Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Logofiloaren txokoa

Ginbaleta

Txiliku 2014/09/08 15:01
Daratulu txikia
Ginbaleta

Ginbaleta

ginbalet. iz. Daratulu txikia, esku bakarrez erabiltzen dena. Arotz edo zurginen lanabesa, hainbat lanetarako erabiltzen zen: iltze edo torloju handi samar bati sarrera-bidea egiteko, ohol batean zulo estu eta mehea egiteko… Baserrietan kupelari edo barrikari zulotxoa egiteko izan ohi zen ginbaleta sagardotegian edo txakolindegian; gero zotz, ziri edo ganadu-seboarekin ixten zen zulo hura eta ziri edo burdina meheago batez ireki "txotx" egiteko.

Ingelesez gimlet deitzen omen zaio tresna horri. Nork nori lapurtu zion izena? Gimlet ingeles horrek, ordea, beste nonbaitetik lortua du ospea: edabe edo cocktail bat da. Raymond Chandlerren Ez adiorik (The Long Goodbye) eleberrian Philip Marlowe ikerlariaren ezpainetan hauxe jartzen du: a real gimlet is half gin and half Rose’s lime juice, and nothing else.

Karakorum

Txiliku 2014/07/02 19:40
Harresi beltza
Karakorum

Karakorum

Karakorum. iz. Asiako mendikatea, Himalaiaren ataletako bat. Pakistan, India eta Txinaren artean dago, eta 500 bat kilometroko luzera du. Lurmuturretako (eta Groenlandiako) izotz-eremu zabalez kanpo hemen daude Lurreko glaziar gehien. Glaziar horiek, zenbaitetan behintzat, mendiei erauzitako harri beltzez estaliak omen. Turkieraz horixe da Karakorumen esanahia: harritza beltza, edo harresi beltza. Bazen izen bereko hiri bat XII. mendean Txingiz khanek eraikia (Qara Qorum) eta Kublai khanen garaian bertan behera utzia.

Bestalde, bada Karakum izeneko basamortua ere, turkieraz hondartza beltza esan nahi duena.

Banpiroa

Txiliku 2014/06/28 20:24
Hemofagica infestans

Hemofagica infestans. iz. Asmatutako bakterio baten zientzia-izena. Hemofagica infestans bakterio flageloduna omen da, infekzioa duen gizabanakoaren odol-basoetan kokatzen dena eta hara eta hona ibiltzen odolarekin batera. Bakterio horrek odoleko hematieak bereganatu eta fagozitatu egiten ditu, baina ez denak, neurri batean bakarrik. Gainerako hematieak (bakterioak bereganatu eta suntsitu ez dituenak), gorputzeko ehunetan banatzen omen dira; horrela, gorputz horrek metabolismo mugatua izan dezan lortzen du. Bakterioak infektatutako biktima koma itxuran geratzen da eta ez du bizidun itxurarik izaten mikroorganismo bizkarroia gorputz osora hedatu, odol-sistema bereganatu eta giharrak aktibatzeko gaitasuna bereganatzen duen arte. Balizko Hemofagica infestans horrek sortuko luke banpirismo izenarekin ezagutzen dugun gaixotasuna. Horrela, bakterioak eramango luke odola zeluletara, banpiroen sintoma guztiak sortuz: fotofobia, sexu-grina, odol berriaren beharra… Zientzialarien ortodoxiak ukatu egin izan du behin eta berriz bakterio horren izate, izaera eta ahalbidea, baina zientziaren mugetan ate joka ibili ohi diren parazientzialari zenbaitek gogora ekartzen dute behin eta berriro zientzialari horiek berak behin eta berriz ukatu zutela Helicobacter pylori bakterioa bazela, zeinari zientziaren izenean ukatu baitzitzaion urdaileko inguru azidoan bizi ahal izateko izate, izaera eta ahalbidea. Gaur dakigunez, ordea, Helicobacter pylori bakterioa bizi gizakion urdailetan bizi ohi da, hainbat pertsonari ultzerak sortuz. Bazen halako mito bat esaten zuena bizitza ez-egokiak eta kontzientzia kezkatia edo txarra edukitzeak sorrarazten zuela ultzera; orain mito hori bazterrera baztertu du (neurri batean behintzat) Helicobacter pylori bakterioak. Horretan oinarriturik, zenbait mitozale berrik adierazi nahiko luke beste behin ere zientzialariak oker edo berandu dabiltzala eta izan badela Hemofagica infestans bakterioa, eta banpirismoa sortzen duela.

Desmodus rotundus hegaztien eta ugaztunen odolez elikatzen den saguzar mota bat da. Hortz eta hagin zorrotzak ditu, eta zauri txiki bat egin ondoren, animaliari zauritik isurtzen zaion odola zupatzen du mihiaz. Listuak badu odola mamitzea eragozten duen osagaia, eta denbora luzez (ordu laurdena edo) zupatzen dio odola lasai asko, animalia koitadua ez baita konturatu ere egiten. Badakigu Desmodus rotundus saguzar banpiro arruntak ez duela zerikusirik balizko Hemofagica infestans bakterioaren hedakuntzarekin, eta badirudi dagoeneko bakterioaren teoria bultzatu nahi dutenek ere bazterturik dutela banpirismoa kutsatzeko bektore hori (saguzarra); banpiroen inguruko literatura horiak, ordea, beti esan izan du banpiroek badutela Desmodus generoko piztian itxuraldatzeko gaitasuna. Banpiroen kontu hauek guztiak friki kutsua dute, beharbada, baina saguzar batek hozka egin zidanetik arreta bereziz ikertzen ditut horrelako kontuak. Oraindik ez dut inolako sintomarik izan. Kontatuko dizuet zerbait sumatzen dudanean.


Apostolua

Txiliku 2014/06/16 11:55
Apostolu beltza
Apostolua

Munduko kristau-eliza handiena

apostolu. iz. Grekoz Απόστολος, bidalia. Kristauentzat apostoluak dira Jesu Kristok bere jarraitzaile izateko nahiz bere doktrinaren predikua munduan barreiatzeko aukeratu zituenak: Simon (gero Petri deitua), Andres (Petriren anaia), Jakue (Zebedeoren semea, Santiago ere deitua), Joan (aurrekoaren anaia), Filipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Jakue (txikia), Simon, Juda Tadeo eta Juda Iskariote. Azken horrek Jesu Kristo salatu ondoren, bere buruaz beste egin zuen eta Matias hartu zuten ordezko. Horiez gain, Itun Berrian Paulo, Bernabe eta beste hainbat aipatzen dira apostolu gisa. Hedaduraz, apostolu hitza erabili da doktrina bat (erlijio- politiko- edo gizarte-doktrina) hedatzen saiatu den edonor izendatzeko.

Kristoren apostoluen kopuruak hamaika buruhauste eman ditu eta makina bat buruko min eragin. Bada 13. apostolua izeneko liburu bat, badira hamalau apostolu Arantzazuko basilikan, eta bada (ba omen da) hamahirugarren apostolu beltz bat Afrikan. Bolikostako lehendakari izan zen Felix Houphouët-Boignyk munduko eliza kristau handiena eraiki zuen bere diruarekin (aurrez nonbaitetik bereganatutako diruarekin esan nahi da), Yamoussoukroko Basilique Notre-Dame de la Paix. Eliza horretako beiraterian bada leiho bat Jesu Kristoren eta hamabi apostoluen irudiak dituena (Jerusalemera sartu zirenekoa), eta ondo kontatuz gero ikus daiteke ez direla hamabi, hamahiru baizik, apostoluak. Hamahirugarren hori beltza da, eta arretaz arakatuz gero, lehendakari izanaren taxukera hartzen zaio, inolako zalantzarik gabe. Agidanean, bere burua Jesu Kristoren alboan irudikatu zuen hamahirugarren apostolu beltzak.

Apostolu beltza

Irmotasuna

Txiliku 2014/06/10 19:25
Holdfast

irmotasun. iz. Kanpoko eraginari gogor eusteko ahalmena; kanpoko eraginari erraz amore ez emateko tinkotasuna. Honela dio esaera zahar ingeles batek: Harrokeria txakur ona da, baina irmotasuna hobea.

 

Brag is a good dog, but Holdfast is better.


 


Arrepentidak

Txiliku 2014/06/07 19:38
Komentu zaharretako istorio atzenduak
Arrepentidak

Aquariumaren blogetik hartua





arrepentidak. iz. Garai batean izan ohi ziren damututako emakumeentzako komentuak. Komentu horietan egon ohi ziren delitu bat egin ondoren, edo kartzelatik pasatu ondoren, edo egin behar ez zuten zerbait egin ondoren, bete beharreko zigorra bete eta lehengo bizimodu okerra baztertu nahi zuten emakumeak. Horrez gain, ospe txarreko emakumeak ere joan ohi ziren (edo bidaltzen zituzten) komentu horietara. Beren borondatez joandakoak (arrepentidak) aukera omen zuten tarteka komentutik irteteko, eta urtebete pasatu ondoren ezkontzeko edo lekaime egiteko. XX. menderaino izan ziren horrelako komentuak Euskal Herrian, eta gurasoek bazuten eskubidea komentu horietara bidaltzeko bide okerra hartu zuen alaba. Hortik neska bihurriei esan ohi zitzaien esamolde hau: arrepentidetara bidaliko haut!
Manuel Chiapusok Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La comuna de San Sebastian liburuan kontatzen digu bazela arrepentiden komentu bat Donostian 1936. urtean, zezen plaza zaharretik hurbil, Ategorrietako etxe eta txaleten artean, nonbait, eta Siro Alcain-ek (La revista vascongada Euskal-erria) argitzen digu: En los terrenos llamados de Gros (se encuentra) el convento de las Oblatas ó arrepentidas y varias casas de campo.
1931. urtean, bozketen ondoren eta emaitzak ikusita, hiri askotan errepublikazaletasuna piztu eta handitu egin zen (are gehiago zurrumurruek esaten baitzuten Alfontso XIII. ihesi joan zela). Espainiako bandera errepublikanoa udaletxe askotan jarri zen, Eibarkotik hasi eta Sahagun, Bartzelona, Sibilia, Vigo… ordena horretan. Norbaitek (Juan Bautista Aznar jenerala) esan zuen, gutxi gorabehera, herria erregezalea ohera joan eta errepublikazalea esnatu zela, baina aldaketa lehendik zetorrena izan, eta “trantsizioa” nahikoa baketsu egin zen, orokorrean, eta umore (beltz) punttua ere ez zen faltatu. Madrilen soka lodia ezarri zioten gorbata gisa Primo de Ribera jeneralaren estatuari eta jendeak arrastaka eraman zuen Sol plazaraino. Handik gutxira, Isabel II.aren irudia bere erroetatik atera eta Arrepentiden komentura eraman zuten; izan ere gure Maria Isabelak mottin-bero eta sexu-arin ospea omen zuen…

Infernuko txipiroi banpiroa

Txiliku 2014/06/01 16:40
Itsasoko banpiroa

infernuko txipiroi banpiro. iz. Itsas sakonean bizi den dekapodoen ordenako molusku zefalopodo txikia (Vampyroteuthis infernalis). Garroen artean duen mintz beltzak filmetako banpiroek eraman ohi duten kaparen edo jantzi-gainekoaren itxura duelako jaso du, beharbada, izen dramatiko hori; edota animaliaren begi handiek (edozein animaliatatik handienak txipiroi horrek duen tamainarekiko) beldurra eragiten dutelako, animaliak ez baitu odolik zupatzen.

Etxemina

Txiliku 2014/06/01 16:20
Herrimina, etxemina

etxemin. iz. Maite den lekutik (herritik edo etxetik, bereziki) urrun egoteak eragiten duen goibeltasunezko egoera.

 


Etorkin batek esan zidan etxeminak barrenak mingosten dizkionean guaiabaren dultzea jaten duela. Hasieran, hemen ez-ohikoa den zapore horrek etxearen oroimenak ekartzen dizkiola, eta sekulako beltzunean hondoratzen dela. Gero, ordea, zuloaren behe sakonetik begiratu eta putzuaren ahotik sartzen zaion argi apurra ikusten duela eta hura nahikoa izaten dela bizitzari berriz ere aurre egiteko. “Son un remedio eficaz los bocadillos de guayaba” esan zidan tristurak marraztutako irribarrearekin.

Logofiloa

Txiliku 2014/06/01 16:10
Logofiloa

logofilo. iz. Hitzei zaletasun handia diena, hitzen adiskide edo maitalea.
Grekotik; logos (λόγος) (hitza, mintzoa) + filos (φίλος) (laguna, maitalea)

Logofilia

Txiliku 2014/06/01 12:45


logofilia. iz. Hitzei edo hitz-jokoei maitasuna; hitz edota hitz-jokoekiko zaletasuna (badu obsesio edo grina ez-ohikoaren kutsua).
Gauza zehatz nahiz pertsona batekiko zaletasun, grina, maitasun edo obsesioak adierazteko hitzak osatzeko erabiltzen da filia atzizkia, eta atzizki horrekin doan hitz-erroak adierazten du zein den zaletasuna edo obsesioa. Fobia atzizkia daramaten hitzak filia daramatenen antonimoak dira.


Aurkezpena

Hitzen maitaleentzat baztertxoa, Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'ren bloga

Erantzunak
Ez nekixan! Nere ustez ginbeleta taratulu ... Oier Gorosabel Larrañaga, 2014/09/10 15:34
Zarautzen erregina estimatua izan zela dirudi; ... Txiliku, 2014/06/10 19:55
    Ez dakit blog bat arrakasta izateko onena zer ... Trebi, 2014/06/09 21:11
Monarkikua ez naizen arren, argittasun pizkat ... Oier Gorosabel Larrañaga, 2014/06/08 15:20