Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Zirauna (Anguis fragilis), hankarik gabeko muskerra

Asier Sarasua 2014/12/22 20:12

Hankarik gabeko saurio ezagunena da zirauna. Ezkata leun eta dirdiratsuz estaliriko gorputz luze eta irristakorra du eta Euskal Herriko ia txoko guztietan aurki daiteke. Bere itxurarengatik sugeekin nahas daitekeen arren, zirauna saurio bat da, muskerren taldeko espeziea, alegia. Horren erakusle da, harrapariren batek buztanetik helduz gero, sugandilek egiten duten moduan buztana askatzeko duen gaitasuna.

Mugimendu geldoko harrapakinek osatzen dute ziraunaren dietaren zatirik handiena, hala nola, barraskilo eta lur-zizareek (dietaren %80). Intsektuak ere ohiko elikagaiak izan ohi dira.

Euskal Herrian oso banaketa zabala du eta, Bardeak eta Tafalla inguruan salbu, gainerako lurralde guztietan aurkitzen da, itsas mailatik Pirinioetako bailaretaraino. Kantauri itsasoko kostaldeko irletan ere badago, Donostiako Santa Klaran, adibidez.

Ez du ez haginkarik ez ezer egiten, baina kontuz hartu, bestela buztana kenduko diozu eta!

"Made in Galiza" (2007), S. Senderen ipuin soziolinguistikoak

Asier Sarasua 2014/12/21 20:55
"Made in Galiza" (2007), S. Senderen ipuin soziolinguistikoak

Made in Galiza (Galaxia, 2007)

Asteburu honetan Séchu Senderen ipuin-liburua izan dut esku artean, Made in Galiza, 2007an Galaxia argitaletxeak kaleratutakoa. Galizian bertan arrakasta eta zenbait sari jaso zituen eta atzerrian ere (non eta Kurdistanen) ospea bildutakoa.

Euskal Herrian nolabaiteko oihartzuna ere izan zuen orain dela 2 urte, Txerra Rodrigezek euskaratu eta Txalapartak atera zuenean. Garai hartan denetariko iruzkinak jaso zituen, batzuk positiboak, beste batzuk negatiboak. Ni lehenengo taldekoen artean sartu naiz, liburua gustura irakurri duten horien artean, alegia. Leoné aspertu egin omen zen; ni batere ez.

"Ipuin soziolinguistikoak" direla aipatu dut goiburuan, eta halaxe da. Liburuak dituen 45 ipuin laburren artean (2-3 orrialdekoak, bataz beste), askok eta askok hizkuntza dutelako hizpide, eta gehienek 'ukitu soziolinguistikoa' dutelako (nolabait esatearren). Izan ere, Sendek galizierak bizi duen egoera gainbegiratzen du ipuinotan; orain gutxira arte erabat hedatua zegoen hizkuntza izatetik, egunez egun erabiltzaileak galtzen ari den horretara, gizarteko hainbat sektoretan inongo prestigiorik gabea, eta oraindik ere autogorrotoa eta mespretxua jasotzen dituena.

Ikuspegi kritikoz, baina umorez eta ironiaz ekiten dio beharlekuari; beharbada, larregiko samurkeriaz ere bai. Askotan surrealismoz, gehienetan imajinazioz. Horrela, ipuin bateko protagonistak noizbait galdutako hizkuntza aurkitu nahi du "Objektu galduen bulegoan"; hitzen lapurrak ere agertuko zaizkigu beste batean; berbak asmatzen dituen enpresa ere bai; beste ipuin batean hitzak dira protagonista eta hizlari; hurrengoan munduko hizkuntzarik zailena ezagutuko dugu; edo hitzak saltzen dituen dendaria; baita berbarik egiten ez duen herrixka; edota Alzheimerrak jota bere senideekin komunikatu ezin den atso elebakarra. Tarteka poema tankerako atalen bat, eta baita iragarki, panfleto edo autohipnosirako gidaliburu forma hartzen duten ipuinak.

Euskal irakurleari ia derrigorrezko egiten zaio Galiziaren eta Euskal Herriaren arteko paralelismoa egitea, baina uste dut akatsa litzatekeela hori. Horretan bat egiten dut Santi Leoneren iruzkinarekin (esan bezala, ez zitzaion batere-batere gustatu liburua), eta uste dut ipuinak ez direla sinesgarri "euskal klabean". Eta egia da, gainera, liburua gidatzen duen diskurtsoa errepikakorra eta aski ezaguna dela gure artean. Nik neuk galizieraz irakurri dut liburua (ez du batere meriturik, erraz erraz irakurtzen eta ulertzen da), eta esango nuke horrek samurtu egiten duela idazleak sortu nahi zuen mundutxoan zanga egitea eta bere orrialdeetan proposatzen duen jolas linguistiko-literarioa hobeto jarraitzea. Hortxe proposamena.

A lingua máis difícil

Naquel país, pequeno e practicamente descoñecido, había xente que tardaba anos e anos en se botar a falar na súa lingua.

Ninguén puido explicar nunca -nin os científicos da National Geographic, que foron os últimos en estudar a lingua de cabo a rabo- por que, mentres nas máis de 5.000 linguas do planeta a xente comeza a falar as primeiras palabras arredor dos 13 meses -de media, aproximadamente-, nesta lingua moita xente tardaba anos e anos e nalgúns casos máis anos en comezar a pronunciar as primeiras sílabas.

Descubriuse mesmo xente que nunca chegou a falar na súa lingua, na súa precisamente, e que, por outra parte, non tivo problemas para se iniciar e chegar a falar con fluidez outros idiomas, o que demostraba a fantástica dificultade da lingua daquel país único no mundo.

A xente que nunca chegaba a falala explicaba, na madurez ou na senectude das súas vidas e por tanto cando xa chegaran a reflexionar profundamente sobre o problema, que non se atrevían a falar a lingua porque aínda non estaban preparados; ou levando a man á cocorota e rascando co dedo índice dicían que lles parecía imposíbel ou que xa era demasiado tarde; ou, cunha vaga esperanza e confiando nas xeracións vindeiras, dicían A ver se os meus fillos o conseguen.

Dábanse algúns casos extraordinarios, si, de nenos e nenas precoces na aprendizaxe e uso do seu idioma, que chegaban á escola falando na súa lingua, se ben eran excepcións que confirmaban a regra: unha porcentaxe mínima entre a inmensa maioría dos que, acabados os estudos obrigatorios e mesmo os universitarios, non conseguían botarse a falar no idioma daquel inaudito país.

A xente que conseguía, por fin, algún día, e a pesar de todo, falar a lingua, animaba o resto a esforzarse un pouco máis, explicaban que si, que era posíbel, que supoñía un traballo considerábel, sobrehumano nalgúns casos, mais que o esforzo ao final pagaba a pena pois non todo o mundo podía dicir que era quen de falar a lingua máis difícil do mundo.

Era tan difícil que nas escolas mesmo había profesores e profesoras que non conseguían falala.

Era tan, tan difícil que case ninguén lle chamaba polo seu nome, por poñer o caso dunha palabra de uso común e corrente, ao cuberto cóncavo co que se come a sopa.

Era tan, tan, tan difícil que algunha xente nin sequera conseguía dicir Bo día, Ola, Boa noite ou Adeus.

Era unha lingua tan extremadamente difícil que mesmo había xente que, dada a dificultade e a frustración, acababa emigrando para outros países onde aprender a língua non fose un problema.

Azpeittiko eztarrire jun zat!

Asier Sarasua 2014/11/25 20:41

Jatekoak okerreko bidea hartu eta biriketarantz sartzen zaigunean, "kontrako eztarritik" joan zaigula esaten da euskaraz. Edo hori da arruntena, behintzat. "Okerreko eztarritik" ere esaten dute zenbait eskualdetan, eta "kontrako zintzurretik" beste zenbaitetan.

Beste formaren batzuk ere izango dira, baina bada bat orain gutxi ezagutu dudana, eta gustatu zaidana. Izan ere, ez esan ez denik polita azkoitiar eta azpeitiarren arteko tira-bira historikoan sortutakoa: azpeitiarrei "Azkoitiko eztarritik" joaten zaielako janaria, eta azkoitiarrek, ostera, "Azpeittiko eztarrire jun zat!" esango dizutelako!

Azkoitiarrak pixkat haruntzago ere badoaz, komuneko bonba sakatzeko orduan ere "Ala! Oin Azpeittire bialduko deu!" diotelako. Bitartean, azpeitiarrak inbidiaz, gauza bera esan ezinda!

'Isil-poltsa': isilpean gorde eta aurreratzen den dirua #BerbarikBerba

Asier Sarasua 2014/11/04 21:35
Garai berrietarako berba zaharrak. "Barcenasek Suitzan daukan ixil-poltsia" esate baterako.

Eibarko Hiztegitik:

Ixil-poltsa (isil-poltsa). iz. (TE). Isilpean gorde eta aurreratzen den dirua. Peculio reservado, dinero reservado; dinero escondido. Txomo zaharran andriak, ixil-poltsiakin etxia eiñ eban. / Nundik norako diruekin jarabik gure andriak ainbeste dotoretasun? Ixil-poltsaren bat bajaukak baztarren batian gordeta. (Zirik 68). 

Eibarko erabilera arruntean, normalean, etxean gutxika-gutxika gorde eta aurreratzen den diru-kopurua, etor daitezkeen ezusteko handietarako, edo eguneroko kapritxo txikietarako.

Goragoko bi adibideek garbi uzten dute garai bateko erabilera arruntena zein izan den, gehienetan emakumeei lotutakoa. Nahiz eta kontrakoa ere ohikoa ere izan, hau da, soldata eskuan jasotzen zen sasoian, gizonezkoak etxean "deklaratzen" ez zuen diru-sarrera.Ondo kontatuta dago hemen, eta egokia Oñatiko adibidea:

"Sasue batian ordu estrak eskura ordaiñketan oskuein fabrikan, eta ixil-poltsia eukitten ñuan".

Esakera adierazgarri bat ere aurkitu dut (eta adibidea sarean):

"Zerbait isil-poltsa baino ezkutuago gorde".

Elhuyar Hiztegiak eta Orotarikoak ere jaso dute, baina badirudi biek ere Eibarkoa dutela erreferentzia nagusi.

Aspaldi entzun barik, eta gaur gogoratu dit Egoibarrako arduradun Bego Azpirik.

Garaiotan, korrupzioren harira, beste erabilera batzuk ere hartu ote ditzakeen... Azken batean, garai berrietarako berba zaharrak! Izan ere, zer da ba Barcenasek, Granadosek eta Ratok Suitzan gordetakoa, isil-poltsa erraldoia baino?

 

Argazkia: Wikipedia


Eguneraketa: Xabier Gantzarainek aipatu dit kopla zahar batean ere azaltzen dela "ixil-poltsea". Hiru Trukuren abestiaren erreferentzia ere bidali dit. Eskerrik asko Xabier. Hementxe!

Udalatx, mendi kabroi bezain ederra

Asier Sarasua 2014/10/26 22:55
  • Mendia: Udalatx
  • Garaiera: 1.117 m
  • Zailtasuna: ertaina
  • Iraupena: 90-100 minutu igotzeko (50 inguru jaisteko)

Debagoieneko mendirik ezagunenetakoa, Udalatx (batzuetan Udalaitz ere erabiltzen da). Elorrio eta Arrasate artean dagoen kareharrizko mendia, Durangaldekoen segida (Mugarra-Anboto...). Aspaldi-aspaldi bertara joan barik, eta orain dela gutxi egin genion bisita.

Kanpazartik ere igo daiteke, edo Elorriotik, baina esango nuke Udala auzotik (Arrasate) duela igoera ohikoena. Udalako aparkalekuan hasten da Udalatxerako igoera. Handik hasi, eta gora-gorako aldapa pikarra izango dugu etengabe hurrengo ordu eta erdian.

Hasieran pista zabal samarra jarraituko dugu, baina artadian sartu bezain azkar, bide-txingor bihurtzen da, eta behin artadia amaituta, azken zati osoa harri artetik igo beharko dugu. Bide garbi-garbirik ez dago, eta askotan ez dakizu bide nagusia den, edo ahuntz-bidea (ahuntz ugari dagoelako inguruan), baina lasai: bide guztiek daramate Erromara. Edo tontorrera.

Aldapa pikarra, esan dudan moduan. Arnasa estutzen duena. Hauxe panorama, goialdetik, Udala auzoa eta igotako bidearen zati batekin. Barrenean Arrasate.

Azken zatian, belardi modukoetan barrena egingo dugu tarte bat, aspaldiko ermitaren aztarna batzuetara heldu arte. Handik gora, ostera ere, ahuntz-bidea, tontorreraino.

Hementxe, azkenengo zatia.

Bidean zehar, maldan gora egin ezinda arnasa barik gelditzen zaren bitartean, sarri galdetuko diozu zure buruari, ea zergatik itzuli zaren Mortirolora, baina behin goian ozen esango duzu: "merezi izan jok!".

Inguru ederra da. Inguruan beste mendi handirik ez duenez, panorama ikusgarria du, eta Euskal Herri erdialdeko mendirik gehientsuenak ikusi daitezke bertatik. Mahai bat ere badago laguntzeko (euskara "xelebrea" du, Laburdi, Donosti, Kanta-huri, eta antzekoekin).

Hegazti aldetik, mendi-inguruko espezie batzuk ikusteko aukera ere ematen du Udalatxek. Besteak beste, belatxingak, mokohoria zein mokogorria.

Tontorrean argazkiak, eta berriz behera. Oraingoan askoz bizkorrago; beharbada aguroegi, tarteka belaunak eta orkatilak ezinean.

Umeekin egiteko modukoa? Bai, ondo, baina mendian pixkat zaildutakoak badira, eta harri artean saltoka beldurtzen ez direnak. Bestela, pazientzia!

EibarOrgek 10 urte: kronika moduko bat

Asier Sarasua 2014/10/20 18:50
EibarOrg-eko blogariok 10 urte bete ditugula blogeatzen, eta zapatuan ekitaldi txiki bat egin genuen Eibarren. Hementxe laburpen bat, bospasei (edo 20) argazkirekin.

Eibarko blog komunitateak 10 urte bete ditu, eta aitzakia polita izan zen larunbateko ekitaldia antolatzeko. Horrelako jaiak, batez ere, bi helbururekin antolatzen dira (edo guk horrela egin dugu, behintzat): lagunekin elkartzeko, eta ondo pasatzeko. Eta bi helburuok ederto bete genituen.

Goizeko 11etan zen lehenengo hitzordua, Eibarko Museoan. Jatorriz arma museo bezala pentsatua, baina gaur egun Eibarko historiari eta, gehienbat, ekoizpen industrialari errepaso bikaina ematen dion gunea. Museo ederra da, benetan. Egoki jarrita, eta mamiz oso-oso ondo hornitua. Benetan merezi du. Are gehiago guk izan genuen gidari apartarekin. Hortxe Izaskun, museoko gidaria, entzuleoi gauzak argitzen.

Izaskunek azkenengo berbak esan eta berehala hasi genuen "ekitaldia" dietu geniona. Xumea, baina  polita, nire ustez. Blogariak protagonista: Oier Araolaza aurkezle, Gari eta Jatsu musikari, Ane eta Maialen bideolari, beste hainbat eta hainbat blogari ere hizlari...

Luistxok bota zituen lehenengo hitzak, "Blogista izatea, herritartasun agiri bat". Josu Waliñok PuntuEus ekimenaren tripak azaldu zizkigun, eta Maialen Odriozolak bere azterlanaren lehenengo printzak eman.

Eibarnauten eta blogarien berbak ere entzun nahi genituenez, pare bat bideotan laburbildu zizkiguten Ane Urkiolak eta Maialenek. Primizian ikusi eta entzun genituen bideoak (Youtuben ere ikusgai dituzu, lehenengoa zein bigarrena).

Ekitaldia amaitzeko, blog-post irakurketa egin genuen. Igone Lamarainek EibarOrg-ko blogarien errepasoa egin zuen, Asier Arregiren testu honi esker; Serafin Basaurik transmisioaren garrantzia azpimarratu, Ane Sarasketaren beste testu batekin; Josu Mendikutek Amatiñoren beste hau irakurri zigun; ondoren, Leire Narbaizak Xabier Mendigurenen testu bat irakurri zuen, eibarnautaren izaeraz eta izateaz (Xabier ezin ospakizunean agertu, eta testutxo bat bidali zigun); eta bukatzeko, Ane Sarasketak amaiera borobila eman zion ekitaldiari, Batzuetan izeneko testu-collage eder batekin. Oso politta eta indartsua, Ane!

Ni argazkilari ibili nintzen, aspaldiko partez (urte t'erdi bai, barrena, kamerarik hartzen ez nuela). Baita gustura jardun ere. Flickren laga ditut batzuk.

Handik Untzagara. Talde-argazki bat atera beharra zegoen. Hementxe, Joxe Arantzabalek ondo izendatu dituen blogosferako rokero zaharrak! XD 

Nik izendatu ditut: Eibarko blogariak, eibarnautak &Friends.

 

Eta txikito parea Untzagan. Berriketarako eta blogosferako txutxumutxuetarako tartea, jakina.

Hantxe amaitu zen, berez, jai txiki ofiziala. Handik aurrera, EibarOrg-ko kide batzuk, bazkaitara joan ginen Azitain erretegira, betiko menua jatera (tripotxen tortila, legatz, mihia saltsan, brazo-gitano eta abarrak). Ardoa ere gozoa, eta konpainia hobea. Berba, barriketa, eta barre. Hasieran aipatutako bi helburuak ondo beteta!

Eta amaitzeko, beste talde-argazki bat, Azitaingo ermita ondoan. Hurrengora arte!

EibarOrg elkartea eta komunitatea - Eibarnauton historia txikia (1998-2014)

Asier Sarasua 2014/10/16 23:45
EibarOrg komunitateko lagunok ospakizunetan murgilduta gaude. Gure blog-komunitateak 10 urte bete ditu eta etzirako (zapatua) ekitaldi txiki bat antolatu dugu. Tira, badaukazue horren berri. Baina gure historia lehenago jaio zen, eta gainbegiratu bat emango diot, azken 16 urte hauetan eibarnauton bilgune izan den komunitate txiker bezain handi honi; azken batean, eibarnauton etxe ere bihurtu den honi.

1998: Eibartarrak posta-zerrenda sortu da

Luistxo aspertu samar ei zebilen 1998ko apirilean, eta "mailing-list" izena zeukan zer bat sortzea pentsatu zuen (lehendik martxan zeuden BasqueL eta EuskaraZ zerrenden pareko eibartarra). Pentsatu eta egin: Eibartarrak posta-zerrenda sortu zuen, gero laupabost lagun gonbidatu, eta lehenengo mezua bota zuen sarera, 1998ko apirilaren 18an (nire egunean, hain justu ere), historiarako 4 berba: "Eibarko euskaldunentzako zerrenda bat".

 

Harrezkero 16 urte igaro dira, eta ehundik gora lagunek hartu dugu parte posta-zerrendan, Euskal Herriko posta-zerrenda beteranoena bihurtu arte. Eibartarrak posta-zerrenda eGroups sisteman jaio zen. Hori Yahoogroups bilakatu zen, eta ondoren Postaria/Mailman sistema beregainera pasatu genuen (2004an). Lan dexenterekin, artxibo zaharra berreskuratzea lortu zen, eta Gname-ra pasatzea. Horri esker, urteetan zehar trukatu ditugun 33.000 mezuak kontsultatzeko aukera dugu. Denak euskaraz, denak publiko. Ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, aizuek!

Posta-zerrendak 2004-2008 urteen artean bizi izan zuen garairik oparo eta biziena, sare-sozialen aurreko garaian (ikus estatistiken orria). Harrezkero partaidetza jaitsi egin da, eta Twitter/Facebook-era bideratu, baina oraindik ere nahiko osasuntsu dagoela esango nuke, txakalaldiak txakalaldi.


1998-2000: Eibar.org webgunearen hazia

Luistxo posta-zerrenda astintzen zebilen bitartean, beste eibarnauta batek, Gari Araolazak, 'gure' lehenengo webgunea sortu zuen 1998 urte amaiera inguruan, Geocities plataforma historikoan. Gezurra badirudi ere, oraindik bizirik dago eta sarean ikusi daiteke, Reocities berrizendatuan. Bai, jaun-andreok, horrelakoak ziren webguneak XX. gizaldian!

Mende berriarekin, 2000. urtean, webgune horrek urrats berria eman zuen. Eibar.org elkartea sortu zen (Eibarko Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkartea) eta webgune berritua aurkeztu genuen: Eibar.org, Eibarko peoria, sanblasa baino hobia. Ez esan ez denik slogan zoragarria! Hori gutxi ez, eta urte hartako Sareko Argia Saria jaso genuen.

Horrelakoxea zen Eibar.org webgunea 2000. urtean:

 

Ordurako posta-zerrenda ere indarra hartzen hasita zegoen, eta afariak egiten ere hasi ginen, nola ez. Hauxe da gordetzen dugun lehenengo argazkia, 2000. urteko abenduan ateratakoa Itxulanbru soziedadean. Gure lehenengo talde-argazkia da. Ikusten duzuen moduan, andrazko geek asko zebilen bazterrotan:


2004: blog-komunitatea jaioko da

2004ko ekainean gure webgunearen azpiegitura aldatu zen, besteak beste, Mikel Larreategiren laguntzarekin. Zope-CoreBlog azpiegitura aukeratu zen horretarako, Luistxok sarean aurkitutako blog-plataforma japoniar baten eredua oinarri hartuta. Baina hau ez zen izan azpiegitura aldaketa hutsa: berrikuntzarekin batera, blogak heldu ziren Eibarrera!

Ba ote zekien inork zer ziren blogak 2004an? Inork gutxik. Jabi Zabala bazebilen posteatzen, eta Sustatu.com ere blog kolektibo modukoa zen, baina Eibar.org-ko blog-komunitatea izan zen Euskal Herriko lehenengo blog komunitatea. EibarOrg-ko hau izan zen, nolabait, Euskal Herriko lehenengo blogari taldea.

2004ko ekainean izan ziren azkenaurreko lanak, eta probetako lehenengo blogak ere sortu genituen Luistxok eta nik neuk. Ordukoak dira gure lehenengo proba-mezuak, oraindik ere (erdi)ezkutuan egiten genituenak. Uztailerako plataforma martxan genuen, eta hortxe hasi ziren lehenengo probak egiten, gutxinaka, Txikillana lehenengo, gero Kulturala eta Prospektiba (biak ere Eneko Astigarragaren eskutik), Markos Zapiain, Oier Araolazaren Dantzing eta Mikel Larreategi.

Hara, zer itxura zeukan gure lehenengo blog-multzoak 2004ko uztailean (Archive.org webgunetik berreskuratuta):

 

Hala ere, egutegian egun zehatz bat daukagu markatuta: 2004ko uztailaren 17a. Izan ere, 18-20 lagun elkartu ginen Codesyntaxen eta blog-plataformaren inguruko ikastaroa egin genuen. Egun hori izan zen komunitatearen aurkezpen publikoa, eta ikastaro horrekin batera beste zenbait blogari bildu ziren komunitatera: Iturri, Mendiguren, Amatiño eta Etiam. Eta Unai Morazaren Telezaborra bloga ere gehitu zitzaigun handik gutxira (aurrez beste plataforma batean hasitakoa, baina osorik EibarOrg-ra inportatu genuena). Handik gutxira, 2004ko udazkenean, beste 3 blogari ere gehitu ziren zerrendara (Igor Leturia, Julen Gabiria eta Jose Luis Irigoien).

Hona hemen blogari-gai berriak, adi-adi uztaileko ikastaroan: zer da blog bat? zelan idatzi Interneten? zelan igo irudiak eta editatu bloga?

 

Urte amaierarako 20 blog inguru genituen gure komunitatean (beste batzuk ere sortu ziren hasieran, baina ez zuten aurrera egin). Handik aurrera, gutxika-gutxika, blogak ugaritzen joan ziren. 2005eko urtarrilean sortu zen, esate baterako, Teknosexua, apirilean Volgako Batelariak, uztailean Elena Lakaren bloga, eta azaroan Kalamuatik Txargainera.

Ordurako ondo errotuta geneukan "eibarnauta" terminoa, nola ez.  Izan ere, Eibartik kanpoko hainbat lagun bildu ziren eibartarron ibilbidera, lehenengo posta-zerrendara, eta gero blogintzara. Irunen, Galdakaon, Beasainen, Elgetan, Zarautzen, Arratian edo Slovakian jaio arren, guztiak ziren eibarnauta. EibarOrg existituko zen eurak barik, baina ez zen berdina izango, ezta hurrik eman ere!

 

2007: azken aldaketa (oraingoz): Plone plataforma

Gure komunitateak bizi izan duen azkenengo aldaketa handia 2007an izan zen, CoreBlog zaharkitua utzi eta Plonera igarotzeko jauzia eman genuenean. Azpiegitura sendoagoa, erabilterrazagoa, modernoagoa... Blogari berriak ere gehitu ziren aldaketen haize berriak bultzatuta (Fernando Muniozguren zena, Asier Arregi, Josu Mendikute, Imanol Trebiño...).

Blogen urrezko sasoia zen, sare sozialen aurreko urte zoriontsuak. La Belle Epoque! Blogak bogan zeuden, blogak ziren norbere iritzia plazaratzeko modu zuzenena, herritarrak konturatu ginen gure ahotsa sareratzeko aukera genuela, eduki-irensle ez ezik, eduki/iritzi sortzaile ere izan gintezkeela. Blogari izatea #Euscool zen, bai jauna!

EibarOrg-en, 10 urteotan, guztira 35 blog inguru sortu dira. Batzuk hil egin dira; beste batzuk erdi-lo daude. Gehientsuenak, baina, oraindik bizirik, eta urte askotarako! Izan ere, 2014an bertan blog berri bi ere ireki ditugu, Jesus Mari "Txilikuren" Logofiloaren txokoa, eta Xabier Etxaniz Rojoren Ate adina maratila. Ongi etorri!

 

2014: badugu zer ospatu

Dagoeneko 10 urte igaro ditugu blogeatzen; 6 gehiago posta-zerrendan mezu-trukean. Denbora luze honetan 11.000 post baino gehiago idatzi ditugu guztion artean, eta 33.500 mezu trukatu posta-zerrendan. Edukia sortu dugu, argazkiak partekatu, iritzia plazaratu, besteena entzun,... Jokoak argitaratu ditugu, eta TomTom-erako ahotsak grabatu.  Afaldu egin dugu, bazkaldu, mundua dominatzeko planak egin, barre asko (eta baita albiste txarrak konpartitu ere). Komunitate bateko kide sentitzearen babesa jaso dugu, ikasi egin dugu, jende aberasgarria ezagutu dugu, eta gu ere aberastu gara. Aitzindari edo bidegile sentitzeko harrotasuna ere eman digu EibarOrg-ko kide izateak. Alfabetatu egin gara; hazi egin gara.

Badugu zer ospatu. Bai horixe!

Belatz gorria (gabilara txikia) Eibarren

Asier Sarasua 2014/10/05 22:03

Aurrekoan aipatu nuen asteburuan Hegaztien Nazioarteko Eguna ospatu dela mundu guztian. Eta Eibarrera ezusteko berezia ekarri digu. Atzo eguerdian, herri erdi-erdian (Untzagan bertan, ehundaka pertsonak Sagardo Eguna ospatzen zuten bitartean) belatz gorria agertu zen.

Semeak esan zidan: aita, hori ez da uso bat! Ez, ez zen usoa. Errepide erdian zegoen, pare bat autok ia-ia harrapatu zuten gure aurrean.

Beregana hurreratu, eta hantxe harrapatu genuen lasai-lasai. Hegan egiteko gauza zen, baina juxtu-juxtuan. Ale gazteren bat, ziurrenik; zauritutako belatza, beharbada.

Belatz gorria (gabilara txikia edo miru txikia esaten zaio gure inguruko herrietan), Falco tinnunculus. Hegazti ederra da gabilara txiki hau. Euskal Herriko harrapakarien artean txikienetarikoa eta, ziurrenik, ugarienetakoa. Harrapakin txikiz elikatzen da (sugandila, txoritxo, matxinsalto, eta abarrak. Neurriz txikerra izan arren, ehiza-makina ederra da: hegaztada arineko, erpe sendoko, moko zorrotzeko.

Udaltzainen esku laga genuen, eta basozain bati deitu zioten, aztertu eta zaindu zezan. Hona hemen, udaltzaingoan, lasai antzean; oratu barik ere, ez zuen ez hegan ez ihes egiten. Berriro mendian egongo ote honezkero? Hala bedi!

 

Txikota - Soka mutur lodia #ErriaTxikota

Asier Sarasua 2014/10/03 20:37

Erria txikota aldarrikatuko dute igandean Orion, Kilometroetan; baita abestu ere (lagatzen badiete). Baina zer da, ba, txikota?
Harluxet hiztegiaren arabera:

iz. (Heg.) ITSAS. Soka-muturra edo soka-puska motza. (Harluxet).

Batez ere itsasoan erabiltzen da, itsasuntziak amarratzeko erabiltzen diren soka sendoak dira txikotak (besteak beste). Hiztegi batuaren arabera, Bizkaiko hitza da, baina lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan bertan Hiztegi Batuko marka dialektalen kontu nabar hori. Orotarikoak hedadura zabalagoa ematen dio, noski: txikot (V, G-bet), txikote (AN-gip).

Jatorriz espainieratik (chicote) edo/eta frantsesetik (chicot) eratorria. Badirudi Kantauri itsasoko kostalde guztian hedatutako hitza dela.

Berbak berba eta hitzak hitz, domekan Erria Txikota Orion!

Hegaztien nazioarteko eguna asteburuan, aprobetxatu

Asier Sarasua 2014/09/30 20:25

Egun bat ez ezik, hegaztiek asteburuan ospatzen dute euren nazioarteko eguna. Urriko lehenengo asteburuan izan ohi da (aurten urriaren 4-5), migrazio-garaia puri-purian dagoenean, eta hegaztiak ikusteko urteko sasoirik onenean.

Datozen egunotan, gure inguruko natur talde gehienek hainbat ekitaldi antolatu dituzte hegaztien mundua ezagutarazteko (hitzaldiak, bisita gidatuak, erakusetak, behaketak, irteerak...). Ugatzak, Itsasenarak, Salburuako Atariak, Urdaibai Bird Centerrek, Txingudiko Ekoetxeak, Arkamurkak, SEOk... milaka aukera eskaintzen dizkizuete. Eguraldi ona ei dator txoritarako. Aprobetxatu!

Eta asteburua bitartean, hona hemen zergatik maite ditugun txori eta hegaztiak.

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz