Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Pitxargain baserriko familia Legarren (Eibar), Indalecio Ojangurenen argazkietan

Pitxargain baserriko familia Legarren (Eibar), Indalecio Ojangurenen argazkietan

Asier Sarasua 2023/05/12 18:45
Indalecio Ojangurenen pare bat argazkiren inguruan jardun dugu Twitterren eta blog honetara dakarzkit, haizeak eraman aurretik, eta gaur egungo inguru bereko zenbait argazki gehituta.
Pitxargain baserriko familia Legarren (Eibar), Indalecio Ojangurenen argazkietan

Pitxargaingo baserritarrak Legarren, Eibar

Mikel Urteagak bota zuen erronka Twitterren, nongoa ote lehenengo argazki hau? Baserritar familia bat ikusten da bertan, neska-mutiko gazteak asto gainean eta senide izan daitezkeen bi heldu alboan, horiek ere bakoitza asto banarekin. Andreak zara handi bat darama eskuetan; mutikoaren astoak ere astozara bana dauzka astoaren albo banatara lotuta. Nabotan edo antzeko beharren batean ibili direla dirudi, seguru asko aldameneko sailean.

Bada, Euskal Herriko zein txokotakoa izan liteke argazki hori? Pista bakarra eman zuen Mikel Urteagak, erretratoa Ojangurenena zela. Eta Piriniarrek bista handiz eta bizi erantzun zuen laster: Eibarko Legarre auzoa da, Arrateko errepidearen hasiera eta, atzeko maldan, Mirafloresko baserri-etxeak ikusten dira.

Itxura guztia zuen, bai. Zuzen zebilen Piriniar. Eta argazkiari begira ari nintzela, Ojangurenek Pitxargaingo baserritarrei ateratako beste argazki honetaz gogoratu nintzen (hemen azpian gehitu dudana). Adin ertaineko gizon-emakumeak agertzen dira irudian. Gure Gipuzkoa argazki-funtsean dago, Indalecio Ojanguren handiaren argazki-bilduman eta dokumentatuta: "Campesinos del caserío Pitxargain, Baskos - 114".

Pitxargain baserria Miraflores azpian dago, Legarretik hurrean. Pitxargaingo baserritarrak arbitan zebiltzala ematen du. Eta bigarren argazki honetako gizon-emakume bikotea Mikel Urteagak twitterren botatako lehenengo argazkiko berbera da; bikote berbera, egun berean eta toki berean ateratatako bi argazkitan.

Pitxargain baserria, baserritarrak, Indalecio Ojanguren

Pitxargaingo emakume eta gizonezko baserritarrak, nabotan, zara banarekin. Euren bizkarrean Estixako malda eta, eskumatara, Pitxargain baserria bera izan daitekeena. Iturria: GureGipuzkoa.eus, CCBYSA.

Hortxe, beraz, Pitxargaingo baserritarrak, Legarren izango zuten ortua edo arbi-saila lantzetik bueltan, atzean Estixa (Estiaga) eta Miraflores dituztelarik. Eskumatara eta beherago ikusten den baserria Pitxargain izan daiteke.

Argazkia noizkoa den zehaztea ez da erraza, nik uste, 1920-1940 bitartekoa, baina ezin esan (lehenagokoa ezin, Arrateko errepidea 1918 inguruan eraiki zelako). Hori bai, negu amaiera ematen du, zuhaitzak oraindik bilutsik daudelako eta, Enrike Sosolak Twitterren esan zuen moduan, arbittan ibiltzeko martxoa-apirila izango delako.

Pitxargain, baserritarrak asto gainean Legarren, Eibar, Indalecio Ojanguren

Ingurua izugarri aldatu da 100 urtean. Hauxe da inguru berean aste honetan atera dugun argazkia (tiroa eta objetiboa pixkat desberdinak diren arren). Etxeak albo banatara, espaloiak, etxebizitza berriak eraikitzen... sasoi bateko inguruaren traza gutxi.

Arrateko bidea, Legarre - Eibar, 2023

Ardantza kaleko gure etxaburuan dago Pitxargain, gure txikitako jolas-eremu inguruan. Eibarren geratzen den kale-baserri bakarretakoa, aspaldi dago hutsik, egoera kaskarrean eta betirako desagertzekotan. 2021ean atera nizkion beheko argazki biak. 

Pitxargain baserria, Ardantza auzoa, Eibar (2021)

Pitxargain baserria, Eibar (2021)

Pitxargain kale-baserria, aspaldi hutsik, Eibarko Ardantza auzoan, gure txikitako etxaburuan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz