Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka

Maialen Odriozolaren bloga, Eibar.org-en gaineko ikerketa baten harira

Ikerketaren aurkezpena otsailaren 17an, Portalean

Maialen Odriozola 2016/02/09 20:10
Eibar.org-en inguruan egin dudan ikerketaren emaitzen berri emango dut, otsailaren 17an, Portalean, arratsaldeko 7:00etan.

Laburpena:  Gaur egun ohikoa bihurtu da sarean edukiak argitaratu, zabaldu eta partekatzea. Normal-normala. 1998.urtea zen, ordea, Eibar inguruko hainbat erabiltzaile elkartu zenean, eta orduan, amaraunak ez zituen orain bezala (ia) gure bizitzako esparru guztiak hartzen. Testuinguru horretan, ikerketako protagonistak lehenengotarikoak izan ziren euskaraz funtzionatzen zuen posta-zerrenda sortzen. Aitzindariak, halaber, euskal blogosferan. Hori guztia, ahots publikoa izateko aukera eskainiz herritarrei, eurak izan zitezen -eta izan daitezen- zertaz hitz egin nahi duten aukeratzen dutenak; euren iritzia agertzeko aukera emanez, interesatzen zaizkien gai guztien inguruan. Ildo horretatik, ikerketa honek blogari eta zerrendakideen motibazio, errealitate eta esperientziak islatu nahi izan ditu elkartearen dimentsiotako hiru oinarri hartuta: Eibar, euskara eta teknologia berriak.

Abiapuntua helmuga eta helmuga abiapuntu

Maialen Odriozola 2015/01/29 23:41

“Baliabideak emanda, edukiak bakarrik sortzen dira” premisa irakurri nuen behin hor zehar. Hori horrela ote zen galdetu nion neure buruari orduan, eta komunitateen garrantzian pentsatu nuen berehala. Are gehiago, jarrera eta jakintza hitzak ere etorri zitzaizkidan gogora geroxeago. Ideiak ordenan jartzeko asmoz, mapa mentalak marrazteko beharra sentitu eta ondorengo oharra idatzi nuen:

Web 2.0 iraultzak IKTen bitartez igorlea hartzaile bihurtu du baina prozesua emateko garrantzitsuak dira sarbidea eta alfabetizazioa. Horrez gain, ezinbestekoa da jabekuntza parte-hartzeko. Modu horretan bakarrik egingo dugu jauzi digitala esfera publikoan eragiteko.

Burutazio horiek lotzen nabil marko teorikoan abiapuntutik helmugara iritsitz eta atzera bueltan helmugatik abiapuntura eginez.

 Ideiak bota eta josteko ahalegina da behekoa:

 

Kritiko

Maialen Odriozola 2014/09/07 18:03
Bart Cammaerts irakasle eta ikerlaria blogen bidez parte-hartzeko ahalmenaren inguruan duda-mudan.

Teknologia berriak beti datoz espektatiba altuez inguratuta. Blogen kasuan, berdinen arteko komunikazioan oinarritzen direla, edota nornahi igorle bihur ditzakeela errepikatzen dute komunikazioan adituek. Baina tonu euforikoegia erabiltzea egozten die Cammertsek, eta sarea ezin dela “offline” munduko errealitate ekonomiko, politiko eta kulturaletik bereizi gogorarazi. Gizarte sareak online mundura migratu badira, ez al da logikoa pentsatzea orain arte harremanetan egoten diren egiturak -bereizketak, hierarkizazioak, kontrola etab.- ere eurekin migratu dutela?

Bere teoria arrazoitzeko, maila ezberdinetan banatzen ditu parte-hartzeko blogariak aurkitu ditzakeen muga eta oztopoak.

 

  1. Merkatuagatik kolonizatua

 Blogariak publizitate/ hauteskunde/komunikazio kanpainetan erraminta gisa erabiltzen direla dio eta horren ondorioz, “clog” delako blog korportatiboz betea dago sarea. Beste maila batean, “blogolak” egongo lirateke, hau da, iruzkin positiboak egin ditzaten, produktu edo zerbitzu baten inguruan ordaindutako blogariak eta, azkenik, “flog” (fake blog) delakoak, blogariak independete dela aldarrikatu arren, marka batek babesten dutenak ezkutuan.

 Horrez gain, merkatuarekin lotura aipatzen duen beste arriskuetako bat, Web 2.0 delako aplikazio askok euren negozio eredua erabiltzaileak dohainik sortutako edukietan oinarritzen dela da.

 Blogari altruistaren irudiarekin amaitu nahi du goiko argumentuekin Cammaertsek.

 

 2. Estatu, erakunde eta industriagatik zentsuratua

 Autore honen ustez, askotan erregimen autoritarioetan jartzen dugu arreta sareko zentsuraz hitz egiten dugunean, baina herrialde demokratikoetan ere blogariak baldintzatuak daudela dio. Erakundeak (unibertsitateak aipatzen ditu) eta bestelako industriak euren langileei blog pertsonaletan zer idatzi behar duten agintzen dietelako. Horrez gain, hainbat herritarrek asko neurtzen dituzte euren hitzak gaur egun lanpostu baterako edozein prozesutan lehenengo gauza, euren izen abizenak “googletu-ko” dituztelako.

Haatik, herrialde askok (Internet filtratu zein filtratzen ez dutenek) status quo-aren aurkako mehatxutzat hartzen dutela sarea nabarmentzen du, eta horrela, segurtasun nazionalaren zein erlijio armoniaren… izenean sareko disidentziarekin amaitu nahi dutela dio. Nire iritziz, udaberrian egindako txiolarien aurkako atxiloketak bigarren argumentu honen atzean koka ditzakegu neurri batean (“sarean terrorismoa goratzen da” esanez, interneteko erabiltzaile guztiak zaku berean sartzeko ahalegina egin zuten).

Boterearen eraginaren eremutik blogariak ez direla independente salatu nahi du argumentu honekin Cammaertsek.


 3. Elite politikoek (eta kulturalek) berenganatua

Eliteek geroz eta gehiago euren blog propioak dituztela dio eta adibide gisa politikari blogariak jartzen ditu. Politikariak eurak dira, beraz, informazioa zuzenean eskaintzen dutenak, eta herritarrak eta kazetariak euren blogari begira jartzen dituzte. Medioetako profesionalen bitartekaritzarik gabe hiritarrei zuzenean helarazten diete euren mezua eta belaunaldi gazteetara errazago hel daitezke haien botoa lortzeko. Kasu batzuetan, ordea, beste komunikatzaile edo “copywriter” batzuk daude blog “pertsonal” horien atzean eta beste hainbat sare sozialetan idazten. Gauza bera gertatzen da bere esanetan pop izar, aktore eta ospetsuen munduko beste hainbat pertsonaiarekin.

 Elite politiko eta kulturalek blogak berenganatu dituzte euren alde gizatiarra azaleratzeko Cammaertsen ustez. Komunikazio kanpaina baten barruan dagoen alde gizatiarra, bestalde.


 4. Kontrol soziala eta sareko mehatxuak edo irainak

 Parte-hartzeko oztopo handienak, ordea, ez datoz ez merkatutik, ez gobernutik, ez eta nagusi edo ugazabetatik ere. Cammaertsen iritziz, blogariak kontrol sozialari eta sareko larderiari dio beldurra. Beste erabiltzaileek sarearen bitartez iraintzen dituztenean gertatzen da. Ildo horretako kasu baten testigu izan gara azken egunetan gurean. Kazetari batek saskibaloi partidu bateko cheerleaderren bueltan speakerraren portaera matxista salatu eta emakumearen banalizazioaren aurka egin zuen interneteko atari baterako idatzi zuen artikuluan. Speakerra postu horretatik kendu zuten artikuluaren harira. Kazetariak, berriz, iseka eta mehatxu asko jaso zituen arktikuloko iruzkinen artean. Gertakari baten gaineko interpretazioa egiten dugunean aurka daudenen erantzun arrazoituak jaso beharrean hainbat kasutan mehatxu, irain eta isekak jaso ditzakegu.

Cammaertsekin jarraituz, kontrol sozialak eta sareko lardakeriak baldintzatuta idazten du blogariak.

 

 5. Demokraziaren aurkako ahotsak

Diskurtso homofoboak, xenofoboak, neofaxistak… bilaketa sakonik egin gabe aurkitu ditzakegun izurriteak dira. Belgikan, esaterako, “Aukera berdintasunerako eta Arrazismoaren Aurkako zentroak”, Cyberhate.be webguneak, 30 kexu jasotzen ditu hilabetero (2007). Cammaertsek esfera publikoan diskurtso horiek duten eraginaz galdegiten du eta sareko zentsura gisako estrategia baten beharrezkotasunaz itaundu. Baina Butlerren hitzak (1997) ekarriz gogora, ideia batzuek esfera publikotik kentzeak ez duela esan nahi ezabatuko direnik ondorioztatzen du.

Adierazpen askatasunaz baliatuz, demokrazia ahultzeko diskurtsoen presentziaz ohartarazten du Cammaertsek azken argumentu honetan.

 

Ondorio pertsonala:

Teknologiak ere ez dira neutroak eta are gutxiago, haien gainean egiten dugun erabilera; kapitalismo basatienaren lagun izan daitezke edo aktibisten euskarri. Baina “online mundua” ez da harreman bukolikoen erreinu, ezta offline mundua botere, zentsuraren eta bestelako azpikerien estolderia ere. Azken batean, ez dagoelako ni digital eta ni herritarrean arteko bereizketarik ere. Hori horrela, sareak gure onenak, arruntenak eta txarrenak azaleratzen jarraituko du. 

 

Irudia: Jay Wennington (unsplash.com) 

Luistxo Fernandez: “Garrantzitsua da interneten norberak bere espazio propioa kudeatzea”

Maialen Odriozola 2014/06/18 16:30
Eibar.org-en historia, bilakaera eta bestelako xehetasunak.

Dozenaka artikulu eta hainbat hilabeteko behaketaren ondoren, heldu da protagonistekin hitz egiteko txanda puzzlea osatzen joateko. Behekoa, Luistxo Fernandezi egindako elkarrizketaren moldaketa da blog formaturako (edukia laburtzeko, alegia). Ikerketaren datu bilketan oinarrizkoak izango dira, elkarrizketa honetaz gain, zerrendakide eta blogariei egindako galdesortak eta baita taldeko eztabaida ere. Izango duzue horien berri.

 

 

Hastapenei buruz galdegin, eta horiek azaltzen hasi da Luistxo Fernandez, Eibartarrak posta-zerrendaren sortzailea: “90.hamarkadan posta-zerrenda zen Internet erabiltzeko tresna praktikoenetako bat”.  Bi ziren, sasoi horretan, euskaldunen inguruan martxan zeudenak; euskaraz funtzionatzen zuen batek, eta ingelesez, besteak. Ingelesezkoan, diasporako euskaldunak eta hemengo zenbait zeuden sartuta, eta tresnak martxan egoteko beharrezko zuten software-a New Yorkeko Unibertsitate bateko zerbitzarian zeukaten jarrita. Horrelako zerbitzari bat ez zegoen edonoren esku, baina. Horregatik, norberak posta-zerrendak sortu zezakeen tresna bat deskubritu zuenean, Fernandezek berak ere “bitarteko interesgarri” hori probatzeko ideia izan zuen. Zerrendakide gisa, posta-elektronikoa zeukatela zekien eibartarrak gonbidatu zituen –orduan ez zegoen hain zabalduta emaila- . “Beste batzuek beste gai batekin sortuko zuten,  futbolari buruz edo euskal musikaren inguruan… Nik herriko jendearekin egitea pentsatu nuen, herriari buruz”, azaltzen du Fernandezek zerrendaren gaiaren zergatiagatik galdetuta.

 Garai horretan, izan ere, sarea zerbait minoritarioa zen. Are gehiago, Fernandezen hitzetan, “Internet egiteko zegoen orduan”. Testuinguru horretan jendea “honi eta hari buruzko” web orriak egiten hasi zen. Bien bitartean, hainbat eibartar zerrendaren estalpean biltzen ari ziren eta afari batean elkarte baten antolatzea pentsatu, eta Eibarri buruzko web orria egitea erabaki zuten. Behin izena aukeratuta, domeinua erosi, eta horrela sortu zuten Eibar.org.

 “Infoxikazioa” bada oraingo gaitza, hutsunea zen lehengoa.  “Orain erraza da, Googlen Eibar jarrita, herriari buruzko informazioa bilatzea”, baina, edukiak igotzeari ekin ziotenean, oro har, basamortua zen euskal edukien espazioa. Gerora, Udalak eta beste talde batzuk hartu zuten lan hori eta, Eibar.org-ekoak beste formula batera pasa ziren: “Herriko informazioa gordetzen zuen web orritik, elkarteko bazkideen blogak jasotzen zituen web dinamikora pasatu ginen”, diosku. Horrela bihurtu ziren, halaber, euskal blogosferaren aitzindari. Eta horrela, eibartarrak ez ezik kanpoko jendea ere batzen joan zen komunitatera, “eibarnauta” bataiatuta.

  Urte hauetan zehar blogariek zein zerrendakideek ahots propioa garatu dutela nabarmentzen du Luistxok. Hortik hainbatek beste medio batzuetara ere egin dute salto: Elena Lakak, Oier Gorosabelek, Leire Narbaizak edo Mikel Iturriak, esaterako. “Beste meritu batzuk ere badituzte, noski, baina ahots publikoarengatik ere fijatzen dira beste medioak”. 

 Gauza bakoitza bere lekuan ipintze aldera edo, blogen irismena mugatua dela ere aitortzen du, eta komunikabide horiek berak ez diela kasu handiegirik egiten euskal blogosferari. Hortaz, euskal blogari edo interneteko komunikatzaileak audientzia txikiarekin konformatu beharko duela dio. Baina dena ez da audientzia. “Zerbait interesgarria badaukazu esateko, bada, esan. Horretarako da, azken finean, bloga, eta esateko daukazuna ez bada hain interesgarria ere, zuretzako hala bada...” Norbera gustura geratzen bada esan duenarekin, nahikoa da, Fenandezen hitzetan. Horrez gain, euskaraz edukiak sortzearen balioa ere azpimarratzen du.

Sarea eta eztabaida publikoaren inguruan ere solastu dugu. Parte-hartzeaz eta eztabaida publikoaz horrenbeste hitz egiten ari garen honetan, blogek eztabaida publikotik zerbait eduki arren, benetako eztabaida sustatzeko borondate gutxi dagoela uste baitu Fernandezek, bai politikari eta baita herritarren aldetik ere.  “Internet parte-hartzeko tresna horizontal bat izan daiteke, kontua da, ea jendeari interesatzen zaion hori”, dio.

  

Erreleburik ez

 

Hasierako bazkide horiei jende gutxi batu zaie azken urteetan, gazte gutxi. “Azken batean, jende interesgarri batek interneten hizketaldiari eusteko balio izan du eta balioko du oraindik ere. Zaharraren zaharrez hiltzen garen arte, erreleburik ez dago , baina beno urte batzuk geratzen zaizkigu”, dio.

 Gazteak beste espazio batzuetan aurkitzen dira baina espazio horiek ez dira “ez eibartar ezta asteasuarrek sortuak”.  Horren harira, norberak kudeatutako espazio propioen alde egiten du. “Eibar.org gurea da, gure jabetzakoa da eta ez zait ondo iruditzen elkarrizketak edo jardun soziala atzerriko zerbitzu batzuen eskutan uztea… Erabili daitezke, noski, baina burujabe izatea ere garrantzitsua da”, azaltzen du.

 Hamasei urteko elkarrizketa horizontala atzera begira. Etorkizunari erreparatuta, aldiz, erronka berriak,  mugikorren bidetik etor daitezkeela berrikuntzak dio Luistxok, indartzen ari delako eremu hori.  “Zer izango ote den? Ez dakit(...). Baliteke, blogetan antzindari izan ginen bezala horretan, ere izatea. Agian, usurbildarrek asmatzen dute eta guk haiek kopiatu, hori ere izan liteke. Ikusiko dugu ezta?”.

Katakonbetako zaindariak

Maialen Odriozola 2014/06/10 12:13

 

Sareari esker eskubide berri bat gehiago omen dugu orain guztiok, Martínez Mahugoren hitzetan. Eta zein eskubide da hori? Bada, editatzeko ahalmena, informazioa argitaratzekoa, gogoak ematen digun guztiaren gainean iritzia ematekoa, iruzkinak egitekoa… Hau guztia, gainera, mundu osoa hartzen duen audientzia potentzial batera haizeratu dezakegu -Mahugo dixit again-.

Gezurrik esaten ez badu ere, beltz guztiak ez dira ikatz; gogoa ematen digunaz idaztearen inguruan, zerua geroz eta ilunagoa dagoela iruditzen zait, eta munduko osoko audientziari buruz ere ez nago ziur, zaila da blogen irismena zein den zehaztea.

Edonola ere, guri beti gustatu zaigu etiketak jartzea, eta blogei bosgarren boterearena jarri diete batzuk: kontraboterea, mass medien gehiegikerien salatzaileak... Izenik ez duena ez omen da.

 

Zaindariaren teoria: Komunikabide tradizionalak zelatatuz

Jose Luis Orihuelak blogak bosgarren boteretzat hartzen ditu blogak, komunikabide tradizionalen kontrola eta haien gaineko kritika bere gain hartu dituztelako. Jesús Miguel Floresek eta Guadalupe Aguadok sinatzen duten “Blogs, sociedad y quinto poder” artikuluan ere ideia horretan sakontzen da, eta adibide errealak jarri, non, hedabideek euren akatsak zuzendu dituzten blogariek egindako presioaren ondorioz. Iritzi honek, hala ere, badu bere kontrapuntua, eta beste ikerlari batzuk blogek zurrumurruak hedatzeko ahalmen ikaragarria dutela erantzun dute ordainetan.


Katakonben teoria: Nahi beste eraginik ez

Blogak… bosgarren boterea? galdetzen dio Angel Fidalgok bere buruari artikulu honetan. Gehitxo esatea dela iruditzen zaio, ordea.

Bakoitzari berea dena emateagatik edo, artikuluaren egileak blogen boterea erakusten duten hainbat gertakari aipatzen ditu lehenengo:

1-     Hedabide tradizionalek blogak txertatu dituzte euren online bertsioetan…. Hortaz, blogek boterea dute. 

2-     Politikari edo hautagaitzaren batera aurkezten den guztiak bloga zabaltzen du…. Hortaz, blogek boterea dute. 

3-     Enpresek eta erakundeek blogak dituzte… Hortaz, blogek boterea dute.

"Baina zein da blogen benetako ahalmena?" Galdetzen du ondoren, eta bere teoria azaltzeko hiru mailetan bereizten ditu: batetik, politikarienak; bestetik, komunikabideenak, eta gizartekoak, azkenik.

Azalpenekin jarraitzen du, politikarien blogek hedabide tradizionaletan besterik ez dute eragin zuzena, eta komunikabide horien bitartez izango dute, izatekotan, oihartzuna gizartean. Hedabideen blogak dira intzidentzia handiena dutenak Fidalgoren arabera, beste bi mailetan – gobernuan eta gizartean-  eragin dezaketelako. Azkenik, gizarteko blogen irismena mugatua dela dio, blog horiek landutako testuinguruan soilik lortzen dutelako oihartzuna. Ondorengo eskeman, geziei jarraituta, argiago ikusiko duzue ziurrenik. 

Aitortzen du, kasu batzuetan, blogek sekulako eragina izan dezaketela; enpresa batean kotizazio galera itzelak ekarri edo izugarrizko oihartzuna lortu hedabide tradizionaletan. Kasu horiek salbuespentzat ditu, ordea. Hortik bosgarren boterea esatea kontua puztea da Fidalgorentzat.

Hartutako erabaki eta neurriak herritarrei azaltzeko erabiltzen ditu gobernuak (lehen botereak) komunikabideak (laugarrena). Bestalde, gizarteak laugarren boterea erabiltzen du gobernuari bere behar eta ekintzak helarazteko. 

Esandakoaren ondorioz, hedabideen blogak komunikabideek eskainitako zerbitzuen barruan dauden, beraz, laugarren boterea dira Fidalgorentzat. Politikarien blogak politika egiteko erabiltzen dira, beraz, lehenengo boterean sartu behar dira. Blog profesionalak, enpresak erabiltzen duten bitarteko bat gehiago baino ez dira euren produktu edo zerbitzuak saltzeko. Beraz, Fidalgoren ustez hauek ere bosgarren boteretik kanpora! 

Zeintzuk geratzen zaizkigu orduan? Katakonbakoak diosku.

Baina bosgarren boterea ez izateak ez du esan nahi eraginik ez dutenik. Memoria fosil gisa aurkezten ditu blogariak, eta etorkizunean gertakari, neurri edo erabaki baten aurrean gizarteak izandako erantzuna ikusteko, hedabideen edo politikarien blogetara baino blogen katakonbetara jotzeko gomendatzen du.

Ados nago, blogek komunikabide tradizionalak kontrolatu ditzakete eta espazio alternatiboa osatu. Konforme, blogen irismena mugatua da, askotan. Baina bat egiten dut: katakonbak beti izan dira onenak gertakarien tripak ezagutzeko.

Hobe isilik?

Maialen Odriozola 2014/05/26 21:25

Eta jainkoak bloga asmatu zuen. (…) Orduan, “eskriblogroa” sortu zuen: psikoanalisiaren presa den lumadun munstroa; bakarrizketalari eta editore artean, erdibideko. (Jorge Harmodio).

Eremu zabala da, izatez, bloga. Bi alderdik markatzen dute bere norabidea: egilearen irizpideak, batetik, eta irakurleen parte-hartzeak, bestetik (Frey, 2006). Horren barruan edo horrez gain, autore gehienen iritziz, bada, blogak beste narrazio batzuetatik bereizten dituen ezaugarri bat: blogariek sarreretan utzitako arrasto pertsonala. Intuitu personae.

Benetako gertaeretan oinarritutako geure filmeko protagonista eta zuzendari izanik, ordea, badira kontatuko genituenak baina isilpean mantentzen ditugunak: Zer da, orduan, pribatua eta zer publikoa? Non dago muga? Zentsura, autozentsura eta gure bizitzaren erakusketaren arteko talka ote?

Jo dezagun zentsuraz ari garela.  Demagun isildu nahi gaituztela eta guk berrasmatu behar ditugula hitzak, nahi duguna beste modu batera adierazteko. Kasu honetan, irakurleak borobildu beharko ditu hitzak, bera izango da lerroen artean irakurri beharko duena esanahia igartzeko.

Irudika dezagun orain, gu garela geure buruari hesiak jartzen dizkiogunak. Autozentsura, norbere barnean ematen den prozesua da (baita hedabide baten baitan ere), konturatu gabe batzutan; sarri, aldiz, kontakizuna guri buruzkoa denean, besteek esango dutenaren itzal luzearengatik. Izan ere, gertatu ohi da lotsarengatik, gure iritziarekin bat ez ote diren etorriko beldurrez eta beste mila arrazoirengatik esan nahi duguna guretzat gordetzea.

Blogosferaren kasuan, gainera, eman daiteke audientzia txiki batentzat idazten zaudela pentsatu, eta zure hitzek oihartzun handia izatea. Kasu horretan, gure irakurleak zein diren zehatz-mehatz ez jakitearen ondorioa da mozala jartzea.

Baina isiltasunak ez gaitu askeago egingo, ezta ziurrenik arrakastatsuago ere. Oro har, sua pizteko ahalmena interneten saritu ohi dugun zerbait da. Bidea urratzen dutenak ditugu gustuko, epel uzten ez gaituztenak. Euskarri eta narratiba berriei buruz, Luistxo Fernandezek zioen, aspergarriak ez izateko eta iritzi eta kriterio propioak sortu eta lantzeko. Ildo horretatik, Gorka Juliok honakoa erantzun zuen intelektualak Twitterren egon beharko ote zuten galdetuta: “(…) Loreak botako dizkiogu seguruenik, edo kritikatu. Baina, hori egin behar da: XXI. mendean zaude.”

Bi zentzutan, kritika bera ere lore delako batzuetan….

 Irudia: Fabio Tellez (FlickrCC) 

 

Ahots kritikoak: Zarata hilerrian

Maialen Odriozola 2014/05/09 10:20
Blogosfera, gizartearen parte-hartzearen dudazko metafora.

Blogosfera…. Diskurtsoa? Narrazioa? Edo, besterik gabe, zarata? Milaka ahotsek osatutako mundu mailako elkarrizketa? Ala lurra inbaditu duen eulien burrunba? Informazioaren demokratizazioa giltzarritzat hartuta egiten dugu fenomenoaren apologia; “infoxikazioa” eta  blogen abandonuen tasa altuarekin zimurtzen dugu bekozkoa. Azken bi alderdi hauek hizpide oraingoan, boligrafo gorria hartzeko txanda da gaur.

 

Itopuntutik gertu: Argi, infoxikatzeko arriskua

Arreta deitu didan artikulu batetik hasiko naiz. Horrela dio: “Gogoratzen al zarete telebistan bi kanal besterik ez genituen garaiaz? Orduan, egunak edo asteak behar zituen eskuz idatzitako gutunak bere helmugara iristeko. Egunkariek atzoko berriak kontatzen zituzten. Lagunekin mahai inguruan elkartzen ginen.” Edukien uholdean bizi gara egun, nahiz eta neurri batean, egunkariek oraindik atzoko berriak kontatzen dizkiguten (esandako beste batzuetaz ni ez naiz oroitzen…). Jarraitzen du: “Lehen leiho baten bitartez ikusten genuen mundua, orain milaka leiho zabaltzen zaizkigu aldi berean eta mundua sartzen digute gure ordenagailuan.”

“To Google” (googleatu?) aditza bihurtu zaigun honetan, itogarria gerta daiteke sarean bilatzen dugun eduki jario erraldoiari aurre egitea. Aurkitu bai, baina zaila egiten zaigu informazio hori ulertu eta geureganatzea. Era berean, ezinezkoa zaigu klik bakar batekin agertutako informazio guztia kontsultatzea. Eta horretan gaude, urteetan informazio gehiago izatea aberasgarria izango zela uste bagenuen ere, jario neurrigabea kaltegarria izan daitekeela ulertzen.

Bada, informazio gain karga hori XXI. mendeko zentsura gisa hartzen duenik ere. Dokumentazio lanetan nahi adina denbora eman arren, beti zerbaitek ihesi egin digun sentsazioa. Iritsi ezinak sortutako antsietatea. Behin testuinguru honetan kokatuta, alfabetizazio digitalean jarraitu beharko, gure ahalmen analitikoa handitu eta (des)informazioaren gizartean ito gabe igeri egiteko.

Ez da paraleloa, ez da ezinbestean bata bestearen eragile edo osagarri, baina badute zerikusirik; eduki anabasa horretan badira aspaldi funtzionatzeari utzi zioten sateliteak.

 


Caput: Itzali zaigu trobalari sena

Guk ere munduarekin zerbait partekatzeko dugula pentsatuta, sortu eta gogo handiarekin hainbat eguneraketaren ondoren, asko dira makaldu, ilundu eta itzali diren blogak.  Babesik gabe, zintzilik sarean. Prozesua uste baino ohikoagoa omen: Technoratik  2008an egindako ikerketa baten arabera, enpresak indexatuak zituen 133 miliioi blogetatik 7,4 milioi besterik ez ziren eguneratu aurreko 120 egunetan

 Klasean eskatuta sortutako zenbat blog, lau hilabeteko baten ondoren zintzilik geratu direnak? Agur esateko sarrerarik gabe sikiera. Zenbat, bizitzako etapa batean bidelagun izan ditugunak, baina garai berrietara sarrera ukatu diegunak? Jadanik aspertuta, denbora faltagatik, sormen eskasia edo besterik gabe, jada ez dugulako disfrutatzen, ez gaituelako “betetzen”.

Nik neuk ere baditut nire oroitarriak hor zehar. Arrazoiak hainbat: klaserako blogen kasuan, gainditu genuela esan eta momentuan bertan ahaztuak baina baita bestelakoak zergatiak, kontatzeaz aspertuta, bazterrean laga ditudanak.

Egun batean, hemendik askora, aurkituko du nor-nork, agian, blog hau. Orduan balore historiko- arkeologikoa eduki du. Bien bitartean gaiaren inguruko sarrera bat baino gehiago ez da izango… ziberespazioan, han zehar, geratuko dena ;-)

P.D Bere muga eta guzti, ez dut zalantzarik blogen komunikatzeko ahalmenaz. Blogosferan urteak egitea zenbaitetan gertakari gisa hartu dezakegun arren, aktibo eta eguneratuta mantendu diren horiekin asko goza dezakegu. Baita bidean geratu ziren horiekin ere…

Elkarrekiko konfiantza

Maialen Odriozola 2014/04/29 20:03
Nola eraikitzen den igorlearen aldetik sinesgarritasuna; nola hauteman hartzailearen partetik

Xehetasun eta ñabardurez eginda dago mundua. Berdin da zeri buruz ari garen, errealitateak beti agertzen ditu bere ertzak, hitzek beti erakusten dituzte euren mugak. Zintzotasuna, zuzentasuna, inpartzialtasuna, konfiantza… kakotxen artean edo hizki etzanaz jarrita batzutan hobe. Izan ere, fidagarritasuna ere eraiki egiten da, errealitatea bezala. Denboraren eskutik, gainera. Nago, irabazi kostata eta galdu erraz egiten egiten direnen zakuan dagoela (bizitza honetan gauza gehienak bezala).

Norbanakoaren jakinduriak, esperientziak eta eskarmentuak osatua; subjektiboa da oso, bestalde. Horregatik esan ohi da gertaerak baino haren gaineko interpretazioak daudela. Antza, orain arte, gertaera eta audientziaren artean bitarteko bat genuen: kazetaria.  Bera zen gertatutakoa kontatu zezakeen lekuko gaitua. Gaur egun gertakari orok du testigua, eta ez da zertan kazetaria behar. Sukaldean sartu eta edukiak prestatzen hasi da herritarra, eta ez du zertan gertakaria behar, izan liteke gogoeta edo pasadizoa. Hori dela eta, sinesgarritasunak irakurketa bat baino gehiago du sarean. Informazio ekoizle baino iritzi emaile dira askotan blogariak eta horrek ere badu zerikusirik konfiantza mailan. Material asko, eta iritzi kontrajarri eta osagarriak aurki ditzakegu gaiaren inguruan.

 

Iturria: CC Mono


Teoria: Bloga, autoritatea eta konfiantza

Nuria Almiron ikerlariak, esaterako, konfiantza eta komunikatzeko autoritatea lotzen ditu: “Iturriaren eta irakurlearen arteko bitartekariak desagertzea hain ongi ikusia izan da, blogen alderdirik ahulena eklipsatu duela: nondik dator euren sinesgarritasuna?”. Galdera horri bi erantzun posible aurkitzen dizkio ikerlariak. Batetik, irakurleek blogarian jarritako konfiantza dago (autoreak bakarrik fede eman dezakeen arren, jakinarazi duena adierazteko bere ahalmenaz) eta irakurleek euren buruan duten konfiantza dago bestetik, blog bakoitzaren joera zein den atzemateko. Bi kasuetan, konfiantza hori zilegi ikusten du Almironek baina bietan, fedeak, oinarri sendorik ez duela dio.

Blogekiko konfiantza aldarrikatzeko argudio nagusienen artean, aldiz, “idazketa desinteresatuaren” arrazoia dago. Iritzia medio batekin edo ideologia batekin lerrokatua ez egotea esan nahi du horrek. Nahiz eta gero eta gehiago diren marka ezberdinekin harremanak dituzten blogariak.

Orain arte landutakoa, ordea, audientziaren ikuspegitik izan da, baina aurpegi anitzeko gaia da honakoa, eta era berean, igorlearen praktikak azter ditzakegu komunikatzen duenari sinesgarritasuna emateko.

Praktika: Sinesgarritasuna eraikiz

Michigan-eko unibertsitateko hainbat ikerlarik egindako“Audience-Aware Credibility: From Understanding Audience to Establishing Credible blogs” artikuluan igorlearen (blogariaren) praktikak ikertu dituzte sinesgarritasuna eraikitzerako orduan. Tesi, antitesi eta sintesi labur bat eginez, honakoa da ikerlari horiek esatera datozena: blogariek ez dute ongi ezagutzen euren audientzia baina target bat irudikatuta, balio jakin bat eskaintzen die euren blogei, eta balio ezberdinen arabera hainbat estrategia erabiltzen dituzte sinesgarriagoak izateko.

22 blogariri egindako elkarrizketetatik ondorioztatzen dute badirela kontuan hartu beharreko hainbat faktore, horien artean daude, gardentasuna (zintzotazunez aurkeztea zeure burua), argazkiak, grafikoak… erabiltzea diseinuak konfiantza helarazi dezan, eta sarreren maiztasunetan erregularrak izatea.

Estrategia batzuk ere aipatzen dituzte: aurretik inork jorratu ez duen gai bat azaleratzea, gertaera baten inguruan ahalik eta ikuspuntu gehienak agertzea edo erabili ditugun iturrien fidagarritasuna zaintzea.

Euren blogari esperientzian aurrera egin ahala, gero eta kontzeptu garrantzitsuagoa bihurtzen omen da honakoa, irakurleekiko agertu beharreko konpromiso gisa, eta baita euren sareko ospea ez zapuzteko ere.

Gai mamitsua, horrelakorik inon bada eta galdera gehiegi airean: Zeintzuk dira blogarien informazio iturriak? Zeintzuk irakurleek informazioa jasotzerako orduan erabiltzen dituzten filtroak? Horien artean zeintzuk dira elementu subjektiboak eta zeintzuk objektiboak?

To be continued, beraz.

 

 

 

Elektroi libreak ez du mugarik

Maialen Odriozola 2014/04/17 09:15

Mundua mundu denetik inoiz ez da falta izan iraultza, gerra edo eztandarik. Stop. Herritarrak beti borrokatu izan du justua deritzonagatik. Stop. Gizakiak beti nahi izan du mendean hartu hurkoa. Stop. Botereak beti esplotatu izan du jende xehea, matxinada lehertu arte.

 Duela urte batzuk medio tradizionalek horrelako gertaerak nola islatzen zituzten aztertzen genuen, ikuspuntu kritiko batetik askotan. Gaur egun, gertaera hauen eta sare sozialen arteko lotura ikertu ohi da, oro har, ikuspegi integratu batetik. (Egon, badaude, hemen ere, iritzi kritikoagoa dutenak).

            


Eztanda edo mugimendu ezberdinak tarteko (aztoratuta dagoen mundua, gurea) behin eta berriz ateratzen da gaia mahai-gainera, eta ez dira gutxi haien inguruan egindako artikulu zein liburuak, adibide praktikoekin gainera: Tunisia, M-15,… Badirudi, egun, protesta bakoitzak kalean duen oihartzuna neurtu ez ezik, sarean duena ere neurtu behar dugula; askotan iritzi publikoa ekintza baten aurrean noraino berotzen doan ikusteko,  sarri ekintza baten ondoren iritzi publikoa nola berotu den jakiteko.  Parametro edo adierazle berri bat daukagu, antza.

Izan ere, erabiltzaile askok interneten ikusi dute, pankarta eskuan hartuta kalera atera gabe, mundua aldatzeko aukera. Horrez gain,  aktibismoa, militantzia… hitzak sarean esanahi berriak hartzen dituzte. Egun, politika zein beste molde "tradizional" batzuetatik aldendu dira hiritar asko eta jadanik militantzia ez garai batean izan zitekeen bezain hertsia. Teknologia berriek mesede egiten die fenomeno honi.

Duela pare bat urte Berrian egunkarian argitaratu zuten artikulu batetik tiraka datorren hausnarketa da, berez, goikoa. “Interneteko Ekintzaileak” zen artikulu horren titularra eta Alberto Barandiaranek sinatzen zuen. Bertan, Lina Ben Mhenniren blogariaren hitzak jasotzen zituen, udaberri arabiarren eta sare sozialen inguruan. Oso ongi laburbiltzen ditu, nire ustez, tunisiarrak “ziberaktibismoa” deitzen diogun horrek ekarri dituen aldaketak: 

«Alderdi batean engaiatu egiten zara, lotu, kateatu, agenda politikoari jarraitu behar diozu, ez duzu jada berehalakoan erantzuten, di-da. Arauak daude, protokoloak, mugak. Elektroi libreak ez du mugarik. Blogari bat mila aldiz eraginkorragoa eta azkarragoa da. Ziberaktibismoan, nork bere modura laguntzen du (…).”

Proiektu honetan nire ikerketa lerroa ez den arren horrelako mugimenduen eta blogen arteko lotura aztertzea, ezin izan diot mingainari eutsi (ezin izan ditut hatzak gelditu). Jakinagatik ere, alderdi onak eta txarrak dituela fenomenoak. Norabide horretatik baina, blogak informazio alternatiboaren espazio bihurtu dira (Martínez, Solano; 2010), eta interesgarria iruditzen zait hurrengo ideia: bitarteko berri hauei esker zaintzaileen (medioen) zaintzaile bihur gaitezke eta botearearen gehiegikeriak salatu.

 

Men(p/d)ekotasuna

Maialen Odriozola 2014/04/09 00:35

 

Beste gauza baten bila ari nintzela, Marc Masip psikologoaren hitzekin egin dut topo gaur nahigabe  (interneten gaitza: askotan alde batetik bestera saltoka ibiltzen naiz, azkenean, zerren bila ari nintzen ere ahaztu arte). Kontuak kontu, arreta deitu dit elkarrizketaren titularrak: "Teknologiaren esklabo egin gara", dio psikologoak. Bertan, teknologiaren mendekotasunak eragindako nahasmenez hitz egiten du, norbanakoaren gaixotasun eta gizarte (ia) osoaren desoreka gisa. Hemen elkarrizketa, irakurri nahi izanez gero. Beste edozein mendekotasunekin gertatzen den bezala, azkenean, sarearekiko atxikimendua (etengabe konektatua egon beharra) izebergaren tontorra baino ez da.

Txantxetan edo erabiltzen dugu guk hitza gure artean; “mugikorrari adikzioa diozu… (zuk utzi eta bi minututara hori aurpegiratu dizuna dago pantailari so eta hatzak teklatuan dantzan) ”, “mahai gainean utziko ditugu denak eta mugikorra begiratzen duen lehenengoak ordaintzen du erronda (tabernan giroan; inoiz bete ez dugun mehatxua, bestalde)”. Baina nago mendekotasunaz baino menpekotasunaz ari garela, eta horretan nintzela duela pare bat aste El Pais egunkarian irakurritako artikulua etorri zait burura: Dan Dennett filosofoaren hitzak interneten balizko kolapso baten inguruan.

“Sarea erori egingo da, eta  izu-boladak ezagutuko ditugu. Gure aukera bakarra lehen 48 orduak bizirik irautea da. Horretarako, salbamendu-txalupa bat eraiki behar dugu”. Interneten sorrerarekin (ia) desagertu den erakunde sareak (elizak, kongregazioak, elkarte sozialak…) berreskuratu behar ditugula egoera horretan bizirauteko nabarmentzen du Dennettek.

404 global horrek harrapatzen banau zer egingo dudan pentsatzen jarri naiz. Hasteko, ezingo nizuen hau kontatu. Auskalo zer pasatuko den, agian, arrazoi izango du baina oso txarra naiz etorkizuna imajinatzen (edateko urik gabe geratzen bagara, Palma hondoratzen bada edo Goenkale amaitu). Horregatik, benetan arreta deitu didana filosofoak esandako hurrengoa da:

“Zoragarria da internet baina kontuan hartu behar dugu inoiz ez garela zerbaitekiko hain mendekoak izan. Inoiz. Pentsatzen jarriz gero, nahiko ironikoa da honaino ekarri digun horrek harrizko arora eraman gaitzakeela”. (Konexiorik gabe, akabo men(p/d)kotasunak… badu kaosak tentagarritik zerbait bestalde…)

 

Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak