Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lehen Umeen Euskal Jaiaren kartel-zirriborroa

Lehen Umeen Euskal Jaiaren kartel-zirriborroa

Amatiño 2013/05/26 00:05
Gaur 48. Euskal Jaia* dugula-eta Eibarren, badirudi ez dagoela, sarean behintzat, 1965an eratu zen lehen euskal jaiaren kartelik. Hala ere, hona non agertu zaidan Sagala artista eibartarrak burutu zuen lehen aurretiazko zirriborroa, Julio Sarasuari eta bioi proposamen gisa aurkeztu zigun aitzinasmoa. "Agertu" esan dut, marko eta guzti 'itxulitzetik' jarria bainuen, nire seme-alabak haurrak zireneko argazkien euskarri.

Oso oker ez banago, testua ez baina, marrazkia behintzat, lehen euskal jairako erabili zen berbera da, batere-batere aldaketarik gabe. Testua, segurutik, artistak berak borondaterik onenaz osagarri gisa proposatutakoa baino ez da. Ez dut uste, inondik ere, “lorailla” eta horrelakorik jarriko zenik, are gutxiago jakinda hurrengo urtean, 1966an, Sagalak berak estilo beretsuz egina, “mayatza” aipatu zelarik, Asier Sarasuak bildua duenez gero.

Euskal Jaia 1965

1965ko Lehen Umeen Euskal Jairako Sagala artista eibartarrak aurkeztu zuen zirriborroa. Ez da irarki-kopia bat, paper orlegi gainean erantsitako irudi bakuna baino, ebakin gorri-zuri-beltzez egina


Euskal Jaia 1966

1966ko kartela, Sagalak berak estilo beretsuz burutua

 

* 2013ko Euskal Jaia Eibarren, 48. edizioa

jaime
jaime dio:
2013/05/26 15:14
Sagalá artista eibartar hura: Juan Luis Sagalá Agirre, gure gaztaroko lagun mina, Bilboko Gran Vían zeukan estudioko marrazteko-oholaren gainean, bihotzekoak emanda, hilik topatu zutena al da? Garai haietan, oker ez banago, hogeita hiru urte inguruan zuena?
Amatiño
Amatiño dio:
2013/05/27 00:38
Nik ez dakit Juan Luis zenik. Ez dut izena gogoan, horregatik ez dut jarri. Nire sasoikoa edo zena, bai. Bihotzekoak emanda gazterik hil zena ere. Baina ez bat-batean, ezustean. Jakinekoa zen zeharo bihotz makala zeukana eta, nik esango nuke, berak ere bazekiela ez zela luzaro bizi izango.
jaime
jaime dio:
2013/05/27 15:09
Bai, Juan Luis bera izan behar. Batxilergo lehenengo ikastaroa sano hasita etorri zitzaigun Bartzelonatik bihotzeko bat sufritu ondoren. Harrezkero, susto galanta batzuk eman zizkigun guraso eta adiskideoi, bihotza zela eta. Gizondu zenean, aholku bat eman zion sendagileak: ez ezkontzeko, baina, urteak zeramatzan Marisolekin eta ezkondu zen. Gero, geroko jakinak heldu zitzaizkion!
Bere aita Trust Eibarréseko oso buru ezaguna eta bere ama Lasturgo emakume goxo eta jatorra. Juan Luis hil eta gero Bartzelonaratu ziren, aitaren sorlekura, semearenak zeharo penaturik. Emazteak, gajoak, ez zuen amaiera goxorik izan. Ez horixe!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: