Kalamua (771 m, Elgoibar) , arrantzaleen "Kala-Muga" adierazten (ei) duen tontorra
Tontorra elgoibartarren eta markinarren artean banatzen duten arren, eibartarrontzat "gure" mendia da zeharo Kalamua. Seguru asko, eibartarrok gehien igotzen dugun mendia, ume-umetatik hasita.
Izenak badu bere zera. Batetik, bi izen dituelako. Kalamua nagusitzen da Gipuzkoa aldean, baina Maaxa (edo Max-mendixa) ere entzuten da mendizaleen artean, batez ere edadetuenen artean (eta gehiago Bizkai aldean, oso oker ez banago).
Beste alde batetik, Kalamua izenaren jatorriaz ere bada beti berriketaren bat. Oinarrian kalamu landarearen izena egon daitekeela aipatu izan da noizbait, oinarri garbiegirik gabe. Baina herri mailan finkatuen dagoen "teoria" beste bat da, "Kala-Muga" delakoarena.
Bigarren ideia horren arabera, arrantzaleek ipinitako izena da Kalamua, eta Kalamuga litzateke jatorriz. Hau da, arrantzaleen kalaren (arrantza-lekuaren) muga adieraziko zien Kalamua mendiak arrantzaleei. Mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe amaitzen zen euren arrantza-kala.
Ez dakit oinarri sendorik ba ote duen (psee...), baina zentzua bai badu, XX. mendera arte mendien kokapenari esker aurkitzen zituztelako arrantzaleek euren arrantzaleku nagusiak, kalak, alegia, kala bakoitza garai eta espezie jakin batzuetarako egokiagoa zelarik (neguan kala hau, udan beste hau, bisigutarako hurrengoa...) eta kala horiek guztiak itsasoan aurkitu ahal izateko, lehorreko puntu geografikoak erabiltzen zituztelako "triangulazioa" moduko bat eginez (portutik neurtutako distantziez gain). Horrekin lotutakoa da, neurri batean, Eibarko Arrateko elizako hormak urtero-urtero zuriz kareztatzeko antzinako ohitura, arrantzaleek bere horma zuriak erraz ikus zitzaten itsasaldetik. Eta ezin da ahaztu Ondarrua eta Berriatua artean ere badela Kalamendi izeneko beste tontor bat, Kalamuatik bertatik ere ikus daitekeena.
Ahotsak.eus webgunean hainbat lekukotasun daude euskal kostaldeko kalen inguruan (izenak, non zeuden, nola lokalizatzen zituzten, eta abar). Hemen azpian gehitu dut Getariako bat, adibiderako.
Hartara, kala jakin baten amaiera litzateke Kalamua (kala-muga) mendia. Kalamua mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe marrazten zuten arrantzaleek kalaren muga.
Egia ote? Noaki! Baina kondairak ederrak dira bere horretan, egia apurren bat izan ala ez.
Ikuspegi zabala Kalamua tontorretik.