Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain

Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain

Asier Sarasua 2020/11/20 22:05
Mendi-buelta polita Eibar eta Elgoibar arteko auzoetan zehar, Eibarko Urkizutik irten eta Urkizura bertara itzulita. Aasuatik gora irten, Santa Kurutz aldera, handik Akondia ostetik Kalamua magalera jo, Elgoibarko San Pedro - Idotorbe auzora jaitsi eta, Zaturixo erreka gaindituta, berriro Eibar aldera, lehenengo Arrateballeko Arizmendi auzunera eta handik behera berriz Azitain eta Urkizura.
Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate, Azitain

Eibar eta Elgoibar artean.

Egungo egoera honek hegoak moztu dizkigula ematen du, ez daukagula nora jo eta ezin dugula ezer berririk ikusi, giltzapean itxi gaituztenetik. Andoni Egañak Zabaldu izendatu zuen, ostera, orain dela 10 egun inguruko bere iritzi-artikulua: "Udalerrira mugatu gaituztenez, balia dezagun aukera gure herriko kale eta errepideak ez ezik, estrata eta gurdi-bideak ere ezagutzeko; baserrien izenak ikasteko; landaredia identifikatzeko; hizkera, noiz-non-zein erabili taxutzeko; herriko historia eta istorioak ezagutu eta kontatzeko".

Halaxe gabiltza gu, behinik behin. Lehenago ere etxezale izan gara, egia esateko, baina azken hilabete honetan (edo hilabeteotan) are gehiago. Etxe inguruan gabiltza, halabeharrez baina gustura, gure zelai eta mendietan barrena, andabideak, erromarak eta heskerak gurutzatuz, pagadian gora eta errekan behera, hur-hurreko inguruak bisitatuz eta gertu-gertuko kontuak ikasiz.

Joan zen asteburuan, esate baterako, Eibar-Elgoibar arteko lau baserri-auzotan zehar eman genuen gure ostera. Patxadaz, bide bazterrean azaltzen zitzaizkigunak begiratu eta arnasten. Luze eta lasai.

 

Eibar - Elgoibar arteko auzoetan barrena: Gorosta, Akondia, Idotorbe, Arizmendi-Arrate

Pasiada ederra. Luzetxoa baina ez gogorregia (hasierako igoera izan ezik, bestela lasaia).

  • Ibilbidea: 19 km
  • Denbora: 7 ordu
  • Tracka: .... ea sortzen dudan! (baina mendian segi zure senari ;)
  • Bidea: Urkizu - Aasua erreka - Gorostaballe - Santa Kurutz - Usartza - Akondia - Pagola - Kalamuako laua - Urkiola (Idotorbe bailara) - San Pedro - Moru - Legarda - Zaturixo erreka - Arrateballe - Arizmendi - Sumendiaga - Eltzartzaga - Azitain - Urkizu.

Esan bezala, Urkizun hasi eta Aasua errekatik gora hasi genuen ibilbidea. Bere txikitasunean, oraindik ere pagadi polita dago hasierako zatian. Bideak ez dauka galbiderik, sasoi bateko andabide zabala da eta. Basoan zehar egiten da Naiorbe baserrietaraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 01

Aasua errekako pagadia. Inguru horretan erraza da okilak, okiltxoriak eta eskinosoak ikustea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 02

Aasua errekako pasabidea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 03

Naiorbera doan bide zatia. Naiorben txakurrak egoten dira, zaratatsuak baina normalean lotuta.

Naiorbetik aurrera porlanezko pistak ordezkatu du mendi-bide zaharra. Zati laburra da, 500 metro inguru. Lehenengo gurutzebidean eskumatara hartu eta handik gora berriz hartzen da antzinako estrata zaharra, Sagarbitsa baserri parean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 04

Porlanezko pistan egiten da zati bat, han barrenean eskumatara hartu eta berehala berriz mendi-bidean sartzeko.

Sagarbitsatik Santa Kurutzera doan bidezidorra oso polita da. Aurrerago esan dudan moduan, bide hau oso garrantzitsua izan da hainbat mendez Gorosta eta Mandiola bailarako baserritarrentzat. Gurdi-bidea izaki, nabarmenak dira gurdien joan-etorriek harri bigunean lagatako aztarrenak. Elusburu, Upartiño eta Adarratza parajeak gurutzatzen ditu, zuzen-zuzen, Santa Kurutzeraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 05

Santa Kurutzeko gurdi-bidea, Upartiño partean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 06

Gurdiek harrietan zizelkatutako markak, Adarratza inguruan.

Santa Kurutzeko ermitara heldu baino lehenago bertako eskola zaharra aurkituko dugu. Errepublika sasoian eraiki zuten, analfabetismoa gainditzeko eta hezkuntza landa-eremuetara eramateko egindako plangintza zabalaren barruan, eta 1960. hamarkadara arte Gorosta eta Mandiola bailaretako baserrietako ehundaka haurrek ikasi zuten bertan. Gazte ginenean oraindik egoera onean ezagutu genuen: teilatua osorik, barruko gelak nolabait tente, frontoi txikia atarian eta iturri freskoa aldamenean. Pelotan jardundakoak ere bagara atarian. Gaur egun behea jota dago, baina guretako leku ederra izaten jarraitzen du.

Santa Kurutzeko eskola zaharra, Eibar

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 07

Santa Kuruzko eskola, Eibarko Mandiola bailaran. 60ko hamarkadaraino bertan ikasten zuten inguruko baserrietako umeek. Eraikin ederra da, argitsua, leiho zabal eta bista ikusgarriarekin (Anboto aldeko mendiak irudika ditzakezu leihoetatik begiratzen baduzu). Ez da zaila imajinatzea 20 ikasleko talde bat, maistraren eskolak jarraitzen, leiho zabal horietatik sartzen zen eguzki-izpien azpian.

Santa Kurutz leku estrategikoa da. Eibar gainean kokatua, Gorosta eta Mandiola bailarek bat egiten duten tokian. Baserri-auzo horiek existitzen direnetik Santa Kurutz ingurua eta bertako ermita izan dira auzotarren topagune nagusietako bat. Niretzat Eibarko lekurik ederrena da eta makina bat arratsalde igarotzen ditugu bertan, lagunekin, familian, txoritan. Txorizaleen artean Local Patch deitzen zaio norbere txoritoki kuttunenari. Ba, hauxe da nire Local Patcha. ;)

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 08

Santa Kurutz, jendez lepo azkenaldiko konfinamendu-egun eguzkitsuetan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 27

Santa Kurutzeko ermita.

Santa Kurutzen ur pixkat edan, guk eta Iatsek, eta Usartzarako bidea jarraitu genuen. Lehenengo zatia, Illo izeneko parajean, berriz ere mendi-bide zaharrean zehar, Arrateko errepideraino; hortik aurrera, porlanezko pistan, Usartzaraino.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 09

Illo inguruan haritz amerikar gutxi batzuk eta gaztaina-arbola banaka batzuk geratzen dira.

Santa Kurutzetik bertan dago Usartza, eta Usartzatik bertan Akondia baserria eta San Pedro ermita. Paraje eta izen historikoa da Akondia Eibarren. Izan ere, Eibar Eibar izan aurretik ere, dagoeneko azaltzen da Akondiako kofradia agiri zaharretan eta Akondiako 1390erako gudaren hotsak ere heldu zaizkigu kantuz kantu, Ibarguen-Katxopinek bere kroniketan jaso zuen bezala, Akondiako gudako kantan: "Akondia lexar baga...".

Mendi eta haran hauetako biztanleak biltzen zituen Akondiako kofradiak edo bailarak. Gaur egun Akondia izeneko baserria daukagu, Akondia mendia (749 m) bere gainean eta Akondiako San Pedro baseliza alboan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 10

Usartzatik Akondiara bidean.

Akondiako San Pedro baseliza. XVI-XVII. gizaldiko agirietan aipatzen da lehenengoz, nahiz eta gaur egungo eraikina 1800. urtekoa den, haizete batek bota baitzuen aurrekoa. San Pedron aspaldi ez da mezarik egiten, baina antzina-antzinako ohitura bat gordetzen da bertan: ekainean, San Pedro egun bueltan egiten den konjuroa. Abadeak baserrietako lur-sailak bedeinkatzen ditu hodeiak eta txingorrak jo ez ditzan.

Gaur egun dagoeneko galduta dagoen ohitura hori bizi-bizi egon zen, gutxienez, 1950-1960 ingurura arte. Abadeak auzorik auzo joaten ziren, euren ixipuak astindu ahala baserrietako ortu, gari-soro eta arto-sailak bedeinkatuz. Baita eskupeko ona jaso ere, baserritarren eskutik. Gaur egun oraindik konjuroaren oihartzunak entzun ditzakegu Akondia aldean, baina honezkero ez dago gari-sailik eta artasororik gurean.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 11

San Pedro baseliza, Akondia, Eibar.

Akondiatik aurrera jo genuen, lau-lau, Pagolarantz. Gure asmoa ez zen Akondia tontorrera igotzea, magalean zehar bueltan-bueltan Kalamuako lautadara joatea baizik. Horretarako, lehenengo Pagolako Txabola baserriko atari paretik igaro behar da. Harraska eta lixibarri ederrak ditu atari alboan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 12

Pagolako Txabola baserria. Eibarko garaiena (645 metroko garaieran).

Akondia eta Garagoitti mendiak barrenetik inguratu ostean, berehala heldu ginen Kalamuko laura. Bertan egiten dute bat Eibarrek, Elgoibarrek eta Markinak, lautada txiki honen erdian; hortxe amaitzen da Eibar.

Kalamuko laua bidegurutze handi bat ere bada. Usartzatik, Akondiatik, Kalamuatik (eta Markinatik) eta San Pedrotik (Elgoibartik) datozen bideak elkartzen dira paraje honetan. Antzinaroan ere topagunea izan omen zen, edo hori iradokitzen dute inguru honetan aurkitu diren Kanpaizulo, Diruzulo eta Olaburuko trikuharriek. Deba eta Artibai ibarren arteko muga naturalean gaude, egon ere.

Gaur egun ere bidegurutze eta topagune handia izaten jarraitzen du. Are gehiago pandemia sasoi honetan, 100 lagunetik gora zenbatu genituelako hamaiketakoa jaten geunden bitartean! Gustura egoten zen, egia esateko. ;)

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 28

Kalamuko laua. Bertan elkartzen dira Eibar, Markina eta Elgoibar.

Hamaiketakoa egin eta Elgoibar alderantz hartu genuen. Inguru hau txikituta dago gaur egun. Pinua atera berri, pistak kamioien joan-etorriekin triskatuta, lokatza erruz. Hala ere, bidea nahiko polita da Urkiola alderaino. Lehenengo pago gutxi batzuen albotik, xuabe-xuabe; gero, Arrate-Krabelindik datorren bide-zidorrarekin elkartzen denean, pagadi txikian zehar, goitik behera.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 13

Kalamuatik Urkiolara (Idotorbe, Elgoibar) doan bidea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 14

Pagadi baten hondarrak, Urkiolara heldu baino lehenago, pinuek inguratuta. Izpi-kerizak jolasti; pakea demasa.

Armaixo baserria da Elgoibarko parte honetan dagoen lehenengoa (edo azkena, bai). Ikuspegi zabala dago bertatik. Idotorbe (edo San Pedro) bailarako goiko zati guztia ikusten da eta barrenean Izarraitz eta Karakate-Irukurutzeta aldea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 15

Idotorbe auzoa, Elgoibar.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 16

Urkiola Txiki baserri parean, Iats eta hirurok.

Hemendik aurrera dena da zuzen eta beherantz, pistan zehar, San Pedroraino. Hantxe egin genuen bazkari-pasada txikia.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 17

San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).

Ogitartekoa jan eta bidean aurrera jarraitu genuen, zapatu arratsalde fresko baina eguzkitsuan. Eibarrera itzultzeko bide nagusia San Pedron bertan hartzen da, zuzenean erreka-zulorantz hartuta. Guk, ostera, Moru mendira doan bidetxoa hartu genuen eta Moruko (458 m) tontorrera ere igo ginen, gure bide nagusitik pixkat aldendu behar izan baginen ere. Etxe alboan izan arren, sekula Morura igo gabeak ginen seirok. Morun bertan Burdin Aroko kastro bat omen dago, baina guk ez genuen aurkitu aztarnarik.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 21

San Pedro, Idotorbe (Elgoibar).

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 20

Makina bat urte pinu artean ezkutatuta egon eta gero, une honetan garbi-garbi dago Moruko tontorra (385 m); Elgoibar aldeko ikuspegi ederra, arratsaldeko eguzki-printzekin.

Moruko igoeran berriz atzera egin eta gure bidera itzuli ginen. San Pedrotik Legarda baserrira doana, pistaz. Auzoko azkenengo baserria da Legarda eta baserrira heldu baino pixkat lehenago beherantz egiten du bideak, Zaturio errekara zuzenean.

Oharra: Legardako baserrikoak ezagunak dira (ibilaldi hau egin genuen arteko baten senideak) eta bisita egitera joan ginen, baina kontuan izan hau ez dela San Pedrotik Eibarrera itzultzeko bide ofiziala. Txakurrak solte izaten dituzte (eta azkenaldian sustoren bat eman omen dute) eta Zaturio inguruko larreetan behiak egoten dira. Hortaz, ibilaldi hau egitekotan, hobeto da Legardara jaitsi barik, San Pedrotik zuzenean Zaturiorantz jotea.

Hortxe dago Elgoibar eta Eibar arteko muga, Zaturio (Saturio edo Saturixo) errekan. Ur-emari handi samarrekoa, bere txikian, inguru honetan egoera onena duten erreketako bat da. Eibar aldeko azkenengo ur-txakur edo igaberak ere Zaturixo errekan ezkutatu ziren, Deba eta Ego errekak zikundu ostean, hainbat lekukok aipatu izan didatenaren arabera; baita 1960 ingurura arte ere.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 22

Legardatik behera (baserria ikusten da goian), Zaturixo errekara bidean, Arantzategi izeneko parajean.

Oraindik bertako landaredi apur bat geratzen da erreka zuloan kukututa, makinetatik ihesi. Haltzak, pagoak, urkiak, gorostiak... Leku zirraragarria da, garai bateko edertasunaren lekuko tristea.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 23

Zaturixo erreka gurutzatzen.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 24

Zaturixo erreka. Sasoi batean 3 errota txiki mugiarazten omen zituzten erreka honetako urek. 

Behin Zaturixo gurutzatuta, bidea zabala da. Ondo markatuta dago PR marka zuri-horiekin. Maaldegi izeneko parajea gurutzatzen da (gaur egun gehiena pinua da) eta Arizmendi auzune parera heltzen da bidea, Altun eta Itolatza parean. 

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 29

Arizmendira heltzen, Itolatza izeneko inguruan.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 25

Barrenetxe baserria, Eibarko ederrenetakoa, ilunabarrera bidean. Arizmendi auzunean 5 baserri daude, garai batean denak ere Arizmendi baserri nagusiari nolabait lotuta egon zirenak: Arizmendi bera, Arizmendi Zelaikua, Arizmendi Sanjuangua, Arizmendi Guena eta Arizmendi Barrenetxe.

Handik behera porlanezko baserri-bidea hartu genuen, Mendigoitti eta Sumendixa (Sumendiaga) ingurutik igaro eta Azitaingo Industrialdera doana. Eta industrialdetik, Untzeta - La Salle atzean laga eta txiri-txiri berriro Urkizura.

Gorosta Akondia Idotorbe Arizmendi Azitain 26

Sumedixa baserri barrenean, bidearen azkenengo metroak egiten.

etiketak: mendia, etnografia, natura, eibar
Mikel Larreategi
Mikel Larreategi dio:
2020/11/21 19:10
Hemen duzu tracka Asier: https://eu.wikiloc.com/ibil[…]ndi-arrate-azitain-60926413

Hiru ohar ibilbideari buruz:

Bat: ibilbidean Kalamuara igoera gehitu dut.

Bi: Legarda baserrira heltzean bertako jabea atarian zegoen eta txakurrak solte zituen. Berak lotu ditu eta erakutsi dit bidea. Goizean eta arratsaldean txakurrak solte izaten dituela eta bideko larreetan behiak, txahalak eta idiskoa izaten dituela esan zidan, inoiz erromara irekita utzi izan diotela esan dit... Lehen bidea hortik zetorren Saturixotik gora San Pedrora, baina geroago beste aldetik markatu zuten, Asierren aipatzen duen errotak zeuden tokiaren ondoko bidetik. Orain hortik markatuta daude bai GR-285 Mendibai ibilbidea zein PR-108 Ermiten bidea. Badaezpada gomendagarriagoa da Morutik San Pedrora itzuli eta markatutako bidetik joatea.

Hiru: Mendigoitti baserritik pasatzerakoan kontuz joan, baserri ataritik pasatzen delako eta agian bertako txakurra beldurtuta zaunka hasiko delako. Ez da nire kasua izan, baina ez de lehena eta ezta azkena ere izango.
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2020/11/23 09:08
Ondo, Mikel, ondo! ;))
Eskerrik asko! Hi bai fina!

Idotorbe auzoko goiko partia guk beste bide batetik egin genduan tarte batez (hi Armaixo eta Urkiola basarrixen gainetik pasatu hitzan eta gu zuzenian jeitsi giñuazen Armaixora eta porlanezko pistara), baina bestela horixe dok guk egin genduna, bardin-bardina).

Legarda basarrixari buruz egin duan oharra garrantzitsua, bai. Gu bisittan juan giñuazen Legardara (ibilbide hau egin genduan 5 lagunetako baten senide dittuk eta kafia hartzera), baina egixa dok bide ofiziala San Pedrotik behera dala, zuzenian Zaturixora, eta handik jaistia komeni dala. Gehittu juat oharra goiko testuan.

Eskerrik asko!
Mikel
Mikel dio:
2020/11/23 09:37
Egixa esan dudan egon nitzan nundik bajatu ete ziñazien...

Baezpada, jarraitzeko errazagua izango zalakuan, markeri segika egin neban beheruzkua :)
Kepa Sarasola
Kepa Sarasola dio:
2021/03/21 12:44
Ikaragarri ederra da ibilbidea. Guk atzo egin genuen, Eibarretik errepidean gora, baina Usartzan sartu ginen ibilbide honetan. Eskerrik asko, Asier eta Mikel"

Komeniko litzateke track-ibilbidea bukaerako zatia aldatzea edo osorik ordezkatzea, Idotorbe San Pedrotik aurrerakoa kendu egin beharko litzateke, ez dakit posiblea ote den. Testua irakurri gabe, alferrak gara gu, track-ari jarraitu genion; eta noski, Legarda baserrira ailegatu ginen gu ere, bertakoei pelmada ematen. Ondo esan ziguten nondik pasa Zaturixo erreka. Baina ur handiak zekartzan atzo errekak, eta ez zen erraza pasatzea, arrisku puntutxo bat ere hartu genuen goroldioz betetako harri horien artean pasatzen. Hobe da tracka aldatzea, beste inor hortik ez joateko ;-)

Pena, bai, lokatza eta basoa zauriz beteta horrela ikustea, matarrasa lazgarria non-nahi Euskal Herri erdian. Bain bikainak dira panoramikak, bikainak dira Akundia, Pagola, Kalamuako lauak, Kalamuako tontorreko ikuspegia eta mapa mahaia; ikusgarriak dra Urkiola, Idotorbe, Zaturixo erreka, eta bukaeran zoragarria Azurmendi auzoa.

Mila mila esker!
asier
asier dio:
2021/03/21 14:27
Eskerrik asko Kepa! Ibilbide ederra da, bai; eta pena mendi-basoen egoera zein den azkenaldian (tira, aspalditik, baina azken 2 urteotan are okerragoa, gure administrazioen kudeaketa negargarri eta ulertezinaren ondorioz).

GPS Track-arena begiratu beharko dugu, bai! Mila esker.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz