San Justi (1.024 m) eta San Kristobal (1.057 m), Izki mendilerroan #100mendi #83
Araba hego-ekialdean dago Izki Parke Naturala, Arabako Mendialdea izeneko eskualdean eta Izki errekak sortzen duen ibarrean. 1998. urtean izendatu zuten Natur Parke eta 9.000 hektarea inguru ditu, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Kanpezu artean banatuta.
Basoz betetako ingurunea da Izki, hariztiak (%50) eta pagadiak (%25) nagusitzen direlarik. Oso ondo kontserbatutako oihanak dira gainera eta, besteak beste, Izki ingurua da Euskal Herrian okil ertaina (Dendrocoptes medius) aurkitzeko tokirik egokiena (eta ia bakarra).
Mendiei dagokionez, Izki mendilerroan kokatzen dira bere gailurrik gehienak, Gasteizko mendiak izeneko mendilerroraino. Tontorrik garaiena Kapildui da (1.175 m), baita ezagunena ere, Euskalmetek bertan daukan radar eta antenarengatik sarri aipatzen dutelako Euskal Telebistan, baina mendi-buelta bat emateko politagoak dira Arraia-Maeztutik eta Kanpezu ingurutik egiten diren igoerak.
Esate baterako, Arraia-Maeztuko Apinaiz auzotik gora egiten den 6-8 km inguruko ibilbide erraz eta ederra. Handik gora samur-samur igo daitezke San Justi (1.024 m) eta San Kristobal (1.057 m) mendiak, beharbada mendilerro honetan dauden tontorrik ederrenak, hegoalderago dagoen Muela (1.055 m) mendiarekin batera.
Eta halaxe egin genuen guk orain dela aste batzuk, 100 mendien lehiaketarako egiten ari garen igoeren artean. 2015ean hasi genuen Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen "lehiaketa" moduko hau (10 urteko epean Euskal Herriko 100 mendi ezberdin igotzearena), eta Izkin barrena egindako ibilbide hau izan da gure 83. mendia zerrenda horretan.
Esan bezala, Apinaiz (gazteleraz Apellaniz) auzunetik hasi genuen ibilbidea. Herrixka polita da, lasaia, 250 biztanletik gora izatera heldu zena, baina gaur egun erdiak-edo dituena. Parking bat dago eliza ostean, eta handik gora hainbat ibilbide daude markatuta Natur Parkean barrena.
Apinaiz (Arraia-Maeztu, Araba).
Herri erditik igaro, eta seinalak jarraituz berehala aurkitu genuen gure ibilbidea. Ez du inon markatzen San Justi edo San Kristobal, baina bidea zabala da eta Mendiak APPa eskuan eramaten dugunez, hango mapekin ez dago galtzerik.
Lehenengo metroak haritz eta pago artean egiten dira, bide zabal batean zehar, eta kilometro bat egin aurretik urtegi txiki honetara helduko zara. Ugaratxoz eta zapaburuz beteta zegoen. Putzua inguratuz, gora jarraitzen du bideak.
Behin urtegia igarota, bidexka pixkat estutzen da eta basoa desagertuz doa gutxika-gutxika. Errekatxo baten arroari jarraituz egiten du gorantz bideak, haitzek sortzen dituzten egitura geologiko ederren magalean.
Bideak ez dauka inolako zailtasunik. Garbia da, ez dauka malda handiegirik, eta luzea ere ez da, berehala helduko garelako goiko ordokira.
Bidegurutze honetan hainbat mendi-bide ezberdin hartu daitezke. Gu aurrerantz egin genuen, zuzen, han barrenean zuhaitz artean ikusten den San Justira igotzeko asmoz.
Zati luze batean igeltsuz (?) estalitako ingurua gurutzatu behar da. Ipurua eta txilarra dira landaretza nagusia. San Justira heldu ahala, ostera, berriro agertuko zaizkigu pagoak. Zabaluneetan durdurak (Turdus viscivorus) eta pirripioak entzun ditugu; behin basoetan sartuta, garrapoak, okilak eta kaxkabeltxak nagusitzen dira.
San Justira garamatzan bidexkak hegoalderantz egiten du lehenengo eta, gero, bueltan-bueltan, tontorreraino eramango gaitu. Tontorra ez da nabarmenegia, baina ikuspegi ederra dago hegoalderantz, Bernedo ingururantz, eta bere atzean geratzen den Toloño mendilerrorantz.
San Justiko (1.024 m) postontzian txartela laga eta gero, igotzeko erabili dugun bidea ezkerretara utzi, eta iparrerantz egingo dugu, goiko ordokian barrena. Txiri-txiri egiten da San Kristobalerainoko tartea. Oso gora-behera gutxirekin, eta ikuspegi ederra lagun. Beherago aurkitu ditugun ipuru eta txilarrekin batera, pinuak eta ametzak ere aurkituko ditugu bidean. Hegaztien artean, sai arreak bazka bila dabiltza; belatxingak beti bezain zalapartatsu, eta abenduren bat (Buteo buteo) ere igaro da gure gainetik.
Ez dago galtzeko arriskurik. Eskuineko sakanetik igo gara, eta orain aurrera egiten dugu, goragotik, San Kristobaleraino (1.057 m). Oraingoan, Izkiko parkearen ekialdea ikusiko dugu parean, Arraia-Maeztuko haran zabal eta ederra.
Hemen ere, ohiko argazkiak atera, txartela laga postontzian, eta beheranzko bidea hartuko dugu.
Jaisteko ez dago inolako arazorik. Mendi zabala da San Kristobal, eta bakoitzak erabaki dezala nondik jaitsi nahi duen. Atzera egin eta malda txikiagoko lekutik, ezkerrerantz jo eta mendi-buelta luzatuz, edo zuzenean parkinerantz jo, guk egin genuen moduan.
Gorago aipatu dugun moduan, Apinaiz ingurua eta San Justi eta San Kristobal mendiak ez dira mendilerroko garaienak ezta igoenak ere. Natur Parkerako sarrera "ofiziala" ere hegoalderago dago, Korres inguruan (eta han ere oso ibilbide politak daude), baina mendi-gailuerrei dagokienez, seguru asko hauexek izango dira parkeko igoerarik politenetakoak. 6-8 km inguru dira, malda gutxikoak, eta haurrekin ere eroso egiteko modukoak.