Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "3 Mariak" (Arantxa Urretabizkaia, Erein 2010)

"3 Mariak" (Arantxa Urretabizkaia, Erein 2010)

Asier Sarasua 2013/12/12 10:25
Eibarko irakurle-klubean abenduan irakurri eta landutako liburua.

3 Mariak
Arantxa Urretabizkaia
Erein, 2010

Maria Txurik 79 urte ditu eta alargun geratu da. Hainbat urte seme-alabak hazten igaro ondoren, azken urteotan gizon gaixoa zaintzeaz arduratu behar izan da. Senarra hil eta tanatorioan dela, txikitako lagun bat agertuko da, Maria Gorri, hainbat urtez herritik kanpo bizi izandakoa. Nola ez dakitela ere, biak elkarrekin bizi izatera joango dira, Gorriren gurasoena izandako etxera. Zaharrak dira, bai, baina ez daude prest heriotzari exerita itxaroten geratzeko. Bizitzeko gogoz daude eta proiektu asko gauzatzeko asmoarekin. Besteak beste, 3. Maria aurkitzea, Marihandi.

Zahartzaroa du gai nagusi eleberriak, baina baita beste hainbat gai ere: adiskidetasuna, tolerantzia, askatasuna... Zahartzaroa bere aje guztiekin erakusten digu Urretabizkaiak, zaharra hitzaren apologia konszientea eginez; baina batez ere bizipozaz dihardu eleberriak. 80 urterekin (baita 50 edo 70ekin ere, gehituko dut nik) erronka berriak aurkitzeko beharraz. Izan ere, baikortasunez blai dago 3 Mariak. Istorio samurra baina indartsua; samurra neurrian, tarteka topiko eta goxokeriak ere badituen arren.

Pertsonaia ederrak sortu ditu, gehienbat bi pertsonaia nagusiak (Txuri eta Gorri), ondo perfilatuak, liburuan zehar garatuz doazenak (batak bestearengandik hartuz). Mutur samarrekoak, esango du norbaitek; baina egokiak, erantsiko nik. Egia da, agian, beste pertsonaia osagarriek (Kalok eta Laidak, gehienbat) karrank egin izan didatela tarteka (hain dira perfektuak eze...), baina eleberriko giro goxora ondo egokitzen dira.

Esango nuke Urretabizkaiak ondo aurkezten dituela gure aittitta-amama izan diren belaunaldikoen bizitzak, gogoetak eta sentimenduak, XX mende hasieran jaio eta orain gutxi ezkutatu zaigun belaunaldi horren arima. Horrekin batera, hala ere, zaharra izateko beste modu berri bat ere aldarrikatzen du XXI. menderako.

Estilo xumea erabiliz idatzia, idazkeran zein teknika narratibo aldetik, ahots bakarraren bidez eta kontakizuna modu kronologikoan antolatuz. Era gardenean. Protagonista da kontalari, eta bere bizitzako urte bat kontatzen du, gutxi gora-behera, alargun gelditu zenetik 80 urte bete artekoa, azken orrialdea 2000. urteko urtarrilaren 1ean kokatuz. Milurteko berria; garai berria; asmo berriak. Esan bezala, guztia ere modu xume eta garbian kontatuta.

Istorioak ez du beste munduko ezer: bi atsoren eguneroko bizitza besterik ez da. Gainera, liburuak duen hari nagusietakoari (3. Mariaren bilaketa) nahiko leku txikia ematen dio idazleak liburuan, eta amaiera ere bitxi samarra (niretzat oso egokia) ematen dio. Eta, hala ere, Urretabizkaiak ondo eusten dio erritmoari eta tentsioari, hasieratik amaierara arte. Beharbada horixe da liburu honen merituetako bat: istorio xume-xume bat erakargarri egiten duela inolako etxafuegorik erabili barik.

Laburbilduz: erdi-derrigorrez irakurri dudala liburua (Eibarko irakurle-kluberako), ez baitzegoen nire hurrengo irakurketen zerrendan, baina ezusteko polita izan dela. Adjektiboren bat ipini beharko banio eleberriari, atsegina litzateke. Gustura irakurtzen den liburu atsegingarria.

Oharra: Urretabizkaia Eibarren izan da aste honetan bertan, irakurle-klubean, liburu honetaz berbetan. Oso gustura egon ginen guztiok (tira, ni bai behintzat).

Oharra 2: Urretabizkaiari elkarrizketa Uberan.

Ohar mentala: esan Arantxari 1999an ez zela pelikularik jaisten Internetetik, eta bideorik ere nekez ikus zitekeela sarean.

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz