Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Urbasako Maiza (1.182 m) eta San Adrian (1.111 m), umeekin #100mendi #75

Urbasako Maiza (1.182 m) eta San Adrian (1.111 m), umeekin #100mendi #75

Asier Sarasua 2019/09/13 00:00
Eder bezain erraza, ia edonork egiteko moduko ibilbide ikusgarria da Lizarragako lepotik San Adrian eta Maiza ingururaino doana.

Urteak ziren Urbasa ingurura joan barik, eta duela aste batzuetako eguraldi zoragarria aprobetxatuta itzuli ginen Sakana eta Lizarralde artean dagoen mendilerro honetara.

Urbasako mendilerroan nahi adina ibilbide aurkituko ditu mendizale eta naturzaleak, zail bezain errazak, baina beti gomendagarriak. Guk 10 km inguruko ibilbide zirkular txiki bat egin genuen, Lizarragako lepoa eta Maiza (1.182 m) lotzen dituena, bidean Ollide (1.134 m) ezezaguna eta San Adrian (1.114 m) ikusgarria igoz.

Autoa Lizarragako aparkalekuan laga genuen. Goiz erdian heldu gara eta lepo dago. Handik mendebaldera txiri-txiri egiten du bideak, inolako zailtasunik gabe, mendi-bide nabarmen batean barrena.

maiza-san-adrian-urbasa (1).jpg

Nahi bada, pista hori jarraituz kilometroak egin daitezke, Altsasutik Lizarrara doan errepidearekin bat egin arte, hainbat kilometro aurrerago, Urbasako kanpin inguruan. Guk geuk, Ollide mendiaren parera heldu baino pixkat lehenago, maldan gora egin genuen, Sakana gainean geratzen den mendi-ahora.

maiza-san-adrian-urbasa (2).jpg

Igoera txiki baten ostean, leihoa ireki eta ikuspegi ahantzezina dakusagu. Sakana dago barrenean; Aralar atzerago. Itzela!

maiza-san-adrian-urbasa (3).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (4).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (5).jpg

Ekialdera begiratuta, Ergoiena ingurua eta Beriain mandoa.

maiza-san-adrian-urbasa (9).jpg

Hortik aurrera, ez da ezer falta Ollideko tontorra zapaltzeko. Hori bai, komeni da bertigo handiegirik ez izatea, zati batzuetan lurra desagertu eta amildegira jausiko zarela ematen du eta. Izan ere, mendi tranpatia da Ollide: alfonbra berdea hegoaldetik begiratuta, baina ehundaka metrotako amildegia iparraldeko hegian.

maiza-san-adrian-urbasa (8).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (10).jpg

Sakana aldeko ikuspegiak beti gure begien parean ditugula, aurrera egiten dugu mendilerroan barrena, eta berehala agertuko da gure begien aurrean San Adrian (1.114 m), paraje hauetako mendirik ezagunenetakoa.

maiza-san-adrian-urbasa (11).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (12).jpg

Bide-txindorrak harri artean egiten du ibilbidearen zatirik gehienetan, baina pagadi txiki batean sartzen da San Adrianera heldu baino pixkat lehenago. Hortxe dago, gure zain.

maiza-san-adrian-urbasa (13).jpg

Hamaiketakoa ondo merezi dugu. Nekez aurkituko dugu leku hoberik begiraleku hau baino.

maiza-san-adrian-urbasa (15).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (16).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (17).jpg

San Adriango baseliza dago tontorrean, Bakaikuko lurretan. Postontzi txiki bat ere bai, Eibarko Klub Deportiboko txartela lagatzeko erabili duguna.

maiza-san-adrian-urbasa (18).jpg

Ordu bete inguru behar izan dugu San Adrianera heltzeko, erritmo apalean. Ia-ia beste horrenbeste dago Maizaraino. Huraxe dugu jomuga, 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra hori baita gaur igoko ditugun hiru gailurren artean.

Bidea pagadi batean sartzen da aurrera egiten dugunean, baina laster heldu gara leku irekiago batera. Pirripioentzako leku aproposa dela dirudi eta, bai, talde polita dabil kantuan, bakoitza bere eremuan, ipuru eta ezpelen gainean, nor bere lurraldea aldarrikatuz. Sai arreak ere ugariak dira eta beste harrapakari batzuk ere ikusten ditugu, abendu zein miru, belatxinga, buztangorri eta buztanzuriekin batera.

maiza-san-adrian-urbasa (19).jpg

Maizara igotzeko azkenengo zatia bidexka batean gora egin behar da. Azkenengo metroak dira. Bitartean, Beriain hortxe dago, adi, beti guri begira.

maiza-san-adrian-urbasa (20).jpg

Eta heldu gara tontorrera. Maiza, bere 1.182 metroekin, ingurune honetako tontorrik garaiena da, eta baita 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra ere. Heldu gara. Mendebalderantz ikuspegi zabala irekitzen da, Urbasa-Andia mendilerro eta parke naturaleko larre eta pagadi amaigabeekin.

maiza-san-adrian-urbasa (21).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (22).jpg

Itzultzea bakarrik falta da. Oraingoan bide guztia beheko partetik egingo dugu, tontorrik tontor ibili barik. 

Gure 75. tontorra da 2015ean hasi genuen 100 mendien bidaian. Merezi izan du.

maiza-san-adrian-urbasa (24).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (25).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (26).jpg

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz