Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Let's Twist!

Let's Twist!

Asier Sarasua 2013/02/03 23:15
Let's Twist!

Argazkia: http://prestaldizkaria.wordpress.com

Kostata, baina azkenean birjinitatea galdu dut. Denboralditxoa neraman horren bila, eta azkenean heldu zen nire lehenengo aldia. Eta ez zen batere traumatikoa izan, egia esateko; alderantziz, gozoa eta erabat gustagarria iruditu zitzaidan, lehenengo aldiek beti beldur apur bat ematen duten arren. Hainbeste entzun horretaz, eta badakizue...

Bikotekideak ere asko lagundu zigun, hori egia da. Nahi genuen guztirako prest, guk ere goza genezan, eta barrena hustuz.

"Guk" esan dut, hamaika (11) lagun elkartu ginelako Harkaitz Canorekin urtarrila hasieran Eibarko liburutegiko irakurle klubean, zer eta bere Twist eleberri katxarroaren inguruan berriketaldia egiteko. Hamar andrazko eta gizonezko bakarra (neroni), gutxi gorabehera Ikastolako guraso-batzarren proportzio beretsuan.

Blog honetan lehenago aipatu nuen moduan, Eibarko Udal Liburutegia "Idazlearekin berbetan" izeneko saioak antolatzen hasi da, Irakurle Klub estiloko saioak. Lehenago ere nahi izan dut horrelakoetan parte hartu, baina astirik ez, batetik, eta aukera egokirik ere ez Eibarren, bestetik. Badirudi oraingoan gauzak hobeto lotzen hasi direla.

Esperientzia polita izan zen. Garbi dago: irakurleontzat erabat gozagarri eta gustagarri izan daitezke horrelako berriketaldiak, are gehiago parean dagoena Harkaitz Cano moduko plaza gizona baldin bada. Liburuaren inguruan hausnarketa egin, beste irakurle batzuen gogoeta entzun eta, gehienbat, idazlearen inpresioa jaso... hori luxua da. Euskal literaturak, gainera, bere txikian abantaila handia du zentzu horretan, beste herrialde/hizkuntza batzuetan baino askoz errazagoa delako irakurleak eta idazleak mahai baten inguruan elkartzea. Zeozertan abantaila, behingoz!

Harkaitz Canok

Saioan ez zegoen benetako moderatzailerik eta Cano bera izan zen berbetan hasi zena, liburuaren jatorria eta ibilbidea kontatuz. Bera zuzenbide ikasten ari zela aurkitu zituzten Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak, 1994 inguruan eta harrezkero beti buruan izan duela hori paperean jartzeko asmoa. Kontatu beharra, baina fikziotik abiatuta, askatasun handiagoa ematen ziolako fikzio hutsak, kazetari estiloak baino (Odol hotzean edo Anatomia de un instante bezalakoak, adibidez).

Idazketa prozesu horretan, lehenengo 1. kapitulua idatzi omen zuen, eta azkenarekin bukatu. Tartekoak nahastean harilkatzen joan omen zen, hainbat aldiz berridatzita eta berrantolatuta (liburua irakurri duenak badaki zertaz ari garen). Izan ere, Canok aipatu zigun idazleen artean badirela brujula direnak eta mapa direnak, eta bera brujula dela (idazten hasten da, bidea eginez eta prozesu horretan bidea aurkituz, ez hasieratik mapa batek gidatuta). Lehenengo kapitulua izan zen azkarren idatzi zuena, pare bat egunean, barren-barrenetik aterata (nahiz eta ondoren dozenaka orrazketa egin zizkion). Eta liburua horrela hasita, derrigorrezkoa zuela duen amaiera (lurpetik eguzkira; ilunpetik argitasunera).

Liburua luzeagoa zela, baina bere barneko zenbait kontakizun mehazten joan behar izan zela, arintzeko. Zer sartu? Zer kanpoan laga? Hainbat pasarte kendu zituzten, berak eta editoreak (100 orrialde, barrena); beste batzuk laga, zalantzan egon ziren arren (adi! spoiler txikiak): Fede editore itsuaren istorioa kanpoan geratzekotan egon zen, beste liburu baterako prest; eta aitaren berragerpena ere kentzekotan egon ziren, sinesgarritasunaren mugan zegoelako (niretzako erabat kanpo; liburuari aurkitzen diodan "baina" apurretakoa, nahiz eta liburuaren ideia nagusi orokorrean, azkenean, ondo txertatzen den).

Izenburuaz ere jardun zuen Canok. Behin behineko izenburua izan zela eta ez zitzaiela gustatzen (editoreari, batez ere), baina hoberik ezean horixe geratu zela eta bera pozik dagoela: funtzionatu egin duela.

Pertsonaien inguruan ere sekretu eta ideia asko eman zizkigun; eta beste makinatxo bat gauza ere bai, baina tira, hurrengoan bertara joan, dena jakin nahi baduzue.

Twist

Liburuaz zer esan? Gutxi, premiarik ere ez dagoelako. Dagoeneko 4-5 iruzkin interesgarri daude Kritiken hemerotekan, ia-ia osorik nire egiten ditudanak. Canok berak ere gauzatxoak kontatzen ditu Berriako artikulu honetan eta Argiako beste honetan.

Lan ederra da, lehenengo orritik hasi eta azkenengoraino. Erdi partean beherakadatxo bat ote duen, baina niri bikaina iruditu zait oro har. Zerbait esatekotan, kea asmatuko dut, nahi baduzue: Twisten 1. kapitulua magistrala da. Bitxi liluragarri bat.

Hortik aurrera, ba, Zeberio eta Sotoren istorioa kontatzen du (Lasa eta Zabala). Garai hartan gertatutakoa, eta euren lagun Diego Lazkanoren egungo gora-beherak. Torturaz hitz egiten da, noski, baina askoz gehiago da liburua. Adiskidetasunaz, maite duzuna galtzeaz (aita, laguna...), kulpa sentimenduaz, patuaz eta zoriaz, zahartzeaz (edo nagusitzeaz) eta gaztaroaren nostalgiaz, heriotzaz... eta bitartean heldu eskutik eta let's twist.

Zortzi kapitulutan banatuta, nahiko modu autonomoan antolatutakoak eta saltoka ere irakur daitezkeenak. Hasiera zoragarri batekin eta ondoren datozen beste 7 istorio edo erdi-ipuin tematikorekin. Diego Lazkanok batzen ditu guztiak, nola ez, baina nahiko eleberri korala da, pertsonaia eder ugarirekin (Fede editorea edo Agirre Sesma abokatua, adibidez, zoragarriak; euren bidea ere egiten dute, trama nagusitik kanpo).

Harkaitz Canok berezko duen estiloan, kontakizun nagusiaren ondoan beste hainbat komentario eta gogoeta bikain uzten dituelarik, behin irakurrita buruan bueltaka geratzen zaizkizunak; pasarte askoren bukaeran, zast!, 3-4 lerro magiko lagata; estilo garbi bezain landua erabilita; hitz gutxi baina oso ondo aukeraturekin une hunkigarriak utzita.

Liburu ederra, hartara.

Aritz Galarragak dioen moduan, badirudi Twistek Cano kanonizatu(ko) duela (lehendik ere ez bazegoen, bederen).

Marije Manterola Iribar
Marije Manterola Iribar dio:
2013/02/05 13:08
Gozagarria izaten da, bai, idazlearekin solasean aritu ahal izatea. Bi urte eman ditut auzoko literatur-txokoan eta idazlearekin izandako saioak izan dira interesgarrienak. Liburu hau niri ere asko gustatu zitzaidan. Lehen kapitulua zirrara sortzen duen horietakoa da, bai. Halere, azken aldea nekagarria ere egin zitzaidan, tonu aldaketa bat dago hor, filosofatze bat, moteltzen duena liburuaren jarioa. Segi kronikak idazten, Asier! ondo bizi!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz