda barik, negu zein uda, gure pasiaden, afari-merienden eta txori-behaketen zentro neuralgikua. Gure txakur Isats be auzokua izan bihar, jakina, Gisasolanekua. Maitte dot Santa Kurutz!
Santa Kurutz ermittia, Eibarko Gorosta eta Mandiola auzuen artian.
Santa Kurutz ingurua 1998ko udan, egokitzapen lanak amaittuta eta zuhaitzak landatu barri.
Santa Kurutz, 2004, zuhaitzak hazten.
Negu eta uda, udazken eta udaberri, gure leku kutun!
Ego Ibarra batzordiak eta Badihardugu Elkartiak bideratutako Eibarko ermitten proiektuan jaso zeben ermittian inguruko informaziño zabala (eta hemen azpixan ikusi zeinkien "Eibarko ermitak historiaren lekuko" izeneko bideua argitaratu).
Santak Kurutzeko jaixak Eibarren 2023, egitaraua
Zizeilua, aldi berean jarleku eta mahai eraisgarri den Euskal Herriko altzari tradizionala
Egurrezko jarlekua, bizkarralde altuarekin eta erdian mahaiarena egiten duen ohol eraisgarriarekin. Horixe dugu zizeilua. Beheko suaren parean egoten zen eta tradizioz hierarkia adierazten zuen, etxeko jaunaren eserleku nagusia baitzen.
Ezagutzen diren gehienak XVI. eta XVII. mendekoak dira (XIX. mendera arte ekoitzi ziren arren). Han-hor irakurri dut Euskal Herriko altzaria dela. Ez dut uste, hala ere, Euskal Herrikoa bakarrik denik, Pirinioetako beste lurralde batzuetan ere erabili izan delako (cadira deritzote Aragoin, adibidez).
Ikusi dudan azkena Arabako Kuartangoko atari batean ikusi dugu asteburuan. Seguru asko Xixilua esango diote bertakoek, horrelaxe deitzen diotelako Araban zizeiluari, baita gaztelaniaz ere. Izan ere, euskalkiaren arabera hainbat aldaera ditu altzari honek.
- zizeilu, zizailu, zizilu, zizilo (G, GN, BN)
- zuzulu, züzülü, xuxula (Z, BN, Er.)
- txisailu, txiselu, txixilu, txitxelu, txitxilu, xixilu (B, A).
Itxura denez, latinezko 'subsellium' (banko baxua) hitzetik datoz horiek guztiak, Zizeilu zein bere aldaera oro. Zizeiluen inguruko info zabala Wikipedian: https://eu.wikipedia.org/wiki/Zizeilu.
Xixilua Araban.
Xixilua Araban.
Arrajolatik Sosolarako harbidea (Mandiolaballe, Eibar); delicatessen bat
Eibarko Mandiolaballean daude Arrajola eta Sosola baserriak, elkarren parean, Urkotik behera datorren erreka-zuloak banatuta.
Ba, nonork, nonoiz, harlozaz ('harlauzaz') estalitako harbidea egitea erabaki zuen, baserri bien arteko igarobidea errazteko. Nonork eta nonoiz, ez dagoelako oso garbi noiz egindakoa den (Sosola eta Arrajola baserrietako arbasoek, itxura denez). Garbi dagoena da niretzat Eibarko leku politenetakoa dela 80 metro eskas dituen harbide hau, Urko magalean sortzen den baso mixto eta artadiaren azpian, Abontza ('Abauntzaga') errekaren ainubean.
Inguru pikar eta aldapatsua izanik, lehenengo muga ederra eraiki zuten, aldatsari koska bat jan eta lurrari eusteko. Eta, ondoren, harlauzaz estali zuten, seguru asko bide bazterrean bertan dagoen harrobi txiki batetik ateratako lehengaiarekin. Ez dira harri-xafla bereziki zabal eta zainduak, baina bai gizaldien joan-etorriari aurre egiteko adinakoak, XXI. gizaldira arte iraun eta, gaur egun ere, pasabide eta gozaleku ederra gordez mendizalearendako eta baita inguruko baserri-lanetarako ere. Delicatessen bat!
Eibarko ondarean zer zaindua baldin badago, honetxek beharko luke lehentasunetako bat.
..................................................................
Eranskina (2022-12-28): erantzunetan jasotako iruzkin bat ekarriko dut hona (pixkat egokituta), informazio osagarri oso interesgarria ematen du eta: "Sosolari ere mesede, baina batez ere Arrajolako ortu handiek premiazko zuten ira garraiatzeko egina izan daiteke. Izan ere, Arrajolak ira-tokia Lindariko hegian dauka eta haraino igotzeko Intsausti izeneko amildegia igaro behar zuten, mugaz eta harlozaz baino gandi ezin zitekeena. Garaia zehaztekotan, artoaren etorrerarekin bateratsu egindakoa izan liteke. Horrek emango lieke nahikoa indar horrelako lanetan jarduteko. Eibarko populazio eta tailerretako langileen janari eskaera gero eta handiagoak baratzaren emankortasuna ziurtatzea eskatzen zuen ongarri on eta ugariaren bitartez".
Sosola baserriko Enrike Gisasolak ere aipatu izan du harbide hau bere blogean, hemen eta hemen, esate baterako.
..................................................................
Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrastan (Araba)
Euskal Herrian makinatxo bat baseliza aipagarri ditugu eta horien artean sartu dezakegu Kontrastako Elizmendiko Andra Mari, Harana udalerrian (Araba) aurkituko dugun XI. mendeko baseliza erromanikoa.
Eliza bera polita da eta egoera onean dago. Gainera, Harana ibar zoragarrian dago kokatuta, Lokiz eta Iturrieta mendilerroen magalean. Baina Elizmendiko Andra Mariaren baseliza honen konturik aipagarriena bere hormetan aurkituko dugu, ezen II. mendeko hilarri erromatarrak ikusiko ditugu, euren idatzi eta apaingarriekin.
X-XI. gizaldietan, baseliza eraiki zutenean, inguruko nekropoli erromatar batetik ekarri zituzten hainbat harri elizaren hormak eraikitzeko, tartean 20 hilarri inguru, eta hantxe ikus ditzakegu oraindik ere, 1000 urte geroago. Nekropolia, ostera, ez dute oraingoz aurkitu.
Hauexek dira hilarri horietan dauden testuen transkripzio proposamenetako batzuk:
Turaesamus Cantabri filius annorum L hic situs est.
Hemen datza Turaesamun, Cantaber-en semea, berrogeita hamar urtekoa.
Minicius Florus annorum LXX hix situs est. [a]anica Flori ancilla annorum V hic sita est.
Hemen datza Minicius Florus, hirurogeita hamar urtekoa. Hemen datz []anica, Florus-en esklaboa, bost urtekoa.
Hilarrietako bat. Testuak dio: Minicius Florus annorum LXX hix situs est (Hemen datza Minicius Florus, hirurogeita hamar urtekoa).
Kontrastako Elizmendiko baselizan 20 hilarri aurkituko ditugu.
Beste hilarrietako bat.
Hilarriak non dauden azaltzen duen planoa, elizpean bertan dagoen paneletik hartuta. Horietako batzuk oso nabarmenak dira gutako edonorentzat; beste batzuk ikusteko aditu izan beharra da, edota oso bista zorrotza.
Elizmendiko Andra Mari, Lokiz eta Iturrieta mendilerroen artean.
Elizmendiko Andra Mari.
Elizmendiko Andra Mari eliza (Kontrasta, Harana, Araba)
Ondorengo testua baseliza alboko paneletik kopiatu dut (moldaketarik gabe).
Hilarri edo estelak abside erdizirkularrean, eraikinaren alderik zaharrenean, aurki ditzakegu, eta baita nabean ere, Erdi Aroaren ondoren berreraiki zen zatian. Hilarrietako asko apurturik daude eta ez daude egoera onean, aire zabalean baitaude eta hormen behealdean.
Batzuk idazkunak dituzten zatiak besterik ez dira; beste batzuetan, aldiz, apaingarriak ere badituzte. Apaingarrien artean aurki ditzakegu, batez ere, mahatsondo hostoak eta zurtoinak (Arabako ekialdean eta Nafarroa mendebaldean ohikoak) eta disko erradiatuak. Horiez gain, gizaki figurak, ilgorak eta arku multzoak ere ikus ditzakegu.
Elizmendiko estelak bezalaxe, Araban aurkitutako idazkun aztarna gehienak hiletekin loturik daude. Zenbait formula diren arren, normalean, hildakoaren izena eta adina duen epitafioa izaten dute, eta batzuetan idazkuna eskaini zion pertsonaren izena eta zuten harremana ere jartzen zuten. K. o, II mendetik aurrera, Manés direlakoei, heriotzaren jainko erromatarrei egindako aipamenak ere agertzen dira D.M. siglak erabilita.
Abiside erromatarrean borobil formako hamar harburu daude. Horietako seik apaingarri geometrikoak dituzte, eta batzuk hilarri erromatarretan agertzen diren elementuak. Horiez gain, badira gurutziltzatu bat eta animalia bat, ziur asko otso bat, Erdi Arokoak.
Elizaren barrualdean XVIII. mendeko erretaula barrokoa dago, buruan Andra Mari baten XVI. mendeko tailua duena. Alboetako erretaulak San Adrianen eta San Juanen omenezkoak dira, eta biak zeuden gaur egun jada ez diren baselizetan.
Kontrasta hiribildu txikia, Harana udalerrian (Araba)
Eibarko sozialistek jasotako Tomas Meabe aterpetxea, Kalamuan
Indalecio Ojangurenen funtsian (GureGipuzkoa, CC-by-sa lizentziapean) topatu nittuan hurrengo argazkixak (Eibartarren Ahotan proiektuan be jaso genduan kopixaren bat). "Tomas Meabe" aterpetxian inauguraziñua da, Kalamuako maldan.
Lehenago be txabola moduko bat euki zeben sozialistak inguru horretan, baina Errepublika sasoian harrizko ganorazko aterpetxe bat jasotzia erabagi zeben. 1934ko uztailan 29an inauguratu zeben, "La Romeral" bandian musikiakin eta pelota-partiduakin.
Jendetzia ikusten da erretratuetan; andrazko askotxo, gainera, orduan sasoirako. Aterpetxe ederra zan, pisu bikua, terraza zabala, frontoia etxostian. Lotarako katriak ipintzen zittuen (norberak beria eruanda) eta fonografua be bazeguan, dantzarako.
Asteburuetan jende asko alkartzen zan bertan, bai egun pasan, bai zapatu arratsaldian igo eta domekara arte bertan lotan.
Eibartarren Ahotan proiektuan makinatxo bat argazki eta erreferentzia jaso genduzen aterpetxe honen inguruan. Esate baterako, Gloria Lizundian hurrengo hau:
Kalamuako lautik Kalamuako tontorrera bittartian, gorutz igotzen hasi eta ezkerretara zeguan, Eibarren baino Markinako lurretan (oso oker ez banago). Eta Tomas Meabe sozialista historikuan izena ipini zetsen, Eibarko sozialistentzat garrantzi haundiko pertsonajia. Indalecio Prieto eta Toribio Etxeberrian laguna zan Meabe; Bilbotarra, baina Eibarren bizi izan zana (eta andria be eibartarra zekan). XX. gizaldi hasiera haretako Eibarko sozialistentzat erreferentzia nagusi bihurtu zan, duda barik.
1934ko urriko iraultzan kalte haundixak izan zittuan aterpetxiorrek, baina hurrengo hilabetietan konpondu egin zeben. Ostera, 1936-1937 bittartian gerrako frentia bertan egon zan eta eraikina txiki-txiki eginda geldittu zan, behia jota. Behin Francok gerria irabazitta, ez zan berreraiki, bistan da. Urte batzuk geruago Klub Deportibuak beste batzuk jaso zittuan Kalamuan (pare bat pixkat beherago, beste bat Kalamuako Parlamentuan), baina askoz txikixaguak dira.
Gure gaztaruan oindiokan hormak ikusten genduzen, erdi-tente, gaztion jolasleku. Gaur egun iradixak jan dittu azkenengo hondarrak. Arbola ihar batek eta huntzak jandako horma zati batek gogoratzen deskue sasoi bateko aterpetxia (erretratuetan ikusten da horma zatixa, huntzak jantzitta, eta bere alboko zuhaitz enbor zaharra.
Beiztegi eta Ugalde'tar Ion-ek Antonio Sarasua-ri
Famelixako paper zaharren artian, Juanito Beistegik gure aitxitxari bialdutako eskutitz bat topatu dot.
Ion Beiztegi Ugalde (edo Juanito Beistegi, Eibarren; 1911/10/21) Loiola Batailoiaren komandante izan zan gerra zibilian. BH arma eta bizikleta-fabrikako seme zan Juan Beistegi. Gerria hasi eta Euzko Gudaroztea sortu zanian, Loiola batailoian sartu zan gudari eta bertako Komandante izan zan. Loiola batailoia izan zan gudari eibartar (eta gipuzkoar) gehixen jaso zittuan batailoia.
366 egun borrokan Euzkadiren alde liburuan jaso zittuan gerrako bere ibilerak: zelan sartu zan gudari, zelan galdu zittuen Gernika eta Bilbo, ondorengo Santoñarako ihesaldixa eta zelan harrapatu zeben italianuak eta, amaitzeko, gartzelaldixa (heriotz-zigorra jaso zeban).
Behin zulotik urtenda, BH enpresan hasi zan biharrian eta idazle lanetan be jardun zeban Euzko-gogoa, Euzko Deya (Mexiko), Euzkadi, Alderdi, Eibar eta Olerti aldizkarixetan, Axola eta Lartaun gatxizenekin. Agur aldizkarixa be sustatu zeban 1970. hamarkadan, idazmolde sabinianua hobetsitta eta jaixo barrixa zan euskera batua baztertuta.
Juanito Beistegi ez zan edozein gure aitxitxa-amamen belaunaldiko eibartarrentzat; Juanito Beistegi bazan nor. Gizon zintzua, jantzixa, ausarta, benetalarixa. Gure aitxitxa Antonio Sarasua urtebete gaztiagua zan (Eibar, 1912). Gaztetatik ezagutuko zeben alkar; gerran be topo egin zebela uste dot (nere aitxitxa Abadiño-Durango aldian egon zan lehenengo hilabetietan). Bixak EAJko kide eta zahartzaruan Zarautzen bizi izandakuak (hantxe hil ziran bixak). Asko maitte eta estimatzen zeban gure aitxitxak Juanito Beistegi.
Beheko eskutitz honetan doluminak emoten detsaz Beistegik gure aitxitxa Antoniori, bere aman heriotzian. Idatzittako estiluangaittik hona ekartzeko modokua begittandu jata.
** Argazkixa: Juan Beistegiren liburuko azaletik hartuta, Deia egunkarixan bittartez. Ez dot topatu egiletza edo erreferentziarik.
............
Beiztegi eta Ugalde'tar Ion,
1970’ngo. Joŕaillak 23
Agur adiskide maitia,
Gaur jakin juat zuen amaren eriotzeana (G.B) ta benetan mindu najok. Atsebake oŕek eta berandu jakitetik, neure gauzak zuzendu eziñik, oŕaiñok joan al ez izateak be bai. Ala ta be, lagun on asko izango zuan zuen ondoan, negar aldi onetan benetan lagun.
Gure zaŕak ba-joyazak, oŕek bai izan zirala zintzoak eta garbiak; gure sasoikoentzat ez dok izan gaitza aureko benetalari oŕek maitatzea, eta semeen maitasunak euren zartzaroa bigundu ba’jeutsek, orixe geyago jaukagu pozkide, doyazeneko aguŕa egitean.
Geu danok be han ikusiko gaituk eta, gaurko min au, arako onbide izan daigula danontzat opa bear. Nere eta nereen maitasuna iri, ire anayeri eta zeuen daneri.
Agur, adiskide maite,
Beiztegi’tar Jon
...............