Pello Lizarralderekin hasi dugu Eibarko irakurle-taldearen denboraldi berria
Bi ohar plazaratuz ekin zion saioari Pello Lizarraldek. Batetik, galtzaile ona dela eta ez dela mintzen kritikekin, lasai esan genezakeela pentsatzen genuena; bestetik, mahai-inguru eta hitzaldietan ez duela sekula parte hartzen, baina irakurle-klubetan, "gai librean", eroso eta gustura jarduten duela.
Poztu egin omen zen bere lanen artean Sargori aukeratu genuelako Eibarren. Beretzat liburu berezia izan arren, aspaldi idatzi eta erdi-ahaztuta daukalako, eta irakurle-talde bakarrean egokitu zaiolako liburu horren inguruan mintzatzea.
Baztanen irakasle zela hasi omen zen Sargori imajinatzen, buruan zirriborratzen, baina momentuan ausardia falta izan omen zitzaion, eta beste 6-7 urte behar izan zituen argitaratzeko. Guztiaren erdigunea lagun batek kontatutako istorio txiki bat izan zen, gerora "Barnean" ipuina izango zena. Hari horri tiraka bururatu omen zituen gainontzeko ipuinak, nahiz eta urte batzuk behar izan zituen guztiak paperean jartzeko. Izan ere, argi zuen ipuin guztiak izan arte ez zela idazten hasiko; eta argi, era berean, guztiak bateratuko zituen zerbait behar zuela.
Horren harira esan zuen, berari ez zaizkiola gustatzen ipuin-bilduma hutsak, eta guztien artean kohesio hari bat aurkitzen saiatu zela. Sargoriko ipuinek ere, guztiek batera hartzen dute zentzua; batasunean eta elkarren ondoan.
Kasu honetan bero-sapa sargori hori izan zen ipuinen gidalerro, ipuin guztietan ezin hobeto deskribatzen den uda-giro astun hori (Lizarralderen berezko estiloaz gain). "Sargoriak dakar irrealitate sentsazioa, eta sargoriarekin muga arriskutsuak zeharka daitezke. Sargoriak mugara eraman zaitzake eta oso erreakzio arraroak izan ditzakezu. Egoerak lehertu egin daitezke, edo lehertzeko zorian egon, behintzat". Leherzorian dagoen giro hori adierazi nahi izan zuen ipuin-bilduma honetan.
Bere ipuinetan "ezer ez dela gertatzen" aipatu zen irakurleen artean, eta Lizarraldek laudoriotzat hartu zuen komentarioa. "Intriga eta akzioa ez zaizkit interesatzen. Nire liburuetan horien bila bazabiltzate, defraudatu egingo zaituztet". Izan ere, "literaturak balio behar du eguneroko bizitzan sartzeko, eta ez eguneroko bizitzatik kanpo eramateko. Horrelako literatura ez zait interesatzen". Norbere bizitzan oihartzuna duen horri erantzuna topatzeko balio behar du literaturak.
Bazterretik idatzitako liburua izan zen Sargori. Nafarroatik (orduan periferiaren periferia), argitaletxe hasi berri batean, eta estilo berezi samarrean. Gerora, aldiz, ibilbide ona izan du, bai irakurleen artean zein beste idazle batzuen artean.
Nire aldetik, berari aipatu izan nion, eta aurrerago ere idatzi izan dut blog honetan bertan: euskaraz idatzi diren ipuin-liburu onenen artean dago Sargori. Lehen aldiz irakurri nuenean idatzitakoa ekarriko dut berriro hona:
"Sargori", Pello Lizarralde (Pamiela, 1994)
Idazle berezia da Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956). Gutxitxo argitaratzen du. Berezi idazten du. Euskal letretan ahots bakarrez. Bere idazkera gustatuko zaizu ala ez, baina ezingo duzu esan beste edozein idazleren tankerakoa denik. Eta niri izugarri gustatzen zait. Atmosferak sortzeko duen erraztasuna, xehetasunik txikiena ere adierazteko duen gaitasuna, beti ere voyeur ukituarekin...
Sargori ere bide berean sortutako ipuin-bilduma da. Udako giro sapa horretan gertatzen diren kontakizun xumeak ekarriko dizkigu idazleak. Hamar ipuin txiki zoragarri, uda garaiko bazkalosteko giro itogarrian murgilduta daude pertsonaien eskutik. Askotan balirudike ezer gertatzen ez dela, baina Lizarralde maixu da elipsien bidez istorio zoragarriak kontatzen; edo kontatu gabe, irakurlearen eskuetan ezinegon sentsazioa uzten. Izen iradokitzaileak dituzte 10 ipuinok, eta horien artean benetako perlak aurkituko ditugu, “Barnetik”, “Bazterretik” edo “Azpian”, adibidez.
Izugarria da Lizarraldek irudiak, egoerak, ezenak... deskribatzeko duen gaitasuna. Irakurri ahala “ikusi” egiten dituzu gertakizunak. Eta ikusi ez ezik, usaindu, entzun eta sentitu ere egiten dituzu Lizarraldek kontatzen dituenak. Argazkilaria dirudi (edo zinemagilea, beharbada), idazlea baino gehiago, egoerak azaltzeko duen erraztasun eta gaitasun handi eta arin horregatik.
Eibarko irakurle-taldea
Eibarko Liburutegiak eta ...eta kitto! euskara elkarteak antolatzen dute Eibarko irakurle-taldea. Hileko lehenengo martitzenean elkartzen gara Portalea kultur etxean eta liburu (eta idazle) bikainak ezagutzeko aukera izan dugu azken 2 urteotan. Besteak beste, bisitari izan ditugu, Harkaitz Cano, Hasier Etxeberria, Arantxa Urretabizkaia, Iban Zaldua, Miren Agur Meabe... eta beste hamaika. Liburutegiaren Flickerrean dituzu argazkiak bilduma hauetan.
2015eko denboraldi berriari ekiteko, berriz, Pello Lizarralde eta bere "Sargori" (Pamiela, 1994) izan dugu lehenengoa. Hurrengo saioak ere prest daude: "Apirila" (Iñigo Aranbarri, 2014) otsailean, "Fikzioaren izterrak" (Ur Apalategi, 2010) martxoan, "Erraiak" (Danele Sarriugarte, 2014) apirilean, eta oraindik izenik ez duen beste bat maiatzean. Egitarau polita!
Eman izena liburutegian; ez zara damutuko.
Argazkiak: Eibarko Juan San Martin Liburutegia.