#asmoberri - 2014an irakurriko ditudan euskarazko 14 liburu
#Asmoberri, pil-pilean sarean eta telebistan. Nik ere egin dut nirea: erdarazko liburu bakoitzeko, euskarazko bi irakurriko ditut, gutxienez. Tartean, aspaldi-aspaldi mesanotxean zain ditudan zenbait! Heldu da zuen ordua, madarikatuok!
- Bala zeru urdina (Xabier Aldai)
- Itzalen itzal (Juan Garzia Garmendia)
- Kartografia (Rikardo Arregi)
- Euzkadi merezi zuten (Koldo Izagirre)
- Camembert helburu (Jon Alonso)
- Hamaika pauso (Ramon Saizarbitoria)
- Lagun izoztua (Joseba Sarrionandia)
- Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan (Hasier Etxeberria)
- Gorrotoa lege (Jon Etxaide)
- Aihen ahula (Daniel Landart)
- Urregilearen orduak (Pako Aristi)
- Ur uherrak (Aingeru Epaltza)
- E pericoloso sporgersi (Pello Lizarralde)
- Gure gauzak SA (Ur Apalategi)
Ea "zor historiko" batzuk ordaintzen ditudan ;-)
Liburu bat amaitu osterako 15 galdera
- Sinesgarria da istorioa?
- Interesa mantentzen du istorioak?
- Argitaratzea justifikatuta dago?
- Ideia originala da?
- Argumentua eta gidoia ondo garatuta daude?
- Elkarrizketak errealistak dira?
- Badu balore literariorik?
- Eta erabilitako hizkuntza nolakoa da?
- Pertsonaien psikologia ondo irudikatuta dago? Beraien ekintzak horren ondorioa dira?
- Pertsonaiaren batekin identifikatu zara?
- Hedadura egokia da?
- Istorioak giza izaera, historia, herrialdea edo ohiturak hobeto ezagutzen lagundu dizu?
- Uste duzu liburu honen irakurketak eguneroko bizitzan edo hobea izaten lagunduko dizula?
- Idazleak bere pertsonalitatea proiektatzen du fondoan (pentsamenduan) edo forman (teknika literarioan)?
- Zer izan da atseginena eta gutxien gustatu zaidana?
Baina garrantzitsuena: gustatu zaizu? eta gozatu duzu?
"3 Mariak" (Arantxa Urretabizkaia, Erein 2010)
3 Mariak
Arantxa Urretabizkaia
Erein, 2010
Maria Txurik 79 urte ditu eta alargun geratu da. Hainbat urte seme-alabak hazten igaro ondoren, azken urteotan gizon gaixoa zaintzeaz arduratu behar izan da. Senarra hil eta tanatorioan dela, txikitako lagun bat agertuko da, Maria Gorri, hainbat urtez herritik kanpo bizi izandakoa. Nola ez dakitela ere, biak elkarrekin bizi izatera joango dira, Gorriren gurasoena izandako etxera. Zaharrak dira, bai, baina ez daude prest heriotzari exerita itxaroten geratzeko. Bizitzeko gogoz daude eta proiektu asko gauzatzeko asmoarekin. Besteak beste, 3. Maria aurkitzea, Marihandi.
Zahartzaroa du gai nagusi eleberriak, baina baita beste hainbat gai ere: adiskidetasuna, tolerantzia, askatasuna... Zahartzaroa bere aje guztiekin erakusten digu Urretabizkaiak, zaharra hitzaren apologia konszientea eginez; baina batez ere bizipozaz dihardu eleberriak. 80 urterekin (baita 50 edo 70ekin ere, gehituko dut nik) erronka berriak aurkitzeko beharraz. Izan ere, baikortasunez blai dago 3 Mariak. Istorio samurra baina indartsua; samurra neurrian, tarteka topiko eta goxokeriak ere badituen arren.
Pertsonaia ederrak sortu ditu, gehienbat bi pertsonaia nagusiak (Txuri eta Gorri), ondo perfilatuak, liburuan zehar garatuz doazenak (batak bestearengandik hartuz). Mutur samarrekoak, esango du norbaitek; baina egokiak, erantsiko nik. Egia da, agian, beste pertsonaia osagarriek (Kalok eta Laidak, gehienbat) karrank egin izan didatela tarteka (hain dira perfektuak eze...), baina eleberriko giro goxora ondo egokitzen dira.
Esango nuke Urretabizkaiak ondo aurkezten dituela gure aittitta-amama izan diren belaunaldikoen bizitzak, gogoetak eta sentimenduak, XX mende hasieran jaio eta orain gutxi ezkutatu zaigun belaunaldi horren arima. Horrekin batera, hala ere, zaharra izateko beste modu berri bat ere aldarrikatzen du XXI. menderako.
Estilo xumea erabiliz idatzia, idazkeran zein teknika narratibo aldetik, ahots bakarraren bidez eta kontakizuna modu kronologikoan antolatuz. Era gardenean. Protagonista da kontalari, eta bere bizitzako urte bat kontatzen du, gutxi gora-behera, alargun gelditu zenetik 80 urte bete artekoa, azken orrialdea 2000. urteko urtarrilaren 1ean kokatuz. Milurteko berria; garai berria; asmo berriak. Esan bezala, guztia ere modu xume eta garbian kontatuta.
Istorioak ez du beste munduko ezer: bi atsoren eguneroko bizitza besterik ez da. Gainera, liburuak duen hari nagusietakoari (3. Mariaren bilaketa) nahiko leku txikia ematen dio idazleak liburuan, eta amaiera ere bitxi samarra (niretzat oso egokia) ematen dio. Eta, hala ere, Urretabizkaiak ondo eusten dio erritmoari eta tentsioari, hasieratik amaierara arte. Beharbada horixe da liburu honen merituetako bat: istorio xume-xume bat erakargarri egiten duela inolako etxafuegorik erabili barik.
Laburbilduz: erdi-derrigorrez irakurri dudala liburua (Eibarko irakurle-kluberako), ez baitzegoen nire hurrengo irakurketen zerrendan, baina ezusteko polita izan dela. Adjektiboren bat ipini beharko banio eleberriari, atsegina litzateke. Gustura irakurtzen den liburu atsegingarria.
Oharra: Urretabizkaia Eibarren izan da aste honetan bertan, irakurle-klubean, liburu honetaz berbetan. Oso gustura egon ginen guztiok (tira, ni bai behintzat).
Oharra 2: Urretabizkaiari elkarrizketa Uberan.
Ohar mentala: esan Arantxari 1999an ez zela pelikularik jaisten Internetetik, eta bideorik ere nekez ikus zitekeela sarean.
Gaur sei hilabete
Ekainak 4 zituen. Goizeko 9ak Mendaroko ospitaleko erlojuan, eta ni prest, ustez nahiko erraza zen operaziorako: eskuineko sorbaldako tendoi bat konpondu beharra. Ustez, diot, bidean arazo txikiak pilatzen joak direlako: lesioa uste genuena baino handiagoa eta ebakuntza luzeagoa, gorputzak ere behar bezala erantzun ez, ondoren kapsulitis demasa, atrofia, ezker besoan ere tendinitisa... Tira, aste batzuetako kontua zena 6 hilabete luzatu dela eta oraindik ez dakigula zelan (eta noiz) bukatuko den.
Luze egin dira 6 hilabeteok, luzeegi. Baina gauza asko ikasteko aukera ere eman dit. Ikasi dut zer den slap lesio bat eta zer kapsulitis itsaskorra; ikasi dut zer diren tendinosisa eta sindrome subakromiala; eta ikasi dut gorputzean badirela trigger point minberak. Ikasi dut non dauden deltoidesa eta bizepsaren zati luzea, non supraespinoso kabroia eta infraespinoso kabroiagoa, non pektorala eta pektoral txikia. Ikasi dut subeskapularrak zer min eman dezakeen, non denik ere jakin ez arren. Fisiologia master txiki bat.
Ikasi dut, gainera, pazientzia izaten, gauzak gorputz erdi-elbarrituaren erritmora egiten. Lasaiago eta presarik gabe. Eta ikasi dut egonean egoten.
Ikasi dut osasuna eta ondo egotea baloratzen. Eta zaintzen gaituzten sendagile, erizain eta fisioen lana are gehiago baloratzen. Ordaindu behar diren zergekin kexatzen diren haiei esango nieke denboralditxo bat igarotzeko osasun-zentro batean. Eta gaixotasuna bere neurrian sufritzen: askoz okerrago daude makinatxo bat.
Ezker beso gauzaeza erabiltzen ere ikasi dut, beso bakarraz (eta ezkerraz) moldatzea ezinezkoa zela uste nuenean. Zenbat truko txiki ikasi ditudan eguneroko bizimodua ahalik eta erosoen igarotzeko.
Eta ikasi dut blogeko mezuak ezker eskuz eta pazientzia handiz telefonoan bertan idazten. Azken hau bezala, aurreko guztiak bezala, Mendarora egunero egindako autobuseko joan-etorrietan mugikorrean idatzita.
Internetek ingurutik isolatzen omen gaitu. Hala diote batzuek. Nire kasuan, behintzat, telefonoa, tableta eta sarea salbabidas txikia izan dira ekaitzaldi txiki honetan. Isolatu? Bai zera.
Gaur sei hilabete operatu ninduten. Tunelean argi gutxi dago oraindik, baina tunela aurkitu dut, gutxienez. Aste honetan horra gora heldu naiz, sekulako poza. Ikurrina ipintzekotan egon naiz nire Everest tontorrean!
Maricón
Maricón! Oraindik ere, 10-12 urteko mutilen artean horixe: Maricón! Futbolean jokatzen ez duenari, antzerkia edo dantza egiten duenari, desberdina denari: Maricón! Hezikidetza eta berdintasunaren aroan ere, Maricón! Pirritx eta Porrotxen gizarte-eredu koloretsuan hazitako haurren artean ere, Maricón! Urrun dago umeen arteko jolas eta txantxa izatetik. Pentsarazi beharko liguke. Sema-alabak nola hezten ditugun. Zenbat lan oraindik. Maricón!
"Ipini aurpegia euskarari", Euskararen egunean Eibarren
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ekitaldia izango da udaletxeko patioan euskaren alde. Eibarko Udalak antolatuta, eta Eibarko hainbat elkarteren, ikastetxeren eta eragileren parte-hartzearekin, “Ipini aurpegia euskarari” izango dugu.
Parte hartu nahi duten guztiei bakarkako argazkia aterako zaie argazki-mosaiko erraldoia osatzeko. Euskararen inguruan dituzten pentsamendu, sentimendu eta asmoak 10-12 hitzetan idazteko ere eskatuko zaie (etxetik idatzita ekar daiteke).
- Eguna: abenduak 3
- Ordua: 9:00-19:30
- Lekua: Udaletxeko patioa
- Argazki guztiekin mosaiko erraldoia osatuko da.
Parte hartzaileek idatzitako mezuak anonimoak izan daitezke eta Twitter eta Facebook bitartez ere zabalduko dira. Azkenik, beste batek idatzitako mezutxoa irakurriko du jendeak txandan-txandan eta megafonia bitartez entzungo da Untzagan.
Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, hobeto! Zeu ere etorri! Bakarrik, familian, seme-alabekin, koadrilan… Eman aurpegia euskararen alde!
Euskararen Eguna Eibarren
Eibarren 2009an hasi zen Euskararen Eguna herri mailan ospatzen. Urte hartan Juan San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak liburuen jendaurreko irakurketa egin zen. Ordutik, hainbat izan dira antolatu diren ekitaldiak: Kantu kantari kalejira (2010), Mintzodromoa (2011) eta iaz Toribio Etxebarriaren jaiotzaren 125. urteurrena zela-eta, besteak beste, berak idatzitako Flexiones verbales y Lexicon del euskera dialectal de Eibar lanaren jendaurreko irakurketa eta mahai-ingurua (ikus argazki batzuk).
"Gudari zaharraren gerra galdua" (R. Saizarbitoria, Erein 2000)
Gudari zaharraren gerra galdua
Ramon Saizarbitoria
Erein, 2000
Gerra Zibilean gazte zela, Intxortako gudan hanka galdu zuen agure zahar donostiarra notarioarengana hurbildu da, gerrako elbarri izanik pentsioa jaso ahal izateko agirien bila. Donostiako notarioarenean hasi eta Intxorta magalean amaitzen den eleberriak izenik gabeko gudariaren oinazearen berri ematen digu, Intxortatik Intxortarako bidaia biribilean.
40 urte igaro arren, gerran (eta gerran galdutakoan) baizik pentsatu ezin duen gudariaren gogoetak; gogoeta etengabe eta errepikakorrak, buruko mina sortu artekoak. Gerra galdu zuen; baina baita hanka ere, eta esan daiteke bizitzeko gogoa edo ahalmena ere galdu zituela Intxortan (izenburuan bertan iradokitzen den bezala). Baita gazte maitea ere, orrialdeak aurrera joan ahala jakingo dugunez.
Eleberri laburra (edo ipuin luzea, nahiago bada), 100 orrialde eskasekoa. Bera bakarrik ez ezik, Gorde nazazu lurpean (Erein, 2000) bilduman ere argitaratu zena. Gordina bezain ederra, esan dudan moduan, Saizarbitoriak maisuki kontatua. Kafe beroa eskuetan duzula, euri-tantak leiho-joka, ordu t'erdiko jarrialdian irentsi eta gozatzekoa.
Ondo txegosteko gehiago beharko duzu.
Horrelakoa zen Zarautz orain dela 2000 urte
Ideia bat bestearekin lotuz, Twitterreko txio-truke txiki batek beste irudi hau ekarri dit gogora: Zarautz da, orain dela 2000 urte inguru (Mollarri ingurutik begiratuta, barrenean Getariako San Anton). Arkamurka Taldeak antolatutako erakusketa bateko kartela da, Andoni Ruiz Etxeberriak egina.
Bai, horrelakoa zen, gutxi gorabehera, Zarautz orain dela 2000 urte ingurura arte: itsasoa, dunak, eta padura zabala bere ostean (gaur herria dagoen tokian). Garai hartan hasi zen gizakia ingurua eraldatzen: lehenengo herrixka txiki bat eraikiz hondartzaren beste muturrean, ondoren herria gutxinaka handituz, eta beti etengabe dunei eta padurari lekua janez, batez ere azken 200 urteotan (egungo nagusiek ondo oroitzen dute trenbidearen hegoaldean padura zati zabal samarrak zeudela oraindik ere 1940-1950 inguruan).
Gizakiak bere ingurunea moldatzeko (eta kakazteko) ahalmen itzela daukala!
"Arragueta kalian", edo mozkorren kantuak haurrentzat
Iaz ere aipatu nuen eta aurten errepikatu egin da: grazia egiten dit, gaur egungo mundu hiper-arautu eta zuzenean, nola irakasten dizkieten 7-8 urteko haurrei mozkorren abestiak. Pozik gainera, Eibarko kantu zaharrak gorde eta transmititzea garrantzitsua delako, zelan ez.
Aurrekoan "Hiru gizon ilustre" izan zen, hiru eibartar mozkorren gora-beherak kontatzen dituena. Aurten "Arragueta kalian" ikasten dihardugu, erabat mozkortu ondoren (eta kalean erdi-biluztu ondoren), txixa-putzura jausi eta ia-ia ito ere egiten diren 4 atsoena.
Semeak ez zuen ezer ulertzen (irakasle batzuek ere bai ote?), baina azalpen egokiak eman ostean, gustura baino gusturago ikasi du abestia, zelako etxeko lan polittak!, eta sekulako gogoa dauka bihar gelakideekin komentatu eta abesteko. Adina ikusita, ziur nago elkarri tutulu-mendixa erakusten amaituko dutela... ;-)
Arragueta kalian
merienda haundixa,
lau atsoren artian
bost azunbre ixa.
Jarri ziradenian
mozkortuta ixa,
alkarri erakusten, maittia,
tutulu-mendixa*.
Batak baltza zuela,
bestiak zurixa,
jarrittako tokixan
egin zuten txixa.
Harek formatu zuen
Egoko ibaixa,
atzeruzka jausitta, maittia,
itto ziran ixa. (bis)
*Tutulu-mendixa: poxpolina, potxolina, monte de Venus (Tutulu, izatez, Eibarko mendi-kasko txiki bat da).
"I. Asier Cuevas Herri Lasterketa" Eibarren
Eibarren horrelakorik ez eta Eibarko Klub Deportiboak herri lasterketa antolatzea erabaki du aurtengoan. Eibarko antxitxiketalari ezagunenaren omenezko izena hartu du, Europako Txapeldun den Asier Cuevasena.
Atzo arratsaldean izan zen, hortaz, I. Asier Cuevas Herri Lasterketa (hemen aurkezpena). Gu ez gaude antxitxiketarako, baina seme-alabek hartu zuten lekukoa. Arratsalde polita izan zen. Zorionak antolatzaileei.
Irudi batzuk lagatzen dizkizuet: