Udalatx, mendi kabroi bezain ederra
- Mendia: Udalatx
- Garaiera: 1.117 m
- Zailtasuna: ertaina
- Iraupena: 90-100 minutu igotzeko (50 inguru jaisteko)
Debagoieneko mendirik ezagunenetakoa, Udalatx (batzuetan Udalaitz ere erabiltzen da). Elorrio eta Arrasate artean dagoen kareharrizko mendia, Durangaldekoen segida (Mugarra-Anboto...). Aspaldi-aspaldi bertara joan barik, eta orain dela gutxi egin genion bisita.
Kanpazartik ere igo daiteke, edo Elorriotik, baina esango nuke Udala auzotik (Arrasate) duela igoera ohikoena. Udalako aparkalekuan hasten da Udalatxerako igoera. Handik hasi, eta gora-gorako aldapa pikarra izango dugu etengabe hurrengo ordu eta erdian.
Hasieran pista zabal samarra jarraituko dugu, baina artadian sartu bezain azkar, bide-txingor bihurtzen da, eta behin artadia amaituta, azken zati osoa harri artetik igo beharko dugu. Bide garbi-garbirik ez dago, eta askotan ez dakizu bide nagusia den, edo ahuntz-bidea (ahuntz ugari dagoelako inguruan), baina lasai: bide guztiek daramate Erromara. Edo tontorrera.
Aldapa pikarra, esan dudan moduan. Arnasa estutzen duena. Hauxe panorama, goialdetik, Udala auzoa eta igotako bidearen zati batekin. Barrenean Arrasate.
Azken zatian, belardi modukoetan barrena egingo dugu tarte bat, aspaldiko ermitaren aztarna batzuetara heldu arte. Handik gora, ostera ere, ahuntz-bidea, tontorreraino.
Hementxe, azkenengo zatia.
Bidean zehar, maldan gora egin ezinda arnasa barik gelditzen zaren bitartean, sarri galdetuko diozu zure buruari, ea zergatik itzuli zaren Mortirolora, baina behin goian ozen esango duzu: "merezi izan jok!".
Inguru ederra da. Inguruan beste mendi handirik ez duenez, panorama ikusgarria du, eta Euskal Herri erdialdeko mendirik gehientsuenak ikusi daitezke bertatik. Mahai bat ere badago laguntzeko (euskara "xelebrea" du, Laburdi, Donosti, Kanta-huri, eta antzekoekin).
Hegazti aldetik, mendi-inguruko espezie batzuk ikusteko aukera ere ematen du Udalatxek. Besteak beste, belatxingak, mokohoria zein mokogorria.
Tontorrean argazkiak, eta berriz behera. Oraingoan askoz bizkorrago; beharbada aguroegi, tarteka belaunak eta orkatilak ezinean.
Umeekin egiteko modukoa? Bai, ondo, baina mendian pixkat zaildutakoak badira, eta harri artean saltoka beldurtzen ez direnak. Bestela, pazientzia!