Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Berriatuko Herri Ondarearen webgunea, inguruko beste herrientzat eredu

Berriatuko Herri Ondarearen webgunea, inguruko beste herrientzat eredu

Asier Sarasua 2025/11/17 12:25
Berriatuko Udalak eta Goikolau Kultur Elkarteak elkarlanean "Berriatuko Herri Ondarea" egitasmoa aurkeztu dute duela aste batzuk. Plataforma digitalak herriko ondare ikusezina eta ikusgarria bildu eta herritar guztien eskura ipini du. CodeSyntaxek egin du garapen teknikoa.

Egitasmoaren helburua eta edukiak

Duela aste batzuk aurkeztu zuten Goikolau elkarteak eta CodeSyntaxek https://ondarea-berriatua.eus/ webgune berria. Helburu nagusia herriko ondarea eta historia modu digitalean eskaintzea da, urteetan pilatutako ezagutza eta materiala herritar eta interesa duen edozeinen eskura jartzea. Garai batean sutondoan egiten zen jakintzaren transmisioari internet bidez jarraipena eman nahi dio egitasmo honek.

Berriatuko ondarearen inguruko webgune berrian hainbat kategoriatan antolatutako edukiak aurki daitezke: ondare eraikia eta naturala, ahozko memoria eta historia, mapak eta argazki historikoak, eta herritarren ekarpenak. Lan ikaragarria Goikolau elkarteak hainbat urtez egin duena eta atari eredugarria, egitura eta eduki aldetik, inguruko herri eta elkarteentzat. Zorionak lan eder honengatik! 

Goikolau Kultur Elkartearen lana

Egitasmoak hiru oinarri izan ditu. Lehenik, Goikolau Kultur Elkarteak jasotako materiala aztertu eta artxibo antolatu bat bezala eraiki zuen. Bigarrenik, Nere Erkiaga dokumentazio aholkulariaren laguntzarekin, datu-base baten egitura eta funtzionamendua diseinatu zuten (Laratza datu-basea). Azkenik, CodeSyntax enpresak garapen teknologikoa gauzatu du, Django framework-a erabiliz.

2012an sortutako elkarteak herri ondarea jaso, ikertu eta ezagutarazteko xedea du. Haien iritziz, "komunitaterik gabe, ondarerik ez litzateke egongo" eta ondarea "herritarren sareak eraikitzeko tresna" da. Urteotan hitzaldiak, erakusketak, elkarrizketak, dokumentalak eta herritarren jaiak bultzatu ditu. Informazioa zabal irakurri daiteke Berrian atera zuten albiste honetan.

Etorkizunera begira

Tresna bizia da Ondarea-Berriatua.eus atari berria; etengabe eraikitzen jarraituko duena. Goikolau Kultur Elkarteak fitxetan dagoen informazioa osatu eta aberasten jarraituko du, herritarren elkargunea sortuz, bakoitzak bere ezagutza partekatu eta bestena jaso dezan. Udalarekin lortutako hitzarmenari esker, udalak bildutako ondareari buruzko informazioa eta dokumentazioa ere jasoko dute plataforman.

Berriatuko ondarearen inguruko informazio guztia Ondarea-berriatua.eus helbidean.

Amatiño
Amatiño dio:
2025/11/17 15:11
Bene-benetan... Zorionak!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz