Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Abuztuaren 15eko bazkalondoa" (Joxe Austin Arrieta, 1979)

"Abuztuaren 15eko bazkalondoa" (Joxe Austin Arrieta, 1979)

Asier Sarasua 2013/05/22 22:23
Niri neuri, behintzat, meritu handikoa iruditzen zait horrelako zeozer idaztea 1977. urtean. Euskal literaturak dituen pitxi txiki ezkutu horietako bat.
Abuztuaren 15eko bazkalondoa
Joxe Austin Arrieta
GAK, 1979


1965. urteko abuztuaren 15a da, Ama Birjina Abuztukoaren eguna. Donostiako alde zaharreko etxe batean familia bildu da bazkaltzeko: 16 urteko seminarista gaztea, bere gurasoak eta arrebak. Egun sargori horretako bazkalondoan kontu-kontari dabiltza senideak eta, bitartean, gazte protagonistaren bizitza ezagutuko dugu, memoriaren joan-etorriak aprobetxatuz.

Egitura eta antolaketa erabat zatikatua du eleberriak. Gaztearen memoriak etengabe egiten du denboran atzera-aurrera eta, horrela, mutikoaren umezaroa eta nerabezaroa ere ezagutuko ditugu, 1950-1965 bitarteko gerra osteko Donostia eta garaiko bizimodua. Lejieroaren zaldiaren joan-etorriak alderdi zaharrean, aitaren gerrako istorioak, amaren bizitza gogorra, garaiko errepresio politiko eta kulturala... eta batez ere giro erlijioso itogarria.

Esan bezala, idazleak aurrera eta atzera eramango gaitu, kontakizun jarraia baino, adabakiz jositako uneak marraztuz eta irudikatuz (Marséren "Si te dicen que caí" irakurri baduzue, ulertuko duzue zer esan gura dudan). Zatika, txatalka,..., udako bazkalondo sargori batean memoriak funtzionatzen duen modu beretsuan. Gainera, narratzaile eta ahots-estilo ezberdinak txertatzen dira kontakizunean, orain 1. pertsona, orain 2. edo 3. Horrela esanda, balirudike anabasa samarra gerta daitekeela, baina esango nuke idazleak menderatu egiten duela teknika, eta ez alderantziz.

Idazkera eta lexiko aldetik ere landua (are barrokoa) darabil Jose Austin Arrietak eleberrian; nire gustutik urruti samar, eta hala ere ez zait nekagarri egin, dastatu ere egin dut sarri.

Ondorengoa aurkitu dut 1979ko iruzkin batean: "Gogorazio hauen burutaratzeak, joateak, itzultzeak eta elkarren artean trabatzeak harrigarriki emanak daude. (...) Nobela-estruktura mota hau “Ulises”ean introduzitu zenetik honerako arrunta bihurtu baldin bada ere, ez da inondik ere mekanikoa gertatzen, benetako egiatasunezkoa baizik. Egiatasun hori egilearen maisutasun literarioak lortu du. (...) Eta badakit orain esango dudana haundia dela baina konbentzitua nago ez dudana esageratzen: ez dut uste halako anbizio eta halako fakultateak erakusten dituen nobelarik idatzi izan denik, euskaraz".

Ez dakit horrenbesterakoa ote den; euskal literaturak 35 urtean eman dituen urrats sendoek beste ikuspegi bat emango digute gaur egun, jakina. Baina niri ere benetan meritu handikoa iruditu zait 1977an horrelako zeozer idatzi izana, aurretik euskarazko ia eredurik izan gabe. 1979an GAKek argitaratua, edizio hori agortuta dago, noski, baina Elkar-en 1985. urteko berrargitalpena lortu daiteke (iruditu zaidanez, jatorrizko grafia gordeta; "hauzo", "hestu", "ohizko" eta abarrez apaindua; agian, 85ekoak ere badira horiek).

Liburuak bi atal nagusi ditu, lehenengo 5 kapituluetan familiak leku handiagoa du, gurasoen bizitzak eta memoriak... Hurrengo bostetan protagonista bera da pertsonaia nagusia eta erlijio gaiek hartzen dute ardatza. Askoz gehiago gustatu zait lehenengoa (eta, beharbada, horregatik ez dit liburuak zapore erabat gozoa utzi). Baina gustatu zait, bai. Euskal literaturaren lehen urteetako pitxi ezkutu horietako bat.

 

Abuztuaren 15eko bazkalondoa

Inoiz ez jakin batek gure sukaldean freskotasun apur bat egon dadin zer den hobe: patioko leihoa zabalik ala itxita eduki. Zabaltzen baldin baduzu, gurean pilatu den ke usaintsu itogarri guztia kanpora doa, bai, baina baita auzoko beste hamahiru sukaldeetakoa gurera sartzen ere. Alabaina, une honetan amak «ireki ezak leiho hori, bestela ito beharrean gaituk-eta» esan eta jeiki egin haiz: maratila gogorrari eragin eta aski indarka tiratu behar duk heureganantz, leihoaren bi alderdiak elkarri ohi baino itsatsiagoak baitaude. Gaurko sargoriak zura dilatatu eta nahiko lan leiho demontre hau irekitzen, pentsatzen duk. «Ya está», diok, azkenik leihoa kirrinka luze batez zabaltzen zaianean. Hor dago patioa, hemen bertan. Lehenengo inpresioa nahiko zuzpergarria da. Aire pittin bat bederen sartzen da, ez askorik, egia esan, gure patio hau zoko hertsi mehar bat baita, baina zerbait: gaurko sargoriaz ez zitekeen gehiagorik espero. Laster erasotzen dik, ordea, keadar lodi batek. Beheko sukalde-leihoetatik gora datorren lurru-mordo likitsa, patio lizunduaren paretetako pitzatuei darien sartgori hezearekin nahasia. Frejidura-usaina, arrozesne, «Faria» eta kafe egin berriaren usainak, zein zein den bereizten nekeza gertatzen den uholde trinko batean. Tendereteak, zenbaitetan arropa zintzilik, beste zenbait eskeleto hutsik. Andre Marianeko leihoan, ezker aldean, iltze batetik eskegita kaiola bat, barruan eper bat. Andre Bitxorineko leihoan, eskubi aldean, bakailau-isats bat, gedarrez zikin ez dadin plastiko batean bildurik: bakailau burugabetuaren gatz erdi ustelaren usaina ez da gaur, Abuztuaren 15eko bazkalordu honetan, bestetan bezain sarkor iristen gure sudurretara. Hura baino usain bortitzagorik bada patio bazterretan. Eper presoaren paparro sinkopatua: hura izaten da etxape osoan soinurik nabarmenena gehienetan, baina orain ez: bada soinu zaratatsuagorik, Abuztuaren 15eko bazkalordu honetan. Hamalau elkarrizketa diferenteren gora-beherak, murmurio eta farre-algarak, kafe-eiharaxken burrunbadak, txanpan-botilen deskortxeak, mahaitresnerien eta baxeren tintineoak, eta nonbaitetiko irrati piztua: «escuchen la comparsa de las iñudes y artxaias por gentileza de manufactura-ra-ras feli-li-lix ramo-mo-mos». Izan ere ez baita bat ere erraza erabakia hartzen, leiho hau zabalik ala itxita egotea komeni ote den. Kaleko balkoiak ere zabalik ditugu, bai, baina hain daude sukaldetik urruti non etxe barneko ate guztiak zabalik eduki arren ez baita honaino haize izpirik ere ailegatzen. Eta ia hobe ez iristea, pentsatzen duk, kalean ere hegoaize sargoritsu itogarria besterik ez baitabil, Abuztuaren 15eko arratsalde hasberri honetan.

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz