Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Berbak dantzan / Ederto pasatu nuen

Ederto pasatu nuen

Ane Sarasketa 2014/10/20 00:49
Eskerrik asko, Eibar.org!

Eibar.org blog komunitateak 10 urte bete ditu, eta iragan asteburuan ospatu genuen urteurrena. Lehenengo aldia izan da Eibar.org komunitatearen ekitaldiren batean parte hartu dudala. Badut bloga, baina gutxi idazten dut bertan, ez naiz oso aktiboa, hainbat arrazoirengatik. Horregatik, akaso, ez naiz sekula ausartu Eibar.org-ek antolatutako ekitaldietan parte hartzen.

Kontua da oraingo honetan parte hartu dudala, eta primeran pasatu dudala gainera.  Jende mordoxka bat desbirtualizatu dut, eta, seguruenik, haiek ere desbirtualizatu naute ni.

Ospakizunean, hainbat hitzaldi, irakurketa eta bideo ikusi eta entzun genituen. Haietako bideo batean entzun nuen esaldi batekin gelditu naiz. Elena Lakak aipatu zuen, nonbait Asier Sarasuari entzuna noiz edo noiz: “Eibar-org komunitateak asko eman dit eta trukean gutxi eskatu dit” (ez dut hitzez hitz jaso, baina esanahia hori da, oker ez banabil behintzat).

Hori berori sentitu nuen nik larunbatean, eta eskertzekoa da benetan. Bejondeizuela, eskerrik asko eta urte askotarako!

Ez da gauza handia trukean eskaini dudana, baina, hala ere, hona hemen urteurrenerako prestatu eta irakurri nuen hitzalditxoa.

 *******

Irigoien blogean aurkitu dut abiapuntua. Hala zekarren bere post batean: ‘Batzutan zati batek osotasuna baino gehiago adierazten du’.  

Niri ere gauza txikiak gustatzen zaizkit. Uste dudalako gauza txikiekin egiten direla mundu handiak. Komunitateak. Gure komunitatea modukoak.

Aritu naiz pentsatzen, eta uste dut gure komunitatea berba, irudi eta hitz xehez osatutako dagoela. Esaterako:

Gurean badira berbarik behar ez dituzten irudiak.

  • Irudi argiak:

 

  • Irudi naturalak:

  •  Arima ederrenak lapurtzen dituzten irudiak:

 

  • Biografia gordinenak kontatzen dituzten irudiak:

 

  • Edo autobiografiak kontatzen dituzten irudiak:

 

Gure komunitatean, badira berbekin elkartu eta politika osoak erakusteko gai diren irudiak:

Anti-gona:  ‘Austeritatea gomendatu, baina 90 jakatik gora izan’

 

 Gurean, badira irudirik behar ez dituzten berbak. Komunitate baten izaera irudikatzeko gai diren berbak.

Logofiloaren txokoa.

 irmotasun. iz. Kanpoko eraginari gogor eusteko ahalmena; kanpoko eraginari erraz amore ez emateko tinkotasuna. Honela dio esaera zahar ingeles batek: Harrokeria txakur ona da, baina irmotasuna hobea.


Gurean, badira irakurle espezializatuak behar dituzten berbak.

Ingelesen hilerria.

Haplotaldeak eta ahaideak [geno-4] .Genographic testarekin jakiten duzun datu nagusia zure haplotaldeak zein diren da.

 

Gurean badira zaplastekoak emateko gai diren berbak.

Eibartik.

Maricón! Oraindik ere, 10-12 urteko mutilen artean horixe: Maricón! Futbolean jokatzen ez duenari, antzerkia edo dantza egiten duenari, desberdina denari: Maricón! Hezikidetza eta berdintasunaren aroan ere, Maricón! Pirritx eta Porrotxen gizarte-eredu koloretsuan hazitako haurren artean ere, Maricón! Urrun dago umeen arteko jolas eta txantxa izatetik. Pentsarazi beharko liguke. Sema-alabak nola hezten ditugun. Zenbat lan oraindik. Maricón!

Eta, gurean, badira lapurtuak izateko idatzi diren berbak ere.

Hala egin dut nik ere, sarrera bateko hainbat pasarte lapurtu eta moldatu egin ditut. Barkatuko al dit Garagoittiko orakuluak, izena aldatu baitiot bere seme Tomaxi eta bere lekua eman Eibar.org komunitateari. Honela:

Garagoittiko Orakulua (moldatua).

Hau despedidia dok, Eibar.org. Ume txikixa izatiari laga detsak, eta epe honetan izan dogun martxa gozua etxuagu barriro ezagutuko.

 (…)

Orduan, bixar arte 10 urtion lez ibilliko gaittuk, Eibar.org. Ederra izan dok, eta berbetan ipiñi gura neuaan, despedida moduan.

(…)

Izan be... bixartik aurrera, epe barri bat hasiko da.

(…)

Horregaittik nahi izan juat, Eibar.org, hirekin eta hemen dauden danekin bizi izandako epe gozo hau oiñ gogoratu. Etapa barrixa hasi aurretik.

(…)

Hala, ba, segi hazten.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarren jaio eta hemen bizi naiz. Mendi puntan baina Eibarren. Esan ezin dudana idatzi egiten dut batzuetan. Ez nuen txoko honetan bakarrik agertzerik nahi eta bigarren eta hirugarren bati egin diet lekua; akaso, idazten ikasten dutenean lagunduko didate Izarok eta Maulek. Hemen idatzitakoek ez dute mundua aldatuko baina bihotzen bat ukituko balute gu konforme. Sentimenduez ari gara hemen.