2014. urtean irakurri ditudan liburuen zerrenda
Behin nire buruarekin zorrak kitatuta, aurten ere hementxe biluzten dut nire gorputza eta arima, urtean zehar irakurritako liburuen zerrendarekin.
Hartu dut ipuin-liburuetatik, jan dut klasiko ezinbestekoetatik, edan dut irakurle klubean agindutakoetatik, erantsi dizkiot hiruzpalau saiakera-liburu eta, batez ere, bazkatu dut nire irakurgaien zerrenda amaigabetik.
Hau da: denetik apur bat. Hizkuntza aldetik nahiko orekatuta, eleberri eta ipuinak nagusi, %70 paperean, gai eta estilo aldetik eklektiko (ergo nahaste-borraste). Aurreko urtekoen segida, alegiya (2010, 2011, 2012, 2013).
Aurtengoan, irakurritako komikien zerrenda ere gehitu dut; gainera, aspalditxo erdi-galduta neukan ohitura berreskuratu eta komiki gehiago irakurri ditut.
Oro har uzta ona, nik uste. Betiko moduan, gehien gustatu zaizkidanak (ez derrigor onenak), izarñoz adierazita (gehiago ere izan zitezkeen, egia esateko).
Hara ba, 2014an irakurritako liburuen zerrenda.
Euskaraz
- "Götz eta Meyer", David Albahari (Pasazaite, 2013) Blogean
- "Kontrarioa", Lander Garro (Susa, 2010)
- "Euskal kultura?" Antton Luku (Pamiela, 2009). Iparraldeko euskal kulturaren (eta euskararen) egoeraz. Erradiografia zorrotza. Egoera gordina; gordin kontatua. Liburu zaila, ordea.
- ***"Euskal Herri imajinario baten alde", Santi Leoné (Elkar, 2008) Blogean
- ***"Isturitzetik Tolosan barru", Josanton Artze (Hartzabal, 1969; Pamiela, 2007) Blogean
- "Zorion handiegia", Alice Munro (Meetok, 2012)
- "Egungo euskal ipuingintzaren historia", Jon Kortazar (zuz.) (EHU, 2011)
- ***"Haragia", Eider Rodriguez (Susa, 2007) Blogean
- "Ravel", Jean Echenoz (Meetok, 2007)
- "Hamar", Andrej Longo (Pasazaite, 2012)
- "Joan eta Ane zigarro bat erretzen", Ibon Sarasola (Ustela, 1977). Euskal literaturaren prehistoriako lanetako bat.
- "Juan Antonio Mogel eta Urkitza", Juan San Martin (Euskaltzaindia, 1959)
- "Hobe isilik", Garbiñe Ubeda (Elkar, 2013)
- ***"Lasterka", Jean Echenoz (Meettok, 2011) Blogean
- "Poliedroaren hostoak", Joan Mari Irigoien (Erein, 1982/1995) Blogean
- ***"Etorkizuna", Iban Zaldua (Alberdania, 2005) Blogean
- "Aihen ahula", Daniel Landart (Elkar, 1977/1989?) Blogean
- "Dudular", Joxemari Iturralde (Erein, 1983)
- "Bizia lo", Jokin Muñoz (Alberdania, 2004). Gehiago espero/nahi nuen.
- ***"Mailuaren odola", Aingeru Epaltza (Elkar, 2006) Blogean
- "Lasai, ez da ezer gertatzen", Ana Malagon (Elkar 2014) Txioa eta blogean.
- "Euskal Herriko hezeguneak", Mikel Estonba (Elhuyar, 2002)
- "Muskuiluak afaltzeko", Birgit Vanderbeke (Pasazaite, 2012)
- "Erdialdeko euskalkiari buruzko saiakera", Pello Joxe Aranburu (Aranburu, 2013)
- "Bala zeru urdina", Xabier Aldai (Susa, 1993) Pufa! > Txioa
- ***"Lotsaizuna", J. M. Coetzee (Elkar, 2004) Blogean
Gaztelaniaz
- ***"14", Jean Echenoz (Anagrama. 2013) Blogean
- "La pelota según Miguel Gallastegui", Luis Aranberri Amatiño (Eibarko Udala, 2013). Gallastegi ez daukagula saltzeko!
- ***"Intemperie", Jesus Carrasco (Seix Barral, 2013) Blogean
- "La intrusa", Eric Faye (Salamandra, 2013) Blogean
- ***"La vida para principiantes", Slawomir Mrozek (Acantilado, 2013) Blogean
- "El amante", Marguerite Duras (Tusquets, 1984) Blogean
- "Pan, Educación, Libertad", Petros Márkaris (Tusquets, 2013). Txarra.
- "Camino de trincheras", Kari Hotakainen (Meetok, 2013)
- ***"El vano ayer", Isaac Rosa (Seix Barral, 2004) Blogean
- "La verdad sobre el caso Harry Quebert", Jöel Dicker (Alfaguara, 2013) Blogean
- "El sermón sobre la caída de Roma", Jerome Ferrari (Mondadori, 2013). Aspergarria.
- "Un pedigrí", Patrick Modiano (Anagrama, 2007). Izango du hoberik.
Beste hizkuntza batzuetan
- "La pell freda", Albert Sanchez Piñol (Campana, 2002) Blogean
- ***"La plaça del diamant", M. Rodoreda (1962; Club Editor, 1994)
- ***"Viatge d'hivern" Jaume Cabre (Proa, 2000) Blogean
- "Made in Galiza", Séchu Sende (Galaxia, 2007) Blogean
- ***"Brooklyn Follies", Paul Auster (Faber & Faber, 2005)
Komikiak
- Asterix eta piktoak. Bruño. 2013.
- Ihes ederra. Hedo Etxarte eta Alain Urrutia. Alberdania, 2009.
- Irati. Saiak. J. Muñoz eta J.L.Landa. Ikastolen elkartea, 2007.
- ***Azken garaipena. Zaldua eta Ribas. Ikastolen Elkartea, 2011.
- ***De Rerum Natura 5. Zaldieroa. Elkar, 2013.
- El mar de oro - Corto Maltés. Hugo Pratt. Norma, 2014 (1971).
- Thoreau. La vida sublime. Dan & Le Roy. Impedimenta, 2013.
- La balada del mar salado. Hugo Pratt. Norma, 1997.
- ***Erase una vez en Francia I, II eta III. Sylvain Vallee eta Fabien Nury. 2013.
- Teleatoi. Kalabaza haluzinogenoak. Dani Fano. Ikastolen elkartea, 2010.
- ***El garaje hermetico. Moebius. 1979.
- Aama 1. Olor a tierra caliente. Frederik Peeters. Astiberri, 2011.
- Aama 2. La multitud invisible. Frederik Peeters. Astiberri, 2012.
- Aama 3. El desierto de los espejos. Frederik Peeters. Astiberri, 2013.
- ***Portugal. Cyril Pedrosa. Norma. 2012.
- ***Pildoras azules. Frederik Peeters. Astiberri. 2003.
- Anubis 3.0. Dani Fano. Ikastolen elkartea, 2012.
- Piztia otzanak. Cano eta Holgado. Ikastolen elkartea, 2008.
Eibarko 50. Euskal Jairako ensaioak
Euskal Jaiak 50. urteurrena beteko du datorren maiatzaren 31n. Egun horretarako Eibarko dantzari guztiei plazara dantzara irteteko gonbidapena luzatu zaie, eta nahi duenak izena eman eta horretarako prestatu diren entseguetan parte har dezake.
Nahi duenarentzat, entsegu-egunak antolatu dira, zenbait larunbat eta ostegunetan, norberak ahal edo nahi dituen egunetan etortzeko; honako data zehatz hauetan, hain zuzen:
|
Larunbatak, 11:00etan Mogel Isasi ikastetxean |
Ostegunak, 20:00etan Portalean, Kezkako entsegu gelan |
|
urtarrilak 24 otsailak 21 martxoak 28 maiatzak 9 maiatzak 23 |
otsailak 5 martxoak 5 apirilak 16 maiatzak 14 maiatzak 28 |
Oraindik izenik eman ez, baina parte hartzeko gogoa duenak honako bi bide hauetatik eman dezake izena:
Whatsapp bidez: 605 71 14 29
Email bidez: 50euskaljaia@gmail.com
Dantzari, zatoz dantzara!
Pello Lizarralderekin hasi dugu Eibarko irakurle-taldearen denboraldi berria
Bi ohar plazaratuz ekin zion saioari Pello Lizarraldek. Batetik, galtzaile ona dela eta ez dela mintzen kritikekin, lasai esan genezakeela pentsatzen genuena; bestetik, mahai-inguru eta hitzaldietan ez duela sekula parte hartzen, baina irakurle-klubetan, "gai librean", eroso eta gustura jarduten duela.
Poztu egin omen zen bere lanen artean Sargori aukeratu genuelako Eibarren. Beretzat liburu berezia izan arren, aspaldi idatzi eta erdi-ahaztuta daukalako, eta irakurle-talde bakarrean egokitu zaiolako liburu horren inguruan mintzatzea.
Baztanen irakasle zela hasi omen zen Sargori imajinatzen, buruan zirriborratzen, baina momentuan ausardia falta izan omen zitzaion, eta beste 6-7 urte behar izan zituen argitaratzeko. Guztiaren erdigunea lagun batek kontatutako istorio txiki bat izan zen, gerora "Barnean" ipuina izango zena. Hari horri tiraka bururatu omen zituen gainontzeko ipuinak, nahiz eta urte batzuk behar izan zituen guztiak paperean jartzeko. Izan ere, argi zuen ipuin guztiak izan arte ez zela idazten hasiko; eta argi, era berean, guztiak bateratuko zituen zerbait behar zuela.
Horren harira esan zuen, berari ez zaizkiola gustatzen ipuin-bilduma hutsak, eta guztien artean kohesio hari bat aurkitzen saiatu zela. Sargoriko ipuinek ere, guztiek batera hartzen dute zentzua; batasunean eta elkarren ondoan.
Kasu honetan bero-sapa sargori hori izan zen ipuinen gidalerro, ipuin guztietan ezin hobeto deskribatzen den uda-giro astun hori (Lizarralderen berezko estiloaz gain). "Sargoriak dakar irrealitate sentsazioa, eta sargoriarekin muga arriskutsuak zeharka daitezke. Sargoriak mugara eraman zaitzake eta oso erreakzio arraroak izan ditzakezu. Egoerak lehertu egin daitezke, edo lehertzeko zorian egon, behintzat". Leherzorian dagoen giro hori adierazi nahi izan zuen ipuin-bilduma honetan.
Bere ipuinetan "ezer ez dela gertatzen" aipatu zen irakurleen artean, eta Lizarraldek laudoriotzat hartu zuen komentarioa. "Intriga eta akzioa ez zaizkit interesatzen. Nire liburuetan horien bila bazabiltzate, defraudatu egingo zaituztet". Izan ere, "literaturak balio behar du eguneroko bizitzan sartzeko, eta ez eguneroko bizitzatik kanpo eramateko. Horrelako literatura ez zait interesatzen". Norbere bizitzan oihartzuna duen horri erantzuna topatzeko balio behar du literaturak.
Bazterretik idatzitako liburua izan zen Sargori. Nafarroatik (orduan periferiaren periferia), argitaletxe hasi berri batean, eta estilo berezi samarrean. Gerora, aldiz, ibilbide ona izan du, bai irakurleen artean zein beste idazle batzuen artean.
Nire aldetik, berari aipatu izan nion, eta aurrerago ere idatzi izan dut blog honetan bertan: euskaraz idatzi diren ipuin-liburu onenen artean dago Sargori. Lehen aldiz irakurri nuenean idatzitakoa ekarriko dut berriro hona:
"Sargori", Pello Lizarralde (Pamiela, 1994)
Idazle berezia da Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956). Gutxitxo argitaratzen du. Berezi idazten du. Euskal letretan ahots bakarrez. Bere idazkera gustatuko zaizu ala ez, baina ezingo duzu esan beste edozein idazleren tankerakoa denik. Eta niri izugarri gustatzen zait. Atmosferak sortzeko duen erraztasuna, xehetasunik txikiena ere adierazteko duen gaitasuna, beti ere voyeur ukituarekin...
Sargori ere bide berean sortutako ipuin-bilduma da. Udako giro sapa horretan gertatzen diren kontakizun xumeak ekarriko dizkigu idazleak. Hamar ipuin txiki zoragarri, uda garaiko bazkalosteko giro itogarrian murgilduta daude pertsonaien eskutik. Askotan balirudike ezer gertatzen ez dela, baina Lizarralde maixu da elipsien bidez istorio zoragarriak kontatzen; edo kontatu gabe, irakurlearen eskuetan ezinegon sentsazioa uzten. Izen iradokitzaileak dituzte 10 ipuinok, eta horien artean benetako perlak aurkituko ditugu, “Barnetik”, “Bazterretik” edo “Azpian”, adibidez.
Izugarria da Lizarraldek irudiak, egoerak, ezenak... deskribatzeko duen gaitasuna. Irakurri ahala “ikusi” egiten dituzu gertakizunak. Eta ikusi ez ezik, usaindu, entzun eta sentitu ere egiten dituzu Lizarraldek kontatzen dituenak. Argazkilaria dirudi (edo zinemagilea, beharbada), idazlea baino gehiago, egoerak azaltzeko duen erraztasun eta gaitasun handi eta arin horregatik.
Eibarko irakurle-taldea
Eibarko Liburutegiak eta ...eta kitto! euskara elkarteak antolatzen dute Eibarko irakurle-taldea. Hileko lehenengo martitzenean elkartzen gara Portalea kultur etxean eta liburu (eta idazle) bikainak ezagutzeko aukera izan dugu azken 2 urteotan. Besteak beste, bisitari izan ditugu, Harkaitz Cano, Hasier Etxeberria, Arantxa Urretabizkaia, Iban Zaldua, Miren Agur Meabe... eta beste hamaika. Liburutegiaren Flickerrean dituzu argazkiak bilduma hauetan.
2015eko denboraldi berriari ekiteko, berriz, Pello Lizarralde eta bere "Sargori" (Pamiela, 1994) izan dugu lehenengoa. Hurrengo saioak ere prest daude: "Apirila" (Iñigo Aranbarri, 2014) otsailean, "Fikzioaren izterrak" (Ur Apalategi, 2010) martxoan, "Erraiak" (Danele Sarriugarte, 2014) apirilean, eta oraindik izenik ez duen beste bat maiatzean. Egitarau polita!
Eman izena liburutegian; ez zara damutuko.
Argazkiak: Eibarko Juan San Martin Liburutegia.
Azkenaldian irakurri baina iruzkindu ez ditudan hamaika liburu
Aspaldi aipatu nuenez, liburu bat irakurri ondoren, ohar batzuk idaztea gustatzen zait. Hasteko, liburuaren inguruan hausnartzen eta irakurritakoa hobeto ulertzen laguntzen didalako; gainera, nire memoria kaxkarraren nolabaiteko antidoto izatea espero dudalako (alperrik, daitort).
Oharrok niretzat jasotzen ditut, baina tarteka webgune honetara ere badakartzat, gehienbat liburua gustatu zaidanean, edo interes bereziren bat daukanean. Aurten, baina, alper samar ibili naiz eta ez dut liburu larregi iruzkindu (tira, egia esateko, urteroko ajea da alperkeriarena). Hutsunea betetzeko, hona hemen, labur-labur, 2014an irakurri arren, iruzkindu ez ditudan zenbait lan.
"14", Jean Echenoz (Anagrama, 2013)
Bost gazte frontean; neska herrian zain. Gerra Handia hasi da. Pare bat asteko kontua izango omen dena, baina 4 urtez luzatuko den guda izugarri ankerra. Echenozek nahikoa ditu 98 orrialde ankerkeria hori gordin-gordin mahairatzeko. Hitz egokiak aukeratuz momenturo, ezer ez dago faltan, ezer ez soberan; inolako dramatismorik gabe (are ironia erabiliz), gertakizunak hotz-hotz kontatuz, eta sentimenduak irakurlearen esku utzita. Barrua nahasteraino. Latza. Ez nuen ezagutzen Echenoz, eta gogoz nenbilen irakurtzeko. Ez naiz damutu. Liburu bikaina. Ondo hasi dugu 2014a "14"rekin.
"Götz eta Meyer", David Albahari (Pasazaite, 2013)
1941. urtea. Naziek okupatutako Belgrad. Hiriko gizonezko judutar guztiak garbitu ondoren, alemanek 5000 emakume eta haur dituzte atxilotuta. Asko dira. Larregi garbi, azkar eta modu eraginkorrean hil ahal izateko. Izan ere, hainbeste pertsona akabatu beharrak, bere buru-hausteak sortzen ditu, ez pentsa: logistikoak, ekonomikoak, psikologikoak (soldaduen estresa)... Oraindik gas-ganbera eraginkorragoak asmatu gabe dituzte, eta Belgraden gas-kamioiak probatuko dituzte. Götz eta Meyer arduratuko dira gas-kamioia gidatzeaz, baita zintzo arduratu ere, soldadu alemaniar batek bakarrik izan dezakeen profesionaltasunez. Narratzaileak hantxe galdu zituen bere seniderik gehienak, eta ulertu egin nahi du. Ulertu nahi du bere senideek bizi izandakoa; ulertu nahi du gas-kamioia gidatzen zutenek zer sentitzen zuten, ezer sentitzen bazuten. Baina bidean, batez ere, mamuak aurkituko ditu. Eta oroitu beharraren garrantziaz ere jabetuko da, horrek hondamendira bagaramatza ere. Egitura berezia dauka liburuak, parrafo bakarrean idatzita, bakarrizketa moduko batean (ez, baina tira...). Kontakizunari ondo doakio egitura hori, baina irakurketari (nire irakurketari, behintzat) kalte egiten dio, on baino.
"Euskal Herri imajinario baten alde", Santi Leoné (Elkar, 2008)
Baina, Euskal Herria zergatik da nazio: historiak hori agintzen digulako? Edo gaur egungo herritarrok, gure etorkizunerako, hori nahi dugulako? Santi Leonék galdera horiek eta beste hainbat erantzungo ditu saiakera-liburu interesgarri honetan. Euskal abertzaletasunaren inguruko gogoeta, baina bide batez (edo batez ere) nazionalismoaz, nazioez, espainiartasunaz eta nabarrismoaz. Eta baita euskal aberria irudikatzeko (eta justifikatzeko) moduez ere. Oso-oso gustura irakurri dut. Ez baduzue irakurri, hartu eta irakurri. Laburra da, eta merke-merke saltzen dute liburutegietan.
"Isturitzetik Tolosan barru", Joxean Artze (Hartzabal, 1969; Pamiela, 2007)
Euskal literaturaren lan klasiko horietako bat, Joxean Artzek 1969an idatzi eta argitaratua. Bere lehenengo poesia-liburua izan zen (hainbat poema gogoangarri aurkituko ditugu bertan); baina poesia liburu bat baino askoz gehiago ere bada. Arte lan bat. Arte lan zoragarri bat. Arteen arteko loturak, diziplinartekotasunak, gidatu zuen Isturitzetik Tolosan barru liburuaren sormen-lana, poesia abangoardistaren bidetik jo baitzuen Artzek ordukoan. Batik bat pinturarekin, musikarekin eta eskulturarekin harremanetan garatu zituen egileak bildumako poemak, eta bereziki poesiaren alde bisuala, fonikoa eta espaziala landu zituen[1]. Kapritxozko liburu on-eder-berezi bat erosi/oparitu nahi baduzu, hortxe duzu aukera ezin hobea. Jatorrizkoa aspaldi agortuta, Pamielak faksimilea argitaratu zuen 2007an. Ez zara damutuko.
"La intrusa", Eric Faye (Salamandra, 2013)
Shimura jauna bakarrik bizi da. Azkenaldian zenbait gauza lekuz aldatuta ikusi ditu, norbaitek ukitu izan balitu bezala; laranja-ura ere norbaitek edan dio hozkailutik. Kamera jarri, eta lanetik zelatatzen hasi da. Hara non, emakume bat dagoen etxean. Gauez armairu batean ezkutatuta; egunez, Shimura lanean dela, etxean bizi da. Istorio xume bezain bitxia (benetan gertatua eta Fayek egunkaritik jasoa), eta pertsonaia bakarti biren bizitza, gogoetak eta euren arteko (ez-)harremana kontatzeko erabiltzen duena. Bakardadeari buruzko gogoeta, bizi izan ditugun leku eta etxeekin ditugun lotura emozionalak, elkarrekin bizi arren ezezagun diren bikoteen ingurukoa,... Emakumea eta Shimura. Biak antzeko. Bakarrik daude; ez dute "markarik" utziko munduan. Shimuraren ahotsa entzun ondoren, emakume izengabearena ere entzungo dugu. "Ése es precisamente mi punto en común con él, algo de lo que no hay por qué avergonzarse ni enorgullecerse: no ser nada. Eso es lo único que nos une". Estilo eta idazkera xumea, minimalista, egokia, gustagarria. Lore asko (eta zenbait sari) jaso dituen liburua. Niretzat ez horrenbesterako, baina gustura irakurri dut. Labur samar geratu zait. Zeozer gehiago faltan-edo.
"Intemperie", Jesus Carrasco (Seix Barral, 2013)
Barruraino sartzen zaizun liburu horietako bat. Aspaldi nuen kukuka liburutegiko apal nagusian, eta azkenean hartu egin dut. Beste hainbat liburu irakurtzeko zain, baina "Intemperie" honi heldu diot eta bi arratsaldetan amaitu. "Klasiko bihurtuko den liburua", irakurri izan dut hor zehar. Hala da. Gai eternalak hizpide (biolentzia, duintasuna, justizia,...), garai eta herrialde ezezagun batean kokatua (1920ko Espainia izan daiteke, baina baita edozein galaxia urrun, a long time ago), 3 pertsonaia arketipiko erabiliz, eta ia-ia elkarrizketarik gabe. Ume bat ihesi doa, lehorteak txikitutako lurraldean barrena, iparraldeko mendietarantz; aguazila jarraika dauka, ez dakigu ondo zergatik (aurrerago esango zaigu, zeharka); eta artzain zahar, ikasketabako baina jakintsuaren alboan aurkituko du babesa. Nork daki, beharbada baita itxaropena ere. Ihesaldi baten kontakizuna da; baita Iparrak ematen duen itxaropena aurkitzearena ere. Idazkera berezia dauka Carrascok; sotila bezain landua, nekazal giroko lexiko aberatsekoa. Liburu zail samarra, agian. Niri ederra iruditu zait.
"Lasterka", Jean Echenoz (Meettok, 2011)
Urte hasieran Echenozen "14" irakurri ostean, "Ravel" ere irakurri diot ondoren, baina "Lasterka" izan da guztietan gehien gustatu zaidana. Emil Zatopek lasterkari txekiarraren bizitza nobelatua aurkezten digu. Liburu zoragarria da, kirolzalea bazara are gehiago. Gerardo Markuletak definitu zuen bezala, "Laburra, arina, irribarre ttipi batez gozatzeko modukoa. Bizitza berezi bat ahots berezi batek era berezian azaldua". Kirolaren edertasuna, eta gizon baten erresistentzia malgua garai eta giro gogor batean. Ez dakit aurten irakurritako libururik onena izango ote den, baina bai gusturen irakurri dudanetako bat.
"La vida para principiantes", Slawomir Mrozek (Acantilado, 2013)
Bizitzaren eta giza izaeraren inguruko begirada zorrotz, satiriko eta, are, sarkastikoa. Ipuin-liburu bikaina. 40 ipuin labur on-on, zenbait antologiko. Irribarre zitalez irakurtzekoa. Acantiladoren edizio zainduarekin, gainera. “Los cuentos de este autor resultan de un ingenio y una inteligencia fuera de lo común. Son claros, lúcidos, imaginativos, plagados de sentido del humor, de conciencia política; de humanismo cotidiano, el que alude a los avatares diarios de cada lector. Por eso resulta próximo, directo, creíble”[2].
"Etorkizuna", Iban Zaldua (Alberdania, 2005)

Meritu osoz sartu daiteke Iban Zaldua euskal ipuingile onen-onenen zerrendan. Begirada eta estilo pertsonalez, beti ere ironia, errealismoa, zientzia fikzioa eta kontrapuntua uztartuz, ipuin-sorta nabarmen bezain zabalaren aita da dagoeneko. 15 ipuin biltzen dituen liburu honetan ere betiko bideari eusten dio: zientzia fikzio "hurbila" eginez, giza harremanak eta kritika soziala uztartuz, irakurlea etengabe harrituz ezuste eta txilinbuelta narratiboekin, euskal giro sozio-politiko-kulturala zirikatuz, bere kontakizunak erreferentzia musikalekin zipriztinduz,... 15 ipuinetatik 5 azpimarratu nahiko nituzke: 1., 2., 7., 8. eta 14. kontakizunak. Etorkizuna honek 10 urte beti ditu dagoeneko; arrazoi polita (ber)irakurtzeko. Ez alperrik, liburu honi izena ematen dion kontakizuna ("Etorkizuna" bikaina), Europako ipuin onenen 2015eko bilduman sartu dute. Meritu osoz.
"El amante", Marguerite Duras (Tusquets, 1984)
Bigarrengoz irakurria (gaztetan irakurri ostean). Oroitzapen ona nuen, baina ez nuen piperrik ere gogoratzen. Ondo dago. Narrazioak, estiloak, intimismoak... harrapatu egiten zaitu. Idazlearen beraren autobiografia (modukoa) da. Gaztetan Indotxinan bizitako urteetan girotua (1925-1932 ingurua). Maitale txinatar (eta nagusiago) batekin izandako maitasun (edo sexu) istorioa kontatzen du, gehienbat; baina hori baino gehiago, bere senideekin (ama eta anaia nagusiago bi) zuen harreman itogarria azaltzen digu. Klasiko klasiko bat.
"La pell freda", Albert Sanchez Piñol (Campana, 2002)
Literatura katalanak izan duen arrakastarik handienetakoa. XX hasiera. IRAko gudari izandako protagonista, guztiaz higuinduta, uharte isolatu eta bakarti batera doa meteorologo lanak egitera. Uhartean, ustez, ez dago beste inor, Battis Cafo izeneko farozaina baizik. Baina lehenengo gauean bertan konturatuko da ez daudela bakarrik, gauero-gauero, itsas sakonetik, izaki arrotz eta beldurgarri batzuk irteten direla. Uhartean ez dago guztiontzat lekurik. Batak edo besteak irabazi beharko du guda odoltsua. Zientzia fikzioa, abenturazko eleberria eta beldurrezko generoa, hirurak batera. Arin eta gustura irakurtzekoa, harrapatu egiten baitzaitu egilearen idazkerak eta pertsonaien harremanak. Gogoetarako ere tartea: beldurraz, gorrotoaz, gerraren absurduaz... Istorio ustez xumea, baina irakurri ostean oraindik barruan jira-bueltaka geratzen zaizun horietakoa.
"Mailuaren odola", Aingeru Epaltza (Elkar, 2006)
Honezkero guztiok ezagutuko duzue, baina nik irakurri gabe neukan. XVI-XVII gizaldietan Nafarroan kokatutako eleberri historikoa. Ideia, trama eta egitura nagusia asko gustatu zaizkit. Fikziozko protagonista Joanes Mailu eta bere aitatxi Migel sartzen ditu benetako gertakizunen eta pertsonaien artean (besteak beste, Axular eta Leizarraga, eta garaiko hamaika pertsonaia historiko), eta nahaste horrek oso ondo funtzionatzen du. Axularrek Joanesen egunerokoa aurkitu eta irakurtzen du, eta bertan jasotako kontakizunei esker, garai historiko interesgarri horretan murgilduko gara. Liburuaren zatirik handiena Joanesek idatzitako eguneroko hori da; horrekin batera, Axularren gorabeherak ere ezagutuko ditugu, orainaldian eta 3. pertsonan. Joanesen egunkariak tarteka kronika itxura handiagoa hartzen du eleberri batena baino (batez ere, hasierako zenbait zatitan aitatxiren joan-etorriak kontatzen dituenean), baina oro har oso ondo eusten dio erritmoari eta adi-adi eusten du irakurlearen arreta. Estiloa eta idazkera egoki-egokiak dira. Biribilak. Hitzak eta esaldiak ondo neurtuak. Baina beharbada, idazkera jaso(egi) hori izan daiteke eleberri hau bestseller ez bilakatzeko arrazoia? Izan ere, klasiko bihurtzeko ezaugarri guztiak biltzen baititu.
"Lasai, ez da ezer gertatzen", Ana Malagon (Elkar 2014)
"Bakardadea leku jendetsua delako".
Ipuin labur eta zehatzak. Halakoxeak esaldiak, laburrak; halakoxea estiloa eta idazkera, zehatza. Laburrak, baina amaitu ondoren soka luzea dakartenak. Jarrialdi batean irakurtzeko modukoak, arin; baina ez da hori modurik egokiena ipuin hauei ekiteko. Hobeto beste irakurketa batzuekin tartekatzea, lantzean behin 3-4 ipuin irakurri eta bakar bakarrik hausnarrean geratzea. Tarteka errepikakor egin zait (neura eta ideia berberak, beste modu batean kontatuak), baina hala ere, euskal literaturak 2014an eman duen lan aipagarrienetako bat, nire ustez.
"El vano ayer", Isaac Rosa (Seix Barral, 2004)
Frankismoaren kronika zorrotz bezain berezia, proto-eleberri forman idatzia (eleberri bat nola idatziko lukeen kontatzen duen eleberria da Rosarena). Ona, oso ona. "Ni la Guerra Civil ni la transición: desdeñando el tirón narrativo del que se benefician en la actualidad una y otra, Isaac Rosa se adentra en el inmenso agujero negro que se abre entre las dos: esos cuarenta años de franquismo cuya negra sombra todavía hipoteca el presente. Y lo hace con la firme resolución de no dejarse embaucar por los discursos heredados. Isaac Rosa ha escrito la primera gran novela sobre el franquismo debida a un autor que no lo padeció directamente [3].
"Viatge d'hivern", Jaume Cabre (A tot vet, 2000)
Jaume Cabreren ipuin-bilduma. Bikaina. Hunkigarria (ipuin bat bereziki, barreneraino zauritzen zaituena). 14 ipuin dira. Ipuin beregainak, leku eta garai desberdinetan kokatutakoak eta estilo ezberdinean idatzitakoak, baina euren artean hari finez jositako sarea ehuntzen du idazleak, batetik bestera etengabeko keinuak eginez, eta amaieran nolabaiteko osotasuna lortuz. Ez dakit zergatik, baina tarteka "Obabakoak" gogoratu dit; antzeko zeozer daukate. Bosnia eta Viena, Treblinka eta Oslo, Katalunia eta Amsterdam... idazleak Europako historiaren errepaso modukoa ere egiten du, artista handiei omenalditxoak eginez (Bach, Rembrandt,... eta batez ere Schubert; Franz Schuberten Winterreisek girotzen du liburu osoa). Erabat gomendagarria [+].
"La verdad sobre el caso Harry Quebert", Jöel Dicker (Alfaguara, 2013)
Azken urteotako arrakasta literario handienetakoa, salmentei dagokienez. Dicker suitzarrak frantsesez idatzia, berehala bihurtu zen best seller Frantzian eta Canadan, eta gero ingelesez eta gaztelaniaz ere bai. Uda honetan hondartza eta hamaka ugaritan ikusi dut. Best seller poliziako tipiko horietako bat, baina bataz besteko mailatik gorakoa, nire ustez. Egitura ona, erritmo bizia, trama erakargarria, ezusteko eta zilipurdi askokoa,... Erraz eta gustura irakurtzen diren horietakoa. Azkenaldian irakurri ditudan mota honetako liburuen artean onentsuena, ziurrenik (Nesboren bat ere oso gustura irakurri dut).
"Lotsaizuna", J.M Coetzee (Elkar, 2004)
Liburu handia. Coetzee idazle handia da eta. Baina nola egin laburpena? Hainbeste gauza gertatzen dira, hainbeste gai jorratzen ditu, bata besteaz kateatuz, hausnarketarako horrenbesteko lekua uzten digu lan honek..., ezin laburpen bat egin. Oscar Arana itzultzailearen hitzek batzen dute egokien esan gura dudana: "Coetzee-k asmatzen dituen pertsonaiak hain dira konplexuak, hain aberatsa beren barnea, ezen jende askok bere buruari buruz dakiena baino anitzez gehiago jakiten du idazle honek berak asmatutako fikziozko pertsonaia horiei buruz” [4].#eBird: hegazti-behaketen datu-base mundiala
2002. urtean sortu zuten Estatu Batuetan eBird aplikazioa, Cornell Unibertsitateko Ornitologia Laborategiak eta Audubon Elkarteak. Funtsean, hegazti-behaketak gorde, antolatu eta banatzeko aplikazioa da.
Hasiera batean Estatu Batuetara mugatua zegoen, baina azken urteotan mundu osora hedatu dute, eta orduan etorri zaio benetako eztanda eta ospea. Gure artean ere nahiko ezaguna egiten hasi da (gutxienez ornitologo gipuzkoar eta nafarren artean). Une honetan 169 herrialdetako informazioa jaso eta zabaltzen du, eta hilero 6 milioi zerrenda berri gehitzen zaizkio datu-base erraldoiari. Mundu guztiko hegazti eta ornitologoen datuak, guztiontzat eskuragarri eta zientziaren lagungarri.
Zientzia hiritarra deitzen zaion horren ispilu da eBird. Garai batean, zientzilari "profesionalen" esku zegoen datuak jaso eta aztertzea, baina gero eta proiektu gehiagotan hiritarron esku ere badago lan hori. Zaletuok jasotzen ditugun horiek, ziurrenik, ez dira izango zientzilariek jasotzen dituztenak bezain zehatzak, baina badakizue zer den milioika lagun datuak biltzen izatea? Zer informazio piloa jaso daitekeen?
Ornitologian aspaldi konturatu ziren horretaz zientzilariak, eta esango nuke ohiko bilakatu dela herritarren parte-hartzea hainbat proiektutan, aspaldi-aspalditik, aitzindari izanik: zentsoak, jarraipenak, atlas ornitologikoak, migrazioetako datuak... Hiritarrak dira, kasu askotan, datuak jaso eta elkarbanatzen dituztenak.
Kasu honetan, oso erreminta erraz eta eraginkorra sortu dute Cornell Labekoek. Behin webgunean izena emanda, txori eta hegaztiak ikusi ahala, eBird-eko webgunera igotzen dituzu behaketa horietako datuak, formulario erraz bat erabilita. Eta horrek zertarako balioko du?
-
Norberarentzat oso erabilgarria, urteetan zehar behatutako hegaztien datu-base partikularra kudeatzeko. Zer espezie ikusi dituzun jakingo duzu, datuak herrialdeka zein eskualdeka edo herrika kontsulta ditzakezu, eta abar. Garai batean koadernotxoetan batzen genituen datuak, orain merke-merke sareko datu-base on batean, ondo egituratuta. Oso erabilgarria.
-
Horretaz aparte, beste zaletu batzuen zerrendak eta datuak ere erakusten dizkizu: zer ikusi da azkenaldian Euskal Herrian? Edo zer ikusi zuten atzo Urdaibaiko urmaeletan? Zein da espezie baten fenologia? Noiz eta non ikusten da errazen? Zer espezie bitxi ikusi da Nafarroan aurten? Hau ere oso-oso baliagarria.
-
Zientzilarientzat ere tresna bikaina da. Zaletuok sartzen ditugun milioika datuei esker, besteak beste, distribuzio eta migrazio patroiak aztertzeko aukera ematen die. eBird-ek, gainera, datu interesgarrienak publiko egiten ditu eta mapetan ikusteko aukera daukagu.
-
Bukatzeko, hegaztiak eta natura babesten dituzten elkarte eta erakundeek ere datu egokiak dituzte eskura, erabakiak hartzeko eta administrazioari kontuak eskatzeko.
Guzti honen indarra, jakina, txorizaleon parte-hartzean datza. Hau da, zenbat eta zaletu gehiagok erabili tresna berbera, orduan eta emaitza hobeak izango ditugu komunitate osoak eta aberasgarriagoa izango da guztiontzat. Esan bezala, Gipuzkoan eta Nafarroan datu asko gehitu dira eta, ondorioz, eBird oso erabilgarria da inguru horietan gabiltzanontzat. Araban, aldiz, oso mugimendu txikia dago, eta Bizkaian hala moduzkoa. Iparraldean, berriz, lurraldetasun arazoez gain (Akitaniako datu orokorretan daude Euskal Herrikoak), gainera inguru horretan beste webgune baten "konpetentzia" ere badu.
Adibiderako, datu orokor batzuk: 7 herrialdeetan antzeko ornitofauna izan arren, Nafarroan 300 espezie ikuskatu dira, Gipuzkoan 284, Bizkaian 235, eta Araban 159. Alde nabarmena, erabiltzaileon esfortzuak baldintzatu duena, eta ez lurralde bakoitzaren aberastasunak (soilik).
Kontutxo pare bat ere baditu hobetzeko. Hasteko, esango nuke "sare sozial" izaera indartzea falta zaiola. Ez dago modurik behaketetan iruzkinik lagatzeko, beste erabiltzaile batzuei iradokizunak edo galderak egiteko, eta abar. Bestalde, webgunea bi azpiegituratan banatuta dago, egitura zaharra eta berria, eta nahasgarri samarra da. Beste herrialde edo lurralde batzuetako datuak aurkitzea ez da erraza, eta zenbait azpiataletara heltzea ere ez. Guztia eredu berrira eramango dutela pentsatzen dut, eta ea orduan berrikuntzak eta hobekuntzak ere gehitzen dituzten.
Hala ere, eta laburbilduz, oso tresna erraz, erabilgarri eta eraginkorra. Txorizalea bazara, eman izena eta saltseatu; gustatuko zaizu!
Zirauna (Anguis fragilis), hankarik gabeko muskerra
Hankarik gabeko saurio ezagunena da zirauna. Ezkata leun eta dirdiratsuz estaliriko gorputz luze eta irristakorra du eta Euskal Herriko ia txoko guztietan aurki daiteke. Bere itxurarengatik sugeekin nahas daitekeen arren, zirauna saurio bat da, muskerren taldeko espeziea, alegia. Horren erakusle da, harrapariren batek buztanetik helduz gero, sugandilek egiten duten moduan buztana askatzeko duen gaitasuna.
Mugimendu geldoko harrapakinek osatzen dute ziraunaren dietaren zatirik handiena, hala nola, barraskilo eta lur-zizareek (dietaren %80). Intsektuak ere ohiko elikagaiak izan ohi dira.
Euskal Herrian oso banaketa zabala du eta, Bardeak eta Tafalla inguruan salbu, gainerako lurralde guztietan aurkitzen da, itsas mailatik Pirinioetako bailaretaraino. Kantauri itsasoko kostaldeko irletan ere badago, Donostiako Santa Klaran, adibidez.
Ez du ez haginkarik ez ezer egiten, baina kontuz hartu, bestela buztana kenduko diozu eta!
"Made in Galiza" (2007), S. Senderen ipuin soziolinguistikoak
Asteburu honetan Séchu Senderen ipuin-liburua izan dut esku artean, Made in Galiza, 2007an Galaxia argitaletxeak kaleratutakoa. Galizian bertan arrakasta eta zenbait sari jaso zituen eta atzerrian ere (non eta Kurdistanen) ospea bildutakoa.
Euskal Herrian nolabaiteko oihartzuna ere izan zuen orain dela 2 urte, Txerra Rodrigezek euskaratu eta Txalapartak atera zuenean. Garai hartan denetariko iruzkinak jaso zituen, batzuk positiboak, beste batzuk negatiboak. Ni lehenengo taldekoen artean sartu naiz, liburua gustura irakurri duten horien artean, alegia. Leoné aspertu egin omen zen; ni batere ez.
"Ipuin soziolinguistikoak" direla aipatu dut goiburuan, eta halaxe da. Liburuak dituen 45 ipuin laburren artean (2-3 orrialdekoak, bataz beste), askok eta askok hizkuntza dutelako hizpide, eta gehienek 'ukitu soziolinguistikoa' dutelako (nolabait esatearren). Izan ere, Sendek galizierak bizi duen egoera gainbegiratzen du ipuinotan; orain gutxira arte erabat hedatua zegoen hizkuntza izatetik, egunez egun erabiltzaileak galtzen ari den horretara, gizarteko hainbat sektoretan inongo prestigiorik gabea, eta oraindik ere autogorrotoa eta mespretxua jasotzen dituena.
Ikuspegi kritikoz, baina umorez eta ironiaz ekiten dio beharlekuari; beharbada, larregiko samurkeriaz ere bai. Askotan surrealismoz, gehienetan imajinazioz. Horrela, ipuin bateko protagonistak noizbait galdutako hizkuntza aurkitu nahi du "Objektu galduen bulegoan"; hitzen lapurrak ere agertuko zaizkigu beste batean; berbak asmatzen dituen enpresa ere bai; beste ipuin batean hitzak dira protagonista eta hizlari; hurrengoan munduko hizkuntzarik zailena ezagutuko dugu; edo hitzak saltzen dituen dendaria; baita berbarik egiten ez duen herrixka; edota Alzheimerrak jota bere senideekin komunikatu ezin den atso elebakarra. Tarteka poema tankerako atalen bat, eta baita iragarki, panfleto edo autohipnosirako gidaliburu forma hartzen duten ipuinak.
Euskal irakurleari ia derrigorrezko egiten zaio Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko paralelismoa egitea, baina uste dut akatsa litzatekeela hori. Horretan bat egiten dut Santi Leoneren iruzkinarekin (esan bezala, ez zitzaion batere-batere gustatu liburua), eta uste dut ipuinak ez direla sinesgarri "euskal klabean". Eta egia da, gainera, liburua gidatzen duen diskurtsoa errepikakorra eta aski ezaguna dela gure artean. Nik neuk galizieraz irakurri dut liburua (ez du batere meriturik, erraz erraz irakurtzen eta ulertzen da), eta esango nuke horrek samurtu egiten duela idazleak sortu nahi zuen mundutxoan zanga egitea eta bere orrialdeetan proposatzen duen jolas linguistiko-literarioa hobeto jarraitzea. Hortxe proposamena.
A lingua máis difícil
Naquel país, pequeno e practicamente descoñecido, había xente que tardaba anos e anos en se botar a falar na súa lingua.
Ninguén puido explicar nunca -nin os científicos da National Geographic, que foron os últimos en estudar a lingua de cabo a rabo- por que, mentres nas máis de 5.000 linguas do planeta a xente comeza a falar as primeiras palabras arredor dos 13 meses -de media, aproximadamente-, nesta lingua moita xente tardaba anos e anos e nalgúns casos máis anos en comezar a pronunciar as primeiras sílabas.
Descubriuse mesmo xente que nunca chegou a falar na súa lingua, na súa precisamente, e que, por outra parte, non tivo problemas para se iniciar e chegar a falar con fluidez outros idiomas, o que demostraba a fantástica dificultade da lingua daquel país único no mundo.
A xente que nunca chegaba a falala explicaba, na madurez ou na senectude das súas vidas e por tanto cando xa chegaran a reflexionar profundamente sobre o problema, que non se atrevían a falar a lingua porque aínda non estaban preparados; ou levando a man á cocorota e rascando co dedo índice dicían que lles parecía imposíbel ou que xa era demasiado tarde; ou, cunha vaga esperanza e confiando nas xeracións vindeiras, dicían A ver se os meus fillos o conseguen.
Dábanse algúns casos extraordinarios, si, de nenos e nenas precoces na aprendizaxe e uso do seu idioma, que chegaban á escola falando na súa lingua, se ben eran excepcións que confirmaban a regra: unha porcentaxe mínima entre a inmensa maioría dos que, acabados os estudos obrigatorios e mesmo os universitarios, non conseguían botarse a falar no idioma daquel inaudito país.
A xente que conseguía, por fin, algún día, e a pesar de todo, falar a lingua, animaba o resto a esforzarse un pouco máis, explicaban que si, que era posíbel, que supoñía un traballo considerábel, sobrehumano nalgúns casos, mais que o esforzo ao final pagaba a pena pois non todo o mundo podía dicir que era quen de falar a lingua máis difícil do mundo.
Era tan difícil que nas escolas mesmo había profesores e profesoras que non conseguían falala.
Era tan, tan difícil que case ninguén lle chamaba polo seu nome, por poñer o caso dunha palabra de uso común e corrente, ao cuberto cóncavo co que se come a sopa.
Era tan, tan, tan difícil que algunha xente nin sequera conseguía dicir Bo día, Ola, Boa noite ou Adeus.
Era unha lingua tan extremadamente difícil que mesmo había xente que, dada a dificultade e a frustración, acababa emigrando para outros países onde aprender a língua non fose un problema.
Azpeittiko eztarrire jun zat!
Jatekoak okerreko bidea hartu eta biriketarantz sartzen zaigunean, "kontrako eztarritik" joan zaigula esaten da euskaraz. Edo hori da arruntena, behintzat. "Okerreko eztarritik" ere esaten dute zenbait eskualdetan, eta "kontrako zintzurretik" beste zenbaitetan.
Beste formaren batzuk ere izango dira, baina bada bat orain gutxi ezagutu dudana, eta gustatu zaidana. Izan ere, ez esan ez denik polita azkoitiar eta azpeitiarren arteko tira-bira historikoan sortutakoa: azpeitiarrei "Azkoitiko eztarritik" joaten zaielako janaria, eta azkoitiarrek, ostera, "Azpeittiko eztarrire jun zat!" esango dizutelako!
Azkoitiarrak pixkat haruntzago ere badoaz, komuneko bonba sakatzeko orduan ere "Ala! Oin Azpeittire bialduko deu!" diotelako. Bitartean, azpeitiarrak inbidiaz, gauza bera esan ezinda!
'Isil-poltsa': isilpean gorde eta aurreratzen den dirua #BerbarikBerba
Eibarko Hiztegitik:
Ixil-poltsa (isil-poltsa). iz. (TE). Isilpean gorde eta aurreratzen den dirua. Peculio reservado, dinero reservado; dinero escondido. Txomo zaharran andriak, ixil-poltsiakin etxia eiñ eban. / Nundik norako diruekin jarabik gure andriak ainbeste dotoretasun? Ixil-poltsaren bat bajaukak baztarren batian gordeta. (Zirik 68).
Eibarko erabilera arruntean, normalean, etxean gutxika-gutxika gorde eta aurreratzen den diru-kopurua, etor daitezkeen ezusteko handietarako, edo eguneroko kapritxo txikietarako.
Goragoko bi adibideek garbi uzten dute garai bateko erabilera arruntena zein izan den, gehienetan emakumeei lotutakoa. Nahiz eta kontrakoa ere ohikoa ere izan, hau da, soldata eskuan jasotzen zen sasoian, gizonezkoak etxean "deklaratzen" ez zuen diru-sarrera.Ondo kontatuta dago hemen, eta egokia Oñatiko adibidea:
"Sasue batian ordu estrak eskura ordaiñketan oskuein fabrikan, eta ixil-poltsia eukitten ñuan".
Esakera adierazgarri bat ere aurkitu dut (eta adibidea sarean):
"Zerbait isil-poltsa baino ezkutuago gorde".
Elhuyar Hiztegiak eta Orotarikoak ere jaso dute, baina badirudi biek ere Eibarkoa dutela erreferentzia nagusi.
Aspaldi entzun barik, eta gaur gogoratu dit Egoibarrako arduradun Bego Azpirik.
Garaiotan, korrupzioren harira, beste erabilera batzuk ere hartu ote ditzakeen... Azken batean, garai berrietarako berba zaharrak! Izan ere, zer da ba Barcenasek, Granadosek eta Ratok Suitzan gordetakoa, isil-poltsa erraldoia baino?
Argazkia: Wikipedia
Eguneraketa: Xabier Gantzarainek aipatu dit kopla zahar batean ere azaltzen dela "ixil-poltsea". Hiru Trukuren abestiaren erreferentzia ere bidali dit. Eskerrik asko Xabier. Hementxe!
Udalatx, mendi kabroi bezain ederra
- Mendia: Udalatx
- Garaiera: 1.117 m
- Zailtasuna: ertaina
- Iraupena: 90-100 minutu igotzeko (50 inguru jaisteko)
Debagoieneko mendirik ezagunenetakoa, Udalatx (batzuetan Udalaitz ere erabiltzen da). Elorrio eta Arrasate artean dagoen kareharrizko mendia, Durangaldekoen segida (Mugarra-Anboto...). Aspaldi-aspaldi bertara joan barik, eta orain dela gutxi egin genion bisita.
Kanpazartik ere igo daiteke, edo Elorriotik, baina esango nuke Udala auzotik (Arrasate) duela igoera ohikoena. Udalako aparkalekuan hasten da Udalatxerako igoera. Handik hasi, eta gora-gorako aldapa pikarra izango dugu etengabe hurrengo ordu eta erdian.
Hasieran pista zabal samarra jarraituko dugu, baina artadian sartu bezain azkar, bide-txingor bihurtzen da, eta behin artadia amaituta, azken zati osoa harri artetik igo beharko dugu. Bide garbi-garbirik ez dago, eta askotan ez dakizu bide nagusia den, edo ahuntz-bidea (ahuntz ugari dagoelako inguruan), baina lasai: bide guztiek daramate Erromara. Edo tontorrera.
Aldapa pikarra, esan dudan moduan. Arnasa estutzen duena. Hauxe panorama, goialdetik, Udala auzoa eta igotako bidearen zati batekin. Barrenean Arrasate.
Azken zatian, belardi modukoetan barrena egingo dugu tarte bat, aspaldiko ermitaren aztarna batzuetara heldu arte. Handik gora, ostera ere, ahuntz-bidea, tontorreraino.
Hementxe, azkenengo zatia.
Bidean zehar, maldan gora egin ezinda arnasa barik gelditzen zaren bitartean, sarri galdetuko diozu zure buruari, ea zergatik itzuli zaren Mortirolora, baina behin goian ozen esango duzu: "merezi izan jok!".
Inguru ederra da. Inguruan beste mendi handirik ez duenez, panorama ikusgarria du, eta Euskal Herri erdialdeko mendirik gehientsuenak ikusi daitezke bertatik. Mahai bat ere badago laguntzeko (euskara "xelebrea" du, Laburdi, Donosti, Kanta-huri, eta antzekoekin).
Hegazti aldetik, mendi-inguruko espezie batzuk ikusteko aukera ere ematen du Udalatxek. Besteak beste, belatxingak, mokohoria zein mokogorria.
Tontorrean argazkiak, eta berriz behera. Oraingoan askoz bizkorrago; beharbada aguroegi, tarteka belaunak eta orkatilak ezinean.
Umeekin egiteko modukoa? Bai, ondo, baina mendian pixkat zaildutakoak badira, eta harri artean saltoka beldurtzen ez direnak. Bestela, pazientzia!
