Euskaldun bat Katalunian, konparatzen
1.- Sinboloak ez ei dira garrantzitsu. Bai zera! Eta Katalunia sinboloz beteta dago. Goiz erdirako ikusi dituzu 10 samarreta independentista eta hamaika senyera. Etxeak eta kaleak; eraikin ofizialak eta entitate pribatuak; bide-bazterrak eta biribilguneak. Dena dago senyeraz josita, lepo. Izan estelada edo izan izarbako, ez dago herri sarrerarik bere senyera barik. Gurean, azkenaldian, ez ote garen lotsatzen ikurrina ateratzeaz; folklorismo hutsa delako aitzakiaz.
2.- Banderen legea zintzo betetzen dugu euskaldunok, alajaina! Hemen, ostera, (Gironako herri txikietan, behinik behin), ez da ageri inon piperpotorik. Legeari zirkin egiten dionik bada, bai; edo intsumisioa lege bihurtzen duena.
3.- Kafetegira sartu, kafetxoa eskatu. Atzetik Afrika erdialdeko gazte bat. Sartu bezain azkar hizkuntza hegemonikoan mintzatu da. Bon dia. Un cafe amb llet. Integratu behar duenak badaki zein den integraziorako hizkuntza, zein hizkuntza hegemonikoa. Bon dia.
4.- Euskaldun honek, bien bitartean, egunkaria hartu du. Azalean gai bakarra: 27ko hauteskundeak, 11ko Diada, eta independentziarako bidezidorra. Barruan, iritzi-zutabeen artean, "Basquitis" izenekoa. Tesia, labur-labur: euskaldunak ondo konpontzen dira Espainiarekin. Ez dute nahi independentziarik, eta ezta Kataluniarena ere. Traidore hutsak dira. Garai batean begiradak Mediterraneotik Kantaurira zuzentzen zituzten; gaur egun ez da halakorik.
5.- Tabernatik irtetean, bi magrebtar ate alboko mahaian jarrita. Kafea ez, tea eskatu dute. Egunkaria dute eskuetan eta euretako bat adi-adi ari da irakurtzen azala. Tabernako egunkari guztiak katalanez daude. Hori bai hizkuntzan murgil egitea.
Eta, horrela, goiza, konparatzen. Nahiezta.
Bat. Nik egunero egiten dut Gipuzkoatik Bizkaira bitarteko joan-etorria eta, nabarmen gero, Bizkaian Gipuzkoan baino askoz ere ikurrin gehiago dago. Eibartik Donostiara joan daiteke batere ikurrinik ikusi gabe. Eibartik Muskizera, ostera, takian potian daude.
Bi. Kataluniak eta Euskal Herriak erritmo desberdinak dituzte. Aurrenengoa, eta oinarriz-oinarrizkoa, guk ez diogula amore eman --moduren batez edo bestez-- "zazpiak bat" delakoaren aldarrikapen politikoari. Eta beraientzat, ordea, katalan herrien kultura-historiari muzin egin gabe, Kataluniaren egitasmo politikoa euren "lauak bat" baino ez da. Gure aukera zailagoa da, nekezagoa, eta ez dut uste eurena abertzaleagoa denik.
Nik ez dakit zein den erritmorik egokiena edo aproposena, baina ez dut inondik ere onartzen beraien unean uneko erritmoak izan behar duenik unean uneko ERRITMO baliozkoa. 1979ko Konstituzioa erabakitzerakoan gure kontzertu ekonomikoak "zaharkitutzat" jo zituzten. Hogei urte geroago, gure enbidiaz hasi ziren. Beste hamar urte geroago, gure sistema berbera aldarrikatu zuten. Eta lortu ez dutenean, jo eta pasa egin nahi dute (ikusiko dugu zelan amaitzen den).
Beraz... traizio kontuetan... zozoak beleari, ipurbeltz.