Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Neu ere apur bat eibartar sentitzen naiz

Neu ere apur bat eibartar sentitzen naiz

Asier Sarasua 2014/10/20 18:40
Xabier Mendiguren Elizegik #EibarOrg10 ospakizunerako bidali zigun testua. Bera etorri ezin, eta Leire Narbaizak irakurri zuen ekitaldian.

Behin batean entzun nion norbaiti esaten, norbera dela, maite duen jendea den lekukoa. Zure senar edo emaztea Galiziakoa bada, zeu ere apur bat galiziarra bihurtzen zara, ezinbestean. Lagun on bat non, zure bihotzaren zati bat han.

Eibartarren komunitate digital, elektroniko, birtual edo dena delako honetan bagara batzu-batzuk, ez jaiotzez, ez bizilekuz, ez ezkontza-bidez Eibarkoak ez garenak, ezta auzo-herrietakoak ere; bata Irungoa, bestea Bermeokoa, harako hura goierritarra…

Bizitzaren gorabeherengatik, auskalo nola, egun batean eibartarren elkarte honetan eman genuen izena; eta neure izenean esango dut, baina uste dut besteen izenean ere hitz egin dezakedala, geroztik ez zait sekula damutu talde honetan sartu izana.

Zer aurkitu dut bertan? Ez da erraza laburtzen. Jende multzo bat, bakoitza bere ideiekin, burutazioekin, petralkeriekin, iritziak botatzeko eta entzuteko prest, elkarrekiko begirunez eta errespetuz betiere. Gizon-emakume jantziak, bakoitza bere arloan jakintsua, eta besteei laguntzeko gertu agertu ohi dena. Eta baita kuadrilla alai bat ere, festarako eta kanturako pronto.

Asier, euskara-modu guztiak sakonki ezagutu eta maite dituena; Luistxo, munduaren dominaziñoa planeatzen beti; Leire, lurrikara etengabearen epizentroa; Serafin, beti fin; Elena, dotorezia berekin daramana; Gari, Erral, Eneko, adituak bezain adeitsuak; Oier, dantzari miresgarria, Oier ogro maitagarria; Mikel, langile bezain prestua… badakit izenak ahaztu ditudala; barka. Denok daukazue txoko bat nire bihotzean. Eta horrenbestez, utzidazue esaten neu ere apur bat eibartarra sentitzen naizela.

XME

etiketak: eibarorg10, eibarorg
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: