Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Lokiz mendikatea, Ibirin eta Basaura naturgunea (Ameskoa, Nafarroa Garaia)

Lokiz mendikatea, Ibirin eta Basaura naturgunea (Ameskoa, Nafarroa Garaia)

Asier Sarasua 2020/03/01 12:55

Nafarroako Lizarraldean kokatuta, Ameskoak, Lana eta Allin haranen artean, Lokizko mendilerroak pakea eta atsedena emango dizkio mendizaleari, ingurune natural paregabeaz gain.

Izan ere, inguruko beste mendikate batzuekin alderatzen badugu (Urbasa, Aralar, Urkiola, Gorbeia...), mendizale gehienontzat askoz leku ezezagunagoa da Lokiz aldea., eta hemen ez dugu aurkituko Aizkorrin, Txindokin edo Anboton aurkituko dugun jendetzarik. Alderantziz, baliteke 3-4 orduko mendi-bueltan, inor ez ikustea. Bakarrik egotearen sentsazioa eta pakea damaizkigu Lokizek.

Urbasa mendilerroaren hegoaldean dago Lokiz. Ameskoa haranak banatzen ditu bata eta bestea, eta Urederrako naturgunetik ber-bertan dago. Mendilerroak 22 kilometroko luzera dauka, eta 140 km2-ko hedadura. Hainbat igoera eta ibilbide daude inguruko haran eta auzuneetatik (Ameskoatik, Galdiotik, Gastiain aldetik...). Guk geuk Zudaire albotik ekin genion, Basaurako sakan edo ainubetik gora (aurreko post batean aipatu genuen Basaurako naturgunea, odolkiz betea), autoa Lizarra-Zudaire lotzen dituen errepide alboan lagata.

2020ko gure lehenengo mendia izan da, orain dela 6 urte hasirako 100 mendien lehiaketako 86. gailurra. Azkenengo txanpan sartu gara, hartara. Tipili-tapala, baina gustura gabiltza. Osasuna lagun, ea aurten burutzen dugun 100 mendien erronka!

Igoeraren hasieran pago asko dago, eta ezpela edonon (ezpelak ibilbide guztian zehar ikusiko ditugu, ugari, egia esateko). Ibilbidearen lehenengo zati hau oso ederra da, leku batzuetan ia majikoa, odolkiak zuhaitz eta zuhaizka guztiak estaltzen dituelako, pelikuletako arbola mitologiko horien antzera. Nafarroako sakanik eta naturgunerik berezienetakoa da Basaura, eta ia ez dago zuhaitzik eta zuhaizkarik goroldio-jantzirik ez duenik.

Basaura, Lokiz 05

Lokiz, Nafarroa 01

Pixkaka-pixkaka, bideak gorantz egiten du, gero eta malda pikarragoarekin. Pare bat legartza ere baditu igoerak (gogor samarrak, astunak, pikoak), garaieran gora eginez. Lekurik harritsuenetan, zuhaitz gehienentzat nahikoa sustraturik ez dagoen malkarretan, arteak nagusitzen dira, ingurune idorragoetara askoz hobeto moldatutako espezieak direlako.

Lokiz, Nafarroa 02

Lokiz, Nafarroa 03

Mendilerroko tontorrik garaiena Okomendia da (1.258 m), mendilerroaren mendebaldean, Gastiain gainean. Mendilerroaren ekialde honetan, ostera, San Kosme (edo Lokiz, 1.121 m) da goiko ordokian nabarmentzen den gailur bakarretakoa. Gu ere harantz goaz, baina zuzenean San Kosmera igo beharrean, bazterretik egin dugu, eskuma aldetik biribilean eginez, Lisa eta Ibirin (1.082 m) alderantz. Pagadi zabal batean barrena hurreratu gara, eta batera-batera, zuhaitzak desagertu eta Allin harana zabaldu zaigu begien parean. Ikuspegi zoragarria da; Montejurra eta Lizarraldeko gari-soroak ikusgarri daude neguko egun eder honetan.

Lokiz, Nafarroa 04

Lokiz, Nafarroa 06

Lokiz, Nafarroa 09

Lokiz, Nafarroa 10

Hamarretakoa hartuta, mendilerroaren hegitik, ekialderantz jarraitu dugu. Ikuspegia paregabea da ibilbide guztian zehar.

Lokiz, Nafarroa 12

Lokiz, Nafarroa 13

Lokiz, Nafarroa 15

San Kosme edo Lokiz tontorreraino goaz, non izen bereko ermita txiki bat dagoen, eta otordua jateko mahaitxo batzuk. Esan bezala, inguru honetako tontor nabarmen bakarra da San Kosme, baina pagoek estaltzen dute ia zeharo, eta bertako tontorretik ez dago bistarik.

Lokiz, Nafarroa 21

Lokiz, Nafarroa 17

Lokiz, Nafarroa 19

Lokiz, Nafarroa 20

San Kosme atzean laga, eta beherantz egin dugu, bueltan-bueltan, berriz ere igotzeko hartu dugun ibilbideraino, eta handik behera aparkalekuraino.

Lokiz, Nafarroa 05

Lokiz inguruko bideak zabalak dira, eta erosoak, baina adi ibili, ez dagoelako inolako seinalizaziorik eta erraza delako galtzea. Bidezidor asko dago, guztiak antzekoak dira, eta ez dago erreferentzia-puntu esanguratsurik. GPSa, Mendiak APPa edo zure gustuko beste edozein gailu eta aplikazioa eramatea komenigarria izan daiteke.

Lokiz, Nafarroa 16

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz