Nola esaten da "crecederas" euskaraz?
Izan ere, oraingoan hiztegiak ez dira oso lagungarri. Hasteko, euskarazko hiztegi orokorretan ez dator. Ez Elhuyarrek, ez Harluxetek, ez Adorez 5000 hiztegiak... ez dut inon aurkitu.
Bestalde, kasu honetan gaztelania ere ez da lagungarri:
- RAEk ez dakar "crecederas" (ez, behintzat, guk nahi dugun adierarekin), eta sareko hiztegiek ere ez dute batu. Arrunkeria linguistiko horietako bat izango da (gaitz edo min horri dolor de crecimiento deritzo, berez).
- "Crecederas" horrek, gainera, gauzak pixkat gehiago nahasteko, badu 2. adiera bat: "paperas" (hazizurriak, paperak, listu-guruinen hantura).
Herri-mailako hitza izanik, herri mailako hiztegietara jo dut. Hantxe aurkitu dut pista moduko bat, non eta gure herrian, jakina, Toribio Etxebarriaren lexikoi bikainean:
- hazigurenak (hazikurenak). iz. (TE). Crecederas.
Juan zan astian, hazigurenak euki destaz etxeko txikixenak.
BAAAINA oharrengatik jakin daiteke, "krezedera" horiek ez direla hazteak haurrei hezurretan sortutako minak, gorago aipatutako paperak edo hazizurriak baizik (eztarri aldeko guruinak edo gurenak puztearen ondorioa, alegia).
Euskaltzaindiak ere jasota dauka hazikurenak, beste hainbat aldaerarekin batera (haziguren, asikun, asikontxo, osingoren... baita hazizurri ere). Azkuek ere hainbat berba eta aldaera batu zituen, baina guztiak ere paperekin zerikusia dutenak (guruinak hazte edo puztearekin).
Amore emateko prest nengoela, Labayru hiztegira jo dut eta Kontxo! Azkenian! oihukatu dut... "mal del crecimiento" ikusi dudanean. Baina hara!, hor aipatzen direnak ez ote dira hazizurriaren sinonimoak, guzti-guztiak? (saguak, lepaminak...). Hizkuntzen arteko interferentzia gertatu da? Gaixotasun bateko lema bestera hedatu da? (hizkuntza bietan, gainera).
Gauzak horrela, kontua da, oraindik ez dakidala gaur iluntzean zer esan behar diedan seme-alabei. "Lasai, hazigurenak dira" esanda, zuzen ibiliko ote naiz?
Eta, zuek,... laguntzerik? Zelan esan izan duzue etxean?
Eguneraketa: Twitter bidez jaso dut hazi-min esaten diotela hainbat tokitan. Hori bai, hori badago Orotarikoan (ez beste hiztegietan).
Dena dela, ez dut uste horren gaizki diharduzunik. Nik halakoetan Placido Mugicaren hiztegitik hasi izaten naiz. Eta gero, irizpide bila, Mugicaren proposamenak, Azkueren eta Lhanderen hiztegien galbahetik pasatu izaten ditut.