Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Urbasako Maiza (1.182 m) eta San Adrian (1.111 m), umeekin #100mendi #75

Asier Sarasua 2019/09/13 00:00
Eder bezain erraza, ia edonork egiteko moduko ibilbide ikusgarria da Lizarragako lepotik San Adrian eta Maiza ingururaino doana.

Urteak ziren Urbasa ingurura joan barik, eta duela aste batzuetako eguraldi zoragarria aprobetxatuta itzuli ginen Sakana eta Lizarralde artean dagoen mendilerro honetara.

Urbasako mendilerroan nahi adina ibilbide aurkituko ditu mendizale eta naturzaleak, zail bezain errazak, baina beti gomendagarriak. Guk 10 km inguruko ibilbide zirkular txiki bat egin genuen, Lizarragako lepoa eta Maiza (1.182 m) lotzen dituena, bidean Ollide (1.134 m) ezezaguna eta San Adrian (1.114 m) ikusgarria igoz.

Autoa Lizarragako aparkalekuan laga genuen. Goiz erdian heldu gara eta lepo dago. Handik mendebaldera txiri-txiri egiten du bideak, inolako zailtasunik gabe, mendi-bide nabarmen batean barrena.

maiza-san-adrian-urbasa (1).jpg

Nahi bada, pista hori jarraituz kilometroak egin daitezke, Altsasutik Lizarrara doan errepidearekin bat egin arte, hainbat kilometro aurrerago, Urbasako kanpin inguruan. Guk geuk, Ollide mendiaren parera heldu baino pixkat lehenago, maldan gora egin genuen, Sakana gainean geratzen den mendi-ahora.

maiza-san-adrian-urbasa (2).jpg

Igoera txiki baten ostean, leihoa ireki eta ikuspegi ahantzezina dakusagu. Sakana dago barrenean; Aralar atzerago. Itzela!

maiza-san-adrian-urbasa (3).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (4).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (5).jpg

Ekialdera begiratuta, Ergoiena ingurua eta Beriain mandoa.

maiza-san-adrian-urbasa (9).jpg

Hortik aurrera, ez da ezer falta Ollideko tontorra zapaltzeko. Hori bai, komeni da bertigo handiegirik ez izatea, zati batzuetan lurra desagertu eta amildegira jausiko zarela ematen du eta. Izan ere, mendi tranpatia da Ollide: alfonbra berdea hegoaldetik begiratuta, baina ehundaka metrotako amildegia iparraldeko hegian.

maiza-san-adrian-urbasa (8).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (10).jpg

Sakana aldeko ikuspegiak beti gure begien parean ditugula, aurrera egiten dugu mendilerroan barrena, eta berehala agertuko da gure begien aurrean San Adrian (1.114 m), paraje hauetako mendirik ezagunenetakoa.

maiza-san-adrian-urbasa (11).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (12).jpg

Bide-txindorrak harri artean egiten du ibilbidearen zatirik gehienetan, baina pagadi txiki batean sartzen da San Adrianera heldu baino pixkat lehenago. Hortxe dago, gure zain.

maiza-san-adrian-urbasa (13).jpg

Hamaiketakoa ondo merezi dugu. Nekez aurkituko dugu leku hoberik begiraleku hau baino.

maiza-san-adrian-urbasa (15).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (16).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (17).jpg

San Adriango baseliza dago tontorrean, Bakaikuko lurretan. Postontzi txiki bat ere bai, Eibarko Klub Deportiboko txartela lagatzeko erabili duguna.

maiza-san-adrian-urbasa (18).jpg

Ordu bete inguru behar izan dugu San Adrianera heltzeko, erritmo apalean. Ia-ia beste horrenbeste dago Maizaraino. Huraxe dugu jomuga, 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra hori baita gaur igoko ditugun hiru gailurren artean.

Bidea pagadi batean sartzen da aurrera egiten dugunean, baina laster heldu gara leku irekiago batera. Pirripioentzako leku aproposa dela dirudi eta, bai, talde polita dabil kantuan, bakoitza bere eremuan, ipuru eta ezpelen gainean, nor bere lurraldea aldarrikatuz. Sai arreak ere ugariak dira eta beste harrapakari batzuk ere ikusten ditugu, abendu zein miru, belatxinga, buztangorri eta buztanzuriekin batera.

maiza-san-adrian-urbasa (19).jpg

Maizara igotzeko azkenengo zatia bidexka batean gora egin behar da. Azkenengo metroak dira. Bitartean, Beriain hortxe dago, adi, beti guri begira.

maiza-san-adrian-urbasa (20).jpg

Eta heldu gara tontorrera. Maiza, bere 1.182 metroekin, ingurune honetako tontorrik garaiena da, eta baita 100 mendien lehiaketarako puntuagarri den bakarra ere. Heldu gara. Mendebalderantz ikuspegi zabala irekitzen da, Urbasa-Andia mendilerro eta parke naturaleko larre eta pagadi amaigabeekin.

maiza-san-adrian-urbasa (21).jpg

maiza-san-adrian-urbasa (22).jpg

Itzultzea bakarrik falta da. Oraingoan bide guztia beheko partetik egingo dugu, tontorrik tontor ibili barik. 

Gure 75. tontorra da 2015ean hasi genuen 100 mendien bidaian. Merezi izan du.

maiza-san-adrian-urbasa (24).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (25).jpg

 

maiza-san-adrian-urbasa (26).jpg

Opilioiak, armiarma hankaluzeak (Opiliones ordena, Arachnida klasea)

Asier Sarasua 2019/08/08 16:55
Opilioiak, armiarma hankaluzeak (Opiliones ordena, Arachnida klasea)

Opilioia

Aurrekoan, mendian bazkaltzen geniharduela, kili-kiliak igarri genituen bernetan. Mahai azpian kuku egin eta hantxe, ehundaka opilioi guri begira.

Opilioiak araknidoen taldeko (Arachnida klasea) orden berezi bat dira, gainontzeko araknidoetatik (armiarmak, eskorpioiak, akaroak,...) aparte sailkatzen direnak Opiliones ordenaren barruan.

6.500 espezie inguru deskribatu dira mundu osoan barrena, gehienbat alderdi tropikal eta hezeetan. Euskal Herrian ere, batez ere ingurune hezeetan bizi dira. Araknidoak diren arren, euren gorpuzkera ez da armiarmena. Izan ere, buruaren (prosomaren) eta gorputzaren (opistosomaren) arteko bereizketa ez da garbia (armiarmetan bezala), eta gorpuzkera esferikoa daukate. Gorputzez txiki samarrak dira (zentimetro batetik beherakoak, oro har), baina oso hanka luzeak dituztenez, 10-15 cm arteko diametroa izan dezakete.

Hankak oso fin, luze eta malguak dituzte. Arrisku egoeretan autoanputazioa egiten dute, hankak nahita "askatuz". Sugandilek buztana nola, opilioiek hankak hola. Hortaz, kontuz hartu eta erabili behar dira, hankak galtzerik nahi ez badugu.

Espezierik gehienak orojaleak dira. Armiarmek ez bezala, ez dute pozoirik.

opilioiak 01

opilioiak 02

opilioiak 03

EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Asier Sarasua 2019/08/05 10:10
Eibarko emaitzen behin-behineko aurrerapena.
EAEko Atlas Ornitologikoa amaitzekotan, 4 urteko lanen ostean

Eibar-Elgoibar laukitxoa, 10*10 km.

2016. urteaz geroztik Euskal Autonomia Elkarteko atlas ornitologikoa osatzen aritu gara hainbat erakunde, elkarte eta bolondres. Aranzadi Elkartea da sustatzaile nagusia, eta herrialde bakoitzean elkarte bat dago koordinazio-lanak egiten (Itsas Enara Ornitologia Elkartea Gipuzkoan, Sociedad Ornitológica Lanius Bizkaian eta Arabako Natur Institutua Araban).

Euskal Erkidegoa 10*10 km-ko laukitxoetan banatu da eta horietako bakoitzak arduradun bat dauka, gehienetan ornitologo bolondres bat, beste kasu batzuetan Aldundiko Basozainak. Arduradun horrek, metodologia jakin bat jarraituz, bertan habia egiten duten hegazti espezieak detektatu behar ditu, datu kualitatibo eta kuantitatiboak lortuz. Ondoren datu guztiak gurutzatuko dira, beste behaketa batzuetako datuak ere erantsiko zaizkie, eta Euskal Herriko hegazti habiagileen inguruan sekula izan dugun argazkirik zehatzena jasoko dugu.

Euskal Atlas Ornitologikoa

Horretan jardun dugu 2016-2019 artean hainbat eta hainbat lagunek, 4 udaberritako goizetan mendira joan eta datuak jasotzen. Gipuzkoa ia erabat amaituta dago eta Bizkaia ere bideratuta. Arabako behaketa bukatzeko beste urte bete beharko da, ziurrenik, eta agian beste bat datuak argitaratu ahal izateko. Baina bilketaren zatirik handiena eginda daukagu dagoeneko.

Albiste zoragarria da, hortaz, euskal ornitologoentzat, gure lurraldean bizi diren espezieen egoera ezagutzeko datu apartak emango dizkigulako sekula egin den behaketa zabalena den honek. Zer espezie bizi diren gurean, zein habitatetan eta zein kopurutan. Lehenago ere egin dira antzeko zenbait zentso eta atlas, baina sekula ere ez hain bilketa sakon, zehatz eta orokorrik.

Pena bakarra, betikoa: EAEko datuak bakarrik lortuko ditugula. Oker ez banago, Nafarroan ere bada antzeko egitasmoren bat. Iparraldean, aldiz, ez daukagu datu berezirik, beti Akitaniako datuen barruan jasotzen ditugulako hango datuak. Hegaztiek ez dute mugarik ezagutzen, baina gurean mugak hertsiak dira gero!

Esan bezala, oraindik pare bat urte beharko ditugu emaitzak jasotzeko, baina behin-behineko datuak baditugu honezkero. Esate baterako, hona hemen niri egokitu zaidan eremukoak (Eibar-Elgoibar-Markina arteko 10*10 km-ko alderdi hau).

 

WN48 kuadrikularen behin-behineko datuak (Eibar-Elgoibar-Markina)

Labur-labur, hona hemen zenbait datu:

  • Orain arteko behaketa eta ikerketen arabera, 95-100 espezie inguru ikusi daitezke urtean zehar ingurumari honetan. Horietatik 50-60 dira arruntak eta bertan kumatzen direnak. Azken 4 urteotan jasotako datuen arabera, 60 espezieko langa ere gaindituko da.
  • Espero ziren 50 ohiko eta arruntenak agertu zaizkit Eibarko laukitxoan (Sacin eta Sacre programetan aipatu izan ditut horietako gehienak).
  • Beste 25 espezie "zail" edo zalantzazkoen artean zeuden. Horietatik 10 gurean kumatzen direla baieztatu ahal izan dugu: pagausoa, hesi-berdantza, okil txikia, uhalde-enara, ur-zozoa, etze-txinboa, txio arrunta, errekatxindorra eta, beharbada, baita gabiraia eta baso-txinboa ere.
  • Gainera, beste 6 espezie ere behatu ditugu Eibarren azken 4 urteotan eta kumatze-sasoian, baina nekez kumatuko dira gurean, batez ere habitat egokirik ez dadoelako: sai arrea, zapelatz liztorjalea, arrano txikia, okil beltza eta euli-txori beltza.
  • Horietaz gain, baliteke beste espezie bakanago batzuk ere tarteka alderdi honetan bizitzea eta, agian, ugaltzea. Nik neuk ez dut lortu horien aztarrenik, baina beste behatzaile batzuen datuak ere gehitu behar direnez, baliteke azkenean hauetarikoren bat ere agertzea, esate baterako, ihi-txoria (Eibartik hurrean ikusi izan dugu), hontz zuria (ziur nago bikoteren bat badela gurean), ur-martina (kumatze-garaitik kanpo sarri ikusten da gurean), haitz-enara (garai batean urtero kumatzen zen Eibarren bertan) edo kaskabeltz txikia (Akondia inguruko pagadiak inguru aproposa izan daitezke espezie honentzat).

Laburbilduz: 64 espezie ikusi ditugu Eibarren eta horietako 55-60 espezie kumatzaile izango dira gure laukitxoan. Beste dozena bat ere, beharbada, tarteka kumatuko dira gurean. Behin-betiko emaitzen zain!

Arkamu mendilerroa, Araba mendebaldean #100mendi #71

Asier Sarasua 2019/08/01 13:50
Ederra eta lasaia, egun polita igarotzeko moduko bazterra da Arkamu mendilerroa.
Arkamu mendilerroa, Araba mendebaldean #100mendi #71

Armaku mendilerroa, Araba

Euskal Mendizale Federazioaren 100 mendien lehiaketarekin jarraitzen dugu eta, horri eskerrak, besteak beste, Euskal Herriko hainbat eskualde eta paraje eder (eta guretzat ezezagun) ari gara bisitatzen. Udaberriko irteeren artean, esate baterako, Arkamu mendilerroa ezagutu genuen. Arkamuko Repico (1.188 m), Peña Colorada (1.131 m) eta Coronas (1.168 m) tontorrak igo genituen.

Arkamu mendilerroa Araba mendebaldean dago, Burgosko mugatik nahiko hurrean. Kuartangotik eta Gaubeatik ditu igoera edo sarrera nagusiak eta guk Kuartangoko Arriano auzunetik ekin genion igoerari.

Arriano dozena erdi etxeko herrigunea da. XIII. mendeko Done Erroman eliza polita dauka erdian, eta aparkaleku txiki bat ondoan. Hantxe laga genuen autoa eta herri amaieran dagoen pistatik gora egin genuen, sakanean barrena.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 01

Malda dago, baina bide erraza da (mendi-bidea, abeltzain eta ehiztarien ibilgailuentzat pentsatua), pinu eta pago artean. Bista ederra dago une oro, parean Corona gailurra eta Arkamu mendilerro osoa ikusten ditugularik. Mendi-inguruneetako hegaztiak dabiltza gure buruen gainean, sai, belatxinga, okela-bela, haitz-enara eta abarrak.

Repico eta Arkamu mendilerroa

45 minutu inguruko igoera tentearen ostean Arkamu mendilerroko lautadara helduko gara, Melaria edo Pozo Portillo izeneko lepoa gaindituta. Hemendik aurrera ez dago bide nabarmen-nabarmenik, inguru zabala da, goi-lautada tipikoa, ipuruz, elorriz eta txilarrez estalita. Parean ditugu Arkamu mendilerroko gailur guztiak. Repico (1.188 m) da garaiena, baina gainontzekoak ere ez zaizkio gelditzen urrutiegi. Behin lautadara helduta, gailurrak bertan daude, 15-20 minutuko igoera besterik ez da behar.

Peña Colorada da gainditu dugun mendi-lepotik hurren geratzen zaigun gailurtxoa eta hantxe hartuko dugu hamarretakoa, igo berri dugun sakonunea begien aurrean daukagula. Han barrenean, Kuartango ingurua.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 02

Pirripioak kantuan entzuten ditugu eta, behin hamarratekoa hartuta, aurrera jarraituko dugu. Arkamuko lautada osoa inguratzea erabaki dugu, lehenengo iparralderantz eta gero, pareko maldatik gora, Repico eta Coronas gailurretarantz. Ttipi-ttapa, ordu bete inguruan eman diogu itzulingurua lautadari eta Repicoraino heldu gara.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 05

Goiko lautadan tuntunak, pirripioak eta pitxartxarrak bizi-bizi ari dira kantuan, udaberriak hala eskatuta. Arrano eta miruak dabiltza hegan, azeriak eta basahuntzak ere ikusi ditugu sari artean. Leku ederra da pasiatzeko. Aztarna etnografikoak ere ugariak dira, otsoak harrapatzeko tranpak eta artzainek ehunka urtean lagatako ondare etnografiko eta historikoa.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 03

Ederra eta lasaia, egun polita igarotzeko moduko bazterra da Arkamu mendilerroa.

Arkamu mendilerroa, Araba (Repico, Coronas, Peña Colorada) - 06

Argazki gehiago Flickr-eko bilduman: Repico (Arkamu).

Gero eta uhalde-enara (Riparia riparia) gehiago gure ibaietan

Asier Sarasua 2019/07/21 10:25
Gero eta uhalde-enara (Riparia riparia) gehiago gure ibaietan

Argazkia: Wikipedia.

Adin batetik gorakoak zaretenok ondo gogoratuko duzue zelan jaisten ziren gure erreka eta ibaiak orain dela 40-50 urte. Deba ibarrean, esate baterako, kolorez janzten ziren Deba eta Ego errekak astero, gaur gorri, bihar berde, etzi beltz,... aste horretan izandako isurketa eta kutsaduraren arabera. Gure erreka guztiak zeharo kutsatuta zeudelako garai haretan.

Beste hainbat esparrutan ez dugu asko aurreratu, zoritxarrez, baina ibaietako uren kalitatea izugarri hobetu da azken hamarkadotan, eta hobekuntza horrekin batera itzuli dira gure erreka-bazterretara uhalde-enarak (Riparia riparia), Europako beste hainbat eskualdetan ikusi den joeraren antzera (zabalkundean dagoen espeziea dela ematen du).

Enara arrunten antzekoa da, baina txikitxoagoa, arreagoa, bere iduneko nabarmenarekin. Ibai inguruetan bizi da, erreka-bazterretan aurkitzen dituen zuloetan kumatuz eta ur gainean aurkitzen dituen zomorroak janez.

Hemen Elgoibarren jasotako irudi batzuk:

 

Ugaritzeko arrazoietako bat uraren kalitatea hobetzea izan da, baina egoera berrira egokitzeko gaitasunak ere lagundu die uhalde-enarei, gizakiak sortutako egituretara ohitu baitira. Jatorriz erreka aldamenetan aurkitzen dituen lubakietan egindako zuloetan egiten du habia, baina azken urteotan porlanezko hormetan aurkitzen dituen zuloetan hasi da kumatzen.

Horrela, enara espezie gehienak gure inguruan urritzen ari diren bitartean (enara arruntak, azpizuriak eta haitz-enarak), erreketako enaratxo txiki hau nabarmen ugaritu da azken 20 urteotan. Gure eskualdean, esate baterako, ia-ia ezezaguna izatetik, herri guztiak kolonizatzera igaro da. Bergarako koloniak baditu zenbait urte, baita Markinakoak ere, Elgoibarkoa ere ugari samarra da (kolonia bi badira, barrena) eta Soraluzen ere aise ikusten dira Deba ibaiaren bazterretan. Eta, hara non, aurten Eibarren ere aurkitu dugu kolonia txikitxo bat, Otaola inguruan, Ego errekan xixtrinean, Mercadona berriaren ostean. 10-15 enara ikusi ditugu egunero eta kumaldiak ere atera dituzte aurrera, ale jaio berriak ere ikusi ditugulako. Ego errekan, aizuek!

Ugaritzen ari zaigula erreketako enara, hartara. Baina tira, oraindik ez gara heldu Araba-Nafarroa erdi eta hegoaldean ikusi daitezkeen kolonietara, begiratu bestela ondorengo bideoa ;)

Eibarko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2019

Asier Sarasua 2019/07/20 15:55
Eibarko hegazti habiagileen urteroko jarraipena, SACRE 2019

SACRE, Eibar 2015-2019

Azken urteotako ohiturari jarraituz (hemen 2018ko datuak), aurten ere ekin diogu SACRE programari. Espainiako SEO (Sociedad Española de Ornitología) elkarteak gidatzen du SACRE programa (Seguimiento de Aves Comunes Reproductoras).

2015ean hasi nintzen bertan parte hartzen, Gipuzkoako WN4080 laukiko datuak jasoz, Eibar-Elgoibar-Etxebarri inguruko laukitxoa, alegia (10*10 km-ko lauki bat da behatzaile bakoitzak aztertu beharrekoa).

Metodologia erraz bat jarraituz, eta 20 behaketa-puntu zehaztuta, urtero ibilbide berdina egin behar da, norbere eremuan bizi diren hegaztiak zenbatuz (espezieak eta kopuruak).

Neguko hegaztien behaketa-programa SACIN deitzen da, eta hegazti habiagileen udako behaketa-programak, esan bezala, SACRE. Bata eta bestea eginez, gure inguruan bizi diren espezie arruntenen jarraipen historikoa egiten da, euren bilakaera aztertzeko eta populazioen dinamika orokorra behatzeko.

 

SACRE 2019, Eibar-Etxebarri-elgoibar

Hona hemen aurten jasotako datuak. Ez da egon ezusteko handirik: ohiko espezie-kopurua (44 espezie aurtengoan) eta txori-kopurua eta ohiko zenbakietan (688 txori).

Zeozer aipatzekotan, uda-txirtarik eta garraztarrorik ez dudala ikusi aurtengoan, lehenengoz, baina gainontzean ohiko datu eta behaketak izan ditugu 2018ko udaberrian. Urtero bezala, espezie arruntenak dira ugarienak, jakina: txepetxak, txioak, txantxangorriak, zozoak, sorbeltzak, belabeltzak, eta abar.

Hemen zerrenda guztia.

Espeziea 2015 2016 2017 2018 2019 Guztira
Basahatea 34 41 74 55 34 238
Miru gorria 0 0 2 0 0 2
Sai arrea 8 3 6 10 5 32
Gabiraia 0 0 1 0 0 1
Zapelatza 2 3 3 3 5 16
Arrano txikia 0 0 0 2 0 2
Uroiloa 3 4 3 2 1 13
Kaio hankahoria 1 0 6 2 0 9
Etxe-usoa 26 69 32 45 27 199
Pagausoa 3 0 0 4 3 10
Usapal turkiarra 6 10 8 7 7 38
Kukua 4 2 3 2 3 14
Sorbeltza 87 191 105 121 155 659
Okil berdea 3 2 5 4 3 17
Okil handia 1 0 1 0 2 4
Uhalde-enara 0 31 20 12 28 91
Haitz-enara 3 0 0 0 0 3
Enara arrunta 4 5 7 0 9 25
Enara Azpizuria 14 19 16 24 15 88
Uda-txirta 6 5 1 1 0 13
Buztanikara horia 4 7 6 2 4 23
Buztanikara zuria 10 7 6 5 4 32
Ur-zozoa 0 2 0 0 1 3
Txepetxa 29 38 38 46 39 190
Txantxangorria 18 18 17 30 25 108
Buztangorri iluna 8 7 5 19 15 54
Pitxartxarra 0 4 5 3 3 15
Zozoa 45 37 37 49 35 203
Birigarroa 9 8 13 5 12 47
Garraztarroa 0 1 1 0 0 2
Erreka txindorra 0 0 0 0 2 2
Sasi-txoria 3 0 1 3 3 10
Txinbo burubeltza 0 19 18 6 13 56
Txio arrunta 0 0 0 1 0 1
Txio iberiarra 14 16 11 13 15 69
Erregetxoa bekainzuria 3 5 5 5 2 20
Euli-txori grisa 2 1 1 0 2 6
Euli-txori beltza 0 2 0 0 0 2
Buztanluzea 0 3 2 2 0 7
Amilotx mottoduna 3 2 0 0 0 5
Pinu-kaskabeltza 1 1 2 1 1 6
Amilotx urdina 0 2 0 1 0 3
Kaskabeltz handia 13 18 17 25 11 84
Garrapoa 1 0 0 0 1 2
Gerritxoria 4 5 3 4 5 21
Antzandobi arrunta 1 3 0 3 1 8
Eskinosoa 2 2 0 2 2 8
Mika 0 0 0 1 2 3
Belea 31 32 41 26 36 166
Erroia 0 0 1 0 0 1
Hormatxoria 29 39 43 29 60 200
Txonta 36 37 42 39 48 202
Txirriskila 21 10 8 5 11 55
Berdeloia 0 0 1 3 2 6
Kardantxiloa 18 25 23 12 22 100
Txoka 0 3 0 0 1 4
Fruta-batzailea, gailupa 2 0 3 1 1 7
Espezieak 40 42 43 45 44 58
Aleak 512 739 643 635 688 3.217

Beruak jotako frutabatzaile (P. pyrrhula) gaztia topatu genduanekua

Asier Sarasua 2019/07/19 08:45
Seguru gogoratzen dozuela orain dala aste batzuetako beroaldixa. Sargori erria egin zeban egun batzuetan, eta hara nun topatu genduan frutabatzaille gaztia beruak ittota.

Frutabatzailliak (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) baso umeletan bizi dira eta leku freskuak gustatzen jakuez. Herrigunietan be gitxittan ikusten dira, ez dira eta asfaltozaliak. Hartara, normala beruak jotako txori ar gazte hau iparra galduta ibiltzia. Lurrian topatu genduan, Eibar erdixan, porlan gaiñian geldi-geldi, kopin bat edo fosil lumatsua zirudixala. Arnas estuka. Erdi-hilda.

"Honenak ein jok!", pentsatu genduan, baina kerizpera eruan eta berpizten ahalegindu giñan. Leku frexko moduko batera eruan, ur pixkat emon, lasai-lasai laga,... eta kostau bajakon be, gure pozerako, berrindartu zan txikixa eta ordu bete ingurura hantxe juan zan hegan.

 

Frutabatzaillia (gailupa, P. pyrrhula)

Gure basuetako biztanlia da gailupa edo frutabatzaillia (hementxe txori honen izen mordoxkia, Txoriak.eus webgunian). Europa osuan bizi da, zuhaizti eta basuetan, baina lurralderik beruenetan nekez ikusten da (Euskal Herriko hegoaldian, esate baterako).

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 02

Fringiliduen familixakua da, kardantxillo eta paranden taldekua. Ez hain kantari ona, ostera; fiuu motel eta melankolikotxo batzuk besterik ez dittu botatzen gehixenetan. Arra kolore bizi ederretakua da (burubaltz, papargorri, hegourdin, orban zurixekin); emia dexente apalagua kolorez. Bixak be ederrak, pottokuak, euren begi baltz ilunekin eta hazixak txikitzeko darabilen moko lodi-motzakin. Bata ikusten badozu, bestia be inguruan ibiliko da, gehixenetan alkarren onduan dabizelako ar-emiak.

Ixil samarrak dira, eta ez ugariegixak, baina ez da zaila frutabatzailliak ikustia Euskal Herriko eskualderik gehixenetan, lotsabako samarrak be badira eta.

Frutarbolen ernamun eta pipittak jaten amorratua da gero, frutabatzaillia. Izan albertxigo, frixku, okaran edo txori-keixa, txori txiki honek goittik behera lumatuko dittu topatzen dittuan frutarbola guztiak. Bestela, hazixak, lorak eta frutak be jaten dittu, urte-sasoian arabera.

Izena be hortitxik jaso dau herririk gehixenetan, bere zaletasun horretatik: brisko-txori, frutabatzaile, hazibatzaile, lorebatzaile, lorejale, loretxori, mertxika-txori, motabatzaile, motatxori, muxikatxori, pipitajale... edo baitta bere papar gorri deigarrixagaittik be: azpigorri, neguta gorri, paranda gorri, txorigorri, eta abar.

Hamentxe, Roberto Isasi zanari jasotako pasarte txiki bat: "Joe! Honek frutabatzailliok... Basarrittarrak jetsek amorro bat...! Loria jaten jok horrek, udabarrixan melokotoiak loran, eta honek, "ttuk-ttuk", dana barrura. Eta kardua be bai. Nik txakurrak dakarazen lekuan, han karduak urten, eta frutabatzailliak beti han dagozak".

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 03

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 01

Frutabatzailea (gailupa, Pyrrhula pyrrhula) - 04



"Deconstruyendo a Darwin" (Javier Sampedro, 2002), eboluzioaren teoriaren ertzak, biologia molekularraren ikuspegitik aztertuta

Asier Sarasua 2019/03/16 11:15

150 urte inguru igaro dira Charles Darwinek eboluzioaren inguruko teoria argitaratu zuenetik. Hasiera-hasierako oztopoak gaindituta, eboluzioaren teoria nahiko bizkor onartu zen mundu zientifikoan eta, gaur egun, lau zorok kenduta, erabat onartutako teoria da Darwinena.

Dena argi dagoela pentsa daiteke, hortaz, kanpotik begiratuta. Baina ezta hurrik eman ere! Izan ere, Darwinek bi ideia plazaratu zituen (bere lan ezagunenaren izenburuan bertan aurki ditzakegunak: "On the origin os species by means of natural selection"). Batetik, egungo espezie guztiek jatorri bakarra dutela; garai bateko izaki auskalo-nolako batetik eboluzionatu dugula guztioak, alegia. Bestetik, eboluzioa gidatzen duen mekanismoa ere proposatu zigun, hautespen naturala.

Lehenengo ideia, eboluzioarena, egia absolutua da, jakina. Horrela da eta kitto. Gaur egun inork gutxik jarriko du zalantzan. Bigarren kontzeptuaren inguruan, ostera, gero eta argiago dago hautespen naturala ez dela eboluzioaren mekanismo bakarra. Edo hala uste dute hainbat ikerlarik, behintzat, darwinista ertsi edo neodarwinisten teoria sintetiko "ofizialari" aurre eginez.

Alderdi hori da, hain zuzen ere, Javier Sampedrok 270 orrialdeko saiakera interesgarri honetan laburbiltzen duena. Azken 150 urteotan (eta gehienbat azken 50 urteotan) eboluzioa eta espeziazioa bideratzen duten mekanismoen inguruan izan diren eztabaidak jartzen ditu mahai gainean. Hori guztiori, batez ere, biologia molekularraren eta genetikaren ikuspegitik aztertuta, eta adibide ugariz hornituta. Modu sakon eta zientifikoan, baina baita era ulergarri eta didaktikoan ere. XX. mendeko izen handiak azaltzen dira orrialdeotan, nola ez (Gould, Mayr, Dobzhansky, Crick, Margulis, Chomsky,...) eta eboluzioaren inguruan sortu diren teoria eta ikuspegi nagusienak ere laburbiltzen ditu Sampedrok (saltazionismoa vs. gradualismoa, Margulisen endosinbiosia eta sinbiogenesia, Goulden oreka taidunaren teoria, eta abar).

Adibide garbi eta datu argietan oinarrituta, Sampedrok adierazten du hautespen naturalak bakarrik nekez azaldu dezakeela eboluzioa. Eboluzioa ezin daitekeela gertatu, soilik, denbora-tarte luzeetan gertatzen diren eta populazioan metatzen joaten diren aldaketa gradual txikien bidez. Hau da, hautespen naturalak espezieak moldatzen dituela, gene batzuen (eta populazioko ale egokituenen) biziraupena handituz eta euren oinordekotza handituz, baina espeziazioa (edota klado nagusien agerpena), ez dela modu gradual batean ematen, saltoka baizik, hautespen naturalak bakarrik azaldu ezin ditzakeen mekanismoen bitartez.

Esan bezala, hainbat adibide eta azalpen ematen ditu, baina bizitzaren historian izan diren bi gertaera dira bereziki lantzen dituena. Eta ez edonolako gertaerak, gainera, gure planetako bizitza errotik diseinatu baitute biek.

  • Zelula eukariotoen agerpena da lehenengoa, Margulisek proposatutako endosinbiosiaren bidez azaldua. Mila milioi urtez zelula prokariotoak bakarrik izan ziren munduan eta, bapatean, zelula eukariotoak agertu ziren, egitura erabat ezberdinak eta eboluzioaren hurrengo urrats guztiak baldintzatu zituztenak. Eta zelula eukariotoen agerpena hobeto uler daiteke prozesu endosinbiotiko baten ondorioz hautespen naturalaren ondorioaz baino.
  • Urbilateriaren agerpena eta eboluzio bixkorra da beste adibide bat, Kanbriarreko eztandarekin lotutakoa. "Egun batetik bestera" (denbora-neurri geologikoetan, uler bedi), simetria bilaterala agertu zen munduan (marmoketan mantendu den ordura arteko simetria radialaren ordez), eta 10-20 milioi urte eskasean gaur egungo animalia talde nagusi guztiak sortu ziren: moluskuak, anelidoak, araknidoak, intsektuak, kordatuak,.... Hori ere, nekez azaldu daiteke hautespen naturalak gidatutako prozesu geldo baten bidez, eta errazago, ostera, Hox geneen duplikazio azkarraren bidez.

Laburbilduz: hautespen naturala hor dago, eta mekanismo garrantzitsua da eboluzioan, baina seguru asko ez da izango funtzio eta egitura aldaketa handienen erantzule (edo erantzule bakarra, bederen). Aldaketa handienetan beste mekanismo genetiko batzuk arituko dira lanean, eta horien gainean arituko da, ondoren, hautespen naturala (eredu orokorra finduz eta apainduz). Horregatik, erregistro fosila aztertzean, espezie gehienen agerpena bapatekoa da, eta ondoren espezie hori ia ez da ezer aldatzen milaka urtean zehar.

Tira, gai honen inguruko hamaika liburu daude irakurleon esku (Stephen J. Gould izan zen gai honen inguruko dibulgatzaile nagusietako bat, esate baterako), baina hau ere egokia iruditu zait. Egia da lerratuegia dela (ez du ematen bere teoriaren aurkako adibiderik), azken kapituluan zientzia fikziorantz jotzen duela, eta beharbada laburtxo gera daitekeela kontzeptu batzuetan, baina gustura eta interesez irakurtzen da. Hori bai: 2002koa da (2013an berrargitaratua) eta penaz gelditu naiz azken urteotako ikerketen eta ondorioen berri jakiteko. 

 

"Deconstruyendo a Darwin" (J. Sampedro, 2002)

Cuando uno se detiene a analizar las tripas genéticas de esos acontecimientos singulares, lo que suele encontrar no son lentas y penosas sustituciones de una letra por otra en el ADN, ni ínfimos sesgos en las sutiles curvas de una proteína. Estas mutaciones puntuales ocurren, por supuesto, pero que ocurran no es más que un signo de que el tiempo pasa, y de que ninguna fotocopiadora es perfecta. Los acontecimientos singulares de la evolución suelen ir acompañados de sucesos modulares en los genomas que los experimentas: incorporaciones de genomas completos, duplicaciones de sistemas integrados preexistentes, reutilizaciones de estrategias complejas cuya eficacia ya había sido probada con anterioridad. Módulos preexistentes que suman sus bien conocidas fuerzas, como en el origen del jazz.

 

Si cabe extraer un mensaje de la genética del diseño animal es que, pese a toda la fascinante variedad de formas que la zoología exhibe ante nuestros asombrados ojos, la evolución es infinitamente más conservadora de lo que nadie había imaginado hasta hace sólo unos años; jamás parece construir nada desde cero, y hasta los procesos evolutivos generadores de complejidad aparentemente más rápidos, a los que creíamos capaces de convertir unas simples células de la piel en un ojo cuantas veces lo exigieran las presiones del ambiente, hunde profundamente sus complejas raíces en Urbilateria, y en parte incluso más atrás. El ancestro de todos los animales bilaterales se construyó a base de módulos genéticos, y la evolución posterior se ha basado en gran medida en plagiar, duplicar, reutilizar y recombinar esos módulos prácticamente intactos.

 

Hay más sistemas genéticos complejos que hicieron su primera aparición en Urbilateria y han permanecido esencialmente invariantes durante el resto de la historia del planeta, como el que organiza el eje dorsoventral de todos los embriones animales (sí, Urbilateria tenía también una espalda y un vientre), y sin duda el nuevo campo de la genómica comparada identificará pronto algunos más. Algunos reflejan la existencia de estructuras concretas en todos los animales, otros meras operaciones abstractas con las que la evolución posterior puede jugar a placer, y otros una mezcla de ambas cosas. Pero ninguno consiste en uno o dos genes sueltos que se pueden usar como ladrillos para construir cualquier tipo de casa: una y otra vez nos encontramos con habitaciones enteras y amuebladas, con sistemas genéticos complejos, compuestos por decenas o centenares de genes altamente integrados. La genética de los últimos quince o veinte años ha revelado todo tipo de inesperadas tozudeces evolutivas, pero la gran sorpresa no es ya, como pensábamos en los años ochenta, que unos cuantos genes clave permanezcan constantes a lo largo de toda la historia animal: es que lo que permanece constante son sistemas genéticos complejos, completos y altamente integrados. Los acontecimientos más relevantes de la evolución animal, como el que separó a los vertebrados de los demás linajes, no parecen jugar libremente con unas cuantas mutaciones, a base de alterar en parsimoniosas gradaciones sus frecuencias relativas en la población. Al menos algunas de las principales innovaciones evolutivas no siguen la receta de Fisher y Dobzhansky; los que siguen esa receta son los darwinistas ortodoxos. Los linajes animales prefieren utilizar caminos evolutivos mucho más eficaces, basados en explorar nuevos usos de las operaciones complejas, completas y altamente integradas que, al menos en muchos casos, ya existían en Urbilateria. Ningún animal ha inventado un nuevo órgano partiendo de cero, por la fuerza bruta y paciente de la selección natural. La evolución, que es mucho más inteligente que los teóricos sintéticos de los años cuarenta, prefiere plagiar, duplicar, reutilizar y recombinar unidades funcionales mucho más complejas que el solitario gen egoísta de las ecuaciones ortodoxas. La clave de la evolución son los módulos.

 

"Al Vecindario de Eibar" bando historikoa (1936), Eibarko babeslekuak gerra zibilean

Asier Sarasua 2019/02/18 20:55
1936ko irailaren 1ean argitaratutako bandoa da, Eibarren lehenengo bonbak jausi eta denbora gutxira. Herrian antolatu ziren 16 babeslekuen zerrenda ematen du, bakoitzaren sarrera non dagoen aipatuz, eta kale bakoitzeko biztanleei nora jo behar zuten esanez. Imanol Trebiñori esker ezagutu dugu dokumentu interesgarri hau eta hona ekarri, osorik transkribatuta.*
"Al Vecindario de Eibar" bando historikoa (1936), Eibarko babeslekuak gerra zibilean

Gerrako babeslekuak

1936ko uztailaren 18ko altxamendu edo estatu kolpearen ostean, berehala antolatu zen Eibarko herria. Eibarren oso leku txikia zuten nazionalek, eta gainontzeko herritarrak (gehien-gehienak), sozialista, errepublikazaleak eta jeltzaleak, erresistentzia antolatzen hasi ziren. Gerra batzorde bat ere antolatu zen, etsaiari aurre egiteko, jakiak banatzeko, herria antolatzeko, eta abar.

Abuztu amaieran jausi ziren lehenengo bonbak Eibarren. Lehenengoetarikoa Arikitxaneko zubi inguruan, GAC lantegiaren alboan. Ondoren gehiago eta herriko hainbat lekutan. Dozenaka lagun hil ziren bonbardaketa haien ondorioz frontea Eibarren egon zen 8 hilabeteetan zehar.

Bonbardaketei nolabait aurre egiteko hiru neurri, gutxienez, hartu ziren Eibarren:

  • Soraluzeko lantegietan kainoi antiaereo bat egin zen (ezertarako balio izan ez zuena, hain zen kalitate eskasekoa)
  • Kanpandorrean begiraleak jarri ziren, hegazkinak noiz zetozen zaintzeko. Drauna joten zuten hegazkiak ikusi orduko (edo Karakateko begiraleek abixua pasatzen zietenean).
  • Eta babeslekuak ezarri ziren Eibarren. Lur azpian, leku ahalik eta seguruenetan. Batez ere, trenbidearen tuneletan, eta Ego errekak herri azpian zituen zubipeetan.

Bartolo Arriolak eta Agustin Aranak kontatu zizkiguten kontu horietako batzuk, zuzenean bizi izan zituzten eta.

Gerra batzorde horrek hemen aurkezten dugun bando hau kaleratu zuen 1936ko irailaren 1ean bertan. Eibarren lehenengo bonbak jausi eta denbora gutxira. Eibarren antolatu ziren 16 babeslekuen zerrenda ematen du, bakoitzaren sarrera non dagoen aipatuz, eta kale bakoitzeko biztanleei nora jo behar zuten esanez.

"Al vecindario de Eibar" (1936ko bandoa, Eibarko babeslekuak zehazten dituena eta argibideak ematen herritarrek babestu ditezen)

Bando hori horrela hasten da:

Para el buen orden de la organización y para que los servicios de defensa contra las incursiones de los aviones facciosos rindan la eficiencia apetecida, el público debe obedecer serena y disciplinadamente las órdenes dictadas por las autoridades.

En consecuencia, todos los vecinos de Eibar deben tomar buena nota de que tan pronto se den las señales de peligro, han de recluírse rápida y ordenadamente con sujección al siguiente plan de refugios.

De la fidelidad de que todos cumplan estas instrucciones depende la seguridad de los moradores de nuestra Ciudad.

Excitamos, pues, el celo, el buen sentido y el civísmo (sic) de todos nuestros convecinos para que cada cual en su esfera de acción se convierta en un leal ejecutor de estas disposiciones y un sereno disciplinado cuidador de que los demás también las cumplan.

Eibar, 1. septiembre 1936,
El Comisariado de la Guerra


vecindario_handia.jpg

REFUGIO Número 1

Arcadas río de la casa de Errasti (Urkusua)

Entrada lado Acitain
Calles que sirve: Barrio Matadero - Paseo de Arrate (hasta Fundición)

Entrada lado Urkusua
Calles que sirve: Paseo Arrate (desde fundición el resto), Capitán Galán (desde fuente Urkusua hasta Aurrerá), Paseo de Urkusua, Arragüeta (hasta panadería Telleria)

REFUGIO Número 2

Tunel bajo vía de F.C. de talleres Orbea

Entrada de abajo (verjas chalet Orbe, calle Sarasqueta)
Calles que sirve: Victor Sarasqueta (hasta esquina taller Sarasqueta)

Entrada de arriba
Calles que sirve: Barrio de Macharia, Taller Estación Orbea

REFUGIO Número 3

Plazuela de Ibarrecruz (Obra Banco Guipuzcoano) Sótanos y Planta Baja

Entrada fachada principal
Calles que sirve: Arragüeta (desde panadería Telleria), Ibarrecruz, Maria Angela (hasta paso Trocaola).

REFUGIO Número 4

Casa en construcción calle Paguey (de Ojanguren)

Entrada Fachada principal
Calles que sirve: Jardines, Paguey

REFUGIO Número 5

Salón de Baile Rialto

Entrada única Capitán Galán
Calles que sirve: Capitán Galán (desde Aurrerá hasta Cuartel G.C.), Arane, Talleres de Quintana

REFUGIO Número 6

Túnel de F.C.

Entrada Estación
Calles que sirve: García Hernández, Victor Sarasqueta, Barrio de Macharia (hasta taller de Solaun)

Entrada Ardanza
Calles que sirve: Ariatza, Ardantza (hasta paso nivel) casa Zulueta, etc., Aldatze, Pescadería, Hospital

REFUGIO Número 7

Casa Mendiguren y Zarraua, sótanos

Entrada Puente Galán
Calles que sirve: Galán (desde Cuartel G.C. hasta Hotel Julián), casas del otro lado del río (Taller de Trocaola)

REFUGIO Número 8

Arcos río bajo el mercado

Entrada Capitán Galán
Calles que sirve: Vista Alegre, Errekacho, Sansaburu, C. Galán (desde hotel Julián hasta Teléfonos)

Entrada Plaza de Zuloagas
Calles que sirve: Zuloagas, Barrenkalle, Pipar Kalle, Muzatadi, Maria Angela (desde paso Trocaola)

REFUGIOS Número 9 y 10

Palacio de Indianokua (Sótanos anteriores y posteriores)

Entrada Puerta Principal
Calles que sirve: Maria Angela (hasta Asalguia), Taller Martiantón

REFUGIO Número 11

Sacristia

Entrada Puerta Iglesia
Calles que sirve: Elgueta-Kale, Plaza Nueva

REFUGIO Número 12

Tunel Virgiñape

Entrada Ardantza
Calles que sirve: Chirio-Kale, Casas Virgiñape

REFUGIO Número 13

Casa Café Gau-Txori, Sótanos y Planta Baja

Entrada Dos de Mayo y Plaza de la República
Calles que sirve: Calbetón, Bilbozar

REFUGIO Número 14

Arcos río bajo Ayuntamiento y Dos de Mayo

Entrada Ardantza
Calles que sirve: Dos de Mayo, Ardantza (desde paso nivel abajo)

Entrada O´Donell
Calles que sirve: Pablo Iglesias (primera manzana), Isasi (desde Frontón Arriba y toda la acera opuesta)

REFUGIO Número 15

Arcadas de edificio Orfeón y Kiosko

Entrada Plaza República
Calles que sirve: Plaza de la República (menos las casas Gau-Txori), España, Frontón Viejo (incluso subida)

REFUGIO Número 16

Taller Danok-Bat

Entrada Pablo Iglesias
Calles que sirve: Pablo Iglesias (última manzana), Legarre

....................

*2005eko otsailean jaso genuen bando honen berri Imanol Trebiñori esker. 2019an eguneratuta argitaratu dugu, denboraren ondorioz galdutako estekak eta irudiak zuzenduta. Erreferentzia: Donostiako Koldo Mitxelena liburutegia, Julio Urkixo fondoa, J.U. 9836.

Herenamamak eta herenaitxitxak, herenaitonak eta herenamonak

Asier Sarasua 2019/02/17 11:35
Suerte haundixa euki dogu famelixako argazki zaharrekin. Gure arbasuen artian argazki-zale ugari euki dittugu, argazkixak atara eta ondo gorde dittuenak, eta horri esker senide ugariren erretratuak heldu jakuz gaur egunera, tartian nere 5 herenaitxitxa-amaman erretratuak. Oin dala 170 urte jaixotako belaunaldixa. // Herenaitona, herenamona, herenamama, herenaitaita, laurdenaitona, laurdenamona, laurdenamama, laurdenaitaita.
Herenamamak eta herenaitxitxak, herenaitonak eta herenamonak

Herenamamak, herenaitonak, tokilasoak, herenaitaitak eta herenamatxiak.

Tradiziño gitxi-gitxiko berbak dira herenamama eta herenaitxitxa modukuak (herenaitona, herenamona, herenamatxi, herenaitaita eta abar). Sasoi batian nekez ezagutuko zeban inork beran amaman amamarik (eta gitxiago aitxitxan aitxitxarik), eta erretratorik be ez zeuken arbasuen izeneri arpegixa ipintzeko. Seguru asko, gure belaunaldixa izan da euren herenaitxitxa-amamak ezagutzeko aukeria izan daben lehelengua, erretratuan bada be (tira, bizi-itxaropena haundittuta, baitta bestela be).

Pentsatu zelako urrin gelditzen jakuzen, ixa-ixa berbarik be ez dagola gure aurreko 5. belaunaldi hori izendatzeko. Esate baterako, herenamama eta herenaitxitxa (edo herenaitaita) ez dira agertzen hiztegixetan; bai, ostera, herenaitona eta herenamona, birraitona-amonaren molde beretik oraintsuan sortutakuak, inguruko hizkuntzen antzera (tercer abuelo, tresabuela, trisaïeul). Tokilaso eta aitabrahiraso moduko forma zahar bereziren baten aipamen historikoren bat be badago jasota, baina esan doten moduan, oso tradiziño txikiko berbak dira, hiztegi zaharretan be iñungo lekurik ez daukatenak, eta corpus historikuetan be agertzen ez diranak. 

Berbak tradiziño txikixa euki arren, danok dakaguz herenamamak eta herenaitaitak, 16 euki be! Famelixako argazki zaharrak antolatzen eta digitalizatzen jardun dot azken urtian, eta hara nun topatu dittudazen 3 herenaitxitxa eta 2 herenamama, erretratuen artian. Ni baino 120 urte lehenago jaixo ziran, baina hementxe dagoz, nere ordenagailu albuan, honek lerruok idazten dittudan bittartian.

Eta oin, pentsatzen hasitta: gure seme-alabak beste berbaren bat asmatu (edo eraiki) biharko dabe euren 6. belaunaldi horrendako! Laurdenaitaitak, laurdenamamak, laurdenaitonak... edota laugarren aitona-amonak eta birbiramatxiak ezagutuko dituen lehenengo belaunaldia da gure seme-alabena.

Manuela Mendizabal Antzuola (Antzuola, 1851)

Manuela Mendizabal Antzuola (Antzuola, 1851), eskumatara. Aman aman aman ama. 76 ama falta neolitikorako ;)

Kristobal Mendizabal Elkoroberezibar (Bergara, 1849)

Kristobal Mendizabal Elkoroberezibar (Bergara, 1849). Aman aman aittan aitta.

Laureano Gisasola Mendizabal (Eibar, 1849)

Laureano Gisasola Mendizabal (Eibar, 1849). Aittan aittan aman aitta.

Donato Sarasua Bergara (Eibar, 1858)

Donato Sarasua Bergara (Eibar, 1858), erdixan, bere seme-alabekin, Lola eta Pablo Sarasua. Aittan aittan aittan aitta. 1935eko Arrate egunian.

Zezilia Guruzeta Abanzabalegi (Eibar, 1862)

Zezilia Guruzeta Abanzabalegi (Eibar, 1862). Lau belaunaldi: aitta Julio, bere aitta Antonio, bere aitta Pablo eta bere ama Zezilia Guruzeta. 1941.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz