Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Aihen ahula" (Daniel Landart, Elkar 1978)

"Aihen ahula" (Daniel Landart, Elkar 1978)

Asier Sarasua 2014/05/12 21:55
Daniel Landarten kronika-liburua, haurtzaroko oroitzapenetan oinarritua, Donoztiri (Nafarroa Beherea).

Euskal letren antzinaroa ez da ikusgarriegia, ez behintzat txapliguak botatzeko modukoa, baina zenbait gozoki utzi zituen, utzi ere. Gozoki bakan horietako gehienak ezagunak egin dira, noski; beste batzuk, ostera, esango nuke erdi-ezkutuan gordeta daudela irakurle gehienontzat, noiz aurkitu eta gozatuko. Horietako bat irakurri dut egunotan, Daniel Landarten (Donoztiri, Baxenabarre, 1946) Aihen ahula (Elkar, 1978). Ez dut esango alderdi literariotik liburu ikaragarria denik, baina bai liburu atsegin eta gozagarria.

Landartek haurtzaroko gora-beherak azaltzen dizkigu liburu honetan: 1950. hamarkadako Donoztiriko (eta Harrigainborda baserriko) eguneroko bizimodua, eskola, lagunartea, elizaren eta erlijioaren indarra, inguruko herrietara egin bidaiak (Lurdes, Mugerre, Beloke...). Erran nahi baita, Baxenabarreko herri txiki baten argazkia egiten digu.

Garai hartako nekazari-mundua beste hainbat eleberritan ere aurkitu izan dugu euskal literaturan, sarri askotan giro itogarri samarra irudikatuz. Ez da halakorik oraingoan. Landartek bere oroitzapenen kronika egiten du, haur baten ikuspegitik kontatuz (agian, tarteka, modu inozenteegian): gozo da etxeko giroa; maite ditu lagunak; erlijioak ez du ukitu itogarririk inolaz... Laburbilduz, haurtzaro zoriontsua, bere eritasun etengabeek ezinegona sortzen bazioten ere (hortixe izenburua, Aihen ahula). "Haur denbora... Zer denbora! Bai eta nola! Zenbat hixtorio mixterio... Gauza ttipiño batetarik laster haundiak eginak".

Haurrarena ez ezik, gizontzen ari den gaztetxoaren ikuspegia ere ematen digu idazleak; beti eri den eta munduan bere lekua aurkitu nahi duen harena; antzerkiaren eta literaturaren arloetan lehenengo urratsak ematen dituen nerabearena; Espainian ere euskaldunak badirela deskubritzen duenarena; abertzaletasunaren kontzientzia hartzen hasten den gaztearena.

Zeharka bada ere, euskararen egoera ere aipatuko digu Landartek, ordurako Iparraldean ahultzen hasia: Kostaldean ia desagertua, Mugerren eta Beskoitzen gainbehera, Donoztirin ere eskolan debekatua, "Je ne parlerai pas en basque" zigor-koplez. Izan ere, "La France est une et indivisible de Dunkerque à Tamanrasset". Eta horrekin batera, Landarten lanetan usu ageri den beste gai bat ere aurkituko dugu zeharka: herri ttipien eta hiri hazien arteko aldea, herritik hirira doan euskaldunarena. 

Esan bezala, liburu gozagarri eta atsegina. Estilo jori eta arinean idatzia, ahozkotasunetik hurbil; euskara batuan, baina hizkera nafar-lapurteraren ezaugarri bizi-biziekin. Hegoaldekoentzat, hala ere, nahasgarri baino bizigarri. Hiztegi bat ere badakar amaieran, gainera, laguntzarako (nahiz eta ez den osatuegia, eta gaizki antolatuta dagoen; baina tira).

Haurtzaroko kronika izan arren, ez da zahartzaroan idatzitako oroitzapen-liburua, gazte-gazterik burututako lana baizik. Izan ere, Landarten aurreneko lanetakoa dugu. Harrezkero asko eta ondo idatzi du: gehienbat antzerkia, baina horrekin batera poesia, eleberria, eta baita beste kronika-libururen bat ere, "Enbataren zirimolan" (2013) azkena. Eskuetan hartzeko irrikan nago.

.............

Ene sort-etxea baserri bat da. Ez ttipi, ez haundi, familia baten hazteko doia. Ez zaharregia ez eta berria... goxo du barnean bizitzea. Ate nagusitik begiratuta, ez dira mendi tontor harritsu edo zuhaitzez estali batzuk baizik ikusten. Zilo batetan gordea; irudi luke munduko nahaskeria eta furfurietarik urrun bizi dela; bakar-bakarrik; hain hurbil dituen Isturitzeko eta Otsozelaiko harpeetan laminak bizi ziratekeen bezala.

Aitatxi Eñaut Urruti, Armendaritze Meharrian sortua, hamalaueko gerlan bi aldiz kolpatua, biziki eleketari pollita eta merkatuz-merkatu anitz kurritua; amatxi Dominika Durruti, Harrigainbordan sortua eta bere bizi guztian han egona; aita Batita Landart, sortzez Isturitze Larrondokoa, Oragarre Haizaharrean ttarrotua eta ene ama Kattalin Urruti-rekin etxera ezkondua; horra familiako jende haundiak. Bestalde, bi arreba. Bata hamaika urtez zaharragoa, Maddi; bestea seiez, Beronika. Eni aldiz Bertrand-Daniel eman didate izena; Bertrand edo Pettan, bataioko ene jasalearena, eta Daniel, sortu nintzen egunean saindu hori ospatzen zelako.

"Aihen ahula", Daniel Landart (1978)

 

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz